Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 28ko 124/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 uztaila 28

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Estacionamiento de bicicletas en lugar inadecuado

Exp: 10/296/I

: 124

Trafikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko apirilaren 6an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Cintruenigoko Udalaren aurka, Cintruenigoko Ribera kaleko 4. zenbakian bizikletetarako aparkaleku bat toki desegokian jarri duelako, eta ez diolako biderik eman aparkaleku hori kudeatzeari eta bizikletetarako aparkaleku berria erabakitzeari buruzko espediente administratiboa eskuratzeko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Cintruenigoko Udalari txosten bat egiteko eskatu zitzaion 2010eko maiatzaren 3an. Emandako epea iragan zen, eta udalak ez zuen eskatutako txostena bidali.

2010eko ekainaren 7an, erakunde honek berriz eskatu zion txostena Cintruenigoko Udalari. Azkenean, txosten hori 2010eko uztailaren 15ean heldu zen erakunde honetara. Igorritako txostenean, honakoa ageri da:

“Ekitaldi honen otsailaren hasieran, osasun etxera bizikletaz joaten diren pertsonei horretarako bidea ematearren, osasun etxeko aparkalekuan soilik bizikletetarako den aparkaleku bat jarri zen.

Aparkaleku horrek lehen ibilgailuak aparkatzeko baliatzen zen toki bat hartzen zuen.

Udaltzaingoak azterlan bat egin zuen, eta otsailaren 19an emaniko txostenaren arabera, agerian geratu zen hura “ez zela bizikletak uzteko erabiltzen”.

Bizikleta erabiltzen zuten batzuei zergatik ez zuten erabiltzen galdetu ondoren, adierazi ziguten osasun etxearen sarreratik urrunegi zegoela.

Bi iturri horien datuak –poliziaren txostena eta erabiltzaileen lehentasunak– aztertuta, erabaki zen bizikletetarako aparkalekua osasun etxearen sarreratik –Erribera kalea, 4– hurbilago dagoen toki batera eramatea, zentroko larrialdietako sarbideetan interferentziarik sor ez zezan.

Horixe egin zen, eta, gainera, bide-marka urdinekin seinalatu zen eremuaren erabilera. Gainera, aparkaleku berriak autoak aparkatzeko erabiltzen den artzenetik bereizi zen babes- mutiloi batzuk erabiliz.

Halaber, poliziak beste argazki-txosten bat egin zuen, non atzematen baitzen erabiltzaileek ongi erabiltzen zutela bizikletetarako aparkalekuaren instalazio berria.

Eginiko adierazpenei jarraituz , bizikletetarako aparkalekua ezartzearen ondorioz gertatu diren istripuei dagokienez, udaltzaingoak adierazten du ez dagoela idatziz jasota bertan inongo istripurik izan denik.

Lozano andreak baieztatu du “egungo kokapenak istripuak izateko arriskua areagotzen duela... zeren eta atzerantz maniobratu beharra baitago behar adina ikusi gabe...”. Bada horren aurrean esan beharra dago aparkalekuaren ondo-ondoan aparkatzea debekatuta dagoen eremu bat badagoela (marka horiez adierazita dago), eta ikusgarritasuna ez dela ezertarako ere zailtzen, zeren eta, esan bezala, “EZIN DA BERTAN APARKATU”. Horrezaz gainera, oinezkoentzako pasabide goratu bat badago, zeinak eragozten baitu tarte horretan abiadura azkarrean zirkulatzea, nahitaez abiadura gutxitu beharra baitago.

Era berean, eta Erribera kalea, 4. zenbakiaren partean, NA-8708-1 tokiko errepidearen tarte bat dela adierazi denez, esan beharra daukat uztailaren 3ko 67/2009 Foru Aginduan –urte bereko abuztuaren 5eko NAOn argitaratu zen, eta haren bidez Nafarroako Errepideen Katalogoa onetsi zen– ez dela ageri Lozano andreak adierazitako tartea eta, horrenbestez, kale tarte hori hiri kale bat dela jo beharra dagoela, hain zuzen ere udal honen jabetzakoa.

Kontuan hartu beharra dago aparkalekua hain zuzen ere [?] ahizpen jabetzapeko botikaren aurrean dagoela, eta andre horiek toki hori erabili ohi zutela zama-lanetarako, eta orain, berriz, bizikletetarako aparkalekua dagoenetik, ezin dutela erabili.

AZTERKETA

  1. Kexa honek bi xede dauzka: a) Erribera kaleko bizikletetarako aparkalekua toki desegokian egotea, 4. zenbakiaren parean; eta b) kexa-egileari aukerarik ez ematea bizikletetarako aparkaleku berria kudeatzeari eta erabakitzeari buruzko espediente administratiboa eskuratzeko.

  2. Bizikletetarako aparkalekua jarri den Erribera kaleko tartea edo esparrua, Nafarroako Errepideen Katalogoaren arabera, hiriko kale edo bide bat da, eta Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.1 b) artikuluak udalei ematen die ibilgailuen eta pertsonen trafikoa hiri bideetan antolatzeko eskumena.

    Eskumen horretaz baliatzeko, zuhurtziarakotasun teknikoko esparru zabala daukate udalek, bai ibilgailuen trafikoa antolatzeko, bai eta ibilgailuetarako aparkalekuak antolatzeko ere –kasu honetan bizikletak–, betiere hirigunearen eta haien bideen ezaugarrien eta premien arabera.

    Udalak aparkalekua aldatu eta Erribera kaleko 4. zenbakira eramateko erabakia udaltzaingoaren txostenetan babestuta eta bermatuta dago, eta udalak aipatutako arrazoia, osasun etxerako sarbidea erraztearena, arrazoizkoa da.

    Azken batean, erakunde honek, kexa aztertuta, Cintruenigoko Udalaren jokabideetan ez du bizilagunen eskubideen urraketa inplikatzen duen inongo irregulartasunik, ez eta haientzako inongo arrisku zehatzik ere.

  3. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Kexa-egileak udalari eskatu zion bizikletetarako aparkalekuaren kokapen berria kudeatzeari eta erabakitzeari buruzko espediente administratiboa eskuratu ahal izatea. Alabaina, udalak ez dio horretarako aukerarik eman. Udalak, bere txostenean, ezer ere ez du esan gai horri buruz.

    Oro har, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37. artikuluak ezartzen du herritar guztiek erregistroetara jotzeko eskubidea dutela eta, espedienteren batekoak izanik, administrazioko artxiboetan dauden agirietara irispidea izateko eskubidea daukatela, edozein dela ere agiri horien adierazpidea, betiere espediente horien prozedurak eskabidea egiten den egunean amaituta badaude.

    Bestalde, toki entitateen esparruari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 95.2 artikuluak ezarri zuen herritar guztiek korporazioaren dokumentazioa, artxiboak eta erregistroak kontsultatzeko eskubidea dutela, dokumentazioa publikoa baldin bada.

    Bizikletetarako aparkalekua jartzeko espedientearen dokumentazioa publikoa da; horrenbestez, ezin da inongo eragozpenik egon kexa-egileak edo beste edozein herritarrei hura eskuratu ahal izateko.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Cintruenigoko Udalari gogoraraztea kexa-egileari Erribera kaleko 4. zenbakian bizikletetarako aparkalekua jartzeari buruzko espediente administratiboan ageri den dokumentazioa eskuratzeko bidea eman behar diola.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Cintruenigoko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen dituen moldeetan.

  3. Interesdunari eta Cintruenigoko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia