Partekatu edukia
Trafikoa eta bide-segurtasuna
Gaia: Incorrecta actuación de la Policía Foral
Exp: 09/362/I y 09/370/I
Nº: 149
Trafikoa eta barne arloa
2009ko maiatzaren 26an eta 27an, bi kexa sartu ziren erakunde honetan, Zubiarte Euskaltegiko zuzendariak eta euskaltegiko ikasle batzuek sinatuak, Foruzaingoaren jardueraren aurka. Izan ere, apirilaren 23an, ostegunez, Hezkuntza Departamentuko Euskararen Nafar Institutuari atxikitako euskaltegi horretako ikasleen talde bat, irakaslearekin batera, bideo bat grabatzen ari zen euskaltegiko terrazan, grabaketa ikastetxeak berak deitutako lehiaketa batera aurkezteko. Bertan zeudenetatik batzuek polizien jantziak simulatzen zituzten arropak zeramatzaten.
Interesdunek ezagutzen ez dituzten arrazoiengatik, Foruzaingoaren bi furgoneta zentroaren aurrean geratu eta haietatik agente batzuk atera ziren, buru-berokiak, kaskoak, eskularruak eta are eskuetan borrak ere zeramatzatela, eta ikasleei zuzendu zitzaizkiela korrika eta oihuka. Euskaltegiko terrazara larrialdiko eskaileretatik igo ziren, bertan zeudenei ikara eraginez.
Kexan adierazten da, agenteek ikasleak, irakaslea eta zentroko atezaina identifikatu zituztela, eta grabaketari buruzko azalpenak eskatu zizkietela. Azalpen horiek jaso ondoren, bideo-kamera errekisatu nahi izan zuten, bideoa polizia-etxean ikusi ahal izateko. Bertan zeudenek ezezkoa eman ondoren, kamera zeraman ikasleari eskatu zioten grabatutakoa ikastetxeko gela batean erakusteko.
Grabaketaren edukia egiaztatu ondoren, agenteetako batek, esandakoaren arabera, aitortu zuen gaizki-ulertu bat izan zela. Beste batek, aldiz, ikasleei adierazi zien “bideoa ezagutzera ematen bazen, gogoratzeko guztiak identifikatuta zeudela”. Ukitutakoek adierazitakoaren arabera, jakinarazi zitzaien, halaber, “delitu bat egina zutela, eta egiten ari zirena egiteko baimena eskatu beharra dagoela”.
Azaltzen zuten Euskaltegiko zuzendariak idatziz azalpenak eskatu zizkiola Foruzaingoaren buruari, baina gaur arte ez diola erantzunik eman.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari azaldutako gaiari buruz.
Igorritako txostenean, honakoa ageri da:
“Foruzaingoaren artxiboak kontsultatu ondoren, eta zehazki egun horretako lan-parteak, egiaztatu da egiazki Foruzaingoaren kideei eskatu zitzaiela eskatutako tokian eta denboran jarduteko. Baliabide materialen eta giza baliabideen mobilizazioa gertatu zen herritarren batek dei bat egin ondoren. Deian ohartarazten zuen ikastetxean uniformedun pertsona batzuk zeudela eta grabaketa bat egiten ari zirela.
Foruzaingoaren kideen jarduera oro azaltzeko, hasi behar dugu Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 4. artikuluak jasotzen dituen jarduteko printzipioetako lehena aipatuz, alegia, uneoro antolamendu juridikoa betetzea eta betearaztea. Hortik aurrera, praxi polizialaren printzipioak eta praxi hori gauzatzeko jarduteko protokoloak dira ezartzen dutenak agenteek nola jokatu behar duten, betiere proportzionaltasun eta segurtasun printzipioek zedarritutako tarteen arabera.
Aztergai dugun kasuan, jardun zuten buruzagiek balizko delitu bat egiten ari zen abisua jaso zuten, zeren eta Zigor Kodearen 637. artikuluan honakoa ezartzen baita: Norbaitek, jendaurrean eta bidegabe, uniforme, jantzi, ikur edo domina ofizialak erabiltzen baditu, edo, berak ez duen titulu akademiko batek babesturiko profesionaltasuna jendaurrean bere buruarentzat hartzen badu, orduan, pertsona horri asteburu batetik bost arteko atzipenaldi-zigorra edo hamar egunetik hogeita hamar arteko isuna ezarriko zaio”.
Edozein komunikazio jasota eta deiaren egiazkotasuna konfirmatzeko behar diren egiaztapenak egin ondoren, polizia kidegoko kideek jardun beharra daukate arau-haustea egin dadin saihesteko edo ordena berrezartzeko. Horrenbestez, kontua ez da egitea edo ez egitea, kasuaren arabera; intzidentzia gertatzen ari den lekura joatea derrigorrezkoa da.
Kexa-egileek honakoa adierazten dute: “Foruzaingoaren bi furgoneta zentroaren aurrean geratu eta haietatik agente batzuk atera ziren, buru-berokiak, kaskoak, eskularruak eta are borrak ere eskuetan zeramatzatela...”. Deskribapen hori guztiz zuzena da, aipatutako elementu horiek guztiak Foruzaingoaren arauzko jantzia baita. Elementu horietako batzuen xedea da soilik identitatea ezkutatzea, segurtasun arrazoiengatik. Grabaketa egiten zen tokira zuzenean joateari dagokionez, adierazi beharra dago agenteen asmo bakarra zela egoera hori gertatzen zen tokira modu azkar eta zuzenekoan joatea, eta ez zutela herritarrak harritzeko edo ikaratzeko inongo asmorik. Guztiz logikarik gabekoa izanen litzateke hori jarduera osoa agente uniformatuek, erraz ikusteko modukoek egin zutenean, eta ez kalez jantzitako agenteek.
Poliziaren txostenak jarraitzen du aitortzen bertan zeuden guztiak identifikatzeari ekin ziotela, eta horixe dela polizia-eragiketetan bete behar den lehenbizikoa, kontuan hartzen bada agenteak bertaratu zirela balizko delitu bat egiten ari zelakoan. Horri buruz gogoratu beharra dago Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoko 20. artikuluan ahalmena ematen zaiela Segurtasun Indar eta Kidegoei beren ikerketa edo prebentzio eginkizunetan ari direla, pertsonak identifikatzeko eta behar diren egiaztapenak egiteko. Prebentzio eta ikerketa lan hori bera da ikasleek grabaturiko irudiak ikustearen arrazoia. Grabaketa ikusi ondoren, itzuli egin zen, egiaztatu ondoren haren edukiak ez zuela eraginik ez segurtasunean, ez agenteengan, ez eta egitateak gertatzen ari ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eraikinean ere.
Ikasleei “identifikatuta zeudela” eta “delitu bat egina zutela” ohartarazi zien agentearen jokabideari dagokionez, komeni da kexa-egileei aditzera ematea Foruzaingoaren kide guzti-guztiak uniformearen goi aldeko jantzian, eskuineko aldean, daramaten hiru digituko zenbaki batekin identifikatu daitezkeela, datu hori oinarri hartuta haien ustez agintekeriaz jokatu zuen agentea identifikatu nahi badute ere.
Identifikazio zereginetan lorturiko datuei eta haien tratamenduari buruzko atalean, jakitera eman behar dugu datu horiek soilik jardun zuten agenteek Foruzaingoaren Agintaritzarentzat eginiko barneko polizia-txosten batean ageri direla; izan ere, txosten horiek derrigorrezkoak dira, agintariei informatzeko zerbitzuan eginiko jarduerei buruz, bai eta haien arrazoi eta xedeei buruz ere –Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 4.e) artikulua–. Hainbesterainokoa da pertsonen identifikazio-datuak tratatzean izaten den errespetua eta datuak babesteko arauen aplikazio zorrotza, non datu horiek ez baitira jasotzen ez polizien lan-parteetan, ez eta erantzun hau emateko “ad hoc” eginiko txostenean ere.
Azkenik, Zubiarte Euskaltegiko zuzendariak adierazten du idatziz azalpenak eskatu dizkiola Foruzaingoaren buruari, baina idazkiaren egunera arte (2009ko maiatzaren 26a eta 27a), ez duela erantzunik jaso. Egia da [?] jaunak Zubiarte Euskaltegiko zuzendari gisa, idazki bat igorri ziola Foruzaingoaren buruari –1. agiri gisa erantsi da–. Bertan azaltzen zuen harrituta zegoela Foruzaingoaren jarduerarekin, eta egitateei buruzko informazioa eskatzen zuen hura Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeak Ikuskatzeko Zerbitzura igortzeko, eta egindako dilijentzien berri ere eskatzen zuen.
Foruzaingoaren buruak aipatu idazkiari 2009ko apirilaren 27ko idazkiaren bitartez erantzun zion –2. agiri gisa erantsi da–. Erantzuna, apirilaren 27ko 3567/2009 zenbakiarekin identifikatua, Hezkuntza Departamentuari atxikitako erakunde autonomoa den Euskararen Nafar Institutuko zuzendari [?] jaunari, zeina Zubiarte Euskaltegiko azken arduraduna baita, igorri zitzaion.
Foruzaingoaren Agintaritzak igorritako ofizioaren edukia hitzez hitz kopiatu zen Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak Euskaltegiko zuzendariari 2009ko maiatzaren 11n igorritako idazkian –3. agiri gisa erantsi da–.
Hasteko, adierazi beharra daukagu egiazki lege indardunek baimena ematen dietela polizia kidegoei ikerketa, azterketa eta miaketa jarduerak egiteko, horiek Konstituzioaren bidez esleituta daukaten eginkizunak berezkoak dituelako. Eginkizun hori, izan ere, herritarren eskubideak eta askatasunak babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea da. Jarduera horiek jasota daude bai Nafarroako Polizia
Kidegoei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean, bai Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko abenduaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan.
Horri dagokionez, jurisprudentziak honakoa adierazia du: “Segurtasun Indarretako kideek segurtasuna eta ordena defendatzeko eskubidea eta betebeharra daukate, eta delituaren agerpen guztiak jazarri behar dituzte. Haien eginbeharra da delitua atzematen den tokira joatea, eta jokatuko dute, bere erantzukizunaren pean gehiegikeria onartezinen kasuan, behar den arrazoizko kontuarekin eta ikertzeko arrazoizko izpirituarekin; horrek berarekin dakar susmo hutsen arabera jokatzeko beharra, betiere horiek logikarik gabeak, arrazoigabeak edo arbitrarioak ez diren bitartean” (Auzitegi Gorenaren 1994ko otsailaren 4ko epaia).
Segurtasun Kidegoen berezko ikerketa eta azterketa jardueren artean dago identifikazioak egitea (Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoko 20.1 artikulua). Izapide horri buruz ari garela, Konstituzio Auzitegiak honakoa adierazi du: “askatasunerako eskubidea ez da mugatzen araketa eta identifikazio dilijentziengatik, zeren eta horiek, ezinbestez eragozpenak eragiten badituzte ere, beharrezko denboran egiten badira, ukituarentzat poliziaren arauen pean modu legitimoan jartzea baitira”.
Planteaturiko kasuan, espedientean jaso den bezala, poliziaren esku-hartzea herritar baten salaketaren ondoren etorri da, Zigor Kodeko 637. artikuluan tipifikatutako delitu bat ustez egiten ari zela adierazi baitzien. Artikulu hori uniforme, jantzi, ikur edo domina ofizialak modu bidegabean erabiltzeari buruzkoa da.
Egiazki, gertatutakoak a posteriori ikusita, argi dago ez zirela zigor tipoa gertatzeko behar ziren inguruabarrak, baina horrek ezin gaitu eraman Foruzaingoaren agenteak, salaketari erantzunez, bertara joan eta behar diren egiaztapenak egin izatearen aurka jartzera. Izan ere, horixe da ezarrita duten eginkizuna.
Hala eta guztiz ere, adierazi beharra daukagu herritarren eskubideak mugatzeko jarduera administratiboa, zeinaren polizia agerkari berariazkoa baita, uneoro proportzionaltasun printzipioaren menpe egon behar duela, halako moduan non soilik lortu nahi den helburua lortzeko beharrezkoak diren jarduerak eramanen baitira aurrera. Horri buruz Auzitegi Gorenak adierazi du proportzionaltasun printzipioa eta arbitrariotasuna baztertzeko printzipioak errespetatu behar direla, halako moduan non legeak orokorrean baimentzen duen jarduera kasuan kasu arrazoiz egokitzat jotakoa izanen baita eta daukan xede zuzenerako behar denetik atera gabe gauzatuko baita.
Proportzionaltasun printzipioarekin eta arbitrariotasuna debekatzeko printzipioarekin lotuta, bai eta Administrazioak arreta egokia emateko eskubidearekin lotuta ere, 8/2007 Foru Legeak Nafarroako polizia kidegoetako kideei exijitzen die uneoro Herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatuko dutela eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahaleginduko direla, eta egiten dituzten esku-hartzeen kausa eta helburuei buruz behar den informazioa emanen dietela (4.h) artikulua).
Ikuspegi horretatik, eta Foruzaingoaren ikerketaren legitimotasuna ukatu gabe, bai iruditzen zaigu beharrezkoa gogoraraztea esku hartzen duten agenteek beti behar den proportzionaltasunez jokatzeko legezko betebeharra dutela, eta beren jarduerengatik ukitutako herritarrak zuzen tratatzekoa, gainera haiei buruzko informazioa emanez, arrazoiak eta xedeak azalduz eta, zehazki, lortu nahi den xederako inolako ekarpenik egiten ez duten jokabide eta adierazpen guztiak saihestuz (kexan aipatzen da esku-hartzearen intentsitatea gehiegizkoa izan zela, eta agenteren batek adierazpen batzuk egin zituela; esate baterako: “bideoa ezagutzera ematen bazen, gogoratzeko guztiak identifikatuta zeudela” eta “delitu bat egina zutela eta egiten ari zirena egiteko baimena eskatu beharra dagoela”).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Foruzaingoari gogoraraztea beti proportzionaltasun printzipioaren arabera jokatzeko betebeharra dutela, eta herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatu behar dutela beti, eta herritarrei egiten dituzten esku-hartzeen kausa eta helburuei buruz behar den informazioa emanen dietela.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzen duen edo bera ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia