Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 21eko 140/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 uztaila 21

Ogasuna

Gaia: Disconformidad con el incremento del Impuesto de Contribución Urbana

Exp: 09/404/H

: 140

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 8an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Legardako Udalaren aurka, kontribuzioaren igoerari buruzko informazioa ez emateagatik.

    Azaltzen du 2008an 194,66 euro ordaindu zituela bere etxeko hiri kontribuzioarengatik. Aurten, katastroko balioa 75.906,20 eurotik 175.323,98 eurora igo denez, hiri aberastasunaren gaineko kontribuzioari zegokion 543,51 euroko kuota igorri zioten ordaintzeko.

    Agertzen du ez zaiola eman kontribuzioaren kuotan % 200eko igoera justifikatzeko behar adina informazio.

    Bukatzeko, zalantzan jartzen zuen kontribuzioaren igoeraren legezkotasuna.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Legardako Udaleko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. 2009ko uztailaren 1ean, Udaleko alkatearen txostena jaso genuen. Bertan, honakoa dio, hitzez hitz:
  • Hiri kontribuzioa zuzeneko zerga bat da, izaera erreala duena eta higiezinen balioa zergapetzen duena. Haren zergagaia ondasun horien gaineko eskubideen titulartasuna da; zerga-oinarria, berriz, ondasunaren katastroko balioa da; kontribuzioaren kuota, azkenik, zerga-oinarriari zergaren tipoa aplikatzearen emaitza da.
  • Hiri kontribuzioaren zerga-oinarria eta zerga-tipoak 2008ko ekitalditik 2009ko ekitaldira aldatu egin dira, behar ziren legezko izapideak egin ondoren amaitutzat eman ziren hurrengo BI espedienteen ondorioz:
    • Balorazio txostenaren berrikuspena, Nafarroako Zerga Ogasunaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 10eko 20/2008 Ebazpenaz onetsia eta 2008ko abenduaren 15eko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.
    • Zerga-tipoen berrikuspena. Udaleko Osoko Bilkuraren 2008ko urriaren 24ko erabakiaren bitartez onetsi ziren eta abenduaren 22kko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren.
  • Aurreko guztia dela eta, alkatetza honek honakoa ONDORIOZTATZEN DU:
    • Alkatetza honen iritziz, ezin da egotzi emaitza gisa katastroaren balioaren eta tributu kuotaren igoera izan duten espedienteetan behar adina informazio izan ez denik; izan ere, biak legez ezarritako izapideak betez gauzatu dira.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitatean dauden higiezinen katastro-balorazioa zerga-ondorioetarako lortzeko prozesua araututa dago Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroei eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legean eta hura garatzen duen erregelamenduan. Foru legeak xehetasunez beteriko prozesu bat jasotzen du. Prozesu horren oinarrizko mugarriak, aztergai dugun kasuan, honakoak izan dira:
    1. Balorazio txosten partziala, Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak onetsia eta 2008ko abenduaren 15eko NAOn argitaratua.

    2. Lursail bakoitzaren lurzoruari katastro-balio jakin bat esleitzea, aipatu txostenaren moduluak eta koefizienteak aplikatzearen ondorioz.

    3. Hiri Aberastasunaren Kontribuzioko zerga-likidazio banakatuak (lursailez lursailekoak, alegia). Horiek toki entitateak igorri ditu, 2009rako, zehaztutako katastro-balio horren arabera eta udaleko Osoko Bilkurak onetsi eta 2008ko abenduaren 15eko NAOn argitaratutako zerga-tipoaren arabera.
  2. Kexa-egileak azaldutako gai nagusia informazio falta denez, zeren eta baieztatzen baitu udalak ez diola eman nahi izan informazio gehiago, auzokideen bileratik ondorioztatu zenaz eta 2009ko hiri kontribuzioaren jakinarazpenean bertan agertzen denaz gainera, egiaztatu beharra dago Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Administrazioak eta Legardako Udalak aurrera eraman duten fase anitzeko prozesu horretan errespetatu ote den Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.g) artikuluan ezarritako informaziorako eskubidea. Bada, balorazio txostenaren onespena argitaratu ondoren (2008-12-15eko NAO), Nafarroako Zerga Ogasunak udalari jakinarazi zizkion higiezinei esleitutako balioak, eta handik aurrera udalak Katastroan sartu ahal izan zituen komunikatutako balio guztiak, betiere “horien banakako jakinarazpena egin ondoren” (Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroari buruzko Foru Legeko 21.8 artikulua).

    Kexaren idazkitik eta udalak berak emandako dokumentaziotik ondoriozta daiteke banakako jakinarazpen hori, Foru Legeak exijitzen duena, ez dela gertatu, eta, horrenbestez, eragotzi egin dela herritarrek beren interesetan eragina duten ekintza administratiboen aurka errekurtsoak aurkezteko eskubideaz baliatu ahal izatea.

    Azken batean, ezin dira udal katastroan sartu ondasun jakin baten balioaren esleipen berriak, balorazio txostenaren bidezko berrikuspenetik heldu direnak, aldez aurretik ondasun horietako bakoitzari eman zaion balioaren banakako jakinarazpena egin gabe. Eta aurrekoaren ondorioz, ez da bidezkoa tributu-kuota berriak ezartzea, zeren eta legez kontra ezarritako katastro balioetan oinarritzen baitira.

  3. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legeko 38. artikuluak honakoa ezarri zuen: “Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 141.3. artikuluko bigarren paragrafoan azaldutako ondorioetarako, banan-banan finkatu den baloreak ondorioak izanen ditu horri dagokion balorazio txostena onetsi eta hurrengo zergaldian”.

    Legardako Udalaren balorazio txosten partziala Nafarroako Zerga Ogasunaren Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 10eko 21/2008 Ebazpenaz onetsi zen eta 2008ko abenduaren 15eko NAOn argitaratu zen.

    Aurreko bi lerrokadak uztartuz, uler daiteke, hasiera batez, balio berriak aplikatu behar zaizkion zergaldia 2009. urteari dagokiona dela, eta horren oinarri juridikoa ez dela txostenaren onespena, baizik eta haren argitalpena. Txostenak eraginkortasuna izateko baldintza da hori, eta egintza administratibo horrek ezin du atzeraeraginik izan (Administrazioari eta Prozedurari buruzko azaroaren 26kko 30/1992 Legeko 59.3 artikulua).

    Bestalde, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeko 36.6 artikuluak honakoa ezarri zuen: “Balorazio ponentzia onesteko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Betiere, hogei egun naturaleko epean jendaurrean dagoen bitartean haren eduki osoa non ikus daitekeen adieraziko da”.

    Aipatu foru legeko 36.7 artikuluak, honakoa dio, gainera: “ Balorazio ponentziak indarra hartuko du aurreko idatz-zatian jendaurrean egoteko ezarritako epea bukatu eta biharamunean.”

    Aurreko bi lerrokadetatik ondoriozta daiteke Legardako balorazio txostenak ez duela eraginik izan 2009ko urtarrilaren 5era arte (NAOn argitaratu zenetik –2008-12-15a– hogei egun naturaleko epean).

    Lurralde kontribuzioari buruzko zergaldia bat dator urte naturalarekin, eta zergaldiaren lehenengo egunean sortzen da (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 141.2 eta 2 artikulua). Hau da, Legardako Udaleko 2009ko lurralde kontribuzioa 2009ko urtarrilaren 1ean sortu zen. Egun hartan (urtarrilaren 1ean), katastro-balio indardunak balorazio-txostenean aldarazitakoen aurrekoak ziren. Udalak, ordea, 2009ko lurralde kontribuzioa igorri zuen 2008ko azaroan onetsitako balorazio txostenetik heldu diren katastro balio berrietan oinarrituta. Horri dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Auzitegi Nagusiaren 2000ko irailaren 29ko epaiak (JT 2001/1608) honakoa ezarri zuen: “Katastro-balioen atzeraeraginezko aplikazioa onartuko balitz, subjektu pasiboak dauden zergapetze-egoerari segurtasun juridikoaren falta gehituko litzaioke, eta horren ondorioz, zerga sortzen den unean zalantza objektiboko egoeran egonen da hari dagokion zerga-oinarriari dagokionez (izan ere, txostena onetsita ere, hura argitaratu beharra dago, eraginkorra izateko, eta argitaratzen den unetik izanen ditu eraginak). Atzeraeragina guztiz bateraezina da Espainiako Konstituzioko 9.3 artikuluaren printzipio orokorrekin.

    Horrenbestez, bai erakundearen interpretazio-irizpide kontzeptualaren alde eginez, bai legegilearen borondatea aztertuz, nabarmen ageri da zergaren likidazioa katastro-balio indardunean oinarritu behar dela, hain zuzen ere likidatu nahi den zergaren sortzapenean eraginkorra den horretan, eta eraginkortasuna izateko, kasuan kasuko argitalpena behar dela”.

    Horrenbestez, 2008ko azaroan onetsitako balorazio-txostenetik sortutako katastro-balioak, 2009ko urtarrilaren 5etik aurrera eraginkortasuna izanen zutenak, ezin dira aplikatu 2009ko lurralde-kontribuzioaren kuota ezartzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Legardako Udalari gogoratzea beti ondoko artikuluak betetzeko legezko betebeharra duela. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legeko 21.8 artikuluko hirugarren lerrokada, 36.6 artikulua eta 36.7 artikulua; eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10ko 2/1995 Foru Legeko 141. artikulua. Horrenbestez, lege agindua betetzeko behar diren erabakiak hartu beharko ditu.

  2. Legardako alkate jaunari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  3. Erabaki hau alkate jaunari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia