Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 26ko 24/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 26

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Cierre por un particular de los accesos a su vivienda. Intransitabilidad del camino público

Exp: 09/518/U

: 24

Etxebizitza

AURREKARIAK

  1. 2009ko uztailaren 29an [?] auzoko [?] bizi den [?] jaunaren kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen du Leitzako Udalaren aurka, bere etxebizitzarako sarbide egokia edukitzeko eskubidea urratzen duelako.

    Azaltzen du bere auzokoak etxeko barrutirako zeuzkan bi sarbideak itxi dituela. Adierazten du orain, bere etxera sartzeko, oso egoera kaxkarrean dagoen 700 metroko pista batetik joan eta pinudi bat zeharkatu beharrean dagoela.

    Agertzen du inguruabar horietan, bere etxebizitzara sartu ahal izateko, pistatik joan behar duela, eta pista hartatik kotxez ateratzeko “atzera martxan” baizik ezin dela joan. Horri gehitu behar zaio kasu horretan kotxea erabilera publikoko bide batean utzi behar duela, joan-etorria oztopatuz, eta horrek eragozpenak eragiten dizkiela beste erabiltzaile batzuei.

    Eransten du beste aukera bat ere baduela, alegia, kotxea pistaren hasieran uztea, baina ezinezkoa zaiola pistatik oinez joatea 2 eta 3 urteko bi seme-alabekin eta eguneroko bizitzarako behar diren erosketekin. Gainera, larrialdi mediko batean, 700 metroko pista ibili beharko luke seme-alabak besotan hartuta kotxeraino iristeko.

    Eskatzen du bere kotxearekin etxeraino joan ahal izatea, buelta eman ahal izatea eta kotxea gatazkarik sortu gabe utzi ahal izatea; eta, bestetik, bere senideak, lagunak eta eskolako autobusa bere etxeraino iritsi ahal izatea.

  2. 2009ko irailaren 23an, erakunde honetan Leitzako alkatearen idazki bat jaso genuen. Hartatik ondorioztatu genuen kexa-espedientea eragin zuen gaia konponduta zegoela, zeren eta kexa-egilearen emazteak, 2009ko abuztuaren 18an, idazki bat igorri baitzion Leitzako Udalari, jakinarazteko auzokideekin akordio batera iritsiak zirela.

    Horrenbestez, espedientea artxibatu genuen, eta horixe jakinarazi genien Administrazioari eta kexa aurkeztu zuenari, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3k 4/2000 Foru Legeko 35.1 artikuluan xedatua betetzeko.

  3. 2009ko urriaren 6an, berriz, beste idazki bat igorri genion Leitzako alkateari, zeren eta, espedientea artxibatu ondoren –arazoa konpondutzat ematen zelako–, kexa-egileak beste posta elektroniko bat igorri baitzigun, non azaltzen zigun auzokide duen [?] jaunak ez duela bete [?]en ibilgailua pasatzen eta aparkatzen uzteko lortutako akordioa. Akordioa lortzeko, [?]ek udalean aurkeztua zuen kexa erretiratu behar zuen, eta halaxe egin zuen. Postan azaltzen zuen eskola-garraioa eta anbulantzia bere etxeraino iristerik ez zegoenez, eta autoarekin buelta emateko edo hura aparkatzeko modurik ez zuenez, behin-behinekoz senide batzuen etxera joan behar izan duela bizitzera.

    Erakunde honek udalari igorritako txostenaren amaieran eskatzen zen planteaturiko gaiari buruz informazioa emateko, eta gonbitea egiten zen udal teknikariek sortutako arazoari konponbidea emateko modua azter zezaten, zeren eta argi baitago presa larrikoa dela eraginkor bihurtzea herritarrak bere etxebizitzaraino gurpildun ibilgailuan iristeko duen eskubidea, inolaz ere ahaztu gabe egoerak berak urratzen dituen beste eskubide batzuk (esate baterako, hezkuntza, osasuna eta abar berdintasun baldintzetan jasotzeko eskubidea).

    Azaroaren 19an, berriz eskatu genuen informazioa. Eskari horri ere ez zaio erantzunik eman, eta, gainera, erantzuna emateko emandako epea luzez iragan da. Hori dela eta, planteatutako gaia erakunde honen eskura dagoen dokumentazioarekin aztertuko dugu, hain zuzen ere kexa-egileak emandakoarekin.

AZTERKETA

  1. Gatazkaren funtsezko oinarria da kexa-egileak beste baten lursaila dela-eta eskatzen duen zortasuna, ibilgailuarekin igarotzekoa. Eztabaida horrek izaera juridiko pribatua dauka.

    Erakunde honen jarduna uztailaren 4ko 4/2000 Foru Legearen bidez esleitu zaizkigunetara mugatu beharra daukagu, lege horretan ezartzen baita zein diren Nafarroako Arartekoaren eskumenak, ondokoak batik bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren menpeko erakunde autonomoen eta gainontzeko entitateen –hala nola Nafarroako toki entitateen eta parlamentu-administrazioaren– jarduna aztertzea.

    Horrek esan nahi du erakunde honek ez duela eskumenik planteatutakoa bezalako gaietan esku hartzeko, zeren eta Zabala-eneko bi familien arteko adostasun ezak soilik partikularrengan eragina duen gatazka bat baita, Administrazioaren edo inongo erakunde publikoren esku-hartzerik gabea, beraz.

    Horrenbestez, behin gaia aztertuta, ez da bidezkoa puntu horretarainoko inongo jarduerarik egin dezagun, horretarako lege-eskumenik ez baitugu.

  2. Aurrekoa gorabehera, egiaztatu dugu gatazka partikular batek lurzoru ez-urbanizagarrian eginiko itxitura baten ondorioz etorri dela. Jarduera horretarako udalaren baimena behar zen, zeren eta finkak ixtea hirigintza-lizentzia eskatzen duen egintza bat baita.

    Leitzako Udala, zeinak sortutako gatazka eta haren jatorria ezagutzen baititu, legez behartuta dago (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 199. eta 202. artikuluak) jabari publikoko ondasun baten zortasunaren esparruan hautsitako hirigintza-ordena berrezar dadin eskatzera, zeren eta itxituraren jarduera exekutatu baita hiru metroko zerrenda batek osaturiko babespeneko gune batean, bide horien kanpoko ertzetik neurtzen hasita (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 112.2 artikulua). Zortasuneko zerrenda hori, oztoporik gabea bada, nahikoa izan daiteke kexa-egileak bere etxebizitzara sartzeko duen arazoari, neurri batean, konponbidea emateko.

    Aztertutako kasuan, udalak hirigintzaren arloko legezkotasuna babesteko duen ahalmenaz ez erabiltzeak zeharkako eragina izan du, bere aldetik, Konstituzioak aitorturiko herritarren eskubideetan, zeren eta eragotzi egiten baita kexa-egileak etxebizitza duina eta egokia edukitzeko duken eskubidea (Espainiako Konstituzioko 47. artikulua). Konstituzioak babesturiko herritarren eskubide subjektiboen babespena Nafarroako Arartekoaren erakundearen funtsa da.

  3. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.

    Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

    Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta, gainera, antolamendu juridikoa urratzen du.

    Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.

    Halaber, erantzukizun penalak ere badaude, Nafarroako Arartekoari laguntzarik ez emateagatik, baina, momentuz, erakunde honek itxaron eginen du Leitzako Udalak sakoneko gaia konpon dezan eta [?]en kexari egiazko konponbidea eman dakion, hemen gomendatu bezala.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Leitzako Udalari gogoraraztea legez beti bete behar duela Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa, eta ohartaraztea hala egiten ez badu berea izan daitekeela horren erantzukizuna.

  2. Leitzako Udalari gogoraraztea legez araudi sektorialak, oro har, hirigintzako legezkotasuna babesteko eta hautsitako ordena berrezartzeko esleitzen dion hirigintza-ikuskaritzaren aukeraz baliatu beharra duela, eta ildo horretatik jokatu behar duela aztergai dugun kasuan, hain zuzen ere [?] jaunak aurkeztutako kexari konponbidea emate aldera.

  3. Leitzako Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  4. Auziari modu azkar eta egokian konponbiderik eman ezean, nabarmenduko dugu Leitzako Udalak hasieran eskatutako txostena ez igortzearekin erakutsi duen jarrera oztopatzailea, eta erakunde honen jarduera oztopatzen duen entitate gisa kalifikatuko dugu, 2010eko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako, eta udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartuko dugu, eta erakundearen webgunean emanen dugu delako erregistroan sartze horren berri.

  5. Erabaki hau Leitzako Udaleko alkateari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen aurkako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia