Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Impago de intereses por retraso en el abono de retribuciones a docente
Exp: 10/416/F
Nº: 126
Funtzio Publikoa
2010eko maiatzaren 31n, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, epai judizial baten arabera aitortu zitzaizkion zenbateko batzuk berandu ordaintzeagatiko berandutza-interesak ez ordaintzeagatik.
Kexa-idazkian azaltzen du, Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa, 2002an katedradun izateko deitutako hautaproba batzuetara aurkeztu zela. Prozedura horretan eman zitzaion balorazioarekin ados ez zegoenez, interesdunak bide judizialera jo zuen, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak aitortu zuen, dioenez, eskubidea zeukala zenbait merezimendu balora ziezazkioten eta eskuratu gabeko irabaziengatik zor zizkioten zenbatekoak jasotzeko eskubidea zeukala.
Adierazten du zor zizkioten zenbatekoak atzerapen handiz ordaindu dizkiotela; azkenekoa 2009ko irailean.
Horrenbestez, interesdunak kasuko interesen ordainketa erreklamatu zuen, baina gaur arte ez diote baiezkorik eman (dioenaren arabera, bide ez-formaletatik adierazi diote Nafarroako Gobernua eta aseguru-entitatea ez direla ados jarri interesak nork ordaindu behar dituen erabakitzerakoan).
Kexa-egileak eskatzen du kalte-ordaina jasotzeraino iragan diren sei urteei dagozkien interesak ordain diezazkioten.
“2006ko apirilaren 28ko epai judizialaren bidez, [?] andreari katedradun izaera aitortu zitzaion, 2003ko apirilaren 1etik aurrerako eragin ekonomiko eta administratiboekin.
[?] andreak ondare-erantzukizuneko espediente bat zabaltzeko eskatu zuen, eta eskatu zuen Sail Didaktikoko burutzari zegokion ordainsariaren osagarria ez ordaintzeak sorrarazitako kalte ekonomikoak ordaintzeko; izan ere, ez zuten burutza horretarako izendatu, zeren eta postu hori katedradun izatearen menpe baitzegoen.
Hezkuntza kontseilariaren abenduaren 24ko 204/2008 Foru Aginduaren bitartez, baietsi egin zen ondare-erantzukizuneko erreklamazioa, eta kalte-ordaina –9.519,23 euro– zenbatu eta ordaintzeari ekin zitzaion. “[?]” aseguru-enpresari agindu zitzaion erreklamazio-egileari 6.514,17 euro ordaintzeko, aipatutako enpresarekin eginiko kontratu administratiboko baldintzetan ezarritakoari jarraituz.
Aseguru-enpresak egin beharreko ordainketa egiten ez zuenez, Hezkuntza kontseilariak irailaren 4ko 152/2009 Foru Agindua eman zuen, zeinaren indarrez erreklamazio-egileari 6.514,17 euroko zenbatekoa ordaindu baitzitzaion 2009ko irailaren 30ean, banku-transferentzia baten bitartez.
[?] andreak idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako Zerga Ogasunak Tuteran duen lurralde-bulegoko negoziatuan, hain zuzen ere 2009ko urriaren 15ean; haren bidez, eskatzen du kalte-ordainaren ordainketan gertaturiko atzerapenari dagozkion interesak ordain diezazkioten.
Planteaturiko arazoari dagokionez, uneoro jo da 204/2008 Foru Aginduaren onespenaren ondorioz sorturiko egoerari erantzun egokia eman behar zaiola. Arazoa sortu da ondare-erantzukizuneko espedientearen izapidetze administratiboko une jakin batean, hain zuzen ere Administrazioak ondare-erantzukizunarengatiko kalte-ordainak ordaintzeko kasuak estaltzeko sistemaren egituraketa dela eta. Alabaina, inguruabar horrek ez du inongo nahasterik eragin behar administratuaren egoera juridikoan.
Aurrekoa dela eta, espedientea aztertzen eta analizatzen ari da, egoera horretatik heldu diren ondorio ekonomikoen balorazioaren zenbatekora iristeko. Ahal den epe laburrenean egin nahi da hori”.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako Arartekoari aitortzen dio Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori gehieneko epe batean bete beharra dago (ordezko gisa, aipatutako legean ezarri zen hiru hilabeteko epea).
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.
Planteatutako kasuan, interesdunak, 2009ko urriaren 15ean, eskaera bat aurkeztu zuen interesak ordain ziezazkioten, behar zen garaian katedradun izendatu ez izatearen ondorioz eragindako kalte-ordainen ordainketa berandu egiteagatik.
Agerikoa da eskari horren ebazpenean geroratzea Zuzenbidearen aurkakoa dela; izan ere, Nafarroako Foru Komunitatea eta aseguru-enpresa lotzen dituen harreman juridikoaren gorabeherak ezin zaizkio herritarrari arrazoi gisa aipatu. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak berak alderdi hori onartzen du.
Horrenbestez, erakunde honek Hezkuntza Departamentuari legezko betebeharren behar den gogorarazpena egin beharrean dago, espedientea berehala ebatz dezan eta interesdunari beranduntza-interesen kontzeptuan sortu diren interesak ordain diezazkion.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskari eta errekurtsoak horretarako legez ezarrita dagoen gehieneko epearen barruan ebatzi behar dituela, Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, horrenbestez, kexa-egileak aurkeztutako interesen erreklamazioa berehala ebatzi behar duela eta aitorturiko zenbatekoen ordainketan gertatu den atzerapenaren ondorioz sorturiko diru-kopuruak ordaindu behar dituela.
Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutako norabidean neurriak hartzen dituen, edo, bestela, hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia