Partekatu edukia
Ogasuna
Gaia: Disconformidad con la reclamación de intereses de demora por deuda tributaria
Exp: 09/375/H
Nº: 138
Ogasuna
2009ko maiatzaren 29an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Iruñeko Udalaren aurka, berandutza interes batzuen erreklamazio batengatik.
Azaltzen zuen udalak, hiri lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zergaren erregulazioa proposatzerakoan, 2005eko apirilean erositako garaje batengatik, 115,73 euro erreklamatu zizkiola berandutza interesengatik.
Agertzen zuen harrituta zegoela inoiz ere zor zuenik jakinarazi ez zitzaion zor baten interesen erreklamazioarekin.
Gehitzen zuen ez dagoela ados udalarekin, esaten duenean garajearen esku-aldaketaren berri izan duela salerosketan esku hartu zuen notarioak berriki egindako jakinarazpenaren bidez; izan ere, udala, 2005etik, higiezinaren erosi zen urtetik hain zuzen, garaje horren hiri aberastasunaren gaineko zerga kobratzen aritu da.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Iruñeko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
2005-03-22an, [?] andreak, salerosketa bidez, [?], [?] jaunari, [?] jaunari eta [?] andreari honako higiezinak erosi zizkien:
Iruñeko [?] auzoko [?] etxe-multzoko [?] kaleko [?] zenbakiko etxeko [?] etxebizitza edo pisua, 81,83 m2-ko azalera eraikiarekin (04/018/009/08 zenbakiko katastro erreferentzia).
Jabetzaren zortziehun eta hogeita hamaikaren bat egiten duen parte-hartze banaezin bat, zehazki [?] kaleko [?] eta [?] zenbakiak dituzten etxeetako [?] sotoko [?] zenbakiko garaje plaza.
Salerosketa [?] notario jaunak egiletsitako eskritura publikoaren bidez formalizatu zen. Haren protokoloko 502/2005 zenbakia egiten zuen.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1985 Foru Legeak honakoa ezartzen du:
172. artikulua: Izaera urbanoko terrenoen balio gehikuntzaren gaineko zerga, tributu zuzena da eta terreno horiek izan duten balio gehikuntza kargatzen du, gehikuntza hori agertzen delarik nahiz terrenoen jabetza eskualdatzeagatik, nolanahi ere dela, nahiz terreno horien edozein gozatze eskubide erreal, jabaria mugatzen duena, eskualdatzeagatik.
174.b) artikulua: Zergaren subjektu pasiboak dira terreno eskualdatzeetan edo ordaindu beharrez jabaria mugatzen duten gozatze eskubide errealak eratu edo trasmititzean, terrenoaren trasmititzaileak edo kasuko eskubide erreala eratu edo eskualdatu egiten duen pertsona. Hala ere, erostunak zergadunaren ordezkoak eginen ditu, non eta erostun hori ez den subjektu salbuespena duten pertsona edo erakundeetakoa.
Zergadunaren ordezkoa izanen da, Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 23. artikuluaren arabera, hala aginduta eta haren ordez tributu obligazioaren prestazio material eta formalak egitera beharturik dagoen subjektu pasiboa.
177 a) artikulua: Zerga sortuko da lurraren jabetza eskualdatzen denean, kostubidez edo doan, bizien artean edo heriotzagatik, eskualdatzen den egunean berean.
178,1. artikulua: Subjektu pasiboak edo, hala balitz, haien ordezkoek, beharturik daude aitorpena Udalaren aurrean aurkeztera; aitorpen horretan agertuko dira bidezko likidazioa egiteko tributu-harremanerako elementu nahitaezkoak.
Aitorpen hori aurkeztuko da, zerga sortzen denetik hasita ondoko epe hauetan:
Bizien arteko egintzak direnean, epea bi hilabetekoa izanen da.
Aitorpenari agiri bat erantsiko zaio, non ezarraldia sortzen duten egintza edo kontratuak agertuko diren.
Notarioak beharturik egonen dira behar den Udalari igortzera, hiruhileko bakoitzaren lehen hamabostaldian, aurreko hiruhilekoan baimendu dituzten agiri guztien zerrenda edo aurkibidea, zerga honen zergagaia gauzatu dela agerian uzten duten gertakari, egintza edo negozio juridikoei buruzkoak, azken borondatezko egintzak izan ezik.
Bestalde, Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 113.2 artikuluak honakoa ezarri zuen: Kudeaketa organoek behin-behineko likidazioak diktatzen ahal dituzte ofizioz, tributu aitorpenetan kontsignaturiko datuen eta aitorpenarekin aurkeztutako edo propio eskatutako frogagirien arabera.
Era berean, behin-behineko likidazioak diktatzen ahal dituzte ofizioz, bere esku dituen froga-elementuek agerrarazten dutenean zergagaia gauzatu dela, aitortu gabeko elementuak badaudela edo tributu zorraren zenbatekoa determinatzen duten elementuak, aitortutakoez bestekoak, badaudela.
Esku artean daukagun kasuan, erreklamazio-egileak –eskualdatutako higiezinen eroslea eta, horrenbestez, hiri lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zergaren subjektu pasiboa, zergadunaren ordekoa den aldetik– ez zuen aginduzkoa den aitorpena aurkeztu salmenta eskritura publiko bidez formalizatu eta bi hileko epean, nahiz eta hori egitera behartuta egon.
Horrenbestez, departamentu honek, notarioaren komunikazioaren bidez salmenta hori egina zela jakin ondoren, eskatu zion behar zen dokumentazioa aurkez zezan, hain zuzen ere tributuaren likidazioa egiteko. Errekerimendu hori 2009-02-26an jakinarazi zitzaion interesdunari (horren kopia erantsi dugu), eta bertan ohartarazten zaio, halaber, prozedura izapidetzean arau-hausteren bat izan daitekeen jokabideren bat atzemanez gero, paraleloki behar zen zehapen prozedura irekiko zela.
Puntu honetan, komeni da zehaztea ezen, ikusi dugun bezala, legeak zergadunaren ordezkoari ezartzen diola aitorpena behar den epean egiteko betebeharra. Aitorpen horrekin batera, zergapetzea eragiten duen ekintza edo kontratua agertzen duen dokumentua aurkeztu beharra dago. Eta baldintza hori ez da nolanahikoa, zeren eta dokumentu hori funtsezkoa izaten baita tributua zuzen likidatzeko, behar diren datu guztiak ematen baititu plusbalioa sortu deneko epea ezartzeko. Aitorpen hori, horrenbestez, ezin da ordeztu notarioaren komunikazio huts batekin edo subjektu pasiboak beste edozein kontzeptu nahiz tribututarako egin beharreko beste edozein aitorpen edo komunikaziorekin, dela udalean, dela beste administrazio batean.
Erreklamazio-egileak, egindako errekerimenduari erantzunez, kasuko eskritura publikoa aurkeztu zuen. Horrenbestez, 2009-03-26an, zorra erregularizatzeko proposamena egin zen (proposamenaren kopia erantsi da). Proposamen horretan, izan ere, haren zenbatekoa eta aitorpena aurkeztu behar zen egunetik aurrera sortutako interesak jasotzen dira. Interes horiek, jurisprudentziak aitortu izan duen bezala, kalte-ordainaren izaera hutsa dute, eta ez zehapen izaera. Horrenbestez, horiek sortzeko ez da beharrezkoa ez Administrazioak aurretik ohartarazi izana, ez eta zergadunak atzerapenarengatik erruduna izatea.
Erregularizazio proposamen hori maiatzaren 14an jakinarazi zitzaion interesdunari, eta hartan ohartarazten zaio 15 eguneko epean haren aurkako alegaziorik aurkeztu ezean, tributu-likidazioa jakinarazita dagoela joko dela, eta hurrengo hogeita hamar eguneko epean ordaindu beharko dela. Hori guztia Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 113. artikuluan ezarritakoaren babesean –artikulu hori lotuta dago ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretuko xedapen gehigarriko 30. lerrokadarekin–. Espedientean ez dago jasota erregularizazio proposamena dela-eta alegaziorik aurkeztu denik.
Bestalde, interesduna ados ez baldin bazegoen likidazioan jasotako kontzepturen batekin, errekurtso arruntak aurkezteko aukera zuen. Izan ere, erregularizazio proposamenaren jakinarazpenean haiei buruzko informazio zehatza dauka.
Hori guztia gorabehera, eta Arartekoari aurkeztutako kexa ikusita, Ez-Aldizkako Zergen Departamentuak egiaztatu du 2006ko ekainaren 2an, hiri lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zerga ordaintzeko deklarazioa aurkezteko legez ezarritako epea iragan eta hamahiru hilabete geroago, [?] jaunak katastroa aldatzeko eskabide bat aurkeztu zuela –ez hiri lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zergaren aitorpena–, arestian aipatutako higiezinen erosketarengatik.
Datu hori, kasua bada, kontuan hartu beharko litzateke zerga arloko arau-hauste bat izatekotan; izan ere, legez ezarri bezala zergaren ondorioetarako aitorpena egin ez bada ere, badirudi zergagaia ezkutatzeko inongo asmorik ez zegoela.
Perspektiba formalista batetik, ezin da inongo eragozpenik jarri udalaren jarduera dela eta. Toki Ogasunaren Alorreko zuzendariaren 2009ko otsailaren 10eko Ebazpena, udalak bere kabuz behin-behineko likidazio-espedientea abiaraztekoa, eta hiri lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zerga erregularizatzeko proposamena, 2009ko apirilaren 30ekoa, arau indardunen araberakoak dira.
Berandutza-interesak ezartzeko arrazoia dator aitorpena salerosketa egin zen unean aitorpena aurkeztu ez izatetik. Udal Ogasunarentzako kalteari konponbidea eman zaio zor nagusiari legezkoa den interesa aplikatuz, hain zuzen ere ordainketan gertaturiko atzerapena ekonomikoki konpentsatzeko; izan ere, ez ordaintzearen arrazoia, zerga-arauen arabera, kexa-egileari egoztekoa baita.
Aurreko puntuan azaldutakoa gorabehera, erakunde honen ustez, araua aztergai dugun kasuan aplikatzerakoan gehiegizko zorroztasunez jokatu da, eta horrek ekarri du inplikaturiko aldeetako baten gainean, ahulenaren gainean hain zuzen, Udal Ogasunari eginiko kaltearen zama guztia jartzea, nahiz eta udala bera izan den, neurri batean, egoera horretarako bidea eman duena.
Izan ere, 2006ko ekainaren 2an, salerosketaren eskritura publikoa aurkeztu ondoren, garajearen titulartasunari dagokion katastro-aldaketa eskatu zen. Hori dela eta, udal ogasunak bazekien hiri ondasun bat eskualdatua zela, eta eskualdatze horrengatik hiri lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zerga ordaindu beharra zegoela. Une hartan, egiaztapeneko izapide huts bat nahikoa izanen zen zergaren behin betiko likidazio-espedientea abiarazteko, horretarako behar ziren elementu guztiak mahai gainean baitzeuden: zergaren subjektu pasiboa eta salerosketaren eskritura publikoa. Halaber, udalak likidazioa formalizatzeko aukera izan zuen zergagaia gertatu eta gutxira, notaritzak 2005eko martxoaren 22ko eskrituren kopia igorri zuenean. Izan ere, komunikazio horretan jabetzaren eskualdatzea islatu zen, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 178.7 artikuluaren arabera fede-emaile publikoek betebehar hori bai baitute.
Azken batean, erakunde honen ustez, udala eta kexa-egilea erantzunkideak izan dira hiri lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioan gertatu den berandutzean. Horrenbestez, iruditzen zaigu gehiegizkoa dela berandutza interesa guztiak erantzukizuna duen aldeetako bakar batek ordaindu behar izatea. Azken batez, proportzionalagoa eta orekatuagoa iruditzen zaigu 2006ko ekainaren 2tik aurrerako berandutza interesak, egun hartan aurkeztu baitzuen Blanco andreak Udal Ogasunean salerosketaren eskritura eta katastroa aldatzeko eskabidea, hark ordaindu behar ez izatea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Iruñeko Udalari iradokitzea kexa-egileak ordaindu beharreko zorra alda dezan, eta hiri lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zerga erregularizatzeko proposamen berria egin dezan. Proposamen berri horretan, dena den, ez ditu sartuko 2006ko ekainaren 2tik 2009ko martxoan zerga ordaintzeko udalean eskritura aurkeztu zuen egunera arteko epeari dagozkion berandutza interesak.
Iruñeko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia