Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 21eko 143/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 21

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Incumplimiento de las condiciones mínimas de habitabilidad del baño de una vivienda de precio tasado

Exp: 09/311/U

: 143

Hirigintza eta etxebizitza

AURREKARIAK

  1. 2009ko apirilaren 30ean, [?] jaunak, iloba duen [?] andrea ordezkatuz, idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen prezio tasatuko etxebizitza bateko bainugelan bizigarritasunerako gutxieneko baldintzak ez betetzeagatik.

    Azaltzen zuen iloba duen [?] andreari eta [?] jaunari prezio tasatuko etxebizitza bat adjudikatu zietela Sarrigurengo [?] kaleko [?] zenbakiko [?] beheko solairuan.

    Interesdunek zioten etxebizitza horretako bainugelak 1,30 bider 3 metroko neurriak dituela, eta bertan ezin dela 1,40 bider 0,70 metroko bainuontzi bat jarri, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142-2004 Foru Dekretuan aipatzen dena –dekretu hori urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuaz aldatu zen–.

    Hori dela eta, apirilaren 2an, gutun bat igorri zioten Vallehermoso sustatzaileari, eta egoera berraztertzeko eskatu zieten. Hitzez erantzun zitzaien Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bizigarritasun-zedula emana zietela, eta, horrenbestez, ez zegoela berrikusi beharreko ezer ere.

    Halaber, kexa-egileak erreklamazio bat aurkeztu zuen Etxebizitza Departamentuan, 2009/180818 zenbakiko eskabidearen bitartez. Gaur-gaurkoz horren erantzunik ez du jaso.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bat igorri nion Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, 2009ko maiatzaren 6an, kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadan.

  3. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hitzez hitz honakoa dioen txostena igorri zuen:

    “Sarrigurenen [?] enpresak egin zuen prezio tasatuko 158 etxebizitzetako sustapenean, etxebizitza batzuk gorde ziren –ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko 18.3 artikuluan ezarri bezala– mugimendu-ezgaitasun larria duten pertsonentzat. Etxebizitza horietako bainugelak oso modu zuzenetan diseinatu ziren gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonentzat, halako moduan non bainuontziak kendu baitziren eta bainugela osoa egokitu baitzen hustubide zentrala duen dutxa bat jarri ahal izateko.

    Kolektibo horretako pertsonentzat gordetako etxebizitzetako batzuk, ordea, adjudikazio-hartzailerik gabe geratu ziren, eta, horrenbestez, etxebizitzen beste eskatzaile batzuei eskaini zitzaizkien.

    Horixe gertatu zen [?] andrearekin eta [?] jaunarekin, bietako inork mugimendu-ezgaitasun larria izan gabe ere etxebizitza horietako baten adjudikazio-hartzaile suertatu baitziren.

    Zehaztu beharra dago etxebizitzaren diseinua ezagututa, orain kexa-egile direnek salerosketa-kontratua sinatu zutela sustatzailearekin. Ezagupen hori ondoriozta daiteke erosleek aurkeztutako idazki batetik, non kontratuaren dokumentua sinatu eta denbora batera (bi urte geroago), eta sustatzailearekin ustez eginiko hitzezko hitzarmen baten ez-betetzea alegatuz, etxebizitzari uko egitea eskatu baitzuten. 2009ko urtarrilaren 2an, eta orain alegazioa aurkeztu duteneko etxebizitzaren eskritura publikoa egin baino lehen (2009ko maiatzean egin zen), informazioa eman zitzaien uko egiteko aukerari buruz eta haren ondorioei buruz, eta azkenean erabaki zuten adjudikatutako etxebizitzari uko ez egitea.

    Kexa-egileak aipatzen duen idazkiari dagokionez, zeinaren erantzunik ez duela jaso esaten baitu, esan beharra dago 2009ko apirilaren 21ean sartu zela departamentuko erregistroan, hau da, kexa-egileak erakunde horretara jo baino 7 egun baliodun lehenago, eta departamentuan Arartekoari aurkeztutako kexaren idazkia iritsi baino 11 egun lehenago. Horrenbestez, erabaki zen interesdunari erantzutea zuen ofizioari erantzuteko zure erakundera igorritako erantzunaren bitartez.

    Azkenean, eta azaldutako aurrekariak gorabehera –horietatik, izan ere, argi eta garbi ondorioztatzen da kexa-egileek erantzukizun bat badutela orain salatzen duten egoeraren sorreran–, esan beharra dago 140 x 70 cm-ko bainuontzi bat jartzeko obra handi samar bat egin behar dela etxebizitzan, eta sustatzaileak uste du izenpetutako kontratua bete besterik ez duela egin”.

    Aurrerago, departamentuak beste txosten bat igorri zuen, non adierazten baitu interesdunen etxebizitzan beste bainugela bat badagoela, dutxa, konketa eta komuna badituena. Hartan, modua legoke bainuontzi bat jartzeko, konketa eta komuna kendu beharko liratekeen birmoldaketa bat eginez. Hala eta guztiz ere, minusbaliatuentzat egokitutako bainugelan, modua legoke 1,40 x 0,70 m-ko bainuontzi bat jartzeko, pasatzeko tartearen zabalera 1,10 metrotik 1 metrora aldatuta.

AZTERKETA

  1. Bi dira kexa-egileak planteaturiko gaiak. Lehenbizikoa sakonekoa da, eta prezio tasatuko etxebizitza bateko bainugelaren bizigarritasunerako gutxieneko baldintzak ez betetzean datza. Bigarrena formazkoa da, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztutako erreklamazio bati erantzunik ez ematean datza.

  2. Prezio tasatuko etxebizitzako bainugelaren bizigarritasuneko gutxieneko baldintzei dagokienez, hori baita lehenbiziko gaia, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere idazkian dio [?] andreari eta [?] jaunari adjudikatutako etxebizitza mugimendu-ezgaitasun larria zuten pertsonentzat gordetako bat zela, baina adjudikazio-hartzailerik gabe geratu zirenez, halako ezgaitasunik ez zuten beste eskatzaile batzuei eskaini zitzaizkien, haien artean kexa-egileei.

    Mugimendu-ezgaitasun larria duten pertsonei adjudikatzeko gordetako etxebizitzak direnez, Etxebizitzari Babes Publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko 18.3 artikuluan ezarri bezala, erabilerraztasunari buruzko berariazko arau batzuk bete behar dituzte, bai eta Etxebizitza gaietako ekintza babesgarriak eta bizileku eraikinen sustapena arautzen duen 4/2006 Foru Dekretuko hogeita batgarren xedapen gehigarrian ezarritako gutxieneko baldintzak ere.

    Arau horiek betetzeko, departamentuak, bere idazkian, honakoaren berri ematen zuen: “Etxebizitza horietako bainugelak oso modu zuzenetan diseinatu ziren gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonentzat, halako moduan non bainuontziak kendu baitziren eta bainugela osoa egokitu baitzen hustubide zentrala duen dutxa bat jarri ahal izateko.

    Erakunde honek Administrazioak emandako azalpena onartzen du. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da, era berean, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua.

    Administrazioa zuzenbideko subjektua den aldetik, arau juridikoen hartzailea da, eta guztiz bete behar ditu legea eta zuzenbidea, Espainiako Konstituzioko 103.1 artikuluak eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26kko 30/1992 Legeko 3. artikuluak ezarri bezala.

    Martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuko aitzinsolasak ezartzen duen bezala, etxebizitzek bete beharreko bizigarritasun baldintzen eskakizuna heldu da herritarrek etxebizitza duin eta egoki batez gozatzeko daukaten eskubidetik. Zuzenbidea independentea da etxebizitza edukitzeko modutik eta hartara sarbidea izateko bidetik.

    Horrenbestez, argi dago mugimendu-ezgaitasun larria duten pertsonei adjudikatzeko gorde diren etxebizitzek ere martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuan ezarritako gutxienekoak bete behar dituztela. Haren II. eranskinak, 16. artikuluan, bainugelek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu.

    “1. Bainugelak gutxienez ere 2,50 m2 edukiko ditu, eta gutxienez ere dutxa, komuna eta konketa edukiko ditu. Behar adina toki eduki beharko du dutxaren ordez 1,40 x 0,70 metroko bainuontzi bat jartzeko”. Aztergai dugun kasuan, etxebizitzako bainugelak foru dekretuan ezarritako gutxieneko azalera betetzen du, 1,30 x 3 metro baititu. Hala eta guztiz ere, ez ditu betetzen 16. artikuluko 1. idatz-zatiko bigarren zatia, non honakoa aipatzen baita: “behar adina toki eduki beharko du dutxaren ordez 1,40 x 0,70 metroko bainuontzi bat jartzeko”. Izan ere, ordezte hori egiteko, oso obra zail eta garestia egin behar da kexa-egileen etxebizitzako bainugelan.

    Gai horri buruz Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emaniko erantzunean, kexa-egileak orain salatzen duten egoeran duten erantzukizuna aipatzen da, eta esaten da 1,40 x 0,70 metroko bainuontzi bat jartzeko nahikoa obra handia egin behar dela, eta pasatzeko tokia 1,10 metrotik metro batera gutxitu behar dela. Ezin da horrelakorik onartu.

    Erakunde honen ustez, mugimendu-ezgaitasun larria duten pertsonentzat gordetako prezio tasatuko etxebizitza bat izatea ez da oztopoa martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuko II. eranskineko 16. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

    Argi dago dutxaren ordez foru dekretuan aipatzen den tamainako bainuontzi bat jartzeak ez duela obra zail bat suposatu behar, zeren eta horrek esan nahi aipatu arau juridikoaren teleologiaren aurka joatea; izan ere, arau horrek, kalitate irizpideekin, etxebizitza orotan exijitzekoak diren gutxieneko baldintzak ezarri nahi ditu.

    Horrenbestez, bainugelak gutxieneko tamaina betetzeaz gainera (kasu honetan haiek bete eta gainditu ere egiten ditu), beharrezkoa da dutxaren ordez bainuontzia jarri ahal izatea, “nahikoa obra handia” edo obra zaila egin gabe. Zailtasun horiek izateak argi adierazten du ez direla betetzen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuko 16. artikuluan ezarritako gutxieneko bizigarritasun baldintzak.

  3. Interesdunak bigarren gai bat aipatzen du eta harengatiko kexa ere agertzen du: Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu zuen erreklamazioari erantzun ez izana.

    Izan ere, departamentuak berak jakinarazten duen bezala, erreklamazio hori 2009ko apirilaren 21ean sartu zen erregistroan, kexa-egileak erakunde honengana jo eta 7 egun baliodun eskas iraganak zirenean; horrenbestez, Administrazioak oraindik bazuen denbora erantzuteko, eta ez zuen urratu herritarraren eskabidea berariaz ebazteko betebeharra.

    Hala eta guztiz ere, ez da baliagarria Administrazioak kexa-egileari erantzuteko erabiltzen duen bidea, bilatzen baitu erantzuna erakunde honi igorritako txostenaren bitartez ematea.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42 artikuluak honakoa ezartzen du:

    “1. Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.

    …/…”

    Azken batean, zalantzarik gabekoa da Administrazioak berariaz ebatzi behar dituela herritar guztien eskabideak eta, modu korrelatiboan, herritarrek eskubidea dutela Administrazioaren berariazko erantzuna jasotzeko. Erantzun hori zuzenean eman behar zaio herritarrari, eta ez zeharkako bideetatik, kasu honetan Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak nahi zuen bezala.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoratzea Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuko II. eranskineko 16. artikulua orokorki betetzeko legezko betebeharra duela.

  2. Departamentu horri gogoraraztea herritarren eskabide eta eskari guztiei –zehazki, kexa-egileak eginiko eskabideari– berariaz erantzun behar diela.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

  4. Interesdunari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia