Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 28ko 26/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 28

Osasuna

Gaia: Lista de espera para un ingreso definitivo en un centro especializado de salud mental

Exp: 09/850/S

: 26

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko abenduaren 10ean, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Haren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen. Azaltzen zigunez, [?] jaunaren aita eta legezko tutorea da, eta Lizarrako osasun etxearen 2009ko azaroaren 23ko gizarte-txostenaren arabera, osasun mentaleko zentro espezializatu batean zuzenean eta behin betikoz sartu beharra du. Azaltzen zuenez, ordea, urteak daramatza Osasun Mentaleko Sareko egoitza batean behin betikoz sartzeko itxaron-zerrendan, eta zerrendako lehenegoa da, baina oraindik ere zain dago. Orobat ohartarazten du familiarentzat egoera jasanezina dela dagoeneko, hain baita oldarkorra gaixoak gurasoenganako agertzen duen jarrera.

  2. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari txostena eskatu genion 2009ko abenduaren 14an, baina txostena emateko epea iragan da eta ez du txostenik eman. 2010eko urtarrilaren 21ean, berriz eskatu genuen txostena. Azkenean, 2010eko urtarrilaren 26an, Osasun Departamentuak eginiko txostena jaso zen erakunde honetan; hartan esaten zaigunez, Nahaste Mental Larrietarako Batzorde Teknikoaren azken bileran, 2009ko abenduaren 22koan, [?] jaunaren kasua aztertu zuten, eta lehentasuna zuela erabaki zenez gero, “presakoen” taldean sartu zen, gaixotasun mental larrietarako egoitza batean sartzeari begira.

AZTERKETA

  1. Osasun Departamentuak txostenaren bidez adierazi zigunez, gaixo mentalentzako egoitzetako sarreren kudeaketa Nafarroako Gizarte Zerbitzuen eskumena da, eta ez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarena; osasun mentaleko egoitza batean sartzeko erabakia, ordea, Nahaste Mental Larrietarako Batzorde Teknikoan hartzen da, eta horretan parte hartzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendariordetzak.

  2. Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak jasotzen du zer prestazio bermatzen diren eta zein ez diren bermatzen.

    Bermatzen diren prestazioen artean dago gaixotasun mentala duten pertsonak artatzea, eta arautzen dituen prestazioen artean daude gaixotasun mentala duten 18tik 65 urtera bitarteko pertsonak egoitzetan aldi baterako sartzeko zerbitzuak, baldin eta aitorturik badute familia-gatazka larriko pertsonak direla, bai eta nahaste mental larria duten 18tik 65 urtera bitarteko pertsonentzako egoitza-etxe zerbitzua ere, baldin eta % 65eko edo hortik goitiko minusbaliotasun gradua aitortu bazaie. Bi prestazio horiei dagokienez, zerbitzua emateko gehieneko epea hiru hilabetekoa da.

    Gaixotasun mentala duten pertsonak artatzeko prestazio ez ziurtatuen artean dago, berriz, tutoretzapeko etxebizitza funtzionalaren zerbitzua, gaixotasun mental larria eta % 33ko minusbaliotasun gradua edo hortik goitikoa aitortu zaien pertsonentzakoa, bai eta gaixotasun mental larria eta % 33ko minusbaliotasun gradua edo hortik goitikoa aitortu zaien pertsonentzako egoitza-etxe zerbitzua ere. Ebatzi eta emateko gehieneko epea hiru hilabetekoa da kasu horretan ere.

  3. Kexaren egile [?] jaunak aurkeztu duen minusbaliotasun graduari buruzko ziurtagiriaren arabera, % 65eko minusbaliotasun psikikoa aitortu zitzaion 2007ko ekainaren 13an. Lizarrako osasun etxeko gizarte-langileak eginiko txostenean adierazten da ezen 2009ko martxoaren 11n egindako balorazioan mendetasun moderatuko 2. maila aitortu zitzaiola eta mendetasuna baloratzeko beste prozedura bat abiarazi dela orain eta litekeena dela minusbaliotasun gradua igotzea. Orobat adierazten da haren gaixotasunaren patologien artean nabarmentzekoak direla haren oldakortasun handia, familiak amore ematea eta gurasoen polipatologiak.

    Datu horien arabera, [?] jaunak eskubidea du gaixo mentalentzako bi prestazio ziurtatu horiek jasotzeko –egoitza batean aldi baterako sartzea eta egoitza-etxe zerbitzua–. Adierazi dugun bezala, prestazio horiek emateko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, onuradunari mendetasun egoera modu formalean aitortu zitzaionetik hasita. Halere, epe hori luzaz gainditu da kasu honetan, baina 2009an ez da egiaz eman aipatu prestazio horietarik bat ere.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz

EBATZI DUT:

  1. Gomendatzea Nahaste Mental Larrietarako Batzorde Teknikoari –hartan parte hartzen dute Osasun Departamentuak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietarako Departamentuak– luzamendurik gabe har ditzan hartu beharreko neurriak, [?] jauna gaixo mentalentzako egoitza batean sar dadin, egiaz emate aldera Gizarte Zerbitzuen Zorroaren arabera dagokion eskubidea.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nahaste Mental Larrietarako Batzorde Teknikoari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia