Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Padres del C.P. Bernart Etxepare solicitan abono de la subvención de comedor para transporte de los hijos que no se quedan a comer. Falta de contestación a esta solicitud presentada en enero al Departemento de Educación
Exp: 10/394/E, 10/397/E, 10/402/E, 10/409/E, 10/420/E
Nº: 108
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Ikasturte honetako maiatzaren 21ean, bost kexa-idazki aurkeztu zituen behin-behinekoz Bernart Etxepare izena duen Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoko ikasleen guraso talde batek, eskolako jantokia erabiltzen ez duten ikasleentzako eguerdiko garraiorako laguntzei buruz eta laguntza horiek direla-eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztutako zenbait eskabideri erantzun ez izanari buruz.
Azaltzen dutenez, aurten, Bernart Etxepare Ikastetxe Publikoa hartuko duen eraikin berria eraikiko dela-eta Buztintxuri Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikora lekuz aldatzearen ondorioz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak jantokiaren % 100 eta goizeko bederatzietako eta arratsaldeko bostak hogei gutxiko eskola garraioa ordaintzeko diru-laguntza ematen du.
Familiek hala erabakita, haien seme-alabek etxean bazkaltzen dute, azken urteetan egin duten bezala. Hori dela-eta, Buztintxuri Ikastetxe Publikoa lehengo ikastetxeak baino urrunago dagoenez haien etxeetatik, ikastetxeko zuzendaritzari eta Hezkuntza Departamentuari proposatu zioten eskola garraioa jartzea eguerdian ere, ikastetxean bazkaltzera gelditzen ez ziren ikasleentzat. Diotenez, ez zuten aintzat hartu haien proposamena, eta, horrenbestez, kotxez joaten dira seme-alaben bila etxean bazkal dezaten, eta horrek badu kostu bat diru nahiz denbora aldetik.
Haien ustez, egoera horrek familien arteko konparaziozko bidegabekeria eragiten du; izan ere, batzuek ikastetxean bazkaltzen uzten dituzte seme-alabak, eta beste batzuek, berriz, eguerdian etxera eramatea erabaki dute. Eskolako jantokia, lekualdatzea dela-eta, diruz lagunduta dago, baina seme-alabak ikastetxean bazkaltzen uzten ez dituzten familiek ezin dute baliatu diru-laguntza hori.
Halatan, 2010eko urtarrilean, eskabideak aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan, eskolako jantokiaren gastua arintze aldera gainontzeko familiei ematen zaien diru-laguntzaren zenbatekoa eskatzeko; zuzenean ordain dakien eskatzen dute, hartara arindu eginen zaielako seme-alabek etxean bazkaltzeak eragindako garraioaren gastua, eguerdian ez dagoelako eskolako autobus zerbitzurik. Igarotako denbora gorabehera, kexa-egileek diote ez dutela inolako erantzunik jaso.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.
Eskatutako txostena jaso genuen; bertan, ondokoa ageri da jasota:
“Nafarroako Gobernuak 2009ko ekainaren 29an hartutako Erabakiaren bidez sortu zen Iruñean behin-behinekoz “Bernart Etxepare” izena daraman Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa, Iruñeko “Arturo Campion” eta “Axular Ikastola” Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek bat egitean (abuztuaren 24ko 104. NAO).
Erabakiaren 6. puntuan ezartzen denez, 2009-2010 ikasturtean, ikastetxe sortu berriak Iruñeko "Buztintxuri" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren instalazioetan emanen ditu ikasketak; izan ere, ikasturte horretan eraiki behar zen, bat egindako ikastetxeek hartzen zuten orubean, “Bernart Etxepare” Ikastetxe Publikoa hartuko duen eraikin berria.
Hezkuntza Departamentuaren ezohiko erabaki horren ondorioz, ikusita bat egindako ikastetxe horien eta “Buztintxuri” Ikastetxe Publikoaren artean zer distantzia dagoen, erabaki zen 2009-2010 ikasturtean ikasleen garraiorako eta eskola jantokirako zerbitzu osagarriak paratzea eta Hezkuntza Departamentuak berak osorik finantzatzea bi zerbitzuak.
Hartara, ziurtatu eginen zitzaien ikasle horiei hezkuntza zerbitzu publikoaren doakotasuna, eta neutralizatu eginen zen ikasturte horretan jarduera beste egoitza batera eramateak familiei eragin ziezaiekeen kaltea; izan ere, besteak beste, ikastetxe berriak Txantrean duen kokalekutik gertu hasi eta bukatzen da garraioa, eta tarteko geltokiak daude ikasleen bizilekuetatik oso gertu.
Halatan, Hezkuntza Departamentuaren ustez, Administrazioaren erabakiz beste ikastetxe batzuetara garraiatutako beste ikasle batzuei eman zaien tratu bera eman zaie ikasle horiei; hortaz, hortik aurrera eta tratu-berdintasunarekin jarraitze aldera, Administrazioa ez dago behartuta, eta ez litzateke legezkoa izanen, berdintasunaren printzipioa urratzea litzatekeelako, eguerdiko garraioa finantzatzea gurasoek hala erabaki dutelako ikastetxean bazkaltzera gelditzen ez diren ikasleei.
Idazkia sustatu dutenek adierazten duten legez, familiena izan zen seme-alabek ikastetxean ez bazkaltzeko erabakia. Hortaz, nabarmendu beharra dago erabaki hori Hezkuntza Departamentuak doan emandako zerbitzuari uko egitearen parekoa dela, eta horren ondorio logikoa da erabakia hartu duenak bere gain hartu behar duela erabaki horrek berekin dakarren kostu ekonomikoa.
Interesdunek azaldutako lehen auzia seme-alabak ikastetxean bazkaltzera uzten dituzten gainontzeko familiei diru-laguntza gisa ordaintzen zaien zenbatekoari buruzkoa da; haiei eskolako jantokiaren gastua arintze aldera ordaindutakoa zuzenean ordain dakien eskatzen dute, hartara arindu eginen zaielako seme-alabek etxean bazkaltzeak eragindako garraioaren gastua, eguerdian ez dagoelako eskolako autobus zerbitzurik.
Hezkuntza Departamentuak bere txostenean azaltzen duenez gero, Nafarroako Gobernuaren 2009ko ekainaren 29ko erabakiaren bidez sortu zen Iruñean behin-behinekoz “Bernart Etxepare” izena daraman Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa, Iruñeko “Arturo Campion” eta “Axular Ikastola” Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek bat egitean. Ikastetxe berria eraikitzeko obrak direla-eta, Hezkuntza Departamentuak erabaki zuen ikastetxe berriak “Buztintxuri” Ikastetxe Publikoan emanen zituela eskolak 2009-2010 ikasturtean.
Txantreako ikastetxe zaharren eta “Buztintxuri” ikastetxearen arteko distantziak zenbait eragozpen sortzen dizkie hara eramandako ikasleei, batez ere joan-etorrian ibili behar izatea. Hortaz, Hezkuntza Departamentuak erabaki zuen osorik finantzatzea lekuz aldatutako ikasleen eskola garraioaren eta jantokiaren zerbitzuak. Neurria hartu zen 2009-2010 ikasturtean hezkuntza-jarduera “Buztintxuri” ikastetxera eramateak familiei eragin ziezaiekeen kaltea neutralizatzeko.
Erakunde honen ustez, Hezkuntza Departamentuak modu objektibo eta arrazoituan justifikatu du kexaren xede den auzia, eta emandako konponbidean ez dugu ikusten Hezkuntza Departamentuak administrazio-irregulartasunik, zabarkeriarik edo abusurik egin duenik. Departamentuak, antolakuntza-irizpideetan oinarrituta, ezohiko neurriak ezarri ditu, ikastetxe aldaketak eragindako kalteak arintzeko egokiak direnak.
Hezkuntza Departamentuak, haurrak eguerdian joan-etorrian ibili beharrak eragin zitzakeen eragozpenak arintze aldera, eskolako jantokiaren doakotasuna ezarri zuen salbuespenez; ondorioz, jantokia ez erabiltzeko hautua egin duten familiek uko egiten diote doako zerbitzu horri. Hortaz, logikoa da gurasoek ordaintzea eguerdiko joan-etorrien kostu ekonomikoa –Hezkuntza Departamentuak ezarritako zerbitzutik kanpo dago–; izan ere, haiek erabaki dute Administrazioak kasu zehatz horretarako ezarritako neurri ezohiko eta salbuespenezkoa ez baliatzea.
Hori guztia ikusita ondorioztatzen dugu Hezkuntza Departamentuak plangintza-irizpide arrazoizkoen arabera jardun duela, horien bidez bilatzen delako ahalik eta gehien asetzea ikastetxea lekuz aldatzeak kaltetutako ikasleen egoera ezohikotik heldu diren beharrizanak, eta ez dira ezertan ere urratzen ordenamendu juridikoak kexa-egileei aitortzen dizkien eskubideak.
Bigarren auziari dagokionez –Hezkuntza Departamentuak kexa-egileek aurkeztutako eskabideei erantzunik eman ez izana–, ordenamendu juridikoak administrazio publikoetan aurkezten dituzten idazkien edo eskabideen erantzuna jasotzeko eskubidea aitortzen die herritarrei, legez ezarritako epean jasotzekoa hain zuzen ere.
Halatan, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluak xedatzen du Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar duela prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere, eta hiru hilabeteko epea ezartzen du, izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabideak sarrera izan duen egunetik hasita.
Hortaz, administrazio-prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei. Arau horren ondorioz, herritarrek, administrazioari eskabide bat egin badiote, eskubidea dute kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Administrazioak epean ebatzi behar ditu interesdunek aurkezten dizkioten eskariak, hori benetako bermea delako herritarrarentzat, eta zuzenean lotzen zaio Administrazioaren jardunak bete beharreko eraginkortasunaren konstituzio-printzipioari.
Kexaren xede den kasu honetan, Hezkuntza Departamentuak ez die erantzunik eman interesdunek 2010eko urtarrilean aurkeztutako eskabideei, eta ez du aintzat hartu interesdunek Administrazioari bere eskabideari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko bidezko interesa eta eskubidea dituztela.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan xedatutakoa betetzera behartzen duela legeak, eta herritarrek aurkeztutako auzi guztiei eman behar diela erantzuna, legez ezarritako epean hain zuzen ere.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia