Partekatu edukia
Toki-entitateen funtzionamendua
Gaia: Las expresiones atribuidas a una persona del público reflejadas, sin ninguna clase de aclaración, en un acta de sesión municipal atentan a su honorabilidad
Exp: 10/464/V
Nº: 115
Toki entitateen jardunbidea
Aurtengo ekainaren 7an, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen; haren bidez, Iguzkitzako Udalaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen, akta baten edukia haren ohorearen aurkakoa izateagatik.
Azaltzen zuenez, Udalaren 2010eko martxoaren 2ko bilkuraren aktan publikoaren arteko pertsona baten, [?] jaunaren, parte-hartzea jaso zen. Hona: “han dagoena “pasabideko akats” gisa da ezaguna, baina berez finka pribatu bat da, nahiz eta bizilagunei bertatik pasatzen utzi. Dioenez, bizilagunak finkaren jabeen baimenik gabe ireki zuenez finka pribatu horretara sartzeko atea, haren legezkotasuna zalantzazkoa izatetik harantzago doa”.
Kexa-egilearen esanetan, zalantzan jarri da haren ohorea, eta alkateak ez zuen ondoren inolako azalpenik edo zuzenketarik egin; izan ere, denek dakite ate hori bere etxera sartzeko bideetarik bat dela, eta haren etxebizitzarekin muga egiten duen lurzatia –3. poligonoko 288. lurzatia–, titulartasun pribatukoa baita, herriko kale nagusiko zati bat dela.
Amaitzeko, akta zuzendu edo argitzea eskatzen zuen, bere jarduketen legezkotasunari buruzko zalantza kentze aldera, haren atea, bere garaian kontzeju-bidera ireki zena, legezkoa delako, eta halaxe errespetatu behar da.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenekin bat, Iguzkitzako Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Ekainaren 28an, txostena igorri zen, eta hartan zehatz-mehatz azaltzen dira zer dela-eta sartu zen 2010eko martxoaren 2ko aktan kexa eragin zuen testua. Orobat azaltzen da, zehaztasunez azaldu ere, kexa-egileak eta haren emazteak alkatearekin, alkateordearekin eta udal idazkariarekin udaletxean 2010eko apirilaren 20an izan zuten bilera, zeinetan erabaki baitzuten aktako paragrafo bat, kexaren xede den testuarekin zerikusirik ez duena, [?] jaunak aurkeztutako eskabide bati buruzkoa, aldatzea. Zuzenketa hori 2010eko maiatzaren 4ko bilkuran egin zen.
Alkatearen txostenak dioenez, bilera hartan, kexa-egileak ez zuen eskatu martxoaren 2ko bilkuraren aktako beste paragrafo bat aldatzea, eta, hortaz, Udalak ez zuenez jakin, erakunde honen idazkia jaso zuen arte, Acedo jauna ez zegoela ados aktako testu horren idazketarekin, ez zuen ez argitu ez zuzendu, akta horren testu zehatz hori, ez ziolako inork hori eskatu.
Alkatearen txostenak orobat dio prest dagoela, interes publikoaren hobe beharrez, egindako akatsak zuzentzeko.
Planteatutako auzia hobeki ulertzeko, kexa-egilearen etxebizitzarekin muga egiten duen lursailaren titulartasunaren eta kalifikazio juridikoen garapen historikoa azaldu behar da. Izan ere, etxea eta lursaila ate batek lotzen ditu, eta hor datza desadostasuna.
Lehena. Iguzkitzako Udalak, 2002ko urriaren 15ean egindako Osoko Bilkuran, Iguzkitzako Kontzejuko U.A.2.2. unitatea borondatez birzatitzeko proiektua, [?] ahaideek sustatua, onetsi zuen. Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2002ko abenduaren 18an. Unitatea birzatitzeko proiektua hasiera batean onesteko erabakia, berriz, 2002ko irailaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Borondatezko birzatiketa proiektuan Iguzkitzako Kontzejua sartu zen ukitutako jabeen artean, kontzejuko bideetako 196,81 metro koadro jarri zituelako, eta kontzejuko bideetako 857,07 metro jaso zituelako. Birzatiketa proiektutik atera zen lurzatitik, berriz, [?] ahaideei 71,84 metro koadroko “B” lurzatia esleitu zitzaien, aprobetxamendurik gabe. Lurzati hori 3. poligonoko 288. katastro-lurzatiari dagokio; proiektua egin aurretik, kontzejuko bide izateko erabiltzen zen (lehengo kale nagusiaren zati bat), eta muga egiten zuen [?] andrearen jabetzako 334. lurzatiarekin eta [?] jaunaren titulartasuneko 335. lurzatiarekin.
Kexa heldu da, “aurrekarietan” adierazten den legez, Udalaren Osoko Bilkuraren aktan haren ohorea zalantzan jartzeak Acedo jauna iraintzen duelako. Legez kontrako ekintza bat egozten zaio: finka pribatu batean, 3. poligonoko 288. lurzatian, sartzeko ate bat irekitzea jabeen baimenik gabe. Egozpen hori korporazioko kide ez den herriko bizilagun batek egin zuen Osoko Bilkuran.
Kexa bi ikuspegitatik aztertuko dugu. Lehena, Udalaren Osoko Bilkurara bertaratutakoen adierazpenak aktan jaso behar diren ala ez. Bigarrena, aktan jasotako adierazpenak nola zuzendu behar diren.
Toki entitateen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamenduko 88.3 artikuluak ondokoa ezartzen du: “bilkuretara bertaratzen diren entzuleek ezin izanen dute bilkura horietan parte hartu, eta ez dira onartuko, ezta ere, poz edo atsekabe adierazpenak (...) Hori ez da eragozpen izanen, halere, bilkura amaitu ondoren, udalbatzak kontsultak egiteko txanda bat irekitzeko, bertaratutakoek udal intereseko gai zehatzei buruz hitz egin ahal dezaten”.F
Iguzkitzako Udalaren 2010eko martxoaren 2ko Osoko Bilkuran bertaratutako publikoak ez zuen parte hartu behar izan, eta hori gutxi balitz, haien adierazpenak aktan jaso ziren.
Erakunde honen eginkizuna ez da erakundeak ikuskatu beharreko administrazio publikoen legezkotasunaren kontrol hutsa egitea. Nafarroako Arartekoaren eginkizun nagusia da herritarrak administrazioaren balizko abusu eta akatsen aurrean babestea.
Erakunde honek, berez, ezin du ezer esan tokian-tokian osoko bilkurak egiteko dituzten ohiturei edo moduei buruz, ezta bilkuretako aktak idazteko moduari eta edukiari buruz ere. Nafarroako Arartekoak udalaren jarduna aztertzen du, baldin eta Osoko Bilkuran edo haren aktan, ustez, herritarren eskubide bat, esaterako ohorerako eskubidea, urratu baldin bada.
Bada, Iguzkitzako Udalaren Osoko Bilkurako aktan korporazioko kide ez den hirugarren baten adierazpenak jasotzean –horietan, kexa-egileari egozten zaio legez kontrako ekintza bat egin izana– urratu egin da arau hori, eta, horrenbestez, horrek [?] jaunaren ohorerako eskubidea urratzea ekar lezake.
Hortaz, Iguzkitzako Udalari gogorarazi behar diogu legez behartuta dagoela Osoko Bilkuren jardunbidea ezartzen duen araudia betetzera.
Laudagarria da Iguzkitzako Udalaren jarrera; izan ere, prest azaldu da interes publikoaren hobe beharrez, egindako akatsak zuzentzeko, asmo bakegile garbia erakutsita.
Erakunde honen ustez, jarduteko modua alda daiteke, atea zein urtetan ireki zen. Borondatezko birzatiketa proiektutik atera ziren orubeak esleitu aurretik ireki baldin bazen, Udalak akta zuzendu beharko luke, eta, gainera, argi eta garbi geratu beharko litzateke jasota salaketak ez duela funtsik; izan ere, hori horrela izan bada, Udalak jakin badaki atea bide publiko batera ireki zela. Aitzitik, atea borondatezko birzatiketa proiektutik atera ziren orubeak esleitu ondoren ireki baldin bazen, Osoko Bilkuren jardunbidea ezartzen duen araudia betetzeko legezko betebeharrarekin bat egin liteke aktaren zuzenketa.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Iguzkitzako Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela Toki entitateen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamenduko 77. artikulutik 110. artikulura bitarte ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 323. artikuluan ezarritakoarekin bat egitera Osoko Bilkurak eta haien aktak.
Iguzkitzako Udalari eskatzea, adierazi duenari jarraikiz, 2010eko martxoaren 2ko Osoko Bilkurako aktan zuzen ditzan kexa-egilearen ohorerako oinarrizko eskubidea, Konstituzioko 18.1 artikuluak babestua, urra lezaketen adierazpenak, publikoko pertsona batek egindakoak.
Iguzkitzako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia