Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 31ko 156/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 uztaila 31

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Disconformidad con el procedimiento sancionador seguido por una presunta infracción en materia de tráfico

Exp: 09/414/I

: 156

Trafikoa eta barne arloa

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 15ean, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen trafikoaren arloko zehapen-prozedura baten izapidetzeari buruz.

    Azaltzen du 2008ko abuztuaren 16an, haren aurkako salaketa bat aurkeztu zela, ustezko arau-hauste batengatik. Salatutako egitatea zen autoa eremu urdinean aparkatzea baimendutakoa baino denbora gehiagoz.

    Salaketaren jakinarazpena jaso ondoren, interesdunak, 2008ko urriaren 23an, alegazioen idazki bat aurkeztu zuen, eta eskatu zuen zenbait proba egin zitezen, bai eta espedientean egon behar zuen dokumentazio igortzeko ere.

    2008ko azaroaren 26an, ebazpen-proposamenaren jakinarazpena jaso zuen. Hartan, inongo motibaziorik aipatu gabe, adierazten da aurkeztutako alegazioak eta eskatutako proba egiteko eskaria ezetsi egin direla. Gainera, adierazten zaio espedientean dauden dokumentuen kopia eska dezakeela, nahiz eta horixe izan berak aurreko idazkian eskatutakoa. Hori guztia dela eta, interesdunak uste du orokorrean erabiltzen den idazki bat igorri zaiola, berak aurkeztutako alegazioen idazkia aintzat hartu gabe ere.

    Jokabide hori aurreago ere errepikatu da (zehapenaren jakinarazpena eta berraztertzeko errekurtsoari buruzko ebazpenaren jakinarazpena): udalak, justifikazio espresik gabe, alegazioak ezetsi egin ditu, proposaturiko probak ez ditu onartu eta ez dizkio eskatutako dokumentuak igorri.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat igortzeko eskatu zitzaion Iruñeko Udalari. Halaber, udala premiatu genuen izapidetutako espediente administratiboaren kopia bat igortzeko.
  3. 2009ko uztailaren 22an, eskatutako txostena eta dokumentazioa igorri zitzaizkigun erakundera. Igorritako txostenean, honakoa ageri da:

    “2008ko abuztuaren 16an, araupeko aparkatze-eremuko zaindariak salaketa bat egin zuen V-0254-GJ matrikuladun ibilgailuaren aurka, autoa ordaindutakoa baino denbora gehiagoz aparkatuta edukitzeagatik.

    Salaketa interesdunari jakinarazi eta gero, [?] jaunak alegazioen idazkia aurkeztu zuen, baina ezetsi egin ziren haiei buruz salaketa-egileak adierazitakoa aztertu ondoren, eta ebazpen proposamena jakinarazi zitzaion interesdunari. Ebazpen proposamen horren aurka ere alegazioak aurkeztu ziren, baina ezetsi egin ziren.

    Zehapena ezartzeko ebazpena jakinarazi ondoren, [?] jaunak berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu zuen baina ezetsi egin zen, txosten juridiko batean oinarrituta.

    Hori guztia kontuan hartu gabe [?] jaunak ibilgailua ordaindutako bi orduak igaro ondoren tokiz aldatu behar zuela eta ez zela nahikoa beste tiket bat ordaintzea, berak baieztatzen duen bezala”.

AZTERKETA

  1. Jakina den bezala estatuak zehapen ahalmenaz –bereziki Administrazioaren zehapen ahalmenaz– baliatzeko, muga jakin batzuk badaude: muga formalak eta muga materialak.

    Hemen interesatzen zaigunari dagokionez, gogora ekarri beharra dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 134. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa. Izan ere, artikulu horietan zehapen prozeduraren oinarrizko printzipioak ezartzen dira.

    Printzipio horien artean, erreparatu behar zaio 138.1 artikuluan ezarritakoari. Izan ere, honakoa dio: Prozedurari amaiera emateko ebazpena arrazoituta egonen da, eta espedientean planteatutako auzi eta gai guztiak ebatziko ditu”. Xedapen hori printzipio orokorren berariazko adierazpen bat baizik ez da: errugabetasunaren presuntzioa, babesgabetasunaren debekua eta arbitrariotasunaren interdikzioa.

    Bide administratiboan berrikusteko ahalmenaz baliatzeko modua ezartzen duten oinarrizko arauek ere antzeko aurreikuspenak jasotzen dituzte. Horri dagokionez, arestian aipatu dugun Administrazio eta Prozedura Legeko 113.3 artikuluak honakoa ezartzen du: “Errekurtsoa ebatziko duen organoak prozedurako arazo guztiak argituko ditu, bai formazkoak bai edukizkoak, interesdunek alegatutakoak izan ala ez”.

    Aurrekoarekin lotuta, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 54. artikuluak exijitzen du arrazoitu egin behar direla, besteak beste, eskubide subjektiboak edo bidezko interesak mugatzen dituzten egintzak, bai eta administrazio-errekurtsoak ebazten dituztenak ere.

  2. Sektoreko arauetara joz gero –hala egin behar baita– ondorioak berak dira. Esate baterako, Trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasunaren arloko zehapen-prozedurari buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuko 15. artikuluak ezartzen du ebazpena laburra eta arrazoitua izanen dela... eta “interesdunak planteatutako gai guztiak erabakiko ditu”.
  3. Bada, udalak igorri digun administrazio-espedientea aztertuta, ezinbestez ondorioztatu behar dugu udalak ez duela bete bere erabakiak arrazoitzeko eta interesdunak alegatutakoa ebazteko –laburki besterik ez bada ere– duen legezko betebeharra.

    Espediente horretan, hiru idazki topa daitezke. Guztietan kexa-egileak alegazioak aurkeztu eta proba bat egiteko eskatzen du (salaketaren aurka aurkeztutako idazkia, ebazpen-proposamenaren aurka aurkeztutako idazkia eta zehapenaren aurka aurkeztutako idazkia). Bada, interesdunaren idazki horien ondoren etorri diren administrazio-egintzetatik bakarrean ere ez dugu atzeman behar adinakotzat jo daitekeen arrazoitzerik; izan ere, ageri direnak baieztapen orokorrak dira, gure ustez inolaz ere balio ez dutenak administrazioak bere erabakiak oinarritzeko eta interesdunak planteaturiko gai guztiak ebazteko duen betebeharra betetzat emateko.

    Ez zehapenaren ebazpenean, ez berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenean ez dira berariaz baloratzen kexa-egileak aurkeztutako alegazioak, eta ez da justifikatzen proposaturiko proba zergatik ez den egin, ez eta eskatutako dokumentuak zergatik ez diren bidali ere. Aitzitik, ezin da ulertu erabiltzen diren adierazpenek, beren lausotasun eta anbiguotasunarengatik, espedientean planteaturiko gai guztiak arrazoitzeko eta erabakitzeko betebeharra betetzen dutenik (“aurkeztutako alegazioek, eta kasua bada, eskatutako proba egiteak, ez dute inolaz ere aldarazten egindako arau-haustea”; “aurkatutako egintza administratiboak aplikatzekoak diren arauen araberakoak dira”).

    Litekeena da interesdunaren alegazioak ikusita, haien asmoak baietsi behar ez izatea, edo proposatzen zituen probak onartu behar ez izatea, baina horri guztiari buruz berariazko arrazoiak eman behar dira zehapen-espedientearen ebazpenean eta, kasua bada, aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenean. Eta berriz esan beharra daukagu “ereduko formulak” erabiltzea ez dela nahikoa planteaturiko gai guztiei buruz arrazoitzeko eta erabakitzeko legezko betebeharra betetzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoratzea beti bete behar dituela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeko 138.1 eta 113.3 artikuluak eta otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuko 15. artikulua, eta ezartzen dituen zehapenak behar adina arrazoitu behar dituela, eta berariaz erabaki behar duela interesdunek espedientean alegatutako gai guztiei buruzko ebazpenetan.

  2. Iruñeko Udalari gomendatzea, arrazoitzerik ageri ez duen zehapen-egintza baten aurrean gaudenez, ezarritako zehapena ezezta dezan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 105.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari erabaki hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  4. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia