Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Disconformidad con la adaptación, por insuficiente, de las pruebas para personas con discapacidad llevada a cabo en un proceso selectivo
Exp: 09/369/F
Nº: 146
Funtzio publikoa
2009ko maiatzaren 27an, [?] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen 2009ko apirilaren 5ean administrazio-laguntzaileak hautatzeko egin ziren probak ezgaituentzat egokitu ziren moduarengatik.
Azaltzen zuen proba horietan zenbait jarduera egin zirela aitorturiko minusbaliotasunen bat izan eta egokitzapen premiaren bat zuten izangaientzat.
Azaltzen du NAPIra deitu behar izan zuela proba egiteko izanen zuen denborari buruzko informazioa jasotzeko. Hori azterketa egin baino astebete lehenago izan zen, eta esan zitzaion une hartan gutunak prestatzen ari zirela izangai bakoitzari zenbat denbora izanen zuen jakinarazteko. Gutun horiek azterketa egiteko eguna baino bi egun lehenago iritsi ziren. Gainera, ez zioten bigarren probari buruzko informaziorik eman nahi izan, eta esan zioten lehenengoa gainditzen bazuen, orduan emanen ziotela informazioa. Eta azkenean informazio hori beranduegi iritsi zen.
Halaber, azaltzen du pertsona bakoitzak probetan zenbat denbora gehiago izanen zuen kalkulatzeko, aitorturiko minusbaliotasun gradua hartu zela kontuan. Uste du bide hori ez dela zuzena, zeren eta balorazio bera duten bi pertsonek oso zailtasun desberdinak izan baititzakete era horretako proba bat egiterakoan, eta erabaki hori kasuak banaka aztertu ondoren hartu beharko litzatekeela.
Azkenik, adierazten du probaren egunean gela bakarra jarri zutela egokitzapena behar zuen pertsona guztientzat. Hori dela eta, aldizka ¡tiempo! entzun behar izaten zuten izangai guztiek, nahiz eta abisu hori sektore bakarrarentzat izan; une horretan, kasuko sektoreko izangaiak jaiki eta gelatik ateratzen ziren, eta gelditzen zirenek zailtasun handiak izaten zituzten esku artean zuten egitekoan kontzentratzeko.
Azkenean, eskatzen du aurrerantzean sistema hobetu dadin eta denboren kalkuluak hobeki egokitu ditzaten ezgaituen premien arabera.
2009ko uztailaren 16an, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen txostena jaso zen. Honakoa zioen, hitzez hitz:
“Administrazio-laguntzaileko oposizioko epaimahai kalifikatzaileak, ezgaitu fisikoek egin beharreko oposizioko probak egokitzeari eta bakoitzari eman beharreko denborari dagokienez, Nafarroako Mendekotasun Agentziak emaniko proposamen teknikoen arabera jokatu du.
Horrenbestez, ez da hautapen-prozesuko epaimahaia izan ezgaitu bakoitzari bere mugen arabera eman behar zaion denbora kalkulatu duena; izan ere, organo tekniko bat da –hautapen-prozesutik kanpo dagoena– hura ezartzen duena, minusbaliotasun desberdinen balorazio pertsonalizatuen araberako irizpide banakatuak erabiliz.
Hautapen-prozesuko epaimahaiak ezgaitu guztiak gela bakarrean jartzeko erabakiari dagokionez, esan beharra dago hain zuzen ere haiei arreta hobea emateko egin zela. Hautatutako gela irisgarriagoa zen; bestela, epaimahaiak hori erabaki izan ez balu, ezgaitu bakoitzari gela bat egokituko zitzaion bere deituraren arabera, eta horrek irisgarritasuna eta espazioaren egokitzea direla-eta dakartzan arazoekin.
Gela horretan, langile espezializatuek etengabe artatu zituzten ezgaituak. Horrenbestez, kolektibo horrek denbora guztian izan zuen tratua ezin hobea izan zen.
Izangai ezgaitu bakoitzari emaniko denboraren araberako gelak jartzearena –interesdunak eskatzen duen bezala– ez da konponbide egingarria, zeren eta ezinezkoa izanen baitzen gela guztietako irisgarritasuna bermatzea, ez eta behar bezalako gaikuntza duten langileen arreta ere.
Azkenik, interesduna kexu agertu da izangai bakoitzari bere ezgaitasunaren arabera zegokion denbora jakinarazten zitzaion gutuna berandu iritsi zelako; hori dela eta, esan beharra dago informazio hori interesdun guztiei ariketa egin baino bi egun lehenago iritsi zitzaiela, eta, horrenbestez, behar zena eta denbora gehiago ere izan zutela. Nolanahi ere, gehitu beharra dago hautapen-prozesuko epaimahaiak, hurrengo deialdietarako hobekuntza moduan, proposatu duela informazio hori are denbora gehiagorekin ere igortzea.
Botere publikoek neurri batzuk aurreikusi dituzte ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna errazteko. Horri dagokionez, Ezgaitasuna duten pertsonek lanpostu publikoak eskuratzeko modua eta betetzea arautu zuen maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legeak ezarri zuen gutxienez lanpostu betegabeen % 5 ezgaituentzako gordeko dela, baldin eta horien ezintasun maila % 33koa edo handiagokoa izan, hauta-probak gainditu eta, hala eskatzen zaienean, aipatutako ezintasun maila eta eginkizunak burutzeko gai direla egiaztatzen badute.
Era beran, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategineko zazpigarren xedapen gehigarriak, abenduaren 24ko 2/2008 Foru Legeak emaniko testuaren arabera, ezartzen du ezen, besteak beste, beharrezkoak eta zentzuzkoak diren egokitzapenak eta denbora- eta baliabide-doikuntzak eginen direla ezgaitasuna duten pertsonek baldintza berdinetan parte har dezaten, ariketaren mamia aldatu gabe, betiere.
A. Lehenbizikoa izangai bakoitzari bere ezgaitasunaren arabera zegokion denbora adierazteko gutuna denbora gutxirekin –bi egun lehenago– bidaltzeari buruzkoa da.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) arabera, informazio hori bi eguneko epearekin bidaltzea nahikoa eta gehiago da. Erakunde honen iritziz, datu hori gutxi gorabehera bi eguneko epearekin ezagutzeak, ariketa egiteari begira, ez du ia eraginik. Nolanahi ere, txostenak dio NAPIk planteatu duela, hurrengo deialdietarako hobekuntza moduan, informazio hori are denbora gehiagorekin ere igortzea.
B. Bigarrena aitorturiko minusbaliotasun graduaren arabera pertsona bakoitzak duen denboraren kalkuluari dagokio. Kexa-egileak uste du bide hori ez dela zuzena, zeren eta balorazio bera duten bi pertsonek oso zailtasun desberdinak izan baititzakete era horretako proba bat egiterakoan, eta erabaki hori kasuak banaka aztertu ondoren hartu beharko litzatekeela.
Hala eta guztiz ere, kexa-egileak gai horri buruz duen ustea ez dirudi guztiz okerra denik, zeren eta, txostenaren arabera, ez da hautapen-prozesuko epaimahaiak ezgaitu bakoitzari bere mugen arabera eman behar zaion denbora kalkulatzen duena; izan ere, organo tekniko bat da –hautapen-prozesutik kanpo dagoena–, Nafarroako Mendekotasunaren Agentzia, hura ezartzen duena, minusbaliotasun desberdinen balorazio pertsonalizatuen araberako irizpide banakatuak erabiliz.
C. Azkenik, kexa agertzen du probaren egunean gela bakarra jarri zutelako egokitzapena behar zuen pertsona guztientzat. Hori dela eta, aldizka ¡tiempo! entzun behar izaten zuten izangai guztiek, nahiz eta abisu hori sektore bakarrarentzat izan; une horretan, kasuko sektoreko izangaiak jaiki eta gelatik ateratzen ziren, eta azterketa egiten jarraitzeko gelditzen zirenek, sortutako zarata eta iskanbilaren ondorioz, zailtasun handiak izaten zituzten esku artean zuten egitekoan kontzentratzeko.
NAPIren iritziz, hautapen-prozesuko epaimahaiak hartu duen erabakia, ezgaitu guztiak gela berean jartzekoa, justifikatuta dago espazio egokiak edukitzeko premiarengatik, hain zuzen ere oposizio-egileei arreta ematen beharrarengatik. Hori dela eta, epaimahaiaren ustez hautatutako gela iristen errazena zen; bestela, epaimahaiak hori erabaki izan ez balu, ezgaitu bakoitzari gela bat egokituko zitzaion bere deituraren arabera, eta horrek irisgarritasuna eta espazioaren egokitzea direla-eta dakartzan arazoekin.
Erakunde honek ongi daki nolako muga materialak eta giza aldetiko mugak topa ditzakeen Administrazioak ezgaituentzako espazio desberdinak prestatzeko, hain zuzen ere oposizioko ariketak egin ahal izan ditzaten batzuek besteei traba egin gabe. Ezgaituen kopuruaren arabera, haien ezgaitasun motaren eta graduaren arabera eta egin beharreko ariketaren arabera, premiak handiagoak edo txikiagoak izan daitezke, eta konponbide desberdinak eman ahalko dira, guztiak ere arrazoizkoak.
Hala eta guztiz ere, oposizio bateko ariketak antolatzeko garaian, beti kontuan hartu behar dena da foru legediak ezgaituei bermatzen diela oposizioetan berdintasun baldintzetan parte hartu ahal izatea; hori dela eta, ez dute traba gehiagorik pairatu behar ariketan zehar, ezgaitasunik ez duten gainerako oposizio-egileek pairatzen dituztenak baino. Eskubide hori bermatzeko, bidezkoa den guztietan, behar adina gela edo espazio prestatuko dira oposizio-egileak beren ezaugarrien arabera eta esleitu zaizkien denboren arabera antolatzeko, batzuek besteei ahal den traba gutxien egiteko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea oposizio-egile ezgaituei denbora gehiagoz komunika diezaien beren minusbaliotasunaren arabera esleitu zaien denbora.
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea, halaber, ahal den guzietan, behar adina gela edo espazio presta ditzan oposizio-egile ezgaituak beren ezaugarrien arabera eta esleitu zaizkien denboren arabera antolatzeko, batzuek besteei ahal den traba gutxien egiteko.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia