Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Falta de atención de diversos pisos desocupados o en realojo.
Exp: 09/718/U
Nº: 22
Etxebizitza
Ondokoa zioen:
[?]-ko bizilagunen erkidegoak erakunde horretara jotzea erabaki du, ondotik azaltzen diren arazoei konponbidea emate aldera, Iruñeko Udalean nahiz Vinsan eginiko saiakerek huts egin dutenez.
Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuko ordezkariari.
Jorratu beharreko gaiak:
Ondoko pisuetako alokairu kontratua deuseztatzea: 72. atariko behe solairuko B eta 1. solairuko B pisuak.
Arrazoiak:
Bizilagunen beste erkidego batzuetan birbanatzea gizarteratze-familiak, elkarrekin daudenean bizikidetasun-arazoak, ekonomikoak... eragiten dituztelako, eta, gainera, ghetto bat osatu dute.
Eurek ere onartuko lukete, baldin eta erkidego-kuota merkeagoa duen pisu bat eskaintzen bazaie, gaur egungoari aurre egiterik ez dutelako. Hortaz, gainontzeko bizilagunek gastu horiek gure gain hartu behar izan ditugu, eta bizilagun bakoitzeko 250 euroko derrama bat ordaindu behar izan dugu. Bizilagun horien kaudimengabeziak aurten ere sorrarazi du zorra, eta hortik beste derrama bat heldu da, baina gainontzeko bizilagunek ezin dute hori ere ordaindu. Horrek arriskuan jartzen du oinarrizko hornikuntza (ur beroa eta berokuntza), erkidegoarenak direlako. Haurtxo eta ume txiki asko dago eraikinean, eta marjinalitate are handiagoko egoera sortzeko arriskua dago bestalde.
Bizilagun horiek kalte handiak eragiten dituzte, eta jokabide gizalegegabea dute, esate baterako: pixak, kakak, karkaxak eta hondakinak lorategian, garajean eta igogailuetan, belarri moztuekiko borroka-zakurrak garajean bizitzen, trastelekuetan bizitzen egondako pertsonak, lapurretak eta apurketak trastelekuetan eta etxebizitzetan, ibilgailuen konponketak garaje barruan, atarietako sarrailak apurtzea, garajeko plazak lastairak, somierrak eta are objektu guztiz arriskutsuak, butano-bonbonak adibidez, uzteko erabiltzea.
Udaltzaingoaren ordezkari bat
Jorratu beharreko gaiak:
Espaloiak eta erkidegoaren lorategia kotxez ibiltzeko eta kotxeak konpontzeko erabiltzea.
Gure ustez, Udaltzaingoak ez du behar beste egiten dagoen arazoaren larria kontuan hartuta. Abisua ematen diegunean, askotan ez dira agertu ere egiten, eta beste batzuetan beranduegi etortzen dira.Jakin badakigu gure erkidegoaren egoeraren berri badutela. Bestelako gai batzuk:
Buztintxuriko (Iruña) PA poligonoko 14. lurzatia osatzen duten zenbait eraikini buruz ari gara.
Lurzati hori VINSAk saldu zion Iruñeko Udalari, eta babes ofizialeko etxebizitzen hiru administrazio-espediente sustatu zituen VINSAk han:
31/1-0070/02 | Jabetza-araubide orokorreko 38 BOE 63., 64. 65. eta 66. atariak |
31/10071/02 | Alokairu-araubide bereziko 46 BOE 60., 61., 62., 72., 73. eta 74. atariak |
31/1-0072/02 | Jabetza-araubide bereziko 48 BOE 67., 68., 69., 70. eta 71. atariak |
Jabetza-araubideko 86 etxebizitzetako bizilagunek Etxebizitza Departamentuko ordezkariekin izandako elkarrizketetan ondokoa adierazi dute: Badirenez 6 edo 7 familia erkidego-gastuak ordaintzen ez dituztenak, gainontzekoek berokuntza nahiz bestelako gastu batzuk ordaindu behar dizkiete. 6 edo 7 familia horiei Iruñeko Udalak eman zien berrostatua, haien etxe zaharrak bota zituztelako. Azken finean, jabeen erkidego pribatu bateko berankortasun arazo batez ari gara.
46 etxebizitza babestu horiek VINSAk saldu zizkion Iruñeko Udalari, alokairuan jar zitzan: badira 23 etxebizitza –3 atari oso– oraindik alokatu eta berrostatuan eman gabe, jasota ageri denez. Udalak ahoz adierazi du beste pertsona batzuei emateko aukera dagoela, deialdi publiko bat eginez eta alokairuari buruzko erregelamenduzko baremazioak ematen duen malgutasuna baliatuz.
Adierazitakoaren arabera eta bidalitako idazkitik ondorioztatzen denaren arabera, Iruñeko Udalari dagokio, jabea den aldetik, hartu beharreko neurriak hartzea, alokairu-araubideko etxebizitzen arazoak konpontze aldera. Jabetza-araubideko etxebizitza babestuen kasuan, arazo zibil bat gertatzen ari da (berankortasuna), eta Etxebizitza Departamentuak ez du horretan esku hartzeko eskumenik. Mahai gainean jarritako beste arazo batzuk bideratzeko, poliziak edo segurtasun indarrek esku hartu beharko lukete, personen eta ondasunen segurtasunari eragiten diotelako.
[?] andreak bere izenean nahiz [?]-ko bizilagunen erkidegoaren izenean aurkeztutako kexa ikusita, ondokoa adierazi behar dut, Gizarte Ongizate eta Kirol Alorraren eskumenen arabera eta Gizarte Zerbitzuen Harrera eta Orientazio Programaren arduraduna naizen aldetik:
Auzo unitateko gizarte langileak txosten bat aurkeztu zuen 2009ko martxoan, zeinetan jasotzen baita bizikidetasuna gatazkatsua dela [?]-ko bizilagunen erkidegoko 62-72 zenbakietan. Harrezkero, Gizarte Ongizate eta Kirol Alorrak bilerak egin izan ditu ondoko hilabeteetan bizilagunen erkidegoarekin.
2009ko urriaren 14an, berriz, Harrera Programako arduradunak, Iruñeko Udalaren zentroen arduradunarekin batera, bilera egin zuen arazo horretan sartuta dauden alde guztiekin –bizilagunen erkidegoa, Auzo Unitatea eta ijitoen gutxiengo etnikoarekiko esku-hartzeko entitate espezializatuak ([?] Fundazioa eta [?])–, auzoan egin litezkeen esku-hartzeak aztertze aldera.
Bilera horren ostean, Gizarte Zerbitzuen Harrera eta Orientazio Programaren arduradunak txosten tekniko bat egin zuen, zeinetan osorik jaso baitzituen bizilagunen erkidegoak aipatu bileran eginiko proposamen guztiak, bai eta gizarte-lanaren ikuspegitik eginiko gomendio bat ere.
Gizarte Ongizate eta Kirol Alorrari dagokionez eta ikuspuntu tekniko batetik, auzoko familiaren bat Etxebizitzaren Arloko Gizarteratze Taldera (EGT) igorri dugun arren –entitate horrek aholkua eta orientazioa ematen die pertsonei etxebizitzaren arloan–, txostenean esaten da etxebizitza-bloke horietan bizi diren zenbait familiaren egoera bideratzen ari badira ere kasu batzuetan zaila dela metatutako zorrak kitatzea, eta beharbada utzarazpena gertatuko dela azkenean.
Horregatik gomendatzen da orobat, auzunean bizi duten arazoa ikusita, familia-unitate bakoitzaren egoerari egokitutako lagun-egite sozial trinkoaren bidez lan egitea. Aurreikusita dago urtarril honetan aurkeztea Buztintxurin esku hartzeko proiektu bat, oinarrizko gizarte zerbitzuen titular diren Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzetan sartuko baitzen, 2010ean zehar gutxiengo etnikoekiko gizarte esku-hartzeari buruzko proiektuak betetzen laguntze aldera.
Esku hartzeko proiektu horrekin lortu nahi da, bizilagunen erkidegoak eskatzen duen legez, lagun-egite sozialaren bidez lan egitea, etxebizitza-bloke horietako adingabeen eskola-absentismoa ekidite aldera eta zailtasunak dituzten familiei bizikidetasunari buruzko oinarrizko arau batzuk irakaste aldera.
Auzo Unitatea irekitzeko eskaerari dagokionez –idazkian esaten da inauguratuta dagoela–, adierazi beharra dago lokala bukatuta dagoela arkitekturaren aldetik, baina ez dago inauguratuta. Txostenak orobat dio Buztintxuriko auzo guztiko gizarte laguntzaren ardura Sanduzelaiko Auzo Unitatearena dela. Lokal horrek Harrera Programako gizarte langile bat eta nor bere buruaz baliatzeko programarako lanaldi erdiko gizarte langile bat ditu Buztintxuriko auzorako.
Gizarte Ongizate eta Kirol Alorra, orain arte bezala, bizilagunen erkidegoaren esanetara dago, egin nahi dituzten bilera guztietara joateko prest, Arartekoari zuzendutako idazkian eskatzen duten legez.
Arartekoak Iruñeko Udalera jo du, [?] andreak bere izenean nahiz [?]-ko bizilagunen erkidegoaren izenean aurkeztutako kexari buruzko informazioa eskatzeko. Kexak VINSArekin eta Iruñeko Udaleko zenbait alorrekin lotutako gaiak planteatzen ditu.
Kexaren lehenego puntuan ondokoa planteatzen dute:
Hori dela-eta esan beharra dago, lehenik eta behin, abenduaren 14an bildu zirela erkidego horretako ordezkariak eta Hirigintza, Etxebizitza eta Garapen Iraunkorreko zinegotzi delegatua eta Hirigintza eta Etxebizitza Alorreko zuzendaria. Bilera hartan adierazi zitzaien zer jarduketa egiten ahal ziren.
Halere, eta arazoa hobeki mugatze aldera, ondokoa adierazi behar da:
Udalaren betebeharra da, hirigintza-garapen berrietan, etxebizitza eskuratzen laguntzea botatzekoak ziren etxebizitzetan ordura bitarte bizi zirenei edo haien jabe zirenei. Betebehar horri erantzute aldera, Iruñeko Udalak Etxe-aldaerek ukituendako etxebizitzak eskuratzeko dirulaguntzak ematea arautzen duen ordenantza onetsi zuen. Ordenantza horrek, etxe-aldaerek ukituendako etxebizitzak eskuratzeko dirulaguntzez gain, 15. artikuluan, orobat ezartzen ditu alokairu bidezko laguntzak etxebizitza erosteak dakartzan gastuei aurre egiteko behar adina dirurik ez duten jabeendako. (Honi erantsirik doa ordenantza, 2001eko abuztuaren 3ko 94. NAOn eman baitzen argitara).
Araudi hori bete ahal izate aldera, Iruñeko Udalak eta VINSAk lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2002ko abenduaren 19an, berrostatzeetarako etxebizitzak sustatzeko. Hitzartutako lursailen artean zeuden Buztintxuriko 14. etxe-uharteko guztiak, eta ezarri zen lursail horietan eraikiko zirela:
Salmenta-araubide orokorreko 38 etxebizitza.
Hitzarmen horretan ezarri zen VINSAk lurzatien sustapena eginen zuela salmentako etxebizitzen kasuan, eta eraiki bitarteko epean salerosketako kontratu pribatuak sinatuko zituela Udalak, hirigintza-berrostatzeen kudeaketaren barruan, izendatutako destinatzaileekin. Alokairuko etxebizitzei dagokienez, VINSAk eraikina sustatu eta eraiki behar zuen, eta Udalari eman hark alokairuan jartzeko. (Hitzarmenaren kopia erantsi dugu).
Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzeko 6/2009 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritakoarekin bat, sustapen osoari (ezen ez 3 atariri soilik) aldatu behar zaio, aldatzekotan, alokairuzko etxebizitzen babes-araubidea, eta etxebizitzek etxebizitza babestuaren araudi berariazkoan ezartzen diren baldintzak bete behar dituzte: azalera, diseinua, bizigarritasuna, xedea, erabilera, kalitatea eta gehieneko prezioa. Eta errentamendu-araubideko sustapenak ezin dira salerosketaren araubidera aldatu; izan ere, lege horretako 11. artikuluarekin bat, salerosketaren kalifikazioa hartu duten etxebizitza babestu guztiak edo batzuk alokairuaren araubidean erabiltzen ahalko dira, baina ez alderantziz.
Halere, posible da Udalak aztertzea berrostatzeetarako alokairuko etxebitzitzak alokairuko etxebizitzetarako erabiltzea, baldin etea hutsik badaude, horietako zenbait utzita, agian, berrostatzeetarako; Hirigintza eta Etxebizitza Alorrak laster aztertuko du aukera hori.
Udalak bere gain hartzen ditu esleitu gabeko salerosketa-araubideko etxebizitzen erkidego-gastuak. Gainontzeko jabeek ordaindu ezean gerta litezkeen arazoak bide zibilean ebatzi beharrekoak dira.
Iruñeko Udalak salerosketa kontratu bat sinatu zuen 2005eko abenduaren 15ean Viviendas de Navarra, S.A.rekin, errentamendu-araubide bereziko babes ofizialeko 46 etxebizitzaren gainekoa. Etxebizitza horiek berrostatze-beharrizanak sortu ahala betetzen dira, eta baliatzen hasi zirenetik esleitzen joan dira 72., 73. eta 74. atarietako etxebizitzak. Hutsik daude 60., 61. eta 62. atariak.
“Buztintxuriko 14. etxe-uharte” horrek berdeguneetarako eta garajeetarako gune zentral bat du, eta eraikin guztien ardura mankomunatua da gune horren mantentze-lanei aurre egitea. Gune komun horien administrazioa eta mantentze-lanak [?] finka-administrazioak kudeatzen ditu.
Udalaren etxeizitzen kudeaketarako eta mantentze-lanetarako, Iruñeko Udalak [?] enpresari esleitu zion [?]-ko 60-61-62 eta 72-73-74 atarietako bizilagunen erkidegoaren administrazio-zerbitzua.
[?]-k urtean behin aurkezten ditu 60-61-62 eta 72-73-74 atarietako etxebizitzek eragindako gastu orokorren aurrekontua, eta orobat jakinarazten dizkigu [?] Administrazioak taxututako aurrekontua eta atari horiek mankomunitateari egin beharreko ekarpena, etxe-uharte osoarekin komunean duen gunearen (berdegunea eta garajea) mantentze-lanen gastua dela eta. Iruñeko Udalak bere gain hartzen ditu hutsik dauden pisuen erkidego-gastuak, eta horretarako beharrezkoa den dokumentazio osoa aurkezten den unean berean izapidetzen da espedientea.
[?]-ko 61-73 atarietako bizilagunen erkidegoaren kexan zorra metatzeak eragindako arazoak aipatzen dira, Udalak erkidego-gastuak ordaintzean berandutzeak gas-hornikuntza moztea ekar dezakeelakoan. Udalaren etxebizitzak ez dira [?]-ko 61-73 atarietako bizilagunen erkidegokoak, ezpada bizilagunen erkidego horrekin batera berdeguneari eta garajeari dagokionez eratzen duten zerbitzu-mankomunitatekoak. Hortaz, Udalaren ustezko berandutzea ez litzateke izanen [?]-ko 61-73 atarietako erkidegoko bizilagunei gas-hornikuntza moztearen arrazoia, baizik eta, gehienez ere, berdeguneko eta garajeko zerbitzuen hornikuntzena.
Toki Ogasunaren Alorreko Ondare Zerbitzuak (lehen Ekonomiakoa zena) kasuko ekonomia-neurriak hartu zituen, [?]-ko 60-61-62 eta 72-73-74 atarietako bizilagunen erkidegoaren eta [?]-ko [?] 60- 61-62; 72-73-74; 63, 65, 67, 69 eta 71 atarietako mankomunitatearen arazo ekonomikoen berri izan zuen unean berean. Halatan, etxebizitza libren erkidego-gastuez gain, konturako funts bat ordaintzen du, [?] finka-administrazioak aurkeztutako aurrekontu osoa estaltzeko behar den kopuruaren adinakoa, bere jabetzako etxebizitzei dagokiena. Modu horretan ekiditen da udalaren maizter zordunen balizko ez-ordaintzeek eragina izatea mankomunitatearen diruzaintzaren baliabideetan. Orobat adierazi behar dugu 60-61-62 eta 72-73-74 atariek osatzen duten udal erkidegoaren beraren ez-ordaintzeen ondorioak kontrolatzen eta kitatzen dituela zuzenean, higiezinen jabea den aldetik, Udalak berak. Sistema hori aplikatu da 2008ko eta 2009ko ekitaldietan.
2009ko utzailaren 27an, [?] finka-administrazioak 2008ko gastuen kitapena eta 2009ko aurrekontua aurkeztu zituen. Toki Ogasuneko Alorreko zuzendariak 2009ko irailaren 25ean emandako ebazpen bidez onetsi zen etxebizitza hutsen erkidego-gastuen ordainketa, eta ordainketa 2009ko urriaren 1ean egin zen. Espediente horren izapidetzea nahiko nekeza da, kontrastatu egin behar direlako finka-administrazioak aurkeztutako datuak eta guk ditugunak. Diru kopuru handia ordaindu behar da (12.000 eurotik gora urtean), eta erkidegoari ordaintzen zaion konturako funtsaren ordainketa justifikatu behar da. Edonola ere, ordaintzeko epea aurreratzeko modu bakarra izanen litzateke finka-administrazioak urteko aurreikuspenak egin ahal izateko behar duen informazio guztia izatea aldez aurretik.
ONDORIOAK:
Adierazitako guztiaren ondorioz, gure ustez, posible da Udalak aztertzea berrostatzeetarako alokairuko etxebitzitzak alokairuko etxebizitzetarako erabiltzea, baldin eta hutsik badaude, horietako zenbait utzita, agian, berrostatzeetarako; Hirigintza eta Etxebizitza Alorrak laster aztertuko du aukera hori.
Eta Toki Ogasuneko Alorrak (Ondare Zerbitzuak) neurriak aplika ditzake erkidego-gastuen ordainketa azkartze aldera, ekidite aldera mankomunitatearekiko zorra metatzea berdegunea eta garajeak direla-eta.
Ondokoa adierazi behar dut, [?] andreak bere izenean nahiz [?]-ko bizilagunen erkidegoaren izenean Vinsaren eta Iruñeko Udalaren aurka, okupatu gabe edo berrostatze kasuetarako erabiltzen diren zenbait pisutako ardura eza dela eta, aurkeztutako kexa dela-eta Arartekoak abiarazitako 09/718/U espedienteari buruz:
Udaltzaingoak, kale horretako bizilagunen salaketa ugarien ondorioz, eremua kontrolatzeko plan bat antolatu zuen 2009ko azaroaren 22tik urte amaiera bitarte. Planak jarraipena izanen du 2010ean ere. Honekin batera doaz plan hori garatzeko lan-aginduak, eta hor ikus daiteke ez dela gorabehera aipagarririk gertatu.
Udaltzaingoak zenbait bilera egin ditu alderdi horretako bizilagunekin. Bilera horien ondorioz, aztertzen ari gara bilera haietan mahai gainean jarri ziren neurri pasiboetarik zenbait ezartzea, kale horietan barrena kotxe-lasterketak egitea ekiditeko.
Alderdi horretan gorabeherarik gertatu eta salaketa jartzen den bakoitzean joaten dira udaltzainak hara. Santa Luzia kalean 2009an izandako gorabehera guztien zerrenda doa honekin batera.
Hiritarren Babeserako Alorrean, eta Udaltzaingoak zehazki, ez dugu inolako eragozpenik kexa aurkeztu duten bizilagunen erkidegoarekin berriro biltzeko, dituzten arazoak konpontzen saiatzeko.
Bizilagunen arteko bizikidetasuna eta herritarren segurtasuna zeharkako gai konplexuak dira, hainbat administrazio-diziplinek taxutu eta egindako politika eta jarduketa publikoak baliatzen direlako horiek lortzeko edo zaintzeko.
Halatan, ezin da erraz taxutu estrategia integral bat bizilagunen arteko bizikidetasunean eta herritarren segurtasunean eragiteko. Arazoa konplexua eta diziplina anitzekoa da. Herritarren nahiz bizilagunen arteko bizikidetasunari buruzko planak behar dira, aztertzen ari garen arazoarekiko nolabaiteko konpromisoa eta erantzukizuna duten erakunde eta zerbitzu guztiak bilduko dituztenak.
Bizilagunen arteko bizikidetasun kaskarrak egoera larriak eragin ditzake, osasun publikoaren aurkako atentatu izatera heltzerainokoak. Udalek etxebizitza-kopuru handia erabili ohi dute gizarteratzeko familiei ostatu emateko eta hirigintza-jarduketen ondorioz beren etxebizitza galdu eta gaitasun ekonomiko urria duten jabeen berrostatzeetarako. Halako etxebizitza-blokeetan sarri samar gertatzen dira bizikidetasun-arazoak. Arazo hori areagotu egiten da, inondik ere, jabetza publikoko etxebizitzak hutsik eta utzirik daudenean, modu irregularrean okupatzen direlako azkenean. Halako kasuetan, bizilagunen arteko bizikidetasuna gaizkitu ohi da. Eta egoera hori bizi duten bizilagunak segurtasun-gabezia, ezinegon eta larritasun egoerak pairatzera heltzen ahal dira.
Errealitate horren aurrean –hainbat udaletako etxebizitza-bloketan eta auzotan gertatzen da–, administrazio publikoek zenbait neurri hartu behar izan dituzte bizikidetasuna, ahal den neurrian, berrezartzeko. Halatan, adibidez, segurtasun enpresen zerbitzuak kontratatu dituzte bizilagunek bizikidetasun segurua izan ahal izateko, bideo-zaintzako kamerak jarri dituzte behar diren baldintzak beteta, eta etxebizitza publikoetako maizterrak behartu dituzte errentamendu-kontratuak sinatzera, bizilagunen arteko harremana errespetatzeko konpromisoa har dezaten, halako moduz non, bizikidetasuna hausten baldin bada, ez baita kontratua betetzen eta kasuko bizilagunak edo familiak etxebizitza horretan bizitzeko eskubidea galtzen baitute. Izan ere, bizilagunen arteko bizikidetasuna betebehar pertsonal, familiar eta sozialtzat hartzen da, udalaren etxebizitza bat errentan ematea ala ez ematea justifikatzen duena.
Kontestu horretan, bitartekotza egiteko udal-zerbitzu iraunkorrak ere ari dira sortzen, bizilagunen arteko bizikidetasunarekin lotutako gatazkak artatzea helburu. Zerbitzu horien bidez, bizilagunek badute toki edo bide neutral bat, haien arteko desadostasunak bideratzeko. Helburua da bizilagunen arteko bizikidetasuna hobetzea eta bizilagunen erkidegoetan gerta daitezkeen gatazkak desagerraraztea.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak adierazi digunez, kexaren xede diren etxebizitza-blokeetan VINSAk sustatutako 46 etxebizitza babestuak saldu zitzaizkion Iruñeko Udalari, alokairuan jar zitzan. Ondorioz, Iruñeko Udalak hartu behar ditu segurtasuna eta bizilagunen arteko bizikidetasuna berrezartze aldera hartu beharreko neurriak. Gainontzeko etxebizitza babestuak jabetzaren araubidean esleitu zaizkie, besteak beste, kexaren sustatzaileei.
Etxebizitzen araubideari dagokionez, adierazi beharra dago ezen, orain alokairuaren araubideko etxebizitza babestuak bultzatu nahi diren neurrian, Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzeko 6/2009 Foru Legeko 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, ezin dela aldatu alokairuaren araubidean sustatutako etxebizitza babestuen araubidea salerosketaren araubidean jartzeko, artikulu horrek ahalbidetzen duena delako salerosketaren araubidean eraikitako etxebizitzak alokairuan jartzea, baina ez alderantziz.
Iruñeko Udalak adierazi digunez, abian jarri dute esku hartzeko proiektu bat, zeinaren bidez nahi baita lagun-egite sozialaren bidez lan egitea, etxebizitza-bloke horietako adingabeen eskola-absentismoa ekidite aldera eta zailtasunak dituzten familiei bizikidetasunari buruzko oinarrizko arau batzuk irakaste aldera.
Orobat adierazi digute aukera dagoela berrostatzeen alokairuko etxebizitzak, hutsik daudenak, alokairuan jartzeko, eta gutxi batzuk bakarrik uztea berrostatzeetarako.
Prest azaldu dira orobat Toki Ogasuneko Alorrak (Ondare Zerbitzuak) neurriak aplika ditzan erkidego-gastuen ordainketa azkartze aldera, ekidite aldera mankomunitatearekiko zorra metatzea berdegunea eta garajeak direla-eta.
Gizarte Ongizate eta Kirol Alorra, berriz, prest dago bizilagunen erkidegoarekin harremanetan jartzeko eta behar adina bilera egiteko. Eta Hiritarren Babeserako Alorrean, zehazki Udaltzaingoan, ez dute inolako eragozpenik bizilagunen erkidegoak dituen arazoak konpontzen saiatzeko.
Erakunde honen iritziz, gure azterketan azaldutako jarduketak eta Udalak iradokitakoak –bitartekotza-zerbitzu iraunkorrak sortzea, gizarte-hezkuntzako programak, hutsik dauden pisuen kontrol handiagoa, Udalak azkarrago ordaintzea bizilagunen erkidego-gastuak, berrostatzeetarako etxebizitzen berrantolamendua ghettoak sortzea ekiditeko, bideo-zaintza, eta abar– egokiak izan daitezke kexa-egileak etxebizitzen jabe diren bizilagunen erkidegoaren izenean salatutako segurtasun eta bizilagunen arteko bizkikidetasun arazoak arintzeko eta konpontzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz
Iruñeko Udalari gomendatzea, ahal den azkarren eta kexa sustatu duten bizilagunekin lankidetzan, behar diren neurriak eta jarduketak abiaraz ditzan, [?]-ko [?] atarietako etxebizitza-blokeetako bizilagunen arteko bizikidetasun egokia berrezartze eta mantentze aldera.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia