Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Cobro de deuda por parte del Ayto donde reside por el uso preferente en escuela infantil ubicada en otro municipio
Exp: 10/302/E
Nº: 123
Hezkuntza eta irakaskuntza
Aurtengo apirilaren 8an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Etxauriko Udalaren aurka, Ororbiako haur eskolan emandako zerbitzu bat kobratzeagatik.
Kexan azaltzen du bere alaba, 2006/2007 ikasturtean, Ororbiako haur eskolara joan zela. Etxauriko Udalak berari eta gainerako gurasoei jakinarazi zien haurtzaindegia erabiliz gero 1.000 euroko dirulaguntza jasoko zutela. Hori dela eta, ikasturtearen hasieran, interesdunek beren etxeetan dokumentazio jakin bat jaso zutenean, izenpetu egin zuten, dirulaguntza jaso ahal izateko behar zen dokumentazioa izanen zelakoan.
Alabaina, interesdunek gero jakin zuten izenpetua zuten dokumentua hitzarmen bat zela. Etxauriko Udalari haurtzaindegiaren zerbitzua erabiltzeagatik derrama bat ordaintzeko. Hitzarmen horrekin ados ez zeudenez, hari buruzko informaziorik ez zutelako jaso, alkatearekin biltzeko eskatu zuten. Halaber, 2007ko otsailaren 22an, eskaera bat aurkeztu zuten udalean, derrama hori ordaintzearekin ados ez zeudela adierazteko.
Denbora tarte luzea iragan denez eta udalaren aldetik inongo erantzunik jaso ez dutenez, interesdunek pentsatu zuten arazoa konponduta zegoela. Hala eta guztiz ere 2010eko urtarrilaren 7an, premiamenduzko probidentzia bat jaso zuten, hain zuzen derrama hori ordain zezaten eskatzeko.
Apirilaren 15ean, txostena eskatu zitzaion Etxauriko Udalari. Txostena jaso ez zenez, maiatzaren 25ean eta ekainaren 24an, informazioa berriz ere eskatu zen. Eskari horiei ere ez zaie erantzunik eman emandako epean.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.
Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.
Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”
Interesdunak azaltzen duen gaietako bat da ez zaiola erantzun 2007ko irailaren 22an Etxauriko Udaleko Erregistroan aurkeztutako eskabideari.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, Administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio Administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.
Kexaren xedea den kasuan, Etxauriko Udalak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Etxauriko Udalak ez dio idazki horri inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak eskubidea duela Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta administrazioarengandik erantzun hori lortzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Etxauriko Udalari gogoraraztea legez beti bete behar duela Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.
Etxauriko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela eta, horrenbestez, [?] jaunaren izenean aurkeztutako idazkiari erantzun behar diola.
Etxauriko Udalari gogoraraztea legez gardentasunaren, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak bete behar dituela herritarrekiko harremanetan.
Etxauriko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartu duen eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nabarmentzea Etxauriko Udalak erakunde honi laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, 2010eko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako, eta halaber, udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartzea, eta sartze horren berri ematea Nafarroako Arartekoaren webgunean, Etxauriko Udalaren eta haren alkatearen izenak berariaz aipatuz, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia