Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Falta de contestación a una solicitud de subvención para la renovación de tejado
Exp: 09/425/U
Nº: 139
Hirigintza eta etxebizitza
2009k ekainaren 22an, erakunde honetan [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ez ziolako erantzunik eman 2008ko irailean diru-laguntza bat jasotzeko egindako eskariari. Diru-laguntza hori Iruñeko [?] kaleko [?] zenbakiko etxebizitzen multzoko teilatua berritzeko eskatua zuen.
Azaltzen zuen obrak jada bukatuta daudela, baina oraindik ere ez dietela erantzun diru-laguntza emanen dieten ala ez dieten emanen, nahiz eta behin baino gehiagotan jo duten departamentura. Adierazten du beti erantzun bera ematen dietela, hain zuzen ere 2008ko irailean aurkeztutako eskabideak oraindik ere berrikusten ari direla. Kexa-egilearen ustez, ezin da justifikatu erantzuna emateko hainbeste berandutzea, 10 hilabete baino gehiago iragan baitira.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari gaiari buruz txostena eskatu genion, eta 2009ko uztailaren 3an departamentuak igorritako txostena iritsi zitzaigun. Honakoa zioen, hitzez hitz:
“Iruñeko [?] kaleko [?] zenbakiko etxebizitzen multzoko teilatua berritzeko 2008ko irailean aurkeztutako diru-laguntza eskariari erantzunik ez emateari buruz [?] jaunak aurkeztutako 09/425/U kexa dela-eta, honako informazioa eman behar dizut.
Ekainaren 24an, Nafarroako Arartekoaren jakinarazpen bat jaso genuen departamentu honetan, hain zuzen ere 09/425/U kexa-espedienteari dagokiona. Izan ere, [?] jaunak kexa bat aurkeztua zuen 2008ko irailean eraikin bateko isolamendu termikoa hobetzeko diru-laguntza baten eskaria aurkeztu zuelako, baina ez zitzaiolako erantzunik eman. Hori dela eta, interesdunak uste du ez dagoela justifikaturik erantzuna jasotzeko hainbeste berandutzea.
Diru-laguntzetarako deialdi horretan, eskabideak aurkezteko epea 2008ko uztailaren 31tik urriaren 15era arte egon zen zabalik, eta 3.142 eskabide jaso ziren. Jasotzea espero zen eskarien kopuru handia dela eta, diru-laguntzak sarrera-hurrenkeraren arabera ebaluatzeko eta emateko prozedura bat ezarri zen (banakako ebaluazioa), prozedura ahal zen guztian arintzeko. [?] jaunak 2008ko irailaren 29an aurkeztu zuen bere eskaria, eta 2.258 zenbakia dauka.
2007an, diru-laguntzetarako deialdi horretan, 1.728 eskabide jaso ziren. Horrenbestez, urte horretatik hurrengo urtera izan den igoera oso handia izan da, eta espero zena gainditu du. Giza baliabideen mugak direla eta, espedienteen balorazioa eta diru-laguntzak baietsi edo ezetsi izateari buruzko jakinarazpenak nahi genuena baino gehiago atzeratzen ari da beranduago aurkeztu ziren espedienteen kasuan (horixe da orain aztergai duguna). Horri gehitu beharra zaio eskabideen heren bat baino gehiago ez direla zuzen aurkeztu; hori dela eta, haiek zuzentzeko eskatu ohi da, eta horrek prozedura atzeratzea eragiten du. Garrantzitsua da adieraztea zuzenketen ehunekoa txikiagoa dela 2007ko deialdiaren kasuan baino, zeren eta eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa erraztu egin baitira.
[?] jaunaren espedientearen kasu zehatzean, esan beharra dago espediente hori oraindik ere ez dela ebaluatu, haren aurretik eskari asko zeudelako. Departamentu honek lehentasuna eman dio emandako laguntzak jakinarazi eta ordaintzeari, ezetsitako eskarien aurretik. Izan ere, ezetsitako horien jakinarazpenak abuztuan eta irailean eginen dira.
Hala eta guztiz ere, eskarien bolumen handia ikusita, eskari horiek errazteko beste formula batzuk aztertzen ari gara, bai aurkezpenari dagokionez –zuzendu beharrekoak gutxiago izan daitezen–, bai ebaluazioari dagokionez ere, hain zuzen ere jakinarazpenen epea laburragoa izan dadin.”
Kexaren muina da 2008ko irailaren 29an aurkeztutako diru-laguntzaren eskariari erantzunik eman ez izana. Izan ere, kexa aurkeztu zen egunean, 2009ko ekainaren 22an, hau da, bederatzi hilabete geroago, oraindik ere ebatzi gabe dago.
Arau klasiko eta funtsezko bat badago administrazio prozedura erkidegoan: administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar die interesdunek aurkeztutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen diru-laguntzei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiek ebazteko gehieneko epe bat ezarri zuen. Foru lege horren 23. artikuluan ezartzen da diru-laguntzari buruzko arauan edo diru-laguntzaren deialdian prozedura ebazteko ezarritako epea iraganik, berariazko ebazpenik ez badago, eskaera ezetsitzat jo ahalko da.
Legearen agindu horri jarraituz, Enpresako zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 2184/2008 Ebazpenak, zeinak onetsi baitzuen eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko diru-laguntzen 2008ko deialdia (2008ko uztailaren 30eko 93. NAO), zazpigarren oinarrian ezarri zuen ebazpena gehienez ere sei hileko epean eman eta jakinaraziko dela, eskabidea aurkezten den egunetik kontatzen hasita, eta epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganez gero, eskabideak ezetsitzat joko direla, administrazio-isiltasunaren bidetik.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –aipatutako 2184/2008 Ebazpenaren arabera kasu honetan sortu dena– ez dela departamentuari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, departamentuak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak, bederatzi hilabete baino gehiago iragan direnean, ez dio kexa-egileak egindako diru-laguntza eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Erakunde honek ederki ulertzen du Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua gainezka egotea, aurkeztu zaizkion eskabideen kopuru handiarengatik eta haiek behar den epean ebazteko behar diren giza baliabideak ez edukitzeagatik. Hala eta guztiz ere, Administrazioak arauari eta herritarren interesei ezinbestez lotuta egon behar duenez, ezin da inolaz ere justifikatu erantzuteko eta jakinarazteko legez ezarritako epeen erabateko ez-betetzea.
Administrazioak kasuan kasuko aurreikuspenak egiteko betebeharra dauka (langileak aldi baterako kontratatzea eta abar), arauaren betetzea bermatze aldera.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
EBATZI DUT:
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legeko 23. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia