Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 22ko 122/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [...] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 uztaila 22

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: No contestación a un recurso de alzada

Exp: 10/313/D

: 122

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko apirilaren 13an, [?] andreak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, kexa bat agertzen du Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, gora jotzeko errekurtso bat ez ebazteagatik.

    Kexadunak azaltzen du erdi mailako tituluduna izateko lanpostu bat betetzeko deialdian aurkeztu zela eta ez zuela azterketa teoriko-praktikoa gainditu. Deialdi hori martxoaren 23ko 785/2009 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Orduan, 2009ko abenduaren 17an, gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuen epaimahai kalifikatzailearen aurka. Errekurtso hori, kexa aurkezteko egunean, oraindik ere ebatzi gabe zegoen. Eskatzen du aipatutako gora jotzeko errekurtsoa berariaz ebatz dadin.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari txosten bat egiteko eskatu zitzaion 2010eko apirilaren 19an. Emandako epea iragan zen, eta Departamentuak ez zuen eskatutako txostena bidali.

    2010eko maiatzaren 24an, erakunde honek berriz eskatu zion txostena aipatutako departamentuari. Azkenean, txosten hori 2010eko uztailaren 20an heldu zen erakunde honetara.

    Txostenak dio gora jotzeko errekurtsoa ekainaren 28ko 1803/2010 Ebazpenaren bitartez ebatzi dela, eta ebazpen hori errekurtso-egileari jakinarazi zaiola.

AZTERKETA

  1. Gora jotzeko errekurtsoa 2009ko abenduaren 17an aurkeztu zen. Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da. Horrenbestez, epea 2010eko martxoaren 17an amaitzen zen. Hala eta guztiz ere, ez da 2010eko ekainaren 28ra arte ebatzi.

  2. Kexaren gaiari dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko, kasu honetan gora jotzeko errekurtso bat ebazteko, jotzen duen herritar orok eskubidea duela eskatutakoa legez ezarritako epean ebatz dezan. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide eta idazki guztiak behar den epean berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du; eta halaxe jasotzen da orobat Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

    Azken finean, Administrazioa legez behartuta dago idazki guztiei erantzutera –oraingoan, gora jotzeko errekurtso bati– eta epearen barruan betiere. Berandu emandako erantzunek, esate baterako honek, nahitaez eman beharrekoak badira ere, ez dute bermatzen herritarrak erantzuna garaiz jasotzeko duen eskubidea.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskaera eta errekurtsoei erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia