Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 21eko 142/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 21

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con la las fechas fijadas para la realización de las pruebas de selectividad correspondientes a septiembre por resultar incompatibles con el comienzo de curso de algunas carreras universitarias

Exp: 09/405/E

: 142

Hezkuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 8an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa batu aurkezten zuen selektibitate azterketak egiteko finkatu diren datengatik, 2009ko irailean.

    Azaltzen zuen selektibitate azterketak egiteko data gisa irailaren 14a, 15a eta 16a ezarri direla, baina aurten graduko ikasketak indarrean sartu direla, eta hain zuzen ere irailaren hasieran hasiko direla; horrek esan nahi du gradu horietakoren bat ikasi nahi duten eta selektibitate azterketak irailean gainditzen dituzten ikasleek –hilaren bukaerara arte ez dira emaitzak jakinen– edo gradu horiei uko egin beharko dietela edo ikasketa horietan hilabete beranduago hasi beharko dutela, horrek dakarrenarekin: eskola-orduak galtzea, ezagupen batzuetarako biderik ez izatea eta abar.

    Kexa-egileak uste du arazo larri bat dela, eta Administrazioak konponbidea eman behar diola iraileko deialdi bereziko selektibitate azterketak aurreratuz, hain zuzen ere gradu-ikasketekin hasi ahal izatearekin bateragarri egiteko.

  2. Kexa aztertuta, txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, hartan planteaturiko bi gaiei buruz. 2009ko uztailaren 15ean, txosten hori sartu zen erakunde honetan. Hartan, honakoa ageri da jasota:

    “Azterketa egiteko data Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposatzen dio selektibitate azterketak antolatzen dituen batzordeari. Batzorde horren eginkizunen artean dago “sarbide probetako deialdia egitea eta horiek egiteko egun-orduak ezartzea” (otsailaren 18ko 42/2000 Foru Aginduko 5. artikulua).

    Batzorde horretara departamentuko ordezkari bat joaten da, ikuskatzaile bat.

    Ez dakigu selektibitatea egiteko data erabaki zen NUPek egutegia aldatu aurretik edo aldatu ondoren (urtarrilaren 22an, egutegien aldaketari buruzko albistea argitaratu zen egunkarietan, EEES9 delakoarengatik.

    NUPen dagoen arazo bakarra Irakasle-ikasketetako graduekin gertatzen da, horiena baita egutegia aurreratu den kasu bakarra.

    Nafarroako Unibertsitateak jakitera eman zigun bezala, egoerari buruzko azterlan bat egina zuten, eta ikasle gutxi batzuengan baino ez omen zuen eragina; horrenbestez, haien ustez arazorik ez zegoen, ikasle horiek baldintzapeko ikasle gisa onartuko baitzituzten. ”

AZTERKETA

  1. Gaiaren mamia modu egokian aztertzeko, ohartarazi behar da aurkeztutako kexak hezkuntzaren arloko plangintzaren ahalmenean eragina duela; zehazki, unibertsitate ikasketetara sartu ahal izateko selektibitate azterketen antolaketan. Kexa-egilea ez dago ados irailean egin beharreko selektibitate azterketetarako ezarri diren egunekin, graduko ikasketa batzuen hasierarekin bateraezinak izateagatik.

  2. Hezkuntza Departamentuaren txostenaren arabera, selektibitate azterketak egiteko egunak Nafarroako Unibertsitate Publikoak finkatzen ditu, eta kexa-egileak datak direla-eta salatu duen bateraezintasunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Unibertsitatean irakatsi beharreko Irakasle-ikasketen graduetan baizik ez du eragina izanen.

    Dirudienez, txostenaren ondorioa da ukitutako ikasleak gutxi izaki arazoa txikia dela, eta, horrenbestez, ez dela egokia selektibitate azterketak egiteko datak aldatzea, hain zuzen ere Irakasle-ikasketen hasierarekin bateragarriak izan daitezen.

  3. Erakunde hau ezin da ados egon argudio horiekin. Kontuan izanda eskolen eta irakasle-lanaren lehendabiziko hilabetea funtsezkoa izan ohi dela ikasleek ikasturtea ongi bideratzeko, guztiz ulertzekoa da gradu-ikasketak hasi eta hilabete beranduago hasteak nahaste handia eragitea ukitutako ikasleengan, ikasle horiek gutxi badira ere. Hori noski, ulertuta, logikoa den bezala, matrikulatzeko baimena eman zaiela, behin ikasturtea hasita dagonean.

    Erakunde honen irizpidearen arabera, ikasle horiek ez dute kexan azaldutako daten deskoordinazioa nozitzeko betebehar juridikoa, haientzat eta haien ikasketetarako dakarren ondorio larriarekin. Deskoordinazio hori, izan ere, guztiz egoztekoa zaio, dirudienez, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, horixe baita selektibitate azterketak egiteko datak ezartzen dituena.

    Ikasle horiek Irakasle-ikasketak ikasturtearen hasieratik egin ahal izan ditzaten bermatzeko, horretarako erabateko eskubidea baitute, zalantzarik gabe, desiratzekoa litzateke Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera aztertzea ea aukera dagoen selektibitate azterketarako datak aldatzeko, edo, hori bidezkoa ez bada, Irakasle-ikasketen egutegiaren hasiera atzeratzeko, selektibitaterako datak eta gradu-ikasketen hasiera bateragarri egite aldera.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoari proposa diezaion irailean egitekoak diren selektibitate-azterketetarako datak aldatzeko, edo, kasua bada, Irakasle-ikasketen egutegia atzeratzeko, selektibitate azterketetako datak eta Irakasle-ikasketen graduko eskolen hasiera bateragarri egiteko.

  2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia