Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Falta de contestación a la recusación que planteó contra el Tribunal designado para la oposición a la que él era aspirante.
Exp: 09/803/F
Nº: 27
Funtzio Publikoa
2009ko azaroaren 19an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen, bera izangaia zen oposiziorako epaimahaiaren aurka aurkeztutako errekusazioari ez erantzuteagatik.
Azaltzen zuenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 7ko 859/2009 Ebazpenaren bidez onetsi zen barrutiko fakultatibo espezialista, OOLTko pediatra eta psikiatra izateko lanpostuak oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.
Deialdian onartutako izangaien behin betiko zerrendak argitaratu zirenean eta oposizioko epaimahaia izendatu zutenean, interesdunak idazki bat aurkeztu zuen azaroaren 5ean epaimahai kalifikatzaileko kideak ageriko areriotasuna dela-eta errekusatzeko.
Kexa aurkeztu zuen egunera arte, interesdunak ez zuen idazki horren inolako erantzunik jaso, eta oposizioa ez zen gerarazi, azterketa azaroaren 16an egin baitzen. Kexan zioenez, azterketa hori egitean erabateko babesgabetasuna sentitu zuen, inpartzialtasun eta berdintasun batere bermerik gabe.
Bere iritziz, epaiamahaia legez errekusatu arren, “administrazioaren isiltasuna gertatu zen, nahiz eta administrazioak erantzun bat eman behar zuen oposizioa hasi aurretik, edo, bestela, prozesua gerarazi”. Abenduaren 1ean eta abenduaren 4an, interesdunak berriz jo zuen erakunde honetara, eta jasota utzi zuen ez duela inoiz jaso Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erantzunik, eta berretsi zuen oposizioko ariketa egin zen egunean babesgabetasun-egoeran egon zela. Horrenbestez, oposizioa baliogabetzeko eskatzen zuen.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren irailaren 1eko 2342/2009 eta urriaren 14ko 312/2009 ebazpenen bidez, berriz, aipatu deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak onetsi ziren. [?] jauna onartuen zerrendan ageri da.
Orobat izendatu zen deialdia ebatzi behar zuen epaimahaia, zeinetan kide titular gisa ageri baitziren [?] andrea, [?] jauna eta [?] jauna, eta horien ordezko kide gisa, berriz, [?] jauna, [?] jauna eta [?] andrea, hurrenez hurren.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 26ko 2168/2009 Ebazpenaren bidez, [?] jaunak aurkeztutako errekusazio-eskaera ezetsi zen, errekusatuek adierazitakoa oinarri. Hona kide titularren adierazpenak:
[?] andreak bere aurka aurkeztutako errekusaziari emandako erantzunean hitzez hitz dio “ez duela aurkako harremanik edo harreman bateraezinik, inpartzialtasun eta objektibotasun irizpideak lausotzen dituenik”.
[?] jaunak bere aurka aurkeztutako errekusaziari emandako erantzunean jasota uzten du ez duela abstenitzeko batere arrazoirik, eta ondokoa dio:
“[?] jauank adierazitakoari dagokionez, argitu behar dut ez daukadala haren aurkako ageriko areriotasunik, ez eta ez-agerikorik ere. Orain dela zenbait urte Bideko Ama Birjinaren Ospitaleko Zuzendaritzak eskatuta egindako idazki batean oinarritzen da; hartan, Otorrinolaringologiako Zerbitzuaren gabezia batzuen berri ematen zen. Aurrerago, [?] jaunak sinatzaileen aurkako salaketa egin zuen, irainak et kalumniak zirela eta, baina prozedura hori epai irmo bidez ezetsi zen. Errekusazioaren eskatzailea ez zen inolaz ere gabezia haietan alde ez aktiboa ez pasiboa ere, hain zuzen ere ez duelako sekula lanik egin ospitale horretan.
Gure bulego profesionalak bata bestearen ondoan daudela dioenean, berriz, kontsulten lehen solairuko kontsultarako lokalei buruz ari dela argitu nahi dut. Espezialitate bereko kontsultak elkarren ondoan egon ohi dira. Azalpen hau hamaika arrazoi emanda luza daiteke, eta prest nago egoki irizten den unean behar adina azalpen emateko, baina uste dut argi gelditu dela ez dagoela errekusatzeko arrazoirik”.
[?] jaunak ondokoa utzi du jasota bere aurka aurkeztutako errekusazioari emandako erantzunean:
“Ez daukat lagun minik, ez eta ageriko areriorik ere, oposiziora aurkeztu direnen artean. Are gehiago, [?] jaunarekin ez dut birritan ere hitz egin urte askoan. Kalean ikustita ere, beharbada ez nuke hura identifikatzen asmatuko, eta gaixoak artatzeko bolanteen bidezko harreman profesionala baizik ez dut izan harekin, NOZeko gainontzeko profesionalekin bezala, gaixoak partekatu izan ditugunean, eta ez dut inolako haserrealdirik izan harekin. Ez daukat haren aurkako inolako aurreiritzirik, ez ikuspuntu pertsonaletik ez ikuspuntu profesionaletik ere.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egiturari erreparatuta, ez dugu nork bere bulegoa, partekatuak direlako guztiak.
Alegia, oposizioan erabaki egokiak hartzeko guztiz inpartziala naizela uste dut, ez daukat inorekiko konpromisorik eta jokabide etikoa izanen dut uneoro”.
Horrenbestez, ezetsi egiten da epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzeko eskaera, kreditatuta geratu baita ez dagoela erreklamatzaileak alegatzen dituen ageriko areriotasuna eta zerbitzu-harremana.
Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 29. artikuluak arautzen du errekusazioa; horren arabera, interesdunek errekusazioa sustatu ahalko dute abstentzioari dagokionez 28. artikuluan ezartzen diren kasuetan.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko araubidea onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 29. artikuluak ezartzen duenez, berriz, epaimahai kalifikatzaileko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri, baldin eta administrazio-prozedurari buruzko arauetan parte ez hartzeko arrazoietako bat gertatzen bada. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 29. artikuluak ondokoa dio errekusazioa sustatzeko prozedurari buruz:
“Idatzirik aurkeztuko da errefusatzea, arrazoiak adierazita.
Errefusatuak, biharamunean, alegatu den arrazoia beragan betetzen den ala ez esango dio bere nagusi hurrenari. Betetzen bada, nagusiak ordezkoa jartzea erabaki dezake berehala.
Errefusatuak ez badu errefusatzearen arrazoia onartzen, nagusiak hiru egun izango ditu ebazteko, bidezko deritzen informazioak bildu eta frogak erdietsi ondoren.
Ezin da errekurtsorik aurkeztu errefusatzearen gaineko ebazpenen aurka; hala ere, errefusatzea alega daiteke prozedura amaitzen duen egintzaren aurka errekurtsoa egiterakoan”.
Lege horretako 77. artikuluak, berriz, ondokoa xedatzen du: “Prozeduran sor daitezkeen gorabeherek ez dute prozeduraren etendura ekarriko, ezta jardunaren deuseztasunaren ingurukoak izanda ere. Errefusatzeak, ordea, etendura ekarriko dio prozedurari”. Hau da, errekusazio espresuki aurkezten bada, hori ebatzi beharra dago aldez aurretik, eta hori egin bitartean eten eginen da prozedura nagusia.
Espedientean jasota ageri da interesdunak azaroaren 5ean aurkeztu zuela Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzako Erregistroan epaimahaia errekusatzeko idazkia, eta idazkian eman zituela errekusazioa zertan oinarritzen zuen.
Osasun Departamentuaren txostenean adierazten denez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 26ko 2168/2009 Ebazpenaren bidez ezetsi zen errekusazio-eskaera. Ez da jasota ageri ebazpen hori interesdunari jakinarazi izana, eta igorritako txostenarekin batera ez da jaso ebazpen haren kopia.
Hortik ondorioztatzen da ezen, nahiz eta ez dakigun zein egunetan sartu zen errekusazio-idazkia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erregistroan, argi dagoela ez direla lehen aipatutako araudian ezarritako epeak bete.
Are gehiago, behin errekusazioa aurkeztuta, ez zen, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 77. artikuluak xedatuari jarraikiz, prozedura eten, eta oposizioko bi ariketak egin ondotik ebatzi zen errekusazioa. Nafarroako Gobernuaren web orrian jasota ageri da bi ariketak egin ziren egun berean, azaroaren 16an, argitaratu zirela emaitzak.
Hortaz, ariketak egin eta zuzendu ziren egunean, azaroaren 16an, ebatzi gabe zegoen interesdunak aurkeztutako errekusazioa, ez baitzen azaroaren 26ra arte ebatzi errekusazioa.
Erakunde honen iritziz, epaimahaiaren objektibotasun eta inpartzialtasun bermeak urritzen ditu epearen barruan ebatzi ez izanak eta, azken finean, oposizio-lehiaketaren prozedura eten ez izanak
Osasun Departamentuari gogoraraztea Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 29. eta 77. artikuluetan xedatutakoa betearazteko legezko betebeharra duela, prozeduraren izapidetzea etenda eta araudi horrek ezarritako epearen barruan errekusazioa ebatzita.
Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia