Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 28ko 152/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 28

Energia eta ingurumena

Gaia: Molestias ocasionadas por perros

Exp: 09/448/M

: 152

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 29an, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Berriobeitiko Udalaren aurka, txakurrek eta haien jabeek sorturiko zaratengatik eta beste irregulartasun batzuengatik.

    Azaltzen zuen bere etxearen aurrean (Artika Berriko [?] kaleko [?] zenbakian, 15 metroko distantzian, zakurrendako eremu bat dagoela, non zakurren zaunkek eta jabeen oihu eta txistuek, egunez eta gauez, baimendutako zarata-mailak gainditzen dituzten.

    Horri gehitu beharra zaio zakur batzuk aske egoten direla, beste batzuek iturrietatik edaten dutela eta beste batzuk ibilgailuetan inongo segurtasun neurririk gabe garraiatzen dituztela.

    Galdetzen du nola egon daitekeen baimendurik bere etxetik 15 metrotara 20 zakur baino gehiago batera biltzen direneko jarduera bat.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Berriobeitiko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Berriobeitiko Udalak, 2004ko abuztuaren 3ko Osoko Bilkuran, udal barrutian animaliak edukitzea arautzen zuen udal ordenantza onetsi zuen. Ordenantza hori 2004ko irailaren 29ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Gero, Osoko Bilkurak, 2009ko apirilaren 7an, ordenantza hori hasiera batez aldatu zuen, arau-hausteengatiko zehapenei eta lizentziak lortzeko tasei zegokien alderdietan, eta une honetan aldaketa horren behin betiko onespena NAOn argitaratzeko zain gaude.

    Bestalde, udal aguazilen zerbitzuak arau horiek betetzen ez dituzten animalia-jabeen aurka jarduten du, dela bere kabuz dela hirugarren batek eskatzen duenean. Hori dela eta, udaleko bizilagun guztiek aukera dute agente baten presentzia eskatzeko, udaletxera nahiz zuzenean aguazilei deituz. Udalak ez du tresnarik zarata-mailak neurtzeko. Hori dela eta, herritarrei gomendatu ohi die neurketa hori egitea nahi badute Foruzaingoari bertaratzeko eska diezaioten.

    Udaleko alkateak, joan den uztailaren 21ean, txostena igorri zuen, eta honakoak agertzen ditu hitzez hitz bertan:

    Gainera, herritarrek udaletxean bertan salaketa bat aurkez dezakete. Arazoari konponbidea emateko modu eraginkorrena eta azkarrena izan daiteke hori.

    Leonor de Aquitania kalean dagoen zakurrendako eremuari dagokionez, lursail dotazionala da. Hori dela eta, aurreikusita dago hari erabilera dotazionala ematea eta zakurrendako eremua beste lursail batean jartzea.

AZTERKETA

  1. Auzitegi Konstituzionalak ere argi eta garbi esan du zaratek urratu egiten dituztela intimitaterako, osotasun fisikorako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubide oinarrizkoak (119/2001 zenbakiko epaia, besteak beste), eta ezarri du ezen partikular batek arlo honetan beste bati sortutako lesioak Konstituzioaren babesa eragin dezakeela baldin eta administrazio eskudunak ez badu behar bezala jardun (culpa in vigilando). Horri dagokionez, baieztatzen du gehiegizko zaratek, nahiz eta legezko jarduerek sortuak izan, legezko izateari uzten diotela maila zehatzak gainditzen dituztenean, eta kanpoko eraso asaldatzaile bihurtzen direla, eta kaltetuak ez duela haiek pairatzeko betebehar juridikorik. Horren arrazoia da immisio horiek oso kaltegarriak direla pertsonari bere egoitzan eragiten diotenean, eta etxeko intimitaterako oinarrizko eskubidearen aurkako eraso bat direla (Konstituzio Auzitegiaren 431/2003 epaia). Azken batean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrina erabili du Konstituzio Auzitegiak oinarrizko eskubideen interpretazioari eta babesari dagokionez, eta hirietako udalek ingurumenaren arloan izaten duten jardun ezari buruzko ohartarazpena egiten du; izan ere, udalek polizia ahalmena oinarri, esku hartzeko eta defendatzeko titulua dute pertsonen ongizatea eta bizilekuaren bortxaezintasuna babeste aldera.

    Ikuspegi horretatik, ondorioztatu beharra dago administrazio publikoek, babestutako oinarrizko eskubideak bermatze aldera, berehala esku hartu behar dutela herritarren bizilekuei kalte egiten bazaie zaratak sortuz –horrelakoak, gainera, neurri zuzentzaile egokiak jarriz ekidin daitezke–. Azpimarra daiteke, gainera, administrazio eskudunak nahitaez erabili behar dituela dituen ahalmenak, eta ez duela askatasunik esku hartu behar duen ala ez erabakitzeko.

  2. Horrenbestez, udalek funtsezko eginkizun bat dute herritarren eskubide horien babesean. Hala ondorioztatzen da aipaturiko estatuko eta foru erkidegoko lege sektorialetan esleitutako eskumenetatik. Horiei gehitu behar zaizkie Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.f) eta h) artikuluetan esleitzen zaizkien eskumenak –lege hori Ingurumena babesteari eta osasungarritasun publikoaren arloko eskumenei buruzko apirilaren 21eko 11/1999 Legeaz aldatu zen–. Horri gehitu behar zaio lege bereko 84.1 b) artikuluan ezarritakoa –1955eko ekainaren 17ko dekretuaren bidez onetsitako Toki Korporazioetako Zerbitzuen Erregelamenduko 1.1 artikuluarekin lotuta dago hori–. Izan ere, biek ematen dute administratuen jarduera pribatuetan esku hartzeko ahalmena, arestian aipatutako babes juridikoa jasotzen ahal duten ondasunak edo interesak babeste aldera.

  3. Kexaren edukitik eta egitateen logikatik, ondorioztatzen dugu etxebizitzetatik hamabost metrora dagoen lursail dotazional batean (zakurrendako eremu txiki bat) hogei zakur baino gehiago biltzeak –eta gutxiago badira ere, berdin– sor ditzakeela bizilagunek pairatzeko betebeharrik ez duten zarata-maila asaldagarriak, batzuetan haien artean sortu ohi diren zaunka, borroka eta oihuengatik.

  4. Udalaren txostenetik ondorioztatzen da udalak herritarren eskubideak babestearen aldeko jarrera positiboa duela, zarata-maila handiek eskubide horiek urra ditzaketenean, aztergai dugun kasuan gertatzen den bezala. Baina eskubide horiek modu efizienteagoz babesteko, erakunde honek uste du toki entitateak jarrera proaktiboa eduki behar duela. Badaki zein den zaraten balizko sorlekua: zakurrendako eremuko orubea, etxebizitzetatik metro gutxi batzuetara dagoena. Komenigarria litzateke udalak, bere kabuz, eskura dituen baliabideen bitartez –kasu honetan Foruzaingoaren baliabideekin– sonometria batzuk egitea, gauez eta egunez, zakurrendako eremutik hurbilen dauden etxebizitzetan, arau indardunetan baimendutako gehieneko soinu-mailak errespetatzen diren ala ez diren errespetatzen jakiteko.

    Hori jakinda, izan ere, litekeena da zakurrendako eremua bertan geratu ahal izatea edo, bestela, harentzat beste toki bat bilatu behar izatea, animaliekin paseatzeko behar bezalako toki egokiak dituen lorategi edo parke publiko batean esate baterako, betiere toki horiek segurtasun baldintza eta baldintza higieniko-sanitario ezin hobeetan mantenduta, Animaliak Babesteari buruzko azaroaren 24ko 11/2003 Foru Legeko 15. artikuluan ezarri bezala.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Berriobeitiko Udalari iradokitzea “Artika Berriko” ([?] kalea) zakurrendako eremutik hurbilen dauden etxebizitzetan zakurrek sorturiko zarata-mailak neur ditzan, egunez eta gauez, eta neurketa horien emaitzaren arabera, zaratei buruzko eta animaliak babesteari buruzko legeei jarraituz joka dezan.

  2. Berriobeitiko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  3. Ebazpen hau Berriobeitiko Udaleko alkateari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia