Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Disconformidad con la instalación de cableado por parte de las compañías suministradoras de telefonía y otras en fachadas particulares
Exp: 09/354/E
Nº: 147
Hezkuntza
2009ko maiatzaren 25ean, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuten hornikuntza-konpainiek (Iberdrola, Telefónica, Ono, Gas Natural...) udalerriko fatxadak, eta zehazki haiena, gehiegikeriaz erabiltzen dituztelako.
Azaltzen dute Valtierrako [?] kaleko [?] zenbakian dagoen etxebizitza baten jabeak direla. Adierazi dutenaren arabera, fatxadaren goreneko aldean, tximeleta-haga handi-handi bat dago, eta bertan eusten eta bermatzen dira energia modu desberdinak daramaten kableak. Gainera, beren fatxadan ainguratutako tximeletak balio du parean dagoen beste fatxada batetik heltzen diren kableekin konexioak egiteko.
Halako moduan, non beren fatxadatik zintzilik kable erroilu bat baino gehiago dagoen, zeinak, gainera, denboraren poderioz, hondatzen joan baitira. Horri gehitu behar zaio goreneko aldean kutxa batzuk jarri direla, horren barrenean dela Valtierrako Udalaren argiteria publikoa garraiatzen eta bideratzen duena.
Kexa-egileek agertzen dute enpresa hornitzaileek ezikusiarena egiten dutela ukitutako herritarren eskubideei dagokienez, eta herritarren fatxadetan instalazioak eta mantentze-lanak egiten dituztela, jabeen borondatea erabat eta guztiz kontuan hartu gabe, inongo komunikaziorik egin gabe eta inongo baimenik eskatu gabe.
Adierazi digutenaren arabera, beste kudeaketa batzuen artean, Valtierrako Udalera jo dute, herriko kable-sarearen egoera salatzeko, eta udalak erantzun die prest dagoela konponbide zuzen eta arrazoizko bat aurkitzen laguntzeko.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Valtierrako Udalari.
Administrazio horrek igorritako txostenean, honakoa adierazten da:
Udaleko hirigintza planeamenduan instalazio horietan eragina duten arau batzuk badaude, eta haietan guztietan udalaren lizentzia behar da. Hala eta guztiz ere, lurrazpiko sareak soilik eska daitezke berritik egiten diren instalazioetan.
Ez dago inon jasota kexa-egileen jabetzako fatxadan dauden instalazio zehatzak udal baimenarekin egin direnik, agian haiek ezarri zirenetik iragan den denborarengatik.
Kexa-egileak ez ezik, udalak berak ere konpainia hornitzaile horien jokabideak pairatzen ditu. Izan ere, enpresa horiek ez daude prest beren instalazioak kentzeko, kentze-lan horien kostua jabeek edo udalak ordaintzen ez badituzte.
Espedientea izapidetzen ari ginen bitartean ohartarazi genuen bezala, fatxadetan elementuak jartzerakoan enpresa hornitzaileek izaten dituzten gehiegikeriazko jokabideei dagokienez, atzeman dugu kexaren edukian alderdi juridiko-pribatuak eta alderdi juridiko-publikoak batera gertatzen direla.
Erakunde honen ikuskapen-ahalmena, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari jarraituz, bigarrenetara mugatuta dago, hain zuzen ere instalazio horietan hirigintza-ahalmenaren arabera udalak izandako esku-hartzeari dagokionean. Erakunde honek Nafarroako administrazio publikoen jarduera edo jarduerarik eza ikuska dezake, baina ez du gaikuntzarik herritarrekiko harremanetan enpresa pribatuek egiten dituzten jarduerak kontrolatzeko edo haiei buruz iritzia emateko; hori, halere, ez da oztopoa herritarrek arlo zibilean behar diren ekintza judizialak egin ditzaten.
Azaldutakoa dela eta, gure ebazpena mugatu beharko dugu udalak horrelako instalazioak egiten direnean egin beharreko hirigintza-kontrolera.
Udalek, hirigintza-planeamenduaren bidez, instalazio horiei buruzko mugak eta baldintzak ezar ditzakete eta ezarri behar dituzte. Adierazitakoaren arabera, Valtierrako Udal Planean horrelako instalazioetan exijitu beharreko determinazio batzuk jasotzen dira.
Hori suposatuta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 189. artikuluaren eta ondokoen arabera, udalak nahitaez exijitu behar du instalazio horietarako kasuko lizentziak edukitzea eta instalazioak lizentzietan jasotakoaren araberakoak izatea.
Baldintza horiek betetzen ez badira eta instalazioak lizentziarik gabe edo exijitzekoak diren baldintzen aurka egiten badira, udalak bere berrezarpen-ahalmenaren arabera jokatu beharra dauka, foru lege bereko 199. eta 200. artikuluetan ezarritakoaren arabera, eta instalazioak legezta daitezen premiatu beharko du, edo, bestela, instalazioak kentzeko aginduko du, ez-betetzea egin duenaren kargura. Halaber, kontuan hartu beharko du legeak lau urteko preskripzio epea ezartzen duela berrezarpen ahalmen horretaz baliatu ahal izateko.
Ongi ezagutzen dugu udalek erkidegoarentzako funtsezkoak diren zerbitzuak ematen dituzten entitate horien aurka jarduteko topa ditzaketen zailtasunak, kontuan izanda, gainera, enpresa horiek merkatuan gailentze-toki bat izan dezaketela. Baina legeak herritar guzti-guztiek bete behar dituzte, eta horregatik erakunde honek Valtierrako Udalari gogorarazi behar dio hirigintza-legediaren betetzea zaintzeko betebeharra duela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Valtierrako Udalari gomendatzea azter dezan ea aukerarik dagoen udal planeamenduan aldaketak egiteko, hain zuzen ere xehetasun eta betebehar handiagoekin arau ditzan kexan aipatzen diren instalazioetan bete beharreko baldintzak.
Valtierrako Udalari gogoratzea legez hirigintzazko legezkotasuna zaindu behar duela kexan aipatzen diren instalazioei dagokienez, eta horretarako botere publiko gisa dagozkion neurri guztiak hartu beharko dituela, adierazitakoaren bidetik.
Valtierrako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia