Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Disconformidad con la denegación de la renuncia a la matrícula efectuada en el Conservatorio
Exp: 09/398/E
Nº: 154
Hezkuntza
2009ko ekainaren 5ean, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Pablo Sarasate Kontserbatorioaren aurka, egindako matrikulari uko egiteari ezezkoa emateagatik.
Interesdunak azaltzen du 2008ko ekainean Kontserbatorioan matrikulatu zela. Gero, haurdunaldiaren ondorioz, atseden hartu behar izan zuen, eta inguruabar hori Kontserbatorioan justifikatu zuen. Alaba jaio ondoren, ziurtagiri bat aurkeztu zuen –Kontserbatorioko atezaintzan hartu zioten–. Harekin batera, matrikulari uko egiteko idazki bat aurkeztu zuen, zeukan egoera zela kausa.
Berriki, beste pertsona baten bitartez, jakin du Kontserbatorioko iragarkien oholean haren uko egiteari emandako ezezkoa argitaratu dela.
Ikasketaburuarekin gaia aztertu ondoren, adierazi diote ezin dutela uko egitea onartu, behar ziren ziurtagiriak ezarritako epean ez aurkezteagatik.
Interesdunak dio hari pertsonalki inork ez ziola ezer jakinarazi, eta uko egitea ontzat jo beharko luketela, guztiz justifikatuta egoteagatik eta arrazoiak agerikoak izateagatik.
Kexa aztertuta, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.
2009ko uztailaren 15ean, eskatutako dokumentazioa jaso dugu. Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko ikasketaburuak emandako txostenaren bitartez, zehatz-mehatz aipatzen dira kasuko egitateak eta inguruabarrak. Halaber, aplikatzekoak diren arauak helarazi dizkigute, eta uko egiteari ezezkoa ematea justifikatzeko era askotako arrazoiak ere azaldu dizkigute.
Hezkuntza Departamentuak adierazitako aurrekarietatik eta emandako dokumentaziotik ondorioztatzen den bezala, [?] andreak aurkeztutako kexaren xedea da Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko zuzendaritzak ezezkoa eman izana matrikulari uko egiteko aurkeztutako eskariari (zehazki, Piano Osagarria I, Psikopedagogia I eta Kantua II ikasgaiak ageri dira matrikulan).
Uko egiteko eskari horri dagokionez, Kontserbatorioko antolamenduari eta funtzionamenduari dagokionez aplikatzekoak diren arauek honakoa ezartzen dute:
“Ikasleek ikastetxeko zuzendariari apirilaren 30a baino lehen eskatu ahalko diote matrikula deuseztatzeko, betiere agiri bidez eta modu sinesgarrian egiaztatzen badute honako inguruabarretako bat gertatzen dela:
- Gaixotasun fisiko edo psikiko luze bat pairatu izatea.
- Lanpostu batean lanean hasi izatea.
- Familia erako betebeharrak edukitzea.
Eskabideak ebatziko dira ikastetxeko zuzendariak ikasleari eskolak ematen dizkieten irakasleei entzun ondoren. Zuzendaria izanen da matrikularen deuseztatzea baimenduko duena, betiere aipatutako arrazoietako bat egiaztatuta baldin badago eta arrazoi horrek eragotzi baldin badu eskatzailea eskoletara normaltasunez joatea eta ezinezko bihurtu baldin badu ikasleari ebaluazio jarraituko prozesuan kalifikazioa ematea.
Ikasturte jakin bateko ikasgai bat gehienez ere behin deuseztatu ahalko da”.
Horrenbestez, kasuan aplikatzekoa den araudiak prozedura bat ezartzen du eta prozedura hori ikasle interesdunek ireki ahalko dute, kasuko eskabidea eta harekin batera uko egitea justifikatuko duen arrazoiaren egiaztagiria aurkeztuz. Prozedura irakaslanean ari diren irakasleei entzun ondoren izapidetuko da eta ikastetxeko zuzendariak ebatziko du.
Administrazio prozedurari dagokionez, berariazko arauak bat etorri beharko du Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako xedapen orokorrekin.
Espedientean egiaztaturik ageri da 2009ko otsailaren 3an [?] andreak eskatu zuela ikasgai batzuetako matrikulari uko egitea (Piano Osagarria I, Psikopedagogia I eta Kantua II), eta hori justifikatu zuela haurdunaldian zehar izandako gaixotasun batengatik.
Zehazki, honakoa adierazten zen aipatutako eskabidean:
“Eskoletara huts egin beharra izan dut, haurdunaldiaren ondorioz, lunbalgia bat dudalako eta garaiz aurreko erditzerako mehatxua izan dudalako. Hori dela eta, erabateko atseden-egoeran egon beharra daukat.
Halaber behin erditu ondoren, ezin izanen naiz eskoletara joan, jaioberria zaindu beharko dudalako”.
Adierazitakoaren arabera, egiaztagiri gisa, interesdunak laneko bajaren mediku-agiria aurkeztu zuen, 2008ko abenduko 19ko datakoa. Bertan, haurdunaldian zehar izandako lunbalgia ageri da. Baja berrestearen agiria ere aurkeztu zuen.
Eskabide hori eta aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Kontserbatorioko Zuzendaritzak erabaki zuen eskaria ezestea, “behar ziren egiaztagiriak ez aurkezteagatik”. Erabaki horri dagokionez, igorritako txostenean jasota dago aurkeztutako dokumentazioak ez duela justifikatzen hilabete batez eskoletara huts egin izatea baizik, hain zuzen ere 2008ko abenduaren 19tik 2009ko urtarrilaren 12ra (oporraldiarekin bat dator aldi hori).
Aitzitik, interesdunak adierazi du Atezaintzan egiaztagiri gehiago aurkeztu zituela, baina, dirudienez, ez ziren espedientean erantsi.
Nolanahi ere den, ezezkoa emateko egintzan adierazten den bezala erabakiaren oinarria baldin bada egiaztagiriak ez aurkeztea, nabarmentzekoa iruditzen zaigu ikasleak adierazitakoaren eta agirien bidez egiaztatutakoaren artean desadostasun bat atzeman ondoren eta edozein erabaki hartu aurretik, akatsak zuzentzeko izapide bat eskaini behar zela, hain zuzen ere horri buruz Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 71. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Prozedurari buruzko arau horren helburua da ahal den guztian saihestea formazko oztopoak izan daitezela herritarren eskabideak ez onartzea nahiz ezestea determinatzen dutenak. Izan ere, lehentasuna eman nahi zaie inguruabar erreal edo materialei. Hori dela eta, baldin eta interesdunak alegatu bazituen haurdunaldia bezain nabarmena den arrazoi batetik heldutako gaixotasun bat eta zaindu beharreko alabaren artatzea, behar adinako egiaztapen agiriak falta zirela suposatuta, aukera eman behar izan zitzaion akats hori zuzentzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hezkuntza Departamentuari gomendatzea jarduerak atzera eraman ditzan eta interesdunari akatsak zuzentzeko izapide bat zabal dakion, hain zuzen ere matrikulari uko egiteko arrazoiei buruzko egiaztagiriak aurkezteko.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia