Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de contestación a una petición de responsabilidad patrimonial
Exp: 09/416/D
Nº: 150
Eskubideak sustatzea
1. 2009ko ekainaren 15ean [?] andreak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Olaztiko Udalaren aurka eta udal horri zor zion kopuru bat eskatzen zion.
Azaltzen zuen 2008ko ekainaren 4an, Udalari 9.504 euro eskatu zizkiola kalte-ordainetan zinegotzi gisa pairatu zuen egoeraren ondorioz sortutako gastuengatik. Diru kopuru hori esku hartu zuen auzi bateko abokatuaren eta prokuradorearen ordainsariei dagokie; izan ere, auzi horretan bere senarraren interesak defendatu behar izan zituen (emandako obretarako lizentzia), zeinak zalantzan jarriak baitziren hain zuzen ere kexa-egilea une hartan zinegotzia izateagatik.
2008ko irailaren 10ean, zegokion kopurua ordaintzeko eskatu zuen, isiltasun positiboz eskaria baietsia izan baitzen.
Irailaren 15ean, alkatetzaren ebazpena jaso zuen, hain zuzen ere ekainaren 4ko idazkian egindako eskaria ezestekoa.
Urriaren 14an berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen alkatetzaren ebazpenaren aurka. Errekurtso hori alkatetzaren azaroaren 6ko 404/2008 Ebazpenaren bidez ezetsi zen.
2008ko abenduaren 12an, berriz ere eskatu zuen administrazio-isiltasun positiboaren bidez emandakoa exekutatzeko, baina eskari horretatik sei hilabete iragan direnean ez du haren erantzunik jaso.
2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Olaztiko Udaleko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
3. 2009ko uztailaren 16an, Olaztiko Udaleko alkatearen idazkia jaso genuen, eta hartan udalak izapidetutako espedientearen kopia igortzen zuen.
4. Auzia hobeki ulertzeko, honako oinarriak ezarri behar dira:
Lehena.- 2003ko ekainetik 2007ko ekainera kexa-egilea, [?] andrea, udaleko zinegotzia izan zen.
Bigarrena.- 2005ean, [?] andrearen senar [?] jaunak, alkatetzaren dekretu baten bidez, obretarako lizentzia bat jaso zuen eraikin bat egiteko (etxerako eta aisiarako baratza gisako korralea).
Hirugarrena.- Herriko bi bizilagunek, 2006ko apirilaren 24an, administrazioarekiko bi errekurtso aurkeztu zituzten alkatetzak lizentzia emateko emandako dekretuaren aurka.
Laugarrena.- Kexa-egileak adierazten du ezen, alkateak antzeko lizentzia batzuk emanak bazituen ere, soilik bere senarraren lizentziaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zela, eta “aurrez aurreko eraso bat izan zela zinegotzia izateagatik”.
Bosgarrena.- 2007an udalbatza aldatzekoa zenez, eta beldur zenez udal berriak senarrari emandako lizentzia epaitegietan ez defendatzearen alde eginen zuela, [?] andrearen senarra, demandatukide gisa, abokatu eta prokuradore batekin pertsonatu zen. Haien ordainsariek 9.504,19 euro egiten zuten.
Seigarrena.- Olaztiko Udala auzietan ordezkatuta egon zen, letratuarekin eta prokuradorearekin. Udaleko abokatuaren ordainsaria 7.586,40 eurokoa izan zen eta prokuradorearen ordainsariak, berriz, 462,13 eta 463,13 euro izan ziren.
Azkenik, alkatetzak obretarako lizentzia emateko emandako dekretuaren aurkako administrazioarekiko bi errekurtsoak ezetsi egin ziren.
Zazpigarrena.- Alkatetzaren 2008ko azaroaren 6ko ebazpenean, kexa-egileak aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa ezesten zuen hartan, baieztatzen da kalte ekonomikoengatiko kalte-ordainaren eskaria Administrazioaren ondare-erantzukizunari buruzko prozeduraren eta eraginen arabera izapidetu behar dela. Horiek, izan ere, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko X. tituluan ezarrita daude.
1. Bi dira interesdunak azaldutako gaiak: lehenengoa da erantzunik eman ez izana Olaztiko udal erregistroan 2008ko abenduaren 12an aurkeztutako eskabideari; bigarrena, berriz, udalari 2008ko ekainaren 2an eskatutako kalte-ordaina ordaintzeko eskaria da.
2. Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Olaztiko Udalak ez dio interesdunak 2008ko abenduaren 12an egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, udalak ez zien idazki horiei inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
3. Sakoneko gaiari dagokionez, berriz, hau da, kexa-egileak eskubidea duen ala ez duen eskatutako kalte-ordaina jasotzeko, erakunde honek honako gogoetak azaldu nahi ditu:
Lehena. Toki korporazioetako kideei beren pertsonan edo ondasunetan karguan aritzearen ondorioz eragindako kalte-galerengatiko kalte-ordaina, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 56.2 artikuluan ezarritakoa, udalak uste duenaz bestera, ez da sartzen Administrazioaren ondare-erantzukizunarengatiko kalte-ordainen izaeran eta berezko ezaugarrietan (Administrazio eta Prozedura Legearen 139. artikuluan eta hurrengoetan araututa dago hori).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 56.2 artikuluak aipatzen duen kalte-ordainak funtzionarioek zerbitzu-arrazoiengatik egindako gastuengatiko kalte-ordainen oinarri, osagai eta araubide berberak dauzka. Horiek, izan ere, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko 40.6.a) artikuluan eta hura garatzen duen Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduko 27. artikuluan arautu ziren.
Bigarrena. Horrenbestez, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 43.2 artikuluan –urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean jasotako testuaren arabera– isiltasun positiboari buruz ezarritako arau orokorrak nagusitu behar zuen, lege terminoetan, gehienezko hiru hileko epea iragan zenean kalte-ordainaren eskariari buruz interesdunari ebazpen espres legitimoa jakinarazi gabe. Eskaria, izan ere, 2008ko ekainaren 4an aurkeztu zen udalean.
Hirugarrena.- Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 56.2 artikuluan aipatzen diren kalte-ordainak ez dira sartzen, ezta lege-aginduaren interpretazioa behartuz ere, kexa-egileak premiatutako kalte-ordainaren eskariaren oinarrian dagoen gaian.
Erakunde honek uste du administrazioarekiko auzian jarraitutako prozedurek ez diotela [?] andreari inongo kalte-galerarik eragin udaleko zinegotzia izateagatik. Izan ere, haren senarrak demandatukide parte hartzea, horrek dakartzan kostuekin, borondatezko jarduera bat izan zen. Haren oinarri okerra izan zen 2007ko ekainean sartuko ziren zinegotzi berriek ez zutela udalaren interesa defendatuko zabaldutako prozesu judizialetan. Ez da halakorik gertatu, zeren eta udala, obretarako lizentzia emateko alkatetzaren dekretuaren aurka aurkeztutako errekurtsoen aurrean, bere organoen egintzak defendatzeko agertu zen eta bere interesak defendatu zituen, hau da, alkatetzaren dekretuaren legezkotasuna. Epaitegiak, azkenean, hura Zuzenbidearen araberakoa zela jo zuen, eta, horrenbestez, aurkeztutako demandak ezetsi zituen.
Laugarrena. Amaitzeko, kexa-egilearen asmoari buruzko azken gogoeta bat egin nahi dugu. Gogora dezagun administrazio isiltasun positiboaren ondoren, alkatetzak berandu eman zuen ebazpenaren bitartez, berariaz ezetsi zela hasiera batean isiltasun positiboaren bidez lorturiko kalte-ordaina. Ezespen horren aurkako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zen gero, eta hura ere alkatetzaren ebazpen baten bidez ezetsi zen. Ezespen hori irmo eta behin betiko bilakatu da, kexa-egileak ez baitu haren aurkako errekurtsorik aurkeztu.
Gauzak horrela, erakunde honen ustez, berez inolako kalte-ordainik ordaintzea bidezkoa ez bada, udalak ez du onartu behar kexa-egilearen eskaria, alde batera utzita udalaren hasierako jardun ezaren ondorioz sortu zen isiltasun positiboa. Erakundearen jarrera hori egitateen logikaren bidez indartu zen, zeren eta, kexa-egileak hasierako isiltasun administratibo positiboan oinarrituta bilatzen duen bezala, udalari kalte-ordainerako eskubidea aitor dezan gomendatzen badiogu, era berean gomendatu beharko genioke –interes orokorraren defentsaren aldera– hurrena kaltegarri deklara dezan eta bertan behera utz dezan isiltasun positiboaren ondoriozko balizko egintza positiboa (Administrazio eta Prozedura Legeko azaroaren 26ko 20/1992 Legeko 103. eta 104. artikuluak). Egoera horrek eraginen luke administrazioaren jarduna nahastea ezer positiborik edo arrazoizkorik ez lortzeko.
Azken batez, ezezkoa emateko ebazpen irmo bat dago, eta hari eutsi egin behar zaio.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Olaztiko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela eta, horrenbestez, kexa-egilearen 2008ko abenduaren 12ko idazkiari erantzun behar diola.
2. Alkate jaunari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
3. Ebazpen hau alkate jaunari eta kexa-egile [?] andreari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia