Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 1eko 133/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 01

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Producción de humedades y filtraciones por obras de pavimentación

Exp: 09/314/O

: 133

Herrilanak eta zerbitzuak

AURREKARIAK

  1. 2009ko maiatzaren 4an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du bere etxebizitzan gertatu diren hezetasun eta filtrazioengatik, hain zuzen ere zolaberritze lan batzuen ondorioz (egiaztagiri gisa, argazkiak erantsi ditu).

    Azaltzen du Bargotako Udalak 2008ko urtearen erdialdean bideak zolaberritzeko lan horiek egin zituela, eta haiek egitearekin batera, interesdunaren etxebizitzan ur filtrazioak eta hezetasun arazoak gertatzen hasi zirela.

    Interesdunak behin eta berriz jo du Administraziora, bere etxebizitzan ura sartzen dela salatzeko. Udalak, kexei erantzuteko, zenbait neurri hartzea erabaki badu ere, neurri horiek ez dira egokiak izan arazoa konpontzeko, eta arazoak, izan ere, bere horretan dirau. [?] jaunak arazoari konponbidea behin betiko emateko eskatzen du.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Bargotako Udalari.

Igorritako txostenean, honakoa ageri da:

  • “2008. urtean, Bargotako Udalak kaleak zolaberritzeko lanak egin ditu, hornidura eta saneamendu sareak berritzeko lanekin batera. Horiek Jurramendiko Ur Mankomunitatearen eskumena dira, eta obra guztiak Excavaciones Fermín Osés, S.L. enpresari adjudikatu zitzaizkion.

  • Lehenbizi, esan beharra dago obrak exekutatzeko fasean, Aztiaren Plazan, eta [?] jaunak aurkeztutako kexen ondorioz, hodi bat jarri zela arketatik hasita, [?] jaunaren etxebizitzatik desbideraturiko irteera batekin, ura hodi horretatik drainatzeko. Horretarako, kaleko tarte bat altxatu behar izan zen. Lan horiek ez zeuden obrari buruzko hasierako proiektuan aurreikusita, eta obrako zuzendari ingeniariaren eta enpresa adjudikazio-hartzailearen aholkuz egin ziren, hain zuzen ere etorkizunean [?] jaunaren etxebizitzan filtrazio arazorik egon ez zedin.

  • Une horretatik, askotan, bai obrako zuzendari ingeniariak– erantsitako txostenean ondoren islatuko duen bezala– bai enpresa adjudikazio-hartzaileko ingeniariak adierazi izan dute etxebizitzek hezetasun arazorik izan ez dezaten, eta are gehiago kaleak maila desberdinetan dauzkaten herrietan, iragazgaizturik egon behar dutela. Izan ere, erreklamazio-egilearen etxea ez dago iragazgaizturik.

  • Ondoren, 2008ko azaroaren 6an, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen, non ondorengoa azaltzen baitu: “Kaleak zolaberritzeko lanak egin zirenean, ura sartu zen nire etxebizitzan; obrak bukatu dira eta lehenengo euriak etortzearekin, ura sartu da berriz ere etxebizitzan (obrak egin aurretik ez zen ez urik, ez hezetasunik sartzen.” (1. agiria).

  • 2008ko azaroaren 6an, Bargotako Udaleko Batzorde Kudeatzailearen Osoko Bilkurak erabaki zuen “[?] igeltseroari enkargatzea Aztiaren Plazako arketak zigila ditzan, zeren eta litekeena baita ura arketa horietatik etortzea; hala ez bada, beste neurri batzuk hartuko dira ura etxebizitzan sar ez dadin”. Interesdunari erabakiaren berri eman zitzaion (2. agiria).

  • 20008ko abenduaren 11n, [?] jaunak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen aipatu erabakiaren aurka, “... hartutako neurriarekin ados ez egoteagatik, neurria desegokia eta ez-nahikoa delako”. [?] arkitekto jaunak hezetasun eta filtrazioei buruz eginiko txostena gehitzen du (3. eta 4. agiriak).

  • 2009ko urtarrilean, Bargotako Udaleko Batzorde Kudeatzaileko Osoko Bilkurak aurkeztutako errekurtsoa ezetsi zuen, zeren eta “... aurkatutako erabakian ezartzen baitzen arketak zigilatzeko konponbideak balio ez bazuen, beste neurri batzuk hartuko zirela etxebizitzan ura sar zedin saihesteko, eta [?] jaunari honako neurria proposatzen dio: Udala fatxadan zehar hormigoia ebakitzeaz eta behar den zanga irekitzeaz arduratuko da, eta [?] jaunak fatxada iragazgaiztu eginen du, eta iragazgaiztearen kostuak bere gain hartuko ditu. Udalak, gero, zanga estali eta hormigoia hasieran zegoen moduan utziko du”. (5. agiria).

  • 2009ko urtarrilaren 9an, udalak gorabeheren partea igorri zuen; besteak beste, horien artean [?] jaunarena ageri da (6. agiria). 2009ko otsailaren 12an, Jurramendiko Ur Mankomunitateari igorri zitzaion (7. agiria). Mankomunitateak, berriz, 2009ko otsailaren 20ko txostena eman zuen, non, [?] jaunaren erreklamazioa dela-eta honakoa baitio: “Obrak udalak onetsitako proiektuaren eta eraikuntza zuzenaren arauen arabera egin direla. Egiaztatu da erreklamazio-egilearen etxebizitzako beheko solairua lurraren kontra dagoela, eta ez dagoela iragazgaizturi. Etxebizitzaren barreneko aldetik kaleko terreno naturala ikusten da. Horrenbestez, jotzen dut normala izan daitekeela etxebizitzan hezetasunak egotea, eta hezetasun horiek iristea kaleko lurraren azpiko uretatik. Nolanahi ere, kontratistari agindu zaio etxebizitzaren ondoan dagoen balbuletako arketatik hustubide bat egin dezan, ura saneamendurako hodietara eramateko” (8. agiria).

  • 2009ko martxoaren 11n, txosten hori [?] jaunari helarazi zaio. (9. agiria).

  • 2009ko otsailaren 9an, 2009ko martxoaren 5ean eta 2009ko apirilaren 7an, [?] jaunak idazkiak aurkeztu zituen, bere etxebizitzan ura sartzen zela berresteko. (10. 11. eta 12. agiriak).

  • Gaurko egunean, esan beharra dago kontratistak arketan hustubidea egin duela, zuzendaritza fakultatiboaren txostenean exijitu bezala.

  • Azkenik, jakinarazi behar dugu udal honek, arazoari konponbidea emateko, beti teknikarien iritzia hartu duela kontuan, eta teknikariek aholkatutako jarduerak egin dituela. Are gehiago, bere erantzukizunari dagozkion jarduera guztiak egiteko prest dago, betiere teknikarien aholkuarekin, [?] jaunak adierazitako arazoari konponbidea emateko”.

AZTERKETA

  1. Planteaturiko kasuan, atzematen dugu obra publiko batzuk (zolaberritze lanak eta sareak eta saneamendua berritzeko lanak) exekutatzearen ondorioz, kexa-egilearen etxebizitzan filtrazioak gertatzen eta hezetasunak agertzen hasi zirela.

    Ez dirudi zalantzazkoa denik obrak egitearen eta etxebizitzan salatutako arazoak agertzearen arteko kausa-ondorioa lotura, nahiz eta, egia esan, [?] jaunaren higiezina iragazgaiztu gabe egoteak ere horretan eragina izan lezakeen. Baina etxebizitzaren ezaugarri hori lehenagotik ere bazegoen, eta hala eta guztiz ere hezetasun eta filtrazio arazorik ez zegoen. Horrenbestez, ondorioztatu beharko dugu obren exekuzioa determinantea izan dela arazoa sortzeko.

  2. Aurrekoa esan ondoren, ez dugu atzeman Bargotako Udalak kausa-ondorioa lotura hori ukatu duenik (horixe egiaztatzen du zenbait neurri hartu izanak) edo bere eskumenak bete ez dituenik.

    Besterik da gaur arte erabakitako neurriak eraginkortasunik eduki ez izana lortu nahi zen helburua lortzeko. Horri dagokionez, erakunde honek gogoratu behar du Administrazioak eraginkortasunaren printzipioari jarraituz jokatu behar duela, eta behar diren neurri guztiak hartu behar dituela sortutako arazoari konponbidea emateko.

    Herritarren konstituzio-eskubideak zaintzeko sortua den erakunde honek ezin du aldez aurretik ondorioztatu udalak teknikarien irizpidearen arabera hartutako neurriak desegokiak izan zirenik. Hala eta guztiz ere, neurri horiek exekutatu ondoren arazoak bere horretan jarraitzen badu, neurri berriak erabaki beharko ditu etxebizitzaren hasierako egoerara itzuli ahal izateko.

  3. Arazoari konponbidea emateko neurriak exekutatuta ere, arazoak, azkenean, bere horretan jarraitzen badu, gure iritziz behar diren elementu guztiak daude Administrazioari ondare-erantzukizuna exijitu ahal izateko. Konstituzioko 106. artikuluaren eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeko 139. artikuluaren eta ondorengoen arabera, Administrazioaren ondare-erantzukizuna objektiboa da, eta horrek berarekin dakar zerbitzu publikoen funtzionamendua “normala” den kasuetan ere erantzukizun hori indarrean egotea.

    Horrek eskatzen du obrak onetsitako proiektuaren arabera eta eraikuntza zuzenaren arauen arabera exekutatu denean ere, erantzukizuna edukitzea obra horien ondorioz lehen pairatzen ez zituen kalteak orain pairatu behar dituenaren aurrean.

    Azaldutako guztia dela eta, Administrazioak gaur arte egin dituen jarduerak zalantzan jarri gabe ere, arazoak bere horretan jarraitzen badu, bidezkoa izanen da beste neurri batzuk hartzea konponbide bat aurkitzeko. Eta adierazten dugu hala egiten ez bada, behar adinako oinarria izanen dela ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazio bat aurkezteko.

  4. Azkenik, erakunde honek argitu behar du ebazpen honetan xedatutakoak ez duela aurretik juzgatzen Bargotako Udalaren eta Jurramendiko Ur Mankomunitatearen artean egon daitezkeen administrazioen arteko harremanen araubidea.

    Igorritako txostena ikusi ondoren, atzematen dugu bi administrazioek esku hartu dutela gai honetan, baina herritarra Bargotako Udalari zuzendu zaiola uneoro, eta toki entitate hori izan dela salatutako arazoari konponbidea emateko neurriak aplikatzea erabaki duena.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Bargotako Udalari gomendatzea teknikoki behar diren neurriak har ditzan kexa-egilearen etxebizitzan obra publikoak egitearen ondorioz agertu diren filtrazio eta hezetasunak saihesteko.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Bargotako Udalari erabaki hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Bargotako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia