Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 5eko 1/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 05

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación por Policía Foral a la solicitud de copia de grabación, a efectos de exigir responsabilidad patrimonial

Exp: 09/741/D

: 1

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 28an [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen du Nafarroako Foruzaingoari zuzendutako eskaera baten erantzuna jaso ez zuelako.

    Azaltzen du abuztuaren 19an eroriko bat izan zuela Lizarrako Foruzaingoaren polizia-etxearen aurrean, eta haren ondorioz lesio bat izan eta prakak hautsi zitzaizkiola.

    Lizarrako Udalak ondare-erantzukizunen izan zezakeela ulertuta, bera baita hiri-altzariak mantentzeko eta zaintzeko erakunde eskuduna, eta kontuan izanda gertatutakoaren irudiak Foruzaingoaren kamerek filmatu zituztela, abuztuaren 21ean eskaera bat aurkeztu zuen, ahal bezain laster grabaketaren kopia bat igor ziezaioten eskatuz, segurtasun polizialeko kontuetan eragina izan zezaketen irudiak lausotu eta gero.

    Hala eta guztiz ere, Foruzaingoak ez zion inongo erantzunik eman eskatutakoari. Interesdunaren ustez, ordea, ez dago eskatutakoari ezezkoa emateko inongo arrazoirik.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari azaldutako gaiari buruz.

Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:

“2009ko azaroaren 11n, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak komunikazio bat igorri zion Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariri; hartan, agertzera ematen dio 2009ko urriaren 28an [?] andreak kexa bat aurkeztu zuela Foruzaingoaren Burutzari aurkeztutako eskaera baten erantzuna jaso ez duelako.

Foruzaingoaren artxiboak kontsultatu ondoren eta kexak ukitutako unitateek txostenak eman ondoren, egiaztatu da egiazki [?] andreak Lizarrako [?] kaleko [?] zenbakian dauden Foruzaingoaren egoitzan egon zela, abuztuaren 19ko 10:00etan, gutxi gorabehera, eta jakinarazi ziela polizia-etxeko fatxadaren aurrean dauden bolardoetako batekin estropezu egin zuela eta lurrera erori zela. Bolardo hori hautsirik zegoen, eta haren azpiko aldea, 8 cm ingurukoa, baizik ez zen ageri.

[?] andreari laguntza eman zion agenteetako batek, 477. lanbide-zenbakia duen foruzainak, ikusi zuen [?] andreak prakak hautsita dauzkala belaunaren parean. [?] andreak adierazi zuen erreklamazio bat aurkeztu nahi zuela, erorikoa zela eta, hain zuzen ere prakak berriak zirelako eta hautsi egin zitzaizkiolako. Adierazi zuen, gainera, segur aski gertatutakoak polizia-etxeko segurtasun kamerak grabatuko zituen, inork zalantzarik izanen balu ere.

477. zenbakia duen foruzainak jakinarazi zion hiri altzariak mantentzeko erantzukizuna duena Lizarrako Udala dela, eta, horrenbestez, erreklamazioa toki entitate horretako egoitzetan aurkeztu behar duela. Bulego horiek polizia-etxe hartatik 100 bat metrora daude.

Interesdunak hara joateko asmoa azaldu zion, eta agenteak gomendatu zion lehendabizi sendagilearengana joateko, kasua bazen, izandako lesioei buruzko txosten eman ziezaion.

Halaber, adierazi zion erreklamazioa udaletxean aurkezteko unean, prakak erosteko faktura ere aurkez zezan. Adierazi zion, halaber, halakorik ez bazuen, erosketa egin zuen establezimendura jo zezakeela haren kopia eskuratzeko.

Erakinaren perimetroan dauden segurtasun kamerek ustez grabaturiko irudiei buruzko kontsultari zegokionez, ohartarazi zitzaion arduradunei jakinaraziko zitzaiela gertatutakoa, erorikoa gertatu zen uneko irudiak berreskuratzeko, ukitutako udalak eskatuko balitu ere, ondare-erantzukizuneko espediente baten balizko probaldian.

Erreklamazio-egileari laguntza ematea beste interesik izan gabe, bertan zeuden agenteetatik beste batek, 815. zenbakia zuenak, hautsitako prakaren eta izandako zaurien argazki batzuk ateratzeko aukera aipatu zion, etorkizuneko erreklamazioan dokumentazio osagarri moduan aurkezteko. 1. dokumentu gisa, egindako txosten fotografikoaren kopia bat erantsi dugu. Jatorrizkoa [?] andreari eman zitzaion.

Ondoren, Foruzaingoan segurtasun-kamerek grabaturiko irudiak eskuratzeko finkaturiko jarduera-protokoloari jarraituz, abisua eman zitzaien Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloari, eskatu beharreko irudiak gorde zitzan, haiek deusezta zitezen eragotziz, hain zuzen ere bideo-zaintzari buruzko arauetan ezarritakoari jarraituz.

2009ko abuztuaren 21ean, [?] andrea polizia-bulegoetara itzuli zen, idazki batekin. Hartan adierazten zuen Lizarrako Udalari erantzukizunak eskatzeko asmoa zuela, eta eskatu zuen segurtasun-kamerak hartutako irudien kopia bat eman ziezaioten.

0487 zenbakia zuen foruzainak jakinarazi zion hasierako kudeaketak eginik zeudela, eta irudiak aurkitu ere egin zituztela, baina ezin zituztela eman partikular batek eskatze hutsarengatik. Halaber, jakinarazi zion udalean erreklamazioa aurkeztu ondoren, jakinaraz zezala erorikoari buruzko irudi batzuk bazeudela, eta orduan udala bera izanen zela haiek eskatuko zituena ondare-erantzukizuneko prozedura baten barrenean, beharrezkotzat jotzen baldin bazuen. Ahozko informazioaz gainera, interesdunaren eskaera ere jaso zen; hain zuzen ere 2. dokumentu gisa erantsi dena da.

2009ko abuztuaren 21ean, eta gaur egun arte, [?] andreak behin eta berriz hitz egin izan du Lizarrako foruzainekin, zeren eta polizia-etxearen ondo-ondoko atarian bizi baita. Hartu-eman horietan, beti esan izan diote irudiak gordeta daudela eta udalaren eskueran daudela, erreklamazioa argitzeko beharrezkoak izan baitaitezke, baina interesdunak ez duela berretsi behar den erreklamazioa aurkeztu izana.

2009ko azaroaren 20an, Foruzaingoko buruak erantzun espresa eman dio [?] andreari, hain zuzen ere 9523/2009 irteerako erreferentzia duen idazkiaren bitartez. Idazki horretan, hitzez hitz, honakoa esaten zaio:

“Garai hartan laguntza eman zizun foruzainak jakinarazi zizun bezala (2009ko abuztuaren 21eko ahozko informazioari buruz ari da), aditzera ematen dizut polizia-etxeko segurtasun sistemak erorikoari buruz grabaturiko irudiak Lizarrako Udalari eskuratuko zaizkiola, bera baita ondare-erantzukizuneko prozedura bideratzeko organo eskuduna, joan den abuztuan jakinarazi zitzaizun bezala eta zeuk ere zeure idazkian aipatzen duzun bezala”.

Hori guztia da jakinarazten dizudana”.

AZTERKETA

  1. Interesdunak bere kexa adierazi zuen 2009ko abuztuaren 21ean Nafarroako Foruzaingoko buruari igorritako eskaerari erantzunik ez zaiolako eman. Zeure eskabidean, gertatutako erorikoa azaldu ondoren eta Lizarrako Udalari ondare-erantzukizuna exijitzeko asmoa iragarri ondoren, kontuan izanda irudiak Foruzaingoaren polizia-etxeko zaintzarako kamerek hartu zituztela, haiek emateko eskatu zenuen.

    Kexa aurkeztu ondoren, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak igorritako txostenean adierazi bezala, erantzuna eman zaio zure eskabideari. Erantzun horretan jakitera ematen zaizu polizia-etxeko segurtasun-sistemak erorikoari buruz grabaturiko irudiak Lizarrako Udalaren esku daudela, bera baita ondare-erantzukizuneko behar den prozedura bideratzeko organo eskuduna.

    Erantzun hori eta igorritako txostena ikusita, atzeman dugu Foruzaingoak jo duela irudiak gordetzeko betebeharra duela (eta gorde ere egin ditu, interesdunak eskatu bezala), baina irudi horiek ezin zaizkiela herritarrei eskuratu, nahiz eta ondare-erantzukizuneko espediente administratiboan haiek erabili, prozedura hori bideratzen duen organoak horixe erabakitzen badu (horri buruz, txostenean esaten da irudi horiek ezin zaizkiola partikular bati eman eta udalari eskuratu behar zaizkiola, egitateak argitzeko eta ondare-erantzukizunari buruz erabakitzeko beharrezkoak izan baitaitezke).

  2. Egia izanda ere azkenean interesdunaren helburua (ondare-erantzukizuneko prozedura baten bitartez egiaztatzea lesioa eragin zion egitatea hiri-altzarien kontserbatze okerraren ondorioz gertatu zela) bide horretatik lor daitekeela, ezinbestez esan beharra daukagu gure iritziz Foruzaingoak gai honetan izan zuen jarduera ez dela izan lege indardunen araberakoa, ez baita bateragarri gertatu legeek herritarrei irudiak eskuratzeko aitortzen dien eskubidearekin.

    Segurtasun indar eta kidegoek toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoak honakoa dio 9. artikuluan:

    “Jendeari argitasunez eta modu iraunkorrean emanen zaio jakitera bideo-kamera finkoak badaudela, haien kokapena zehaztu gabe ere, bai eta ardura duen agintaria nor den ere.
    Interesdun oro balia daiteke arrazoiz bera agertzen dela uste duen grabazioak eskuratzeko eta deuseztatzeko eskubideaz. Hala eta guztiz ere, eskubide horietaz baliatzeari ezezkoa eman ahalko dio irudiak eta soinuak zaintzen dituenak, betiere Estatuaren defentsarako, segurtasun publikorako, hirugarrenen eskubide eta askatasunetarako edo egiten ari diren ikerketen beharretarako ondoriozta daitezkeen arriskuen arabera”.

    Lege-agindu hori apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuko 23. artikuluaren bitartez garatu zen. Izan ere, errege dekretu horrek berresten du arrazoiz bera agertzen dela uste duen pertsona orok grabazioak eskuratzeko duen eskubidea, eta horretarako prozedura administratibo bat arautzen du, zeina hamar eguneko epean ebatzi eta jakinarazi beharko baita.

  3. Legegileak herritar interesdunei aitortzen baldin badie grabazioak eskuratzeko eskubidea, gure iritziz ezin onartuzkoa dena da eskubide hori beste administrazio batek beste prozedura administratibo batean hartzen duen erabakiaren menpe egotea (kasu honetan, ondare-erantzukizuna aitortzekoa), horixe baita dirudienez Foruzaingoak uste duena, partikular batek irudiak zuzenean eskuratzeko aukera ukatzen baitu.

    Grabazioa eskuratzeko eskabidea aurkeztuta, hari buruz erabaki beharra dago, aipatutako lege organikoan eta harekin bat datozen arauetan ezarritakoaren arabera, eta eskubide horretaz baliatzeko bidea eman beharko du edo, kasua bada, ukatu beharko du, baldin eta legez ezarritako arrazoiren bat gertatzen baldin bada. Nolanahi ere, erabakiaren zioak eman beharrean egonen da. Halere, berriz diogu, partikular batek irudiak ezin dituela eskuratu ondorioztatzeak berekin dakar legegileak irudiak eskuratzeko aitorturiko eskubidea bera ukatzea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea eraginkor egin behar duela Segurtasun indar eta kidegoek toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoko 9.2 artikuluan grabazioak eskuratzeko aitorturiko eskubidea.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia