Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 29ko 155/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 29

Función Pública

Gaia: Denegación de acceso al expediente administrativo en un proceso selectivo

Exp: 09/431/F

: 155

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 23an, kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. [?] jaunak aurkeztua zen, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, bere espedientea eskuratzeko eskariari ezezkoa emateagatik.

    Kexa-idazkiaren edukiak bederatzi atal zituen. Horietatik seigarren eta zazpigarren atalak onartu ziren; gainerakoak ez ziren onartu, zeren eta erakunde honek 09/050/F kexa-espedientean aztertu baitzituen, gora jotzeko errekurtsoko idazkietan eta hura zabaltzeko idazkietan, bai eta aipatutako espedientea osatzen duten beste dokumentu batzuetan ere ageri zirelako. Horretaz gainera, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu denez, erakunde hau arautzen duen legeko 23.2 artikuluan ezarritakoa bete behar dugu. Horrenbestez, ezin naiz sartu epailaren erabakiaren zain dauden kexak banan-banan aztertzera.

    Kexa-idazkian azaltzen zuen joan den martxoaren 13an, 9:40an, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuaren aurrean agertu zela, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 23ko 236/2008 ebazpenaren aurka aurkeztutako errekurtsoen kopiak lortzeko, hain zuzen ere alegazioak aurkeztu ahal izateko (epea zabalik zegoen, 2009ko martxoaren 9ko 29. NAOn argitaratutako iragarki baten bidez). Espediente guztiak ikusteko aukera eman zitzaion, berea izan ezik; izan ere, hura ikusi ahal izateko zerbitzuburuarengana joateko esan zioten, baina hark ez zuen hartu nahi izan, eta beraz, bere espedientea ikusi ahal izatea eragotzi zion.

    Halaber, adierazten du ez diotela erantzunik eman administrazio horretako erregistroan aurkeztutako hurrengo eskabideei buruz: Doc. 2009/145370, Doc 2009/155570, Doc 2009/155572 eta Doc. 2009/165531.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
    1. Interesdunak ongi dioen bezala, 2009ko martxoaren 13an, NAPIko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuaren aurrean agertu zen, beste izangai batzuek NAPIko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 23ko 236/2008 Ebazpenaren aurka aurkeztutako errekurtsoen edukia ezagutu ahal izateko, eta espediente guztiak ikusi ahal izan zituen.
    2. Kexa-egileak dio “ez zitzaiola baimenik eman bere espedientea ikusteko”, baina hori ez dator egiarekin bat. Egun hartan bertan, interesdunak, aipatu berri ditugun errekurtsoak aztertu ondoren eta nahi izan zituen kopiak egin ondoren, eskatu zuen “elkarrizketa bat izatea bere errekurtsoa izapidetzen ari zen pertsonarekin, gaiari buruz hitz egiteko”.

      Sarrerarako Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria harremanetan jarri zen Idazkaritza Nagusiarekin, jakiteko ea gaia izapidetzeaz arduratzen ari zen pertsonak interesduna hartu ote zezakeen, nahiz eta aurretik zitarik eskatu gabea izan.

      Egun hartan, atalburua bildurik zegoen goizean goizetik beste pertsona batekin, presaz ebatzi beharrek gai batzuk aztertzeko; horrenbestez, Zerbitzu Osagarrien Bulegoko buruak [?] jaunari jakinarazi zion une hartan ezin zuela zuzenean hartu, baino zita bat hitzartzeko telefonoz hots egin eta Bulegoko buruak hartu eginen zuela.

      Hala eta guztiz ere, [?] jaunak ez zuen hots egin inongo zitarik hitzartzeko, eta ez zuen, ezta ere, berriz eskatu espedientea ikusi ahal izatea.

    3. Aipatzen dituen erantzun gabeko eskabideei dagokienez, honakoa esan behar dizut:
  3. 2009ko uztailaren 16an, kontseilari jaunaren idazkia jaso genuen. Bertan, honakoa dio, hitzez hitz:

    2009/145370 zenbakiko dokumentuak interesdunaren errekurtsoaren zabalpen bat dakar. Epez kanpo aurkeztua da, beste izangai batzuek aurkeztutako errekurtsoak direla-eta zabaldutako alegazioen epea aprobetxatuta aurkeztu zen. Legeak ezarri bezala, kasuko aldizkari ofizialean argitaratu behar dira hautapen-prozeduren deialdien aurka aurkeztutako errekurtsoak, hain zuzen ere gainerako izangaiek alegazioak aurkeztu ahal izateko argitaratutako errekurtso horien aurka . Dena den, azpimarratu beharra dago alegazio horiek soilik argitaratzen den errekurtso zehatzari buruzkoak izan daitezkeela –kasu honetan epaimahaiaren 4. hautaprobaren (idazketa) zuzenketa zen–.

    Hala eta guztiz ere, interesdunak aurkeztutako eskabideak ez du inongo aipamenik egiten argitaratutako errekurtsoan planteaturiko alderdiei buruz, eta ez ditu, bestalde, ez aurkatzen ez babesten idazketaren balorazioaren aurka jo duten gainerako errekutso-egileek planteaturiko alegazioak; izan ere, besterik gabe bere errekurtsoko alegazioak zabaltzen ditu, eta hori legez onartezina da, alegazioak aurkezteko epea nahikoa eta sobra iragana zegoelako.

    Nolanahi ere, eskabide horri berariazko erantzuna eman zitzaion interesdunari jakinarazitako gora jotzeko errekurtsoan. Izan ere, hartan adierazten zaio ez dela errekurtsoa onartzen epez kanpo aurkeztu zelako.

    2009/155570, 2009/155572 eta 2009/165521 agiriek hasierako errekurtsoaren eta harekin lotutako beste eskari batzuen isiltasun negatiboaren eraginak ziurtatzeko eskabideak jasotzen dituzte. Ziurtagiriak egin izatea errealitatearen aurkakoa izanen zen, zeren eta eskabide horiek sartu ziren egunean, gora jotzeko errekurtsoa ebatzita eta interesdunari jakinaraztekotan baitzegoen.

  4. Kexa-idazkiak jasotzen dituen bederatzi puntuetatik zazpi onartu ez izanari erantzuteko, kexa-egileak, joan den uztailaren 22an, idazki bat igorri zuen, non azaltzen baitzuen kexa berri horren arrazoia lotuta zegoela espedientearen ardura zuen funtzionarioaren praxi txarrarekin, eta haren helburua zela iruzurrak, prebarikazioa eta abar saihesteko behar ziren bitartekoak jar zitezen. Ematen dituen argudioen arabera, administrazioarekiko auziaren epaiak, haren edukia alde batera utzita, ez du erantzuleentzako inongo zehapenik sortuko, eta berriz eskatzen du administratuaren defentsa gabezia eta haren eskubideen errespetua azter daitezen.

    Bukatzeko, baieztatzen du ez duela banakako eskubide bat eskatzen, baizik eta Administrazioak administratuarekin izandako praxi txarrarengatiko erantzukizunak argitu daitezen.

AZTERKETA

  1. Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Kexaren xedea den kasuan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ez die erantzun interesdunak aurkeztutako eskabideei. Hurrengo erregistro-zenbakiak dituzten agiriak dira: 2009/155570, 2009/155572 eta 2009/165521. Gainera, ez du eskabideak onartezinak direla deklaratu, ez eta haiek izapidetzeko onartu ere, aurreago haiek baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoien bidez.

    Azken batean, departamentuak ez zien idazki horiei inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.

  2. Konstituzioak eta Foru Hobetzeak babesturiko eskubideak eta libertateak defenditzeko eta hobeki babesteko sortu zen erakunde honek, eginkizun nagusi gisa dauka herritarrak Administrazioaren balizko abusu eta akatsen aurrean babestea. Gure eginkizuna betetzeko erabiltzen ditugun tresnetako bat da “legezko betebeharren gogorarazpenak” igortzea.

    Legezko betebeharren gogorarazpen bat igortzen dugunean, jotzen dugu, lehenengo eta behin, kasuko jarduera ez dela arau indardunen araberakoa izan. Hala eta guztiz ere, adibide gisa azterturiko kasu guztien arabera, oraingo kexa-egilearen kexari (09/050/F) eta haren jatorriari erreparatuta, ez dugu uste egintza gauzatu duen funtzionarioaren jokabidean edo egitateetan ustezko delitua egon denik. Hala izan balitz, gure egitekoa izanen zen hura Ministerio Fiskalari jakitera ematea.

    Azken batean, uste dugu 09/050/F kexa-espedientean, zeina honen oinarrian baitago, legezko betebeharren gogorarazpena egin zela aplikatzekoak diren arauen interpretazio heterogeneoarengatik, aurkeztutako errekurtsoen erantzunean inferitu daitekeen bezala, eta, hura, azkenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ebatziko dela.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela eta, horrenbestez, kexa-egilearen idazkiei erantzun behar diela.

     

  2. Kontseilari jaunari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

     

  3. Erabaki hau departamentuko kontseilariari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen aurkako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia