Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 28ko 153/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Behatokiko zuzendari [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 28

Kultura

Gaia: Falta de señalización en euskera (topónimo solo en Castellano) de una carretera

Exp: 09/396/C

: 153

Kultura, kirola, gazteria eta elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 5ean, [?] jaunak, Behatokiko zuzendari gisa, aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Kexa Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren aurkakoa zen, trafiko seinale batean hizkuntza-eskubideak ez errespetatzeagatik.

    Azaltzen zenuen Obanosko irteeran, Iruñeranzko norabidean, biribilgunearen aurrean, zutikako seinale bat dagoela, eta bertan Pamplona eta Campanas izenak, gaztelaniazko toponimoak, baizik ez direla ageri.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Kontseilariak, joan den ekainaren 15ean, txosten bat igorri zuen. Honakoa azaltzen zuen bertan:
    1. Obanos eskualde ez euskaldunean dago, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 5. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
    2. Nafarroako Gobernuaren 2006ko irailaren 25eko Erabakiak Nafarroako Errepideen Sareko errotulazioari eta seinalizazioari buruzko jarraibideak ezartzen ditu, eta 1.b) atalean honakoa xedatzen du:

      “Toponimoak eta lurralde, herrigune eta hiriarteko bideen izenak, izendapen ofizial elebiduna dutenean –gaztelaniaz eta euskaraz– honela erabiliko dira:

      • Gaztelaniaz eta euskaraz eskualde euskalduneko errepideetako tarteetan.
      • Gaztelaniaz eta euskaraz eskualde mistoko errepideetako tarteetan.
      • Gaztelaniaz eskualde ez-euskalduneko errepideetako tarteetan.”

Horrenbestez, Obanosko irteerako seinalean erabilitako toponimia onetsitako arauen araberakoa da.”

AZTERKETA

Erakunde honek gaia aztertu eta baloratzeari ekin dio, antzeko auzia izateagatik Nafarroako Auzitegi Nagusiaren apirilaren 10eko 189/2007 epaian (JUR/2007/290333) erabilitako jarrerari eta tesiari jarraituz.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 8.1 artikuluan, honakoa ezarri zuen: “Foru Komunitatearen toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dute izendapen ofiziala, honako arau hauen arabera:

Eremu misto eta ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izanen da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek euskaraz jatorrizko eta ohiko izen bat baldin badute, biak erabiliko dira.”

Horri dagokionez, abenduaren 20ko 338/1990 Foru Dekretuko artikulu bakarrean honakoa ezarri zen: “Nafarroako Foru Komunitateko hiriburuaren izen ofizialak Pamplona eta Iruña dira. Izen horiek legezkoak izanen dira ondorio guztietarako”.

Kasu honetan, Foru Komunitateko hiriburua izendatzeko erabilitako izen propioak ez du izendapen ofiziala errespetatu, zeina, arestian aipatutako abenduaren 20ko 338/1990 Foru Dekretuari eta Nafarroako Gobernuak argitaratutako Nafarroako toki entitateen azken izendegiari jarraituz, Pamplona eta Iruña baita. Horrenbestez, bi izan desberdin ezartzen dira, gaztelaniaz ala euskaraz erabiltzen den. Horrenbestez, uste dugu Nafarroako Gobernuko Herri-lan Departamentuak Euskarari buruzko Foru Legeko 8.1 artikuluan ezarritakoa urratu duela.

Azken batez, arau indardunak betez, bidezkoa da Foru Komunitateko hiriburua adierazten duten seinale guztietan bi izendapen ofizialak erabiltzea, hau da, Pamplona eta Iruña, azken hori izen desberdina, jatorrizkoa tradizionala baita euskaraz, 1986an ere bazegoena.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari gogoraraztea Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 8.1 artikuluan eta abenduaren 20ko 338/1990 Foru Dekretuan ezarritakoa beti betetzeko duen legezko betebeharra. Izan ere, foru dekretu horren bidez, Foru Komunitateko hiriburuaren izenak ezarri ziren, Pamplona eta Iruña, gaztelaniaz eta euskaraz.

  2. Kontseilari andreari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  3. Erabaki hau Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariari eta kexa-egilea izan den Behatokiko zuzendari [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia