Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 21eko 141/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 21

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de respuesta a instancias presentadas en el Ayuntamiento de Tudela

Exp: 09/209/D

: 141

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko martxoaren 24an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Tuterako Udalak elektrizitateko armairu batzuk jarri zituelako bere jabetzapeko eraikineko fatxadan.

    Azaltzen zuen bere jabetzapeko higiezin batean, [?] plazako [?] zenbakian, udalak hormigoizko peto bat eta bertan elektrizitate-hornidurarako bi armairu jarriak zituela, hari baimena eskatu gabe. [?] andrea hitzez behin baino gehiagotan jarri zen udalarekin harremanetan azalpenak eskatzeko, bereziki udalak baduelako berearekin mugakidea den higiezin bat. Azalpenik ezin izan zuenez lortu, azkenean, idatziz zuzendu zitzaion udalari, eta bi eskabide aurkeztu zizkion, 2008ko urtarrilaren 30ean eta maiatzaren 19an. Haietan, jarritako elementuak kentzeko eskatzen du.

    Adierazten du ez duela idazki horien inongo erantzunik jaso, eta eskatzen du aipatu instalazioak kentzeko.

  2. Martxoaren 30ean eta maiatzaren 20an igorritako idazkien bitartez, txosten bat eskatu zitzaion Tuterako Udalari. Azkenean, 2009ko uztailaren 20an, udal horren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Harekin batera, kexa-egilearen jabetzapeko eraikinaren atzeko aldeko espaloian jarritako argiteria-koadroaren argazki-erreportaje bat eransten du. Koadroa eraikinaren fatxadatik kortxozko isolamendu batez bereizita dago. Hala eta guztiz ere, ez du ezer esaten kexa-egileak aurkeztutako eskabideen erantzunari buruz.

AZTERKETA

  1. Kexan, bi gai planteatzen dira. Lehenengoa sakoneko alderdiari dagokio, eta kexa-egilearen baimenik gabe argiteria publikoaren koadroa espaloian jartzean datza, hain zuzen ere kexa-egilearen jabetzapeko eraikinaren fatxadari atxikia.

    Bigarrena formazkoa da, eta udalean 2008ko urtarrilaren 30ean eta maiatzaren 19an aurkeztutako eskabideei erantzunik ez ematean datza da. Izan ere, eskabide horietan argiteria publikoaren koadroa eraikineko fatxadatik kentzeko eskatzen zuen.

  2. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 26.1.a) artikuluak “gutxieneko betebehar” gisa ezartzen du udal guztiek argiteria publikoa jarri behar dutela, eta betebehar hori behar bezala betetzeko, udalek aukera teknikoen esparru zabala dute, behar dituzten instalazioak jartzeko, bai jabari publikoko bidetan, bai eraikin publiko eta pribatuetako fatxadetan, betiere, kasuan kasuko instalazioaren beharkizun teknikoen arabera. Kasu honetan, argiteria publikoaren koadroa bide publiko batean jarri da (Ugarte kaleko espaloia), hain zuzen ere kexa-egilearen jabetzapeko eraikineko fatxadari atxikia.

    Argazki-erreportajea ikusita eta harekin batera datozen azalpen teknikoak aztertuta, erakunde honek ez du uste udalak gehiegikeriaz jokatu duenik derrigorrez eman behar dituen zerbitzu publikoen instalazioak egiteko dauzkan aukera teknikoez baliatzerakoan, edo arbitrariotasun edo irrazionaltasunetan erori denik argiteriaren koadroa jarri duen tokian jartzeko erabakia hartzerakoan. Horrenbestez, ez dirudi egokia denik horri buruzko inongo iradokizun edo gomendiorik egitea.

  3. Hala eta guztiz ere, besterik da kexa-egileak aurkeztutako idazkiei udalak erantzuteari dagokionez.

    Arau klasiko eta funtsezko bat badago administrazio prozedura erkidean: administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar die interesdunek aurkeztutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna ez dela udalari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, udalak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Kexaren xedea den kasuan, Tuterako Udalak ez die inongo erantzunik eman kexa-egileak aurkeztutako kexei. Hala eta guztiz ere, kexa-egileak idatzizko erantzuna, behar beste arrazoi ematen dituena, jasotzeko eskubidea dauka; hau da, erantzun bat non instalazioa egin zen bezala egiteko aintzat hartu ziren arrazoi teknikoak zehaztuko diren. Izan ere, azalpen horiek ikusita, behar den bezala jardun ahalko da.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Tuterako Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.

  2. Tuterako Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Tuterako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia