Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Inactividad municipal en el ejercicio de competencia propia, alegando no haber recepcionado la obra de urbanización
Exp: 10/174/U
Nº: 121
Hirigintza
Aurtengo martxoaren 2an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Barañaingo Udalak, udal gisa daukan eskumen batez baliatuta, egin behar zuena egin ez duelako.
Azaltzen du Barañaingo herri zaharreko toki batzuetan urbanizazioa hondoratuta dagoela. Zehazki, bere etxebizitzaren ondoan, zulo handi bat dago.
Azaltzen du orain dela urtebete udalera hots egin zuela, zoruaren hondoratzea konpon zezaten, zeren eta hondatutako eremuaren azpian aparkaleku bat baitago. Erantzuna izan zen obra hartu gabe zegoela eta herritarrak “[?]” promotoreari erreklamatu behar ziola. “[?]” promotorearekin hitz eginda, enpresak esan zion udalak obra hori hartu egin zuela eta herritarrak erreklamazioak udalari zuzendu behar zizkiola.
Kexa-egileak gehitzen du toki horretako bizilagunak babesik gabe daudela, zeren eta inork ez baitu urbanizazioaren gaineko ardura hartzen.
Alkateak, joan den uztailaren 12an, txostena igorri zuen. Hartan, ondokoa dio hitzez hitz:
“Erreferentziako espedienteari buruzko zure komunikazioa jaso dugula jakinarazten dizugu. Komunikazio hori, izan ere, 2010eko apirilaren 13an sartu zen gure erregistroan. 2010eko martxoaren 2an [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa da, eta udal eskumenaz baliatzearen arloan egin beharrekoa ez egiteari buruzkoa da.
Horri dagokionez, Hirigintza Arloak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, espediente administratiboan Barañaingo UC-18 (herri zaharra) unitatea urbanizatzeko lanen behin-behineko harrera-akta ageri da, 2001eko urriaren 17koa, non higiezinen kudeaketaren arloko [?] S.A.k konpromisoa hartu baitzuen Barañaingo Udalari honako dokumentazioa aurkezteko:
Hasierako proiektuaren eranskin teknikoa eta urbanizazioko iparraldeko mazelako eustormen behin betiko planoak.
Egiturak zerbitzuan zenbat iraunen duen, NF A 05-252 arauaren arabera.
Kalkuluaren egokitzea, urbanizazioaren egiazko sekzioaren araberakoa, fondoko 4 metro inguru kalkulatuta eta egiazko zamekin. Betelanerako egokia izan behar duen eta horretarako erabili den materialaren ezaugarrien definizioa.
Aipatutako dokumentazioa higiezinen kudeaketaren arloko [?] S.A.k akta sinatu eta sei hilabeteko epean aurkeztu behar zion Barañaingo Udalari. Gainera, hirugarren klausulan berariaz ohartarazi zitzaion enpresari hori betetzen ez bazuen, behin-behineko harrera deuseztaturik geratuko zela eta [?] arduratu beharko zela guztiz urbanizazioaz harik eta behin betiko harrera gertatu arte.
Udalari aholku ematen dion arkitektoak emandako txostenaren arabera, [?] S.A.k aipatutako dokumentazioa aurkeztu ez zuenez, “behin-behineko harreraren akta deuseztatu egin zen, eta [?]k dauka urbanizazioaz arduratzeko betebeharra”. Halaber, behin-behineko harrera-aktan adierazi ziren konponketa edo aldaketak egin izatearen konstantziarik ez duenez, Barañaingo Udalak gaur egun obren exekuzioa ziurtatzeari buruzko abalari eutsi dio –promotoreak behin eta berriz eskatua du abal hori, eta ez du itzuli aurrekari honetan azaldutako arrazoiengatik–.
Horri dagokionez, ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeko 132. eta 133. artikuluetan ezarritakoaren babesean, “obrak bukatzean –eta kontratuaren xedea eman edo egin eta hurrengo hilabetearen barrenean– haien harrerari ekingo zaio. Bertan agertuko dira Administrazioak bere ordezkari gisa ipinitako fakultatiboa, obren zuzendaritzaz arduratzen den fakultatiboa eta kontratista, bere fakultatiboak lagunduta, egoki ikusten badu.” 133. artikuluak honakoa esaten jarraitzen du, bigarren idatz-zatian: “obrak egoera onean eta aurreikusitako aginduen arabera badaude, Administrazioak bere ordezkari gisa ipinitako funtzionario teknikoak hartutzat emanen ditu, dagokion akta eginen da eta une horretan hasiko da berme-epea”. Aitzitik, “0brak hartuak izateko egoeran ez daudenean, horrela jasoko da aktan eta obren zuzendariak ikusi diren akatsak ohartaraziko ditu eta behar diren argibideak zehaztuko ditu, akatsak zuzentzeko epea finkatuz. Aipatu epea iraganda kontratistak egiten ez badu, beste epe bat, luzaezina, eman ahalko zaio edo kontratua amaiarazitzat deklaratu”.
Alabaina, espediente administratiboan ez dago jasota obraren behin betiko harrerari buruzko inongo ekintza formalik, baizik kontrakoa hain zuzen ere, zeren eta ageri-agerikoa baita [?] S.A.k ez zuela 2001eko behin-behineko harrera-aktan eskatutako dokumentazioa aurkeztu, eta, horrenbestez, urbanizazioa guztiz bere kargura hartu behar izan zuela haren ezkutuko akatsetarako konponbidea emanez.
Bestalde, 135. artikuluak honakoa dio: “berme-aldia amaitu eta gero obra hondatzen bada eraikuntzako ezkutuko akatsengatik, kontratistak kontratua ez betetzeagatik sortuak, honek kalte eta galerengatik erantzungo du hamabost urteko epean zehar, harreratik kontaturik.”
Horrenbestez, behin egiaztatu ondoren kontratuaren xedea ez dela bete hartan ezarritako moduan, zeren eta agerikoak baitira obra hartzea eragotzi zuten akats dokumentalak, ezin zaio Barañaingo Udalari egotzi, eta bai ordea [?] S.A. enpresari, eskatzaileak exijitzen duen erantzukizuna, eta, horregatik, bidezkoa dena da merkataritza-enpresa horri erreklamatzea.”
Barañaingo Udalak eta “[?]” enpresa urbanizatzaile-promotoreak Barañaingo UC18 (herri zaharra) unitate finkatuko urbanizazio-obrak udalak hartu dituen ala ez dituen hartu jarrera desberdinak dauzkate, agerikoa denez, baina hori ez da kexaren xedea. Hori dela eta, erakunde hau ez da sartuko gai hori aztertzera.
Nolanahi ere den, komeni da ezarrita uztea udalak urbanizazio hori hartu baldin badu, hari dagokiola hura zaintzea eta mantentzea; eta hartu ez badu, berriz, udalak haren mantentzea dela-eta dauzkan betebeharrak bigarren gradukoak direla, zeren eta, lehenbizi, urbanizazioa kontserbatzeko betebeharra duena enpresa urbanizatzailea baita. Izan ere, Auzitegi Nagusiaren 2002ko urtarrilaren 25eko epaiak –RJ 7329– dio urbanizazio obren exekuzio osoa eta obra horiek behar diren baldintzetan edukitzea, Administrazioari eman arte, haien promotorearen betebeharrak direla, Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 67. artikulua “a contrario sensu” interpretatuta.
Oro har, Administrazioari obrak ematen zaizkionean bidezkoak diren aktak egin behar dira, Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 180.3 artikulutik ondorioztatzen denaren arabera, behin obren egoera eta inguruabarrak egiaztatu ondoren; horrek berarekin dakar promotoreek obra horiek Administrazioari eskaintzea eta Administrazioak obra horiek onartu eta hartzea.
Udalak igorritako txostenetik ondorioztatzen da urbanizazio-obrak oraindik ere Barañaingo Udalak formalki hartu gabe daudela.
Bada, Udalak baieztatutakoa oinarri hartuta, hau da, urbanizazio-lanak oraindik ere ez dituela jaso, haien exekuzio osoa eta zuzena, bai eta haiek entregatu arte behar diren baldintzetan kontserbatzea, promotorearen betebeharrak dira, eta Administrazioak betebehar horiek bete daitezen eskatzeko ahalmena dauka –Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 67 eta 175. artikuluak, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak berretsia, esate baterako 2002ko urtarrilaren 25eko epaian –RJ 7329–. Eta Auzitegi Gorenaren 1989ko martxoaren 3ko epaiak –RJ 1718– baieztatzen duenez, hemen planteatutakoa bezalako kasuetan egin beharreko errekerimenduak honakoan zehatzen dira: “dauden akatsak zuzentzeko” behar diren obrak exekutatzeko agindu bat.
Aipatutako erregelamendu arauen edukitik, bai eta Hirigintza Diziplinaren Erregelamenduko 10.1 eta 10.2 artikuluetan ezarritakotik ere, ondorioztatzen da udalaren betebeharra dela, ofizioz edo edozein interesdunek eskatuta, behar diren obrak egitea urbanizazioa behar diren segurtasun baldintzetan kontserbatzeko.
Are gehiago, Barañaingo Udalari gogoraraz dakioke, eskumenaren titularra den organo administratiboa den aldetik, nolanahi ere bide publikoa zolatzeko zerbitzua eman behar duela (Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 26.1.a) artikulua). Eskumen hori eta kasuko zerbitzua inguruabar guztietan baliatu behar dira, alegia, baita urbanizazioa eta bere plaza eta bide publikoak mantentzeko betebeharra duena, UC 18ko (herri zaharra) obra behin betiko hartu arte, “[?]” promotorea izanda ere. Are gehiago, herritarrak, segurtasunez ibili ahal izateko, bide publikoak egoki zolatuta egoteko daukan eskubidea, udalari baizik ezin zaio exijitu.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Kaleak zolatzearen arloko eskumenaren titularra den Barañaingo Udalari gogoraraztea behar diren obrak egin behar dituela, edo, kasua bada, betebeharra duen hirugarrenari obra horiek egiteko agindua eman behar diola, Barañaingo UC 18ko (herri zaharra) zoladura egoki kontserbatzeko.
Barañaingo Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, horrenbestez, behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan –hau da urbanizazioaren mantentzeari buruzko errekerimendua egin duen–, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan 2010eko urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia