Partekatu edukia
Toki-entitateen funtzionamendua
Gaia: Alega que se está construyendo en suelo de dominio público. A la vez, lo pone en conocimiento o lo denuncia ante el Ayuntamiento
Exp: 10/303/V
Nº: 117
Toki entitateen jardunbidea
Aurtengo ekainaren 8an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, erabilera publikoko lurretan obrak egiteari buruz.
Azaltzen zuenez, Mutiloabeitiko “O8MB” unitateko 6. lurzatiaren titularra da. Lurzatirako sarbideetako bat auzo-bide batean dago, eta Udalak zenbait bizilagunen artean banatu du bide hori.
Zioenez, ez du lur-banaketa ulertzen, lurzati hori bideetarako eta berdeguneetarako gordeta zegoelako, urbanizazio-zamarik gabe; ulertezina egiten zaio orobat auzo-bide horretan obrak egitea, Udalaren permisibitate osoarekin egin ere.
Udalari horri buruzko azalpenak eskatu zizkiola zioen (2010eko martxoaren 30eko eskabide baten bidez azken aldiz), baina ez du inolako erantzunik jaso.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Arangurengo Udaleko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Alkateak, joan den uztailaren 6an, txostena igorri zuen. Hartan, ondokoa dio hitzez hitz:
Hona kexaren auzi nagusia: interesdunak salaketa jarri du, uste duelako auzo-bide bat zatitu eta higiezin mugakideen jabeen artean banatu dela.
Egindako jarduketa justifikatzen da udal txostenean –lursaila soberako lurzati deklaratu zen–; izan ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 102.1 artikuluan soberako lurzati deklaratzeari buruz ezarritako baldintzak betetzen ditu. Ondotik hitzez hitz doazen baldintza horiek Aranguren Ibarreko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2009ko otsailaren 26an hartutako erabakian jaso ziren, eta 2009ko martxoaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren: “Mutiloagoitiko hirigunean dauden lurzati hauek, txikiak eta irregularrak izaki, jabari pribatuko soberako lurzati deklaratu dira” .
Mutiloabeitiko UO8MB unitatea birzatitzeko proiektua onesteak, berriz, automatikoki aldatzen du jabari publikoko ondasunen kalifikazio juridikoa –horretarako ez da espedienterik behar– (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 103.3 artikulua).
Behin lursailaren kalifikazio juridikoa aldatuta, soberako lurzatiak jabe mugakideen artean zuzenean besterendu daitezke. Horretarako bidea ematen dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 134.2.c) artikuluak eta Nafarroako Toki Korporazioen Odasunen Erregelamenduko 128.2.c) artikuluak.
Kexa-egileak –soberako lurzatiaren zati baten orube mugakide baten titularra da egun– ezin izan zuen eskatu bere garaian zati hori zuzenean esleitzea; izan ere, soberako lurzatiaren zatiak zuzenean saltzeko prozedurak iraun zuen bitartean, interesduna ez zen oraindik jabe mugakidea, orubearen jabetza, garai hartan, Aranguren Ibarreko Udalari zegokiolako.
Hortaz, erakunde honen ustez, Aranguren Ibarreko Udalak ez du urratu soberako lurzatia zuzenean saltzeko prozeduran aplikatu beharreko araudia, eta, horrenbestez, ez dago horri buruzko gomendiorik egiterik.
Interesdunak azaltzen duen bigarren auzia da Aranguren Ibarreko Udalak ez diola erantzun 2010eko martxoaren 30ean aurkeztutako eskabideari.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, Administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio Administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.
Kexaren xedea den kasuan, Arangurengo Udalak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez dela adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Arangurengo Udalak ez dio idazki horri inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko eskubidea dituela.
Udalaren txostenak erantzun zehatza ematen dio erakunde honek igorritako idazkiari, bai eta interesdunak 2010eko martxoaren 30ean aurkeztutako eskabideari ere.
Erakundeak uste du, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, [...] andreari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Aranguren Ibarreko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela eta, horrenbestez, [?] andrearen izenean aurkeztutako idazkiari erantzun behar diola.
Aranguren Ibarreko Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan 2010eko urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia