Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 25eko 21/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] kontsumitzaile taldearen izenean [...] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 25

Osasuna

Gaia: Denuncian la etiquetación incorrecta de productos y alimentos modificados geneticamente

Exp: 09/700/S

: 21

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 8an, [?] andreak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan, [?] kontsumitzaile taldearen izenean; haren bidez, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren nahiz Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen, genetikoki eraldatutako organismoak kontsumitzeko erabateko permisibitateak sortzen duen babesgabetasuna dela eta.

    Azaltzen zuenez, genetikoki eraldatutako zenbait elikagai-landarek arrisku kontrolaezina dute pertsonen osasunari begira. Adibide gisa, antibiotikoekiko erresistentzia-geneen bidez eraldatutako landareak aipatzen zituen, ohikoak direlako tratamendu medikoetan.

    Zioenez –kontsumoaren alorrari buruz ari zen– elikagaien etiketatua zehaztasunik gabe egiten da. Badira gizakiek kontsumitzeko elikagaiak bere etiketatuan esaten dutenak transgenikoetatik libre daudela, baina, berez, Europako legediarengatik, % 0,9ra bitarte dituzte transgenikotan. Horrek urratu egiten du genetikoki eraldatutako elikagaiak hartu nahi ditugun ala ez libreki erabakitzeko eskubidea.

    Orobat zioen elikagai prozesatuetako zenbait osagai genetikoki eraldatu ez daudela sartuta etiketatuari buruzko araudiaren aplikazioan. Halatan, ez dago zertan etiketatu, nahiz eta genetikoki eraldatuak izan edo eraldaketatik heldu, transferentzia-gehigarriak, teknologia-laguntzaileak, gehigarrien eta lurrinen euskarriak, erauzte-disolbagarriak.

    Adierazten zuenez, arestian esandakoaren salbuespen bakarra da fruta eta barazki freskoen erosketari buruzkoa, genetikoki eraldatutako organismoen presentzia oro etiketatu beharra dagoelako. Gaur egun ez dago baimenik frutak eta barazkiak genetikoki eraldatzeko.

    Bukatzeko salatzen zuen transgenikoetatik % 100 libre dauden elikagaiak kontsumitu nahi dituzten pertsonen lege-babesgabetasuna, batzuetan GEOtik % 0,9ra bitarte baimentzen delako eta beste batzuetan ez dagoelako transgenikoen presentzia etiketatzeko betebeharrik.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri genien Osasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, kexan planteaturiko gaiari buruzko informazioa eman zezaten.
  3. Osasuneko kontseilariak, joan den azaroaren 18an, txosten bat igorri zuen. Hartan, ondokoa dio, hitzez hitz:

    [?] andreak planteatzen dituen auziak genetikoki eraldatutako organismoekin –GEOak– eta gisa horretako organismoak edo horietatik heldu direnak dituztenekin lotuta daude:

    Genetikoki eraldatutako landareetatik, antibiotikoekiko erresistentzia-geneen bidez eraldatutakoetatik zehazki, pertsonen osasunerako hel daitezkeen arriskuak.

    Elikagaien etiketatuetako zehaztasun eza.

    Transgenikoetatik libre dauden elikagaiak kontsumitu nahi dituzten pertsonen lege-babesgabetasuna.

    Kexan adierazitako auziei buruz eta Osasun Departamentuaren eskumenei eta erantzukizunari buruz, ondokoa esan beharra dago:

    1. Genetikoki aldarazitako landareak liberatzeko eta merkaturatzeko jarduerek aldez aurreko baimen espresa behar dute, balio-epe mugatua dute eta arriskuaren ebaluazio zientifikoa “kasuz kasu” eta “pausoz pauso” egin beharreko prozedura bete behar dute Europako legediarekin bat, zeinaren helburua baita osasuna eta ingurumena babestearekin batera genetikoki eraldatutako produktuen zirkulazio librea ziurtatzea baldin eta frogatuta badago seguruak eta osasungarriak direla.

      Zehazki, gizakiak nahiz animaliak elikatzeko GEOak eta horietatik heldu diren produktuak merkaturatzeko baimena arautzen du Genetikoki eraldatutako elikagaiei eta pentsuei buruzko irailaren 22ko 1829/2003/EE Erregelamenduaren bidez ezarritako Batasunaren prozedura bakar eta gardenak.

      Erregelamendu horretan jasota dago derrigorrezkoa dela arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa egitea Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzaren (ESEA) ardurapean. Gizakien nahiz animalien osasunerako eta, kasua bada, ingurumenerako egon litekeen arrisku oro baloratzen da, eta bereziki hartzen da kontuan antibiotikoekiko erresistentzia-geneen presentzia.

      Ebaluazio zientifikoa egin ondotik, arriskua kudeatzeari buruzko erabakia hartzen du Batasunak, herritarrendako informazioa nahiz Batzordearen eta estatu kideen arteko lankidetza ziurtatzen duen prozedura baten bidez.

      Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak arriskuari buruz egiten duen ebaluazioa jendaurrekoa da, eta “Genetikoki eraldatutako landareen eta horietatik heldu diren elikagaien eta pentsuen arriskua ebaluatzeko gida” izeneko dokumentuan jasotzen den metodologia du oinarri.

      Arriskuaren ebaluazioan, besteak beste, eraldatutako landareen eta elikagaien balizko erabilerei, toxikotasunari, alergenizitateari eta bestelako ondorio negatiboei buruzko informazioa aztertzen da eta irizpena ematen da, eta hor antibiotikoekiko erresistentzia-geneen presentzia sartzen da, bereziki medikuntzako eta albaitaritzako tratamenduetan erabilitako antibiotikoekiko erresistentzia erakutsi baldin badute. Orobat aztertzen dira gene-transferentziaren aukera, GEOaren nutrizio-informazioa eta gisako ohiko elikagaiekiko baliokidetasuna, laboreetan nahiz ingurumenean izan dezakeen eragina, etiketatuari buruzko proposamena, detekzio-metodoak eta GEOak merkaturatu ondoko jarraipen-planak.

      Antibiotikoekiko erresistentzia-gene markatzaileak eraldatze prozesuan erabiltzen dira, eraldatu gabeko zelulen artean eraldatutako zelulak identifikatzeko eta hautatzeko. ESEAk gene horien arriskuari buruz eginiko argitalpen zientifikoek ondokoa diote gene horien arriskuari buruz:

      Egoera naturaletan edo laborategikoetan ez da ikusi antibiotikoekiko erresistentzia-gene markatzaileak eraldatutako landareetatik lehendik gene hori bera ez zuten bakterioetara transferitzen denik.

      Maiztasun oso txikikoa da, bakterioen arteko transferentziaren aldean, eraldatutako landareen eta bakterioen arteko gene-transferentzia.

      Ikertu diren giro guztietan gertatzen da landareak eraldatzeko baliatzen diren gene markatzaileekiko erresistentzia.

      Erabilitako gene markatzaileek bakterio-jatorria dute.

      Bakterio erresistenteak hautatzeko faktore nagusia da erresistentzia-genearekin lotutako antibiotikoaren presentzia.

      Halere, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2001eko martxoaren 12ko 2001/18/CE Zuzentarauak, genetikoki eraldatutako organismoak ingurumenean nahita askatzeari buruzkoak, debekatu egiten du Batasunean 2004ko abendutik aitzina merkaturatzea erresistentzia-gene markatzaileak dituzten GEOak. Gene horiek dituzten GEOak dira data horretara arte baimendutakoak.

      Hortaz, kexan transgeniko gisa izendatzen diren elikagai guztiek –Europako Erkidegoan baimenduta daude– arriskua ebaluatzeko prozesua gainditu dute aurretiaz. Prozesu horrek –ez dago ohiko elikagairik halako prozesu bat sekula pasatu behar izan duenik– elikagai horien segurtasuna ziurtatzen du, baimendutako kontsumo-baldintzetan ez diote kalterik egiten kontsumitzailearen osasunari eta ohiko elikagaien baliokideak dira nutrizioaren aldetik.

    2. Genetikoki eraldatutako organismoen eta horietan oinarrituta ekoiztutako elikagaien etiketatua arautzen du, Europar Batasunaren esparruan, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren irailaren 22ko 1830/2003/EE Erregelamenduak, genetikoki eraldatutako organismoen trazabilitate eta etiketatuari eta horietatik heldu diren elikagaien eta pentsuen trazabilitate eta etiketatuari buruzkoak.

      Erregelamendu hori elikagai kate osoan zehar exijitzen da, bi helburu hauekin:

      Produktu horiek nahitaez eraman behar duten etiketaren bidez informatzea.

      «Segurtasun-sare» bat sortzea produktu horiek fabrikatzeko eta merkaturatzeko fase guztietan, trazabilitateari esker. Sare horrek bide ematen du gizakien osasunean nahiz ingurumenean izan litezkeen ondorioak zaintzeko eta produktuak erretiratzeko baldin eta egiaztatzen bada ustekabeko arriskua dagoela gizakien osasunerako nahiz ingurumenerako.

      Europako Erkidegoan baimendutako produktu guztiek beteko dute nahitaezko etiketatua, zeinak posible egiten baitu kontsumitzaileak behar adina informazio izatea gizakien nahiz animalien kontsumorako GEOen etiketatuan. Kontsumitzailearen segurtasuna ziurtatuta dago GEOen edo GEOak dituzten produktuen trazabilitateari esker. Etiketatua derrigorrezkoa izatearen helburua da, logikoa denez, trazabilitatea ziurtatzeaz gainera, kontsumitzaileari informazioa ematea eta produktu horiek askatasunez hautatzeko aukera ematea.

      GEOen edo GEOak dituzten produktuen kasuan, Erregelamenduak exijitzen du elikagaiak etiketaturik egotea eta etiketatuan ondoko informazioa ematea:

      Produktuak genetikoki eraldatuak direla, GEOak dituztela edo GEOetan oinarrituta ekoitzi direla adieraztea.

      Kode alfazenbakizko bakarra, produktuak dituen GEOak identifikatzeko balio baitu.

      GEOen kode bakar edo identifikazio sistema horri esker ikasten dira, trazabilitatearen kontrolaren ondorioetarako, produktu horien tasun edo ezaugarri berekiak (trazabilitatea honela ulertu behar da: GEOen eta GEOetan oinarrituta ekoitzitako produktuen traza jarraitzeko ahalmena merkaturatzearen fase guztietan produkzio nahiz banaketa kate guztietan zehar).

      Ontziratu gabeko produktuak baldin badira, nahiz eta kopurua handia izan eta etiketa bat erabiltzea ezinezkoa izan, operatzaileak ziurtatu beharko du informazioa ematen dela produktuarekin batera. Aipatu informazioa eman ahalko da, esate baterako, produktuekin batera joan ohi diren merkataritza-dokumentuetan.

      GEOetan oinarrituta egindako elikagaiak merkaturatzean, industria-operatzaileak idatziz eman beharko dio ondoko informazioa produktua jasotzen duen operatzaileari:

      Elikagaiaren zer osagai dauden ekoitzita GEOetan oinarrituta.

      GEOetan oinarrituta ekoitzitako pentsuetarako gehigarri guztiak eta lehengai guztiak.

      Ez baldin bada derrigorrezkoa osagaien zerrenda ematea, produktuan adierazi egin beharko da GEOetan oinarrituta prestatu dela.

      Ezin da baztertu ezustean GEOak egotea ohiko laboreetan eta produktu ekologikoetan. Ohiko elikagai eta pentsuetan GEOen hondakin txikiak ager daitezke, eta horien jatorria halabeharrezkoa izan daiteke, edo landatzean, uzta biltzean, garraiatzean nahiz tratatzean teknikoki ekidin ezin den kutsaduraren ondorio.

      Behin onartuta ezinezkoa dela elikagaietan eta pentsuetan GEOen presentzia zeharo ekiditea, gizakiak nahiz animaliak elikatzeko produktuak, eraldaketarako zuzenean bideratutakoak barne, salbuetsita daude etiketatu behar izatetik, baldin eta GEOen ezusteko presentzia % 0,9tik gorakoa ez bada, are gehiago presentzia hori nahi gabekoa bada eta teknikoki ekidinezina.

      Operatzaileak frogatu egin behar die agintariei ezustekoa edo teknikoki ekidinezina dela GEOen presentzia, eta, esan bezala, presentzia horrek baimendutako material genetikoaren % 0,9ko muga gainditzen ez badu, produktu horiek ez dago zertan GEO gisa etiketatu. Baina ezin izanen dira nahasgarriak izan, “transgenikorik gabeko elikagaia” dela esanez.

    3. Kexan adierazten da Europako legedia aski dela transgenikorik gabeko elikagaiak kontsumitu nahi dituzten pertsonen eskubidea ziurtatzeko, baina balorazio hori, inondik ere, subjektiboa da, eta ez du ematen bat datorrenik dagoen legedia oparoarekin eta elikagai transgenikoak direla-eta egiten den kontrolarekin, osasunerako arrisku errealei dagokienez eta ohiko elikagaiek bete beharreko kontrolen aldean.

      Elikagai eta pentsu transgenikoen kontrol ofiziala, gainontzeko elikagaien eta pentsuen kasuan legez, estatu kideei dagokie.

      Gure kasuan, Osasun Departamentuko Osasun Publikoaren Institutuaren eskumena da elikagaien segurtasunaren osasun-kontrola egitea, Europako Erkidegoan baimenik ez duten GEOak dituzten elikagaien giza-kontsumoa ekiditeko ardura barne. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kontsumo Zerbitzuaren eskumena da Erkidegoan baimendutako GEOak dituzten elikagaien etiketatuaren kontrola, eta, azkenik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumena da GEOak kontrolatzea lehen mailako produkzioan eta organismo horiek pentsuetan duten presentzia kontrolatzea.

      Foru Administrazioaren eskumenetan, berriz, ez dira sartzen GEOen arloko oinarrizko legedia eta GEOak elikagaiak produzitzeko nahiz beste xede batzuetarako merkaturatzeko baimenak. Eskumen horiek Erkidegoarenak dira oso-osorik.

      Nafarroako Gobernuak koordinazio-organoak sortu ditu, elikagaien segurtasunaren arloan eta biosegurtasunarenean zeharka eta modu integralean jarduteko.

      Ekainaren 22ko 204/1998 Foru Dekretuaren bidez Biosegurtasunaren Foru Batzordea sortu zen. Departamentuen arteko batzordea da, genetikoki eraldatutako organismoen erabilera mugatuaren eta borondatezko askapenaren arloan aholku emateko eta parte hartzeko eta haien zaintza eta kontrola koordinatzeko. Arlo horretakoak dira eraldatutako organismoen alorrean Foru Administrazioak dituen eskumenak eta egiten dituen jarduketak.

      Orain dela gutxi, Nafarroako Gobernuak 2009ko irailaren 28an onetsitako erabakiaren bidez, Elikagaien Segurtasuna eta Kalitatea Koordinatzeko Batzordea sortu zen. Batzorde horrek koordinazio-tresnak ezarri ditu, kontrol ofiziala modu antolatu eta eraginkorrean egin dadin, haztegitik mahairaino elikagaien segurtasuna ziurtatze aldera, GEOak dituzten elikagaiena barne.

      Ondorioak:

      Europako legediak eta genetikoki eraldatutako elikagaiak baimentzeko prozedurek ziurtatzen dute Europako merkatuan jartzen diren elikagaiak seguruak direla eta ez dutela arriskurik gizakien osasunari eta ingurumenari begira. Elikagai horien arriskuak ebaluatzean antibiotikoekiko erresistentzia-gene markatzaileen arriskua ere ebaluatzen da, eta ez da inolaz ere baimentzen gizakien eta animalien osasunerako nahiz ingurumenerako ondorio kaltegarriak izan ditzakeen elikagairik edo kontsumitzailearentzat nahiz erabiltzailearentzat nahasgarria izan daitekeenik, ordezten dituen elikagaien eta pentsuen ezberdina denik, ohiko elikagaien alboan nutrizioaren aldetik kontsumitzaileari desabantaila dakarkionik edo GEOak dituzten pentsuekin elikatzen diren animalietatik heldu diren elikagaietan aldaketak eragin ditzakeenik.

      Mugen Ikuskapen Guneak deritzenetan kontrolatzen da erkidegoan baimenik ez duten organismo eraldatuak elikagai-katean sartzearen arriskua. Gurean, Estatuko Administrazioaren menpe daude gune horiek.

      Osasun arloko agintaritzak egiten du etiketatuaren kontrola eta barne merkatuan baimendu gabeko GEOak dituzten elikagaien balizko presentziarena. Osasun Publikoaren Institutuak –gure erkidegoan berak egiten du kontrol hori– GEOen trazabilitatearen eta etiketatuaren kontrola sartu du elikagaiak ikuskatzeko prozedura eta protokoloetan. Horretaz gain, baimendu gabeko GEOak elikagaietan ageri diren ala ez aztertzea sartu du Institutuak elikagaien segurtasunari buruzko programako elikagaien analisi eta laginen urteko planean.

      Elikagai krisiak eta alertak kudeatzeko Europako sisteman sartzen da baimendu gabeko GEOak dituzten elikagaiak eta baimen nahiz etiketatu baldintzak betetzen ez dituztenak detektatu, geldiarazi eta erretiratzea. Sistema hori Europako Batzordeko Osasun eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren menpean dago. Estatuan, Informazioa Azkar Trukatzeko Sistema Koordinatua (SCIRI) arduratzen da jarduketa horiek egiteaz. Osasun Publikoaren Institutua sistema horren barruan dagoenez, erabat ziurtatuta dago administrazioek modu koordinatuan esku-hartzea arlo horretako ez-betetzeren bat detektatzeko eta esku hartzeko.

      GEOen eta GEOetan oinarrituta ekoitzitako elikagaien jarraipen-planek ez dute sekula detektatu horien kontsumotik gizakien osasunerako heldu den arazorik. Plan horiek nahitaez garatu beharrekoak dira merkaturatzeko baimena emanez gero.

      Azaldutakotik ondorioztatzen da ez dagoela gizakien osasunerako arrisku gehigarririk baimendutako GEOak dituzten edo GEOetatik heldu diren elikagaiak kontsumitzeagatik, horien baliokide diren ohiko elikagaiak kontsumitzearen alboan, kontsumitzaile europarrak ez dituela kontsumitzen baimendu gabeko GEOk dituzten elikagaiak eta behar adina tresna dagoela araudia betetzen ez duten produktuak kontrolatzeko eta erretiratzeko eta kontsumitzaileari aukera emateko transgenikoetatik libre dauden elikagaiak hautatzeko, teknologiak nahiz eskueran dauden bitartekoek horretarako bidea ematen duten neurrian betiere, % 0,9rainoko etiketatu mugarekin.

  4. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak, joan den urtarrilaren 20an, txosten bat igorri zuen. Hartan, ondokoa dio, hitzez hitz:

    Kexa hori Familia, Haur eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira igorri genuen, hura baita kontsumo arloko organo eskuduna, eta ondokoa adierazi ziguten:

    Lehenik eta behin, kontuan hartu beharra dago Europako eta/edo Estatuko araudiaren bidez dagoela araututa genetikoki eraldatutako organismoak dituzten elikagaien etiketatua.

    Ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bere Kontsumo Zerbitzuaren bitartez, etiketatuari buruzko araudi hori betetzen den kontrolatzeko eskumena baizik ez du, eta, kasua bada, ez-betetzea zehatzeko zenbait kasutan. Kontuan hartu beharra dago orobat arlo horretako eskumenen lurralde-banaketa.

    Kontsumo Zerbitzuak informatzen duenez, Kontsumo Zerbitzuko Ikuskaritzak hainbatetan hartu ditu elikagaien laginak, aztertzeko, besteak beste, etiketatua egokia zen produktuak zituen GEOak aintzat hartuta.

    Laginak Kontsumoaren Institutu Nazionaleko Kalitatearen Kontrol eta Ikerkuntza Zentrora bidali dira han aztertze aldera, eta ez dute behin ere ebatzi elikagaiak etiketatuari buruzko kasuko araudia urratzen zuenik.

    Halere, [?] andreak planteatzen duena ez da genetikoki eraldatutako organismoak dituzten produktuen etiketatuari buruzko araudiaren ez-betetzea, baizik eta araudi hori aldatzeko beharra edo komenigarritasuna; izan ere, hark dioenaren arabera, araudi hori beteta ere nahasgarria gerta daiteke.

    Departamentu honek, gure iritziz, ez du eskumenik aipatzen den araudia aldatzeko; dena den, [?] andrearen planteamendua helaraziko diogu, Kontsumo Zerbitzuaren bitartez, Kontsumoaren Institutu Nazionaleko Araudia Lantzeko Taldeari, egin beharrekoa egin dezaten. Haien erantzuna jasotakoan, Erakunde horri igorriko diogu erantzuna.

AZTERKETA

  1. Europako herritarren sektore handi bat oso sentibera ageri da genetikoki eraldatutako organismoen (aurrerantzean, GEO) laborantzaren edo/eta kontsumoaren ondorioez eta gorabeherez, hala ingurumenari nola gizakien nahiz beste espezie batzuen osasunari dagokienez, bai eta Europako konstituzio-arauek kontsumitzaileen defentsaz eta informazioaz denaz bezainbatean botere publikoei eskatzen dieten bermea egiaz baliatzeari dagokionez ere (besteak beste, Espainiako Konstituzioko 51. artikulua).
  2. Europar Batasunak irailaren 22ko 1829/2003/EE eta 1830/2003 erregelamenduen bidez arautu du GEOen merkaturatzea eta horietatik heldu diren elikagaien nahiz pentsuen trazabilitatea eta etiketatua. Erregelamendu horietako manu bat, estatu kideek nahitaez bete beharrekoa, da, hain zuzen ere, kexaren xedeetarik bat, ondokoa hain zuzen ere: % 0,9raino genetikoki eraldatutako organismodun elikagaiak eta pentsuak etiketatzetik salbuetsita egotea.

    Transgenikoen eta ohiko laboreen koexistentziaren erregulazioa Estatuaren eskumena da, eta Ikuskatze Plan Nazional baten bidez bideratu nahi da. Horrekin ekidin nahi da polinizazio transgenikoak labore guztiak kutsatzea, baina, antza denez, ukitutako sektorean ados jartzeko zailtasunak eragozten du oinarrizko arau bat onestea.

  3. Kontuan hartu behar da, orobat, kexa eragin duen auzia Nafarroako Gobernura iritsi dela, zenbait elkarteren eskabideen bidez nahiz Parlamentuaren bidez, eta horiei erantzun behar izan die Gobernuak, azkenekoz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak [?] foru parlamentariak genetikoki eraldatutako laboreen kontrol neurriei, azterlanei eta hedapenari buruz eginiko galderaren karietara (2009ko urriaren 20ko 104. NPAO).

  4. Arestian azaldutakoak mugatzen du Erakunde honek jarduteko duen aukeraren urria; izan ere, alde batetik, gure eskumenen esparrutik kanpo dago Europar Batasunaren Administrazioaren jarduna, bai eta Estatuko Administrazio Orokorrarena ere, eta, bestetik, ez da bidezkoa Nafarroako Gobernuari exijitzea bere eskumenetatik kanpo legokeen jarduketa publikorik egin dezan, herritarren eskubideen defentsari begira ez bailuke izanen inolako ondorio praktikorik.
  5. Hori guztia gorabehera, Erakunde honen iritziz, Nafarroako Gobernuak, politika soziala eta ekonomikoa gidatzen duten printzipioei jarraikiz, bere esku du ekintzak abiaraztea, beste organo eskudun batzuek (Estatuak eta Europar Batasunak) Foru Komunitateko herritarrei kontsumitzaile diren aldetik dagozkien eskubideen defentsa ziurtatze aldera, eta nekazari nahiz abeltzain nafarrei aukera emate aldera, hala eskatzen duten neurrian eta teknikoki posible den neurrian, euren laboreak ohiko biodibertsitateari arrotz zaizkion polinizazioetatik edo kutsaduretatik libre egonen direla.

    Hainbat bide dago jarduketa horietarako. Hor da, adibidez, Europako Erkidegoekin Lotutako Gaietarako Konferentzia arautzen duen martxoaren 13ko 2/1997 Legea. Konferentzia Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza organo gisa sortu zen, behar bezala zehazte aldera nola hartuko duten parte Europar Batasuneko gaietan, ziurtatuta autonomia erkidegoek egiaz parte hartzen dutela Europako erakundeetan Estatuaren borondatea taxutzeko fasean eta Europar Batasuneko zuzenbidearen exekuzioan. Hor dira, orobat, Autonomia Erkidegoetako Lehendakarien Konferentziak 2004ko abenduaren 9an hartutako erabakiak, besteak beste Europar Batasuneko Kontseiluaren borondatea taxutzean autonomien ordezkaritza sistemari buruzko erabakia, zeinaren osagai berritzaile nagusia baita Espainiaren ordezkaritzan kide bat, kontseilari mailakoa, sartu ahal izatea, Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluaren zenbait bileratan autonomia erkidegoen ordezkaritza izate aldera bere eskumenak ukitzen dituzten gaietan.

    Hori dela eta, erakunde honen iritziz, Nafarroako Gobernuari iradokitzen ahal zaio ekimenak abiaraz ditzan, proposatu eta defendatze aldera Europako arauek edo, kasua bada, estatukoek aitor dezaten herritarrek (besteak beste, nafarrek) eskubidea dutela informazio osoa izateko kontsumitzen, eraldatzen edo landatzen dituzten elikagaien osaerari buruz, informazioa emateko betebehar horretatik askatzeko inolako ehuneko-mugarik gabe, eta eskubidea dutela orobat labore ez-transgenikoen polinizazioa eta kutsadura genetikoa kontrolatu eta, kasua bada, eragotz daitezen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokitzea ekimenak abiaraz ditzaten, Nafarroako Gobernuak proposatu eta defendatze aldera Europako arauek edo, kasua bada, estatukoek aitor dezaten herritarrek (besteak beste, nafarrek) eskubidea dutela informazio osoa izateko kontsumitzen, eraldatzen edo landatzen dituzten elikagaien osaerari buruz, informazioa emateko betebehar horretatik askatzeko inolako ehuneko-mugarik gabe, eta eskubidea dutela orobat labore ez-transgenikoen polinizazioa eta kutsadura genetikoa kontrolatu eta, kasua bada, eragotz daitezen.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari erakunde honi jakinarazi diezaion legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duen eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal diezazkion. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea kexa sustatu duen [?] kontsumitzaile elkarteko [?] andreari eta Osasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia