Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Disconformidad con la destrucción del examen correspondiente a la primera parte de los ejercicios de ingreso y acceso al Cuerpo de Profesores de Enseñanza Secundaria
Exp: 09/432/F
Nº: 151
Funtzio publikoa
Kexa jasota, Hezkuntza Departamentura jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko uztailaren 1ean, honako testua, hitzez hitz, dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:
“Azterketa galtzeari edo ez aurkitzeari dagokionez, honakoa izaten da oposizioaldiko materialak (idatzizko ariketak eta programazio didaktikoak) zaintzeko ohiko prozesua: ariketak egiten diren ikastetxeetan toki bat prestatzen da; bertara, epaimahaiko kideak baizik ezin izanen dira sartu, horretarako izendatutako atezainek toki hori ireki ondoren. Oposizioaldia bukatu ondoren, Hezkuntza Departamentua da material hori biltzeaz eta Hezkuntza Departamentuan propio prestaturiko toki batera garraiatzeaz arduratzen dena.
Aztergai dugun kasuan, Iruñeko “Biurdana” Bigarren Hezkuntzako Institutuan, hori izan baitzen euskarazko espezialitateetako epaimahaien egoitza, gurasoen elkarteko aretoa prestatu zen lan horretarako, eta sarraila propio aldatu zitzaion. Oposizioaldia bukatu ondoren, gutxi gorabehera abuztuaren erdialdean, Hezkuntza Departamentuko hiru pertsona joan ziren aipatutako institutura materialak biltzera, eta Hezkuntza Departamentuko berariaz hautatutako aretora eraman zituzten.
Iraileko lehenbiziko astean, behin lanpostuak adjudikatzeko ekitaldi publikoak bukatu ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuko langileei eskatu zitzaien oposizioaldiko materialak artxibatzeko eta ordenatzeko. Une hartan, atzeman zen ondoko espezialitateetako A eta B ataletako ariketak falta zirela:
Hezkuntza Departamentuak “Biurdana” Institutuko atezainetako bati eskatu zion egiaztatzeko ea material hori institutuko beste tokiren batean gordeta zegoen. Ezezkoa erantzun zuenean, Koordinazio Batzordeko bi kide institutura joan ziren hori ikuskatzera, baina ez zituzten materialak aurkitu.
Iraileko bigarren astean, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak eta Koordinazio Batzordeko lehendakariak, aurreko bi urteetan aipatutako institutuko zuzendaria izandakoarekin, ikastetxea ikuskatu zuten, baina materiala ez zen inon agertu, eta elkarrizketa bat egin zioten atezainetako bati, baina ez zuten inongo emaitzarik lortu.
Hori gertatu eta berehala, aipatu atezainak telefonoz hots egin zion Koordinazio Batzordeko idazkariaren ondokoari eta azaldu zion departamentura eraman ez zen materiala birziklatzeko edukiontzira bota zela, zeren eta ikasturtea hastearekin aretoa gurasoen elkarteak erabili ahal izateko prestatu behar baitzen, eta uste baitzuen oposizioaldiko behar zen materiala jadanik Hezkuntza Departamentuko langileek jaso eta eramana zutela.
Material hori ez dagoenez, honakoa da epaimahaiek emandako kalifikazioen aurkako balizko errekurtsoak ebazteko Hezkuntza Departamentuak daukan dokumentazioa: hautaproba osatzen duten ariketa bakoitzari emaniko kalifikazioen aktak eta epaimahaikide bakoitzak emaniko kalifikazioak jasotzen dituzten akta txikiak. Halaber, beharrezkoa bada, txostenak eska dakizkieke epaimahaiei beharrezkoak diren xehetasunei buruz.
Horrenbestez, nabarmendu beharra dago galtzea gertatu dela epaimahaiak bere balorazioak aktan jaso ondoren, eta akta horixe da, izan ere, emaitzen fede publikoa ematen duena. Horrenbestez, ez dago kalifikazioari buruzko zalantzarik.
Halaber, ariketako puntuazioa jartzeko erabilitako irizpideak azaltzeko interesdunak eginiko eskariari dagokionez, honakoa esan beharra dago:
Horrenbestez, epaimahaiek adierazi badute ez dela beharrezkoa esleitutako puntuazioaren oinarria izan diren baloraziorako irizpideak zehaztea, eta aktetan berariaz jasota dagoela jarritako emaitza, ondorioztatu behar da horixe adierazten dela aipatutako irizpideak hautapen-probara aurkezten diren profesional guztiek ezagutzen dituztelako.”
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 42.1 artikuluan honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Ebazpen hori jakinarazteko epea kasuko prozedura arautzen duen legean zehaztuta dago (Administrazio eta Prozedura Legeko 42.2 artikulua) eta gora jotzeko errekurtsoaren kasuan, hiru hilekoa da ebazpena emateko eta jakinarazteko epea (Administrazio eta Prozedura Legeko 115.2 artikulua).
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluak aurreko araua osatzen du, ezartzen baitu herritar orok administrazio egokia izateko eskubidea duela, eta horren barrenean dagoela “Administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.”
Hala egin ezean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuenetik –bertan eskatzen zuen azterketa erakusteko, Biologia eta Geologia arloetako euskarazko ariketa puntuatzeko erabilitako irizpideak azaltzeko eta, bidezkoa bazen, bigarren epaimahai batek ariketa berriz ebaluatzeko– bederatzi hilabete baino gehiago iragan direnean, [?] jaunari oraindik ere ez zitzaion inolako ebazpenik jakinarazi.
Geroago, 2009ko maiatzean, telefonoz, eta 2009ko ekainean, idatziz, jakitera eman zitzaion erakusteko eskatzen zuen ariketa galduta zegoela, eta, horrenbestez, ezinezkoa zitzaiela hura erakustea.
Gainera, txostenean azaltzen zaigu Giza Baliabideen Zerbitzuko langileek aipatu espezialitateetako A eta B ataletako ariketak galdu zituztela.
Galera horrek berarekin dakar gora jotzeko errekurtsoa ebazteko organo eskudunak ezin duela azterketa berrikusi, hain zuzen ere [?] jaunak eskatu zuena, betiere epaimahai kalifikatzaile bateko kideak babesten dituen zuhurtziarakotasun teknikoa dela-eta ezarritako mugekin. Horri buruz, behin eta berriz eman den jurisprudentzia aipatu beharra dago; izan ere, horren arabera, epaimahai kalifikatzaileak “egiazkotasunaren edo arrazoizkotasunaren presuntzioa du bere jardun administratiboan, eta horretarako bermea da kalifikazioa emateko ezarritako organoen espezializazioa eta inpartzialtasuna (Konstituzio Auzitegiaren 48/1998 epaia, 7.a) oinarri juridikoa.” Hala eta guztiz ere, iuris tantum erako presuntzioa da hori, zeina aldaraz baitaiteke egiaztatzen bada arau-hausteren bat gertatu dela edo ez dela ezagutzen organo kalifikatzaileak ustez izan behar zuen arrazoizko jokabidea izan duen, dela botere-desbideratzearengatik, dela arbitrariotasunarengatik, dela erabilitako irizpideek inolako justifikaziorik ez izateagatik (Konstituzio Auzitegiaren 353/1993, 34/1995 eta martxoaren 31ko 73/1998 epaiak).
Espainiako Konstituzioak, 24.1. artikuluan, ezartzen du epaileek eta auzitegiek benetan babesa emateko eskubidea, eta bertan ezin dela defentsa-gabeziarik gertatu. Hau da, aldeen kontradikzio-defentsarako eskubidea bermatu beharra dago, eta aldeei bidea eman behar zaie beren eskubide eta interesak behar diren inpugnazioen bitartez eta egokitzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten frogabideak erabiliz baliarazteko.
Kasu jakin honetan, azterketak galtzea ezin zaio interesdunari egotzi, zeren eta Administrazioa bera baita haiek gordetzeaz eta zaintzeaz arduratu behar zuena. Horrenbestez, [?] jaunari kontradikzio-defentsarako eskubideaz baliatzeko biderik eman ez zaionez berari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, erakunde honek uste du kexa-egilearen eskubideak berrezartzeko konponbidea dela galdutako azterketako puntuazioa baliogabetzea eta interesdunari aukera ematea hautaproba errepika dezan, baldintzei eta beharkizun akademikoei dagokienez aurrekoaren antzeko ezaugarriak dituen azterketa baten bidez.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hezkuntza Departamentuari gomendatzea [?] jaunak Biologia eta Geologia ikasgaian lortutako puntuazioa baliogabetzeko eta hari aukera emateko beste azterketa bat egin dezan, aurrekoaren antzeko ezaugarri eta beharkizun akademikoekin.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia