Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Inactividad del departamento y del Ayuntamiento ante la necesidad perentoria de vivienda para la familia y empleo para su marido
Exp: 09/254/B
Nº: 145
Gizarte ongizatea
2009ko apirilaren 8an, [?] andreak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Kexa hori Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren eta Iruñeko Udalaren aurkakoa da, familiarentzako etxebizitza premiaren aurrean eta senarraren enplegu premiaren aurrean ezer ez egiteagatik.
Azaltzen zuen senarrarekin batera bizi dela [?] auzoan okupatutako pisu batean, eta polizia bi aldiz joan zaiela bertatik aterarazteko.
Kezka agertzen zuen zortzi hilabetez haurdun zegoelako, eta etxebizitzarik ez zuelako. Beldur da egoera horretan alaba ken diezaioten, jaiotzen denean.
Gehitzen du senarra langabezian dagoela, eta gizarte enplegurako ere ez dutela hartzen, nahiz eta gizarte bazterkeriako egoeran dagoen.
Kexu da, halaber, gizarte langilearen jardunarengatik, tratu desegokia ematen dielako.
Azkenean, eskatzen du laguntza motaren bat eman diezaieten etxebizitza bat eskuratzeko, eta senarrari enplegu bat lor diezaioten –besterik ez bada ere gizarte-enplegu bat– eta gizarte langilearen jarduna ikuska dezaten.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bana igorri genuen Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentura eta Iruñeko Udalera, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezaten.
La Sra. Iruñeko Udaleko Toki Ogasun, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi delegatuak, hirugarren alkateordea denak, 2009ko maiatzaren 25ean, honakoa zioen txostena igorri zigun:
Familiarentzako etxebizitzaren premia dela-eta ezer egin ez izateari dagokionez, erantzun honekin batera Iruñeko Udaleko Ondare Zerbitzuko arduradunaren txostena dator, non agertzera ematen baita adierazitako arazoa dela-eta aholkua edo laguntza eskatu aurretik, interesdunek udalaren jabetzapeko etxebizitza bat okupatu zutela, guztiz legearen aurkakoa den ekintza eginez. Adierazi den bezala, aholkua eman zaie, beste edozein herritarri bezala gure zerbitzuari buruz eta administrazioek, kasu honetan Nafarroako Gobernuak, dauzkaten tresnei buruz, etxebizitza bat errentan –kasu onetan, dirudienez, egokia litzatekeen bezala– nahiz jabetzan lortzeko.
Udalak ez du alokairuko inongo poltsarik. Hala eta guztiz ere, aditzera ematen dizugu epe laburrean deialdi publiko eginen dela udalarenak diren eta une honetan hutsik dauden etxebizitzak errentan emateko eskabideak aurkezteko. Betiere, alde batera utziko dira hiriko birlojamenduak egiteko (horixe baita haien egiteko nagusia) erabili behar direnak. Deialdi hori egiten den unean, interesdunek eskabidea aurkeztu ahalko dute, legez ezarritako moduan, eta lortzen duten baremoaren arabera ebatziko da, gainerako etxebizitza-eskatzaileen baldintza berdinetan. Une hori iristen denean, [?] andrearekin jarriko gara harremanetan aurkeztu beharreko dokumentazioari buruz informatzeko eta aholkua emateko.
Kexaren bigarren zatia udal zerbitzuen jardun ezari buruzkoa da senarrak enplegua izateko duen premiaren aurrean. Erantsi ditugun txostenetan egiaztatuko duzun bezala, kasu honen jarraipen aktiboa egin da, zenbait jardueren bitartez, baina udal teknikariek adierazi duten bezala, erreklamazio-egilearen senarraren laguntza nahiko eskasa izan da. Hala eta guztiz ere, familiarekin lan egiten jarraitzen dugu, prestakuntza- eta enplegu-aukerak eskaintzeko.
Kontseilariak, joan den uztailaren 3an, txosten bat igorri zuen. Honakoa azaltzen zuen bertan:
Gizarte bazterkeriako egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonekiko esku-hartzea gizarteratze aktiboaren printzipioan oinarritzen da: ematen diren laguntza publikoek lagungarriak izan behar dute gabezia-egoera aldarazteko prozesuetan aurrera egiteko, eta laguntza-hartzailearen inplikazio aktiboa eskatzen dute helburu hori lortzeko.
Kexa aurkeztu dutenekin esku hartu dutenek adierazi digutenaren arabera, bai kexaren titularrak bai haren bikotekideak zenbait prestazio ekonomiko jaso dituzte: oinarrizko errenta, laguntza bereziak, gizarte enplegu babestua eta abar.
Enplegua denez gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko neurririk eraginkorrena, bi interesdunak Iruñeko gizarte zerbitzuetako Acceder Programara deribatu dira. Izan ere, programa horren xedea da laneratze aurretiko prestakuntza ematea eta gizarte laguntzea egitea ijitoen erkidegoko pertsonei gizarteratzeko banakako programetan.
Pertsona horiek berariazko programari eman dioen erantzuna oso irregularra izan da, eta erantzun hori uneoro gizarte laguntzak hartzera bideratu da profesionalek formulatutako jarraibideak bete gabe. Hori dela eta, ezin izan dira enpleguaren bidez gizarteratu.
Aipagai dugun kexan islatzen diren eskariak, gure iritziz, zuzen artatzen ari dira dagokion esparruan, gizarte zerbitzuen oinarrizko laguntzan, eta bertara jo beharko lukete interesdunek, bereziki espero duten haurrari behar den tratua emateari dagokionez.
Ildo beretik, gure ustez eratu duten bizikidetasuneko taldearen erantzukizuna onartzea eta harentzako ongizate egoera egokia lortzeko beren burua inplikatzea lagungarri gertatuko dira dauzkaten gizarte-bazterkeriako adierazleak gainditzeko.
Uztailaren 22an, erakunde honetatik telefono bidez harremanetan jarri ginen VINSArekin, Iruñeko Udaleko gizarte ongizatearen alorreko teknikariekin eta kexa-egilearekin. Elkarrizketa horietatik, honakoak ondorioztatu genituen: Lehena.- Kexa-egileak oinarrizko errenta jasotzen duela. Bigarrena.- [?] andreak bere bikotekidearekin eta alabarekin bizitzen jarraitzen dutela udalaren etxebizitza batean. Hirugarrena.- Bikotea alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko itxaron zerrendetan dagoela. Laugarrena.- Biak gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonei laguntza emateko programetan daudela.
Aurreko atalean azaldutakotik eta udalaren txostenen edukitik, ondoriozta dezakegu arazoa konpontzeko bidean dagoela, baina ez dugu hain optimista izan behar, zeren eta egoera hain da kezkagarria non ezin izanen dugun kexa-espedientea itxi egoera konpontzen ez den arte, hau da, etxebizitza-egoera erregularizatzen den arte, printzipioz interesdunek alokairuko etxebizitza bat eskuratuta.
Halaber, ez dugu espedientea itxi nahi Administrazioari erantzun guztiak kenduz, nahiz eta Administrazioak derrigor baliatu behar duen eskubide baten urratze zehatzik ez dagoen. Gizarte bazterkeriaren erantzukizuna gizartearena da, sistemarena, eta zenbait faktore historiko, kultural, ekonomiko eta sozialena.
Gizarte langilearen jarduera ikuskatzeari dagokionez, adierazi beharra dago kexa-espedientean zehar ez direla definitu kexa-egilearen eskubideak urra ditzaketen edo haren interesak kaltetu ditzaketen jarduera zehatzak; hori dela eta, erakunde honek ezin izan ditu baloratu edo aztertu edo azalpenik eskatu gertatu diren ere ez dakigun “jokabide desegokiei” buruz.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Iruñeko Udalari iradokitzea ezen kexa-egileari alokairuko etxebizitza bat ematen ez zaion bitartean, ontzat jo dezala senarrarekin eta bi hilabeteko alabarekin batera modu irregularrean okupatzen duten udal jabetzako etxebizitzan bizitzen jarraitzea.
Iruñeko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia