Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 27ko 25/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 27

Función Pública

Gaia: Falta de adaptación del puesto de trabajo a la deficiencia auditiva del funcionario

Exp: 09/854/F

: 25

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko abenduaren 10ean Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen [?] jaunak erakunde honetan, Justizia Zuzendaritza Nagusia zabarkeriaz eta gehiegizko atzerapenez ari delako haren lanpostua duen gorrerira egokitzen.

     

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari, kexa-egileak azaldutako gaiari buruz.

     

  3. 2010eko urtarrilaren 11n, eskatutako idazkia sartu zen erakunde honetan. Bertan, honakoa esaten da:
    1. Justizia Zuzendaritza Nagusia uneoro saiatu da [?] jaunak duen gorreriaren arazoa konpontzen eta haren lanpostura egokitzen. Kontuan izan behar da kasuaren konplexutasuna eta CREENA-Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko langileek nahiz unitateetako langileek oporrak zituztela.

      [?] jaunak berak adierazten du bere idazkian lanpostua egokitzeko eskaera egin zuen unetik beretik arreta eman zitzaiola eta egoki iritzitako neurriak abiarazi zirela. Administrazio arlo horretako eskumena duen laneko arriskuen prebentzioko teknikariaren jarraibideekin bat, behar zen ekipamendu teknikoa erosi zen, egokia ematen baitzuen hasiera batean kasu horretarako. Ez zen hala izan, eta erositako ekipoa erabili gabe eta ezertarako ere balio ez zuela gelditu zen Justizia Zuzendaritza Nagusian.

    2. Horrenbestez, beharrizanei hobeki erantzunen zieten osagai teknikoak bilatzeari ekin zitzaion, eta [?] jaunari gomendatu zitzaion CREENArekin harremanetan jar zedin, Hezkuntza Departamentuaren mende baitago, ikusteko balio ziezaiokeen tresnari buruzko informazio zehatzagoa lortzen ahal zuen oraingo honetan (gaiari buruz duen ezjakintasuna ikusita, argi dago bere jarduera pribatuan ez daukala gisa horretako ekipamendurik).

      Antza denez, egokia izan zitekeen FM igorgailu bat, 3.396,89 euroko prezioa duena. Halatan, haren kostua nahiz lehenago gertatutakoa ikusita, [?] jaunari jakinarazi zitzaion enpresa banatzailearekin hitzartuko zela ekipoa erosi baino lehen probak eginen zirela igorgailuarekin, halako moduz non bilatzen zen helburua lortzen ez bazen, igorgailua itzuliko baitzitzaion, inolako kosturik gabe itzuli ere. Igorgailuak bilatzen zen helbururako balio bazuen, berriz, Administrazioak erosi eginen zuen.

      Nolanahi ere, arloari buruzko ezagutza edo interesa izan dezaketen beste unitate batzuei ere kontsultatuko zaie, esate baterako Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, jakiteko ea aurrekari bat ezartzen ari den eta aztertzeko ea egokia den eta interesgarria den Foru Komunitateko Administrazioan gisa horretako kasuetan orokortzeari begira, argi dagoelako tratu bera eman behar zaiela egoera horretan dauden pertsona guztiei.

    3. Betiere, kontuan hartu beharra dago arlo horretako araudia argia dela bilatzen den helburuaz denaz bezainbatean; ez da batere esplizitua, ordea, ezarri beharreko bitartekoei dagokienez. Kasu horretarako araudirik berariazkoena Minusbaliatuen Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legea da, eta, zehazki, lege horretako 37 bis artikulua, ondokoa ezartzen baitu:
      1. Lanean erabateko berdintasuna ziurtatze aldera, tratu-berdintasunaren printzipioak ez du eragotziko berariazko neurriak mantentzea edo hartzea, ezgaitasunak eragindako desabantailak prebenitzeko edo konpentsatzeko.
      2. Enpresaburuek lanpostuaren egokitasuna eta enpresaren irisgarritasuna lortzeko neurri aproposak hartu beharko dituzte, kasuan kasuko beharrizanen arabera, ezgaitasuna duten pertsonek enplegua lortu, euren lana bete, arlo profesionalean gora egin eta prestakuntza jaso ahal izan dezaten, non eta neurri horiek ez diren gehiegizko zama enpresaburuarentzat.

        Zama gehiegizkoa den ala ez ezartzeko, kontuan hartuko da ezgaitasuna duten pertsonentzako neurri, laguntza edo dirulaguntza publikoei esker behar adina arindu daitekeen zama hori, bai eta finantza-kostuak eta neurriek beharrezkoak egiten dituzten bestelako kostuak eta erakundearen edo enpresaren negozioaren tamaina eta bolumen osoa ere.

        Izan ere, Lan Arriskuen Atalari txostena eskatu genion, eskatzailearen minusbaliotasuna lanpostura egokitzeko neurri bereziak derrigorrez ezarri behar ote ziren jakiteko, eta Atal horrek ez zuen argi eta garbi ezarri bitarteko horiek derrigorrez jarri behar direla.

        Nolanahi ere den, jasota utzi beharra dago Zuzendaritza Nagusi honen asmoa dela [?] jaunari lehen aipatutako sistema berria ezartzea, baldin eta errealitatean ziurtatzen bada bilatzen den helbururako ekipamendu eraginkorra dela eta neurria bat datorrela Administrazioaren beste ataletan arlo horri buruz ezarritako irizpideekin.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak salatzen du Justizia Zuzendaritza Nagusia zabarkeriaz eta gehiegizko atzerapenez ari dela, bere iritziz, bere lanpostua duen gorrerira egokitzerakoan.

    Eta hala da, espedientean ageri diren datuetan ikusi ahal izan dugunez, denboran gehiegi luzatzen ari da lanpostua egokitzeko prozedura. Ondoko egitateak nabarmentzen ahal dira:

    Zenbait gorabeheraren eta saiakera hutseginen ondoren, 2009ko otsailean berrabiarazi zen lanpostua egokitzeko prozedura berria. Apirilaren azken egunetan, kexa-egileak bere lanpostua duen epaitegietan azaldu zen [?] jauna, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Kalitate arloko burua, eta kexaren egileak FM igorgailuari eta CREENAk eman zizkion prezioei buruzko informazioa eman zion, aparatu hori egokia zelakoan bere lanpostua gorrerira egokitzeko.

    Dauden igorgailuei eta hargailuei buruzko informazioa eman zion orobat.

    Hilabetea joan hilabetea etorri (otsailetik irailera), kexa-egileak ez zuen berririk izan. Urriaren 1ean Langileen Batzordearekin harremanetan jarri zen, eta bere egoera azaldu zien. Justizia Zuzendaritza Nagusiari eskatu zitzaion Lan Arriskuen Prebentzioaren Atalak eginiko txosten tenkikoa (antza denez, Osasun Batzordeari ez zitzaion horren berri eman).

    Jarraian, urriaren 21ean, kexa-egileak bere egoera zein zen gogorarazi zion Langileen Batzordeari, eta batzordeak, Justizia Zuzendaritza Nagusiarekin egun horretarako deitua zuen bilera bat baliatuta, gaia atera zuen.

    Urriaren 23an, kexa-egileak [?] doktorearen posta elektroniko bidezko beste mezu bat jaso zuen, esanez CREENAk harremanetan jarri zuela enpresa batekin (ez du haren izena zehazten), eta datuak eskatu zizkion. Kexa-egileak berehala eman zizkion datuak, FM igorgailuari buruzko zenbait zehaztasunekin batera (lehenagotik ere emanak zizkionak).

    Hilabete osoa joan zen, ordea, eta azaroaren 24an, kexa-egileak posta elektroniko bidezko beste mezu bat jaso zuen, zeinetan, besteak beste, ia bederatzi hilaberen ostean adierazi baitzitzaion FM igorgailua eman ez izanaren arrazoia ekonomikoa zela.

    Jakinarazpen horren ondotik, honako kexa hau aurkeztu zuen abenduaren 10ean.

  2. Erakunde honen iritziz, azaldutako inguruabar guztiek lagundu dute lanpostuaren egokitzapenerako prozedura denboran nahi baino gehiago eta arrazoizkoa dena baino gehiago luza dadin. Luzatze hori espedientean parte hartu duten administrazio organo edo unitateei egotzi behar zaie.

    Hori esanda, gure azterketa hau jarraitu behar dugu gogorazten ezen, Konstituzioko 103.1 artikuluaren arabera, administrazio publikoak jarduera-printzipio duela eraginkortasuna, eta printzipio hori jaso eta positibizatu zela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 3.2.a) artikuluan. Eraginkortasunaren printzipioa lotuta dago herritarrek administrazio egokirako duten eskubidearekin. Eskubide hori, hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluan berariaz aitortuta dago, eta ezartzen du Administrazioari dagozkion prozedurak eta gaiak arrazoizko epe batean landu eta konpondu behar direla. Horregatik, hain zuzen ere, arau juridikoek zeharo galarazten dituzte Administrazio Publikoen jardunik eza nahiz luzamendu bidegabeak.

    Administrazioaren eraginkortasunaren arau juridikoaren aurrean, Administrazioaren jardunik ezak eta pasibotasunak edo jarduteko luzamendu bidegabeek arau juridiko horren urraketa argia dakarte, administrazioaren eraginkortasun eza agerian uzten duen aldetik. Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaiak dio Administrazioaren jarrera ez-aktiboa edo omisiozkoa legez kanpokoa dela eta herritarren eskubide eta interes bidezkoei eragiten diela.

    Azken finean, aplikatzekoa den ordenamendu juridiko-administratiboak Administrazio Publiko guztiei ezartzen die administrazio-prozedurak izapidetzeari zor zaizkion azkartasunez eta eraginkortasunez jardun beharra.

  3. Erakunde hau ohartzen da zaila izan daitekeela lanpostu bat ezgaitasun fisiko edo sentsorial zehatz bati egokitzea, kasu honetan gorreri bati; halere, jasota ageri den atzerapena ikustia –bederatzi hilabete baino gehiago–, uste dugu aurkeztutako kexa arrazoizkoa dela eta, egokitzeko prozedura horri dagokionez, Administrazioak ez duela behar bezalako arduraz jardun, arrazoizkoa izan litekeena baino gehiago luzatu baita, gure aburuz, prozedura hori.

    Bukatzeko adierazi behar dugu ezen, aztergai dugun kasu honetan, luzamendu bidegabeak gertatu direla, eta ezin zaizkiola besterik gabe egotzi lanpostua kexa-egileak duen ezgaitasunari egokitzeko zailtasun teknikoei edo arrazoi ekonomiko gaindiezinei. Aitzitik, azterketatik ondoriozta liteke luzamendua zor zaiola lanpostuaren egokitzapenean inplikatutako administrazio organo edo unitateen geldotasunari edo jarduera urriari.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela lanpostuak betetzen dituzten pertsonen ezgaitasun fisiko edo sentsorialetara egokitzeko, behar diren eraginkortasunez eta azkartasunez.

     

  2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea luzamendu bidegaberik gabe amai dezan kexa-egileak betetzen duen lanpostuaren egokitzapena.

     

  3. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari erakunde honi jakinaraz diezaion 1. eta 2. puntuetan azaldutakoaren bidetik neurri egokia hartu duen, edo, bestela, neurria ez hartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

     

  4. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia