Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 22ko 144/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 22

Función Pública

Gaia: Disconformidad con la apertura de una fase de información previa a expediente disciplinario

Exp: 09/338/F

: 144

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko maiatzaren 18an, [...] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka.

    Azaltzen du erakunde horri atxikitako funtzionarioa dela, eta oinarrizko osasun laguntzako sendagile lanpostua duela Artaxoako osasun eskualde oinarrizkoan.

    2008ko udan, “Diario de Navarra” eta “Diario de Noticias” egunkarietako kazetari batzuek kexa-egilearengana jo zuten, eta iritzia eskatu zioten Artaxoako eskualdeko herritarrek hilabete haietan pairatzen zuten sendagile faltari buruz.

    Kexa-egileari elkarrizketak egin zizkioten, eta haren adierazpenak aipatu egunkarietan argitaratu zituzten (uztailaren 27an eta 30ean).

    2008ko abuztuaren 1ean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendariak erabaki zuen isilpeko informazioa eskatzea, egiaztatzeko ea egokia zen kexa-egileari diziplina-espediente bat irekitzea, edo, kasua bazen, jarduerak artxibatzea. Adierazitako ekintza justifikatzen zen aipatuz egunkarietan Artaxoako osasun eskualde oinarrizkoaren osasun antolamenduari buruzko albisteak agertuak zirela, eta haietan zenbait profesionalek eginiko adierazpenak agertzen zirela.

    Aurrerago, isilpeko informazioari buruzko espedienteko instruktoreak eta idazkariak kexa-egileari deklarazioa hartu zioten, eta galdetu zioten hedabideetan adierazitako iritziei buruz.

    Agerraldi hartatik, 2008ko abuztuaren 22tik, ezertxo ere ez diote adierazi interesdunari isilpeko informazioko espedientea bukatzeari edo ez bukatzeari buruz, ez eta, azken batean, haren ondorioei buruz ere. Horrenbestez, babesgabetasun juridiko argiko egoeran geratu zen.

    Kexa-egilearen ustez, Administrazioaren jarduera zuzengabeko injerentzia bat izan da, adierazpen askatasunaren aurkakoa, eta diziplina-tresnak modu bidegabean erabili dira.

     

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

    Txostena erakunde honetara iritsi da, eta honakoa dio:

    “2008ko uztailaren 27an eta 30ean, “Diario de Navarra” eta “Diario de Noticias” egunkarietan [?] jaunaren adierazpen batzuk argitaratu ziren. Honakoa zioen haietan, hitzez hitz: “Artaxoako bizilagunak hamahiru egunez ere egon dira sendagilerik gabe”. Artikuluan, [?] doktorearen hitzez hitzeko aipamen batzuk jasotzen dira, non honakoa esaten baitzuen: “Laguntza-arrisku larria daukagu” eta “Populazioa gaizki artatua dago”.

    Artaxoako osasun eskualde oinarrizkoan egon zitekeen osasun egoera larriaren aurrean eta egindako adierazpenek herrian sorrarazi zuten larrialdi soziala kontuan izanda, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak erabaki zuen informazio-espediente bat zabaltzea; hau da, barne-prozedura bat abiarazteko gertatuen egiazkotasuna zehazteko, eta jakiteko eginiko interesdunaren jardueretan faltaren bat ba ote zegoen.

    Informazio prozedura horiek Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen diziplina araubideari buruzko erregelamendua onetsi zuen 117/1985 Foru Dekretuko 28. artikuluan jasota duude, eta haren erabilera normalizatua tresna bat da erakundeen funtzionamendu zuzena garatzeko.

    Informazio-espedientea 2008ko irailaren 3an bukatu zen. Haren ondorioetan, instruktoreak jaso zuen hartan ez zegoela behar adina elementu diziplina-espedientea abiarazteko”.

AZTERKETA

  1. Aurrekarietatik ondorioztatzen den bezala, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko funtzionario [?] jaunak, Artaxoako osasun eskualde oinarrizkoari atxikia dagoenak, kexa agertzen du idatzizko egunkarietan argitaratu ziren bere adierazpen batzuk direla-eta Administrazioak izan zuen erreakzioarengatik. Adierazpen horien ondorioz –2008ko udan egin ziren, eta haietan publikoki salatzen zen Artaxoako eskualdeko osasun zerbitzu publikoaren egoera txarra– Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariak erabaki zuen isilpeko informazioko espediente bat zabaltzea, balizko diziplina prozedura bat ireki aurretikoa (abuztuaren 1eko 136/2008 Ebazpena).

    Gainera, kexa-egileak dio informazio-espedientea ireki ondoren, Administrazioak ez diola ezer ere esan, eta zalantzako eta ziurgabetasun juridikoko egoeran utzi duela.

     

  2. Nafarroako administrazio publikoak diziplina-ahalmenaren titularrak dira, eta hartaz baliatu ahal dira beren zerbitzuko langileekin, beren betebeharrak betetzen ez dituzten kasuetan eta ez-betetze hori legean falta edo arau-hauste moduan jasota baldin badago (Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 60. artikulua).

    Ahalmen horrekin lotuta, lege-aurreikuspenak garatuz, Nafarroako administrazio publikoen diziplina-araubideari buruzko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretua da aplikatzekoa. Erregelamendu-arau horrek arautzen du ahalmen horretaz baliatzeko jarraitu beharreko prozedura, eta gaikuntza ematen dio Administrazioari diziplina-espedientea bera ireki aurretik prestakuntzazko edo aurretiazko jarduerak egiteko. Horri dagokionez, Erregelamenduko 28. artikuluak, zeina Osasun Departamentuak aipatzen baitu, honakoa ezartzen du:

    “Organo eskudunak erabaki ahalko du isilpeko informazioa biltzea, diziplina-espedientea irekitzeko ebazpena eman baino lehen, edo, kasua bada, jarduerak artxibatu baino lehen.

    Jarduerak artxibatzeko ebazpenean, horretarako arrazoiak jaso beharko dira”.

    Aurreikuspen hori, funtsean, bat dator Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 69.1 artikuluan ezarritakoarekin. Artikulu hori Administrazioak bere kasa ireki ditzakeen prozedurei buruzkoa da, orokorrean (“espedientea irekitzeko erabakia baino lehen, organo eskudunak aurretiazko informazio-epe bat zabaldu ahalko du, kasu zehatzaren nondik norakoak ikertu eta prozedura abiarazi behar den ala ez den erabakitzeko”).

    Administrazioarekin harreman berezirik ez duten herritarren aurkako zehapen ahalmenaz nola baliatu arautzen duten arauek ere aurretiazko edo prestakuntzazko jarduerak izapidetzeko aukera aurreikusten dute (Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 64. artikulua).

  3. Aurretiazko edo prestakuntzazko jarduera horiek, diziplina araubideari dagozkionek, xede bat dute: Administrazioari bidea ematea gertatutako egitateak, esku hartutako subjektuak eta zehazki gertatu diren inguruabarrak hobeki ezagutzeko, amaierako helburu batekin, alegia, behar diren oinarriekin erabakitzea ea behar adina elementu badauden diziplina-ekintzaz baliatzeko, hain zuzen ere saiheste aldera oinarririk batere ez duten espedienteak irekitzen presaz joka dadin.

    Horregatik, abstraktuan, ezin dugu jo herritarren eskubideak urratzen direnik jarduera horiek egite hutsarengatik, eta jarduera horien ondorioz ekintzaz baliatzea bidegabea dela ondorioztatzeagatik, zeren eta ondorio horrek nabarmen joko bailuke izapide horren berariazko helburuaren aurka.

    Hala eta guztiz ere, ezin dugu onartu, ezta ere, Administrazioak horrelako jarduerak modu bereizi gabean edo justifikatu gabean erabiltzea, nahiz eta ekintzaren ariketa materialerako prestakuntzazko edo aurretiazko izaera eduki, zeren eta ahalmen oro, ikertzeko ahalmena ere bai, berez, mugatua baita, eta horrexegatik, jarduera horretaz baliatzeko, hura justifikatuko duten elementuak gertatu beharko dira.

    Ildo horretan, diziplina-ahalmenaz baliatzearen aurretiazko edo prestakuntzazko jarduerei buruz ari garenez, haietaz baliatzeko aztarna batzuk aurkitu beharko dira, hain zuzen ere arrazoizko modu batean iradokiko dutenak legez –hau da, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren bidez– tipifikatutako falta bat ustez egin dela.

     

  4. Hemen aztergai dugun kasuan, aurretiazko informazio espedientea zabaltzea justifikatuta dago egunkarietan Artaxoako osasun eskualde oinarrizkoaren osasun laguntzaren antolamenduari buruzko albiste batzuk agertzeagatik, eta informazio horietan profesional batzuen adierazpenak agertzeagatik –profesional horien artean dago kexa-egilea–, hain zuzen ere zerbitzuaren akats nabarmenei buruzkoak eta biztanleei arreta eskasa emateari buruzkoak.

    [?] jaunak bere adierazpenak adierazpen askatasunaz baliatuta egin ditu. Eskubide horrek, Konstituzioaren 20.1 artikuluan aldarrikatutakoak, iritziak, juizioak, pentsamenduak edo sinesmen pertsonalak libreki adierazi edo formulatzea babesten du (eta horixe besterik ez dira laguntza-arrisku larria daukagu” eta “Populazioa gaizki artatua dago” bezalako adierazpenak), betiere adierazpide horiek pertsonentzat zalantzarik gabe iraingarriak, maltzurrak edo laidogarriak ez diren bitartean (kasu honetan argi dago halakorik ez dagoela).

    Oro har, Konstituzio Auzitegiak, uztailaren 17ko 104/1986 epaia eman zuenetik, honakoa adierazi izan du: “iritziak, ideiak eta pentsamenduak libreki adierazteko eskubideak halako ekintza-esparru bat dauka non muga bakarra izanen baita ez egotea zalantzarik gabe iraingarriak diren adierazpenik –ideia edo iritziekin zerikusirik ez dutenak eta azalpenerako beharrezkoak ez direnak–”. Halaber, epaitegi berak honakoa adierazi du: “Konstituzioak ez du zaintzen, inguruabar guzti-guztietan, adierazpide mingarri, unagarri edo zakarren erabilera; hala eta guztiz ere, 20.1.a) artikuluak ematen duen babes konstituzionaletik kanpo geratzen dira guztiz laidogarriak diren adierazpenak, hau da, kasuaren inguruabar zehatzak ikusita, eta haien egiazkotasuna edo egiazkotasun falta alde batera utzita, mingarriak edo iraingarriak direnak eta kasuan kasuko iritziak edo informazioak adierazteko desegokiak direnak (Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 8ko 107/1988, urtarrilaren 12ko 1/1998 eta otsailaren 28ko 39/2005 epaiak, besteak beste).

    Gainera, jurisprudentziak adierazi du onargarri gerta daitekeen kritikaren mugak nabarmen zabaltzen direla adierazpen askatasunerako eskubidea baliatzen denean interes orokorreko gaietan edo azpian interes publikoa duten gaiei buruzko adierazpenetan, bai aztertzen dituzten gaiei dagokienez, bai haietan esku hartzen duten pertsonei dagokienez ere. Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 5eko 174/2006 epaiak dioen bezala, adierazpen askatasunak, informaziorako askatasunarekin gertatzen den bezala, garrantzi konstituzional berezia hartzen du interes orokorreko gaiekin lotuta dagoenean, kasuan kasu aipatzen diren gaiengatik eta haietan esku hartzen duten pertsonengatik, eta lagungarri suertatzen direnean, horrenbestez, iritzi publikoa osatzeko. Orduantxe iristen dira justifikazioko eraginkortasun maila handienera, ohorerako eskubidearen aurrean; izan ere, azken hori proportzioan ahultzen da, adierazpenerako eta informaziorako askatasunerako kanpoko muga gisa, haien titularrak pertsona publikoak direlako, eginkizun publikoetan dihardutelako edo garrantzi publikoa duten gaietan inplikatuta daudelako. Hori dela eta, halako arrisku bat jasan beharrean daude, hain zuzen ere nortasunerako beren eskubide subjektiboak interes orokorreko iritzien edo informazioen eragina pairatzeko arriskua, horixe eskatzen baitute aniztasun politikoak, tolerantziak eta zabaltasunerako izpirituak; izan ere, azken horiek gabe, gizarte demokratikorik ez dago”.

    Kexa-egileak egindako adierazpenak, zalantzarik gabe zerbitzu publikoaren funtzionamenduari buruzko kritika bat osatzen dutenak, egokitzat edo desegokitzat hartu ahalko dira, atseginak edo desatseginak izan daitezke, baina erakunde honek ezin ditu haietan ikusi inongo aztarnarik arrazoiz pentsatu ahal izateko agian Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan tipifikatutako arau-hauste bat egin dela. Adierazpen horiek, izan ere, adierazpen askatasunaz modu naturalean baliatzea erakusten dute, eta ez dugu haietan inongo elementurik atzematen pentsatzeko hirugarren pertsonen –herritarrak, oro har, agintariak edo kexa-egilearen nagusiak edo menpekoak– eskubideak urratu direnik. Ez dugu uste behar besteko arrazoirik zegoenik prestakuntzazko espediente bat zabaltzeko, geroan diziplina ahalmenaz baliatu ahal izateko; izan ere, diziplinaren berariazko xedeari buruz argitzeko ezer ez baitzegoen.

  5. Bestalde, kexa-egileak zioen Administrazioak ezer ere ez ziola jakinarazi informazio-espedientearen emaitzari buruz.

    Osasun Departamentuak igorritako txostenean adierazten da espedientearen instruktoreak, 2008ko irailaren 3an, ondorioztatu zuela ez zegoela behar adina elementu diziplina espediente bat abiarazteko. Hala eta guztiz ere, ez zaigu ezer ere esan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinarazi izateari buruz.

    Diziplina Araubideari buruzko Erregelamenduko 28. artikuluak, aipatu bezala, honakoa ezartzen du: “Organo eskudunak erabaki ahalko du isilpeko informazioa biltzea, diziplina-espedientea irekitzeko ebazpena eman baino lehen, edo, kasua bada, jarduerak artxibatu baino lehen.” Halaber ezartzen du jarduerak artxibatzea erabakitzen deneko ebazpenean horretarako arrazoiak jaso beharko direla.

    Administrazio prozedura guztiak, baita hemen aztergai dugun prestakuntzazko eta aurretiazko prozedurak ere, berariaz ebatzi behar dira. Horixe ondorioztatzen da, oro har, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulutik eta, diziplinaren arloko isilpeko informazioko espedientearen kasuan, Diziplina Araubidearen aipatu artikulutik.

    Hori dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendariak isilpeko informazioko espedientea zabaltzea erabaki bazuen (abuztuaren 1eko 136/2008 Ebazpena), eta hura kexa-egileari jakinarazi baldin bazion –gero, instrukzio-organoaren aurrean agertu zen kexa-egilea, eta galdeketa egin zitzaion– formazko bide bera jarraitu beharko da prestakuntzazko jardueren amaierari dagokionez. Azken batean, interesdunari artxibatzeko erabakia jakinarazi behar zaio, isilpeko informazioko espedientea zabaltzearekin egin zen bezala.

    [?] jaunaren jokabidea dela-eta jarduera informatibo batzuk izan baldin badira eta, gainera, kexa-egileak berak espedientean esku hartu baldin badu, nabarmena da hartan lortutako emaitza ezagutzeko eskubidea duela.

 

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

 

EBATZI DUT:

 

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzea ahal bezain azkar ebatz dezan kexa-egileari buruz izapidetu duen informazio espedientea artxibatzeko, eta kexa-egileari erabaki hori jakinaraz diezaion.

     

  2. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hura ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea ebazpen hau onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

     

  3. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

 

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia