Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 22ko 20/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 22

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con la reducción de tasas académicas a funcionarios

Exp: 09/748/E

: 20

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 30ean, [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuen, Hizkuntza Eskola Ofizialeko tasa akademikoetan diren aldeei buruzkoa.

    Azaltzen zuenez, bere alabaren matrikula egitean ikusi zuen matrikula arruntaren tasa 48,98 eurokoa dela hizkuntza batean matrikulatuz gero, 89,41 eurokoa bi hizkuntzatan matrikulatuz gero eta 129,84koa hiru hizkuntzatan matrikulatuz gero. Funtzionarioentzat, aldiz, tasa 8,55 eurokoa da, matrikula hizkuntza baterako, birako edo hirurako den. Ez daki zer dela eta dagoen alde hori.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Hezkuntza Departamentuari.

  3. Hona, hitzez hitz, Hezkuntza Departamentuak igorritako txostena:

“Hizkuntza Eskola Ofizialaren funtzionamenduari buruzko araudian ez dago jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako arrazoi pertsonal edo sozialengatik inor diskriminatzea ezartzen duen araurik; alta, kasu honetan, zerbitzua emateagatik ordaindu beharreko tasetan dagoen alde ekonomikoa Administrazioaren eta haren funtzionarioen arteko lan-hitzarmenetik heldu da.

Eskola babesari buruzko 1944ko uztailaren 19ko Legeak zeharkako laguntza ekonomiko bat ezarri zuen, doako matrikula izenekoa, Ministerioko langileentzat eta haien 25 urtetik beheitiko seme-alabentzat; egoera hori Lehen Hezkuntzako Legearen Testu Bategina onetsi zuen 193/1967 Errege Dekretuko 56. artikuluak berretsi zuen.

Zerbitzu horiek Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu zirenean, Nafarroako Gobernuak eta sektore publikoko sindikatuek akordio bat sinatu zuten 1992ko otsailaren 26an Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruz. Akordio horretako 11. atalak –“Gizarte onurak”– ondokoa ezartzen du: “1992-93 ikasturtetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko eta haren menpeko erakunde autonomoetako langile finko guztiei hedatuko zaie Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko ikastetxeetako tasak eta prezioak ordaindu behar izateko salbuespena, Hezkuntza eta Zientzia Ministeriotik eskualdatutako irakasleek dituzten baldintza beretan”.

Horrenbestez, bidezkoa dela pentsatu ala ez, Administrazioak eta haren funtzionarioek hitzartutako lan baldintzen hobekuntza baten aplikazio hutsa da hau, Estatuko Administrazioak hitzartutako beste lan baldintza batetik heldu dena”.

AZTERKETA

  1. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legeko 11. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautuko da betiere salbuespenak, murrizketak nahiz bestelako tributu hobariak ezarri, kendu eta denboran luzatzea.

    Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeak ezartzen duenez, berriz, tasak ezarri ahalko dira zerbitzu akademikoak eta osagarriak emateagatik. 6. artikuluak ezartzen duenez, foru legearen bidea baliatu beharra dago tasak ezarri, aldatu eta kentzeko, bai eta tasa bakoitzaren oinarrizko elementuak arautzeko ere.

    Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateak tasak ezar ditzake zerbitzu akademikoak emateagatik, eta horien salbuespen partziala edo osoa ezarri nahi baldin bada, legez arautu beharra dago.

  2. Hezkuntza Departamentuak igorritako txostenak dioenez, Eskola babesari buruzko 1944ko uztailaren 19ko Legeak zeharkako laguntza ekonomiko bat ezarri zuen, doako matrikula izenekoa, Ministerioko langileentzat eta haien 25 urtetik beheitiko seme-alabentzat; egoera hori Lehen Hezkuntzako Legearen Testu Bategina onetsi zuen 193/1967 Errege Dekretuko 56. artikuluak berretsi zuen. Zerbitzu horiek Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu zirenean, Nafarroako Gobernuak eta sektore publikoko sindikatuek akordio bat sinatu zuten 1992ko otsailaren 26an Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruz. Hartan, salbuespen hori jaso zen.

    Horri buruz adierazi behar dugu Hezkuntzari eta Hezkuntza Erreformaren Finantzaketari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko azken xedapenetan laugarrenak ondokoa ezartzen duela: legea argitaratzen denetik aitzina, horren aurreko xedapen guztiak, zein ere den haien maila, erregelamendu izaerako arau izanen dira, harik eta indarrean sartu arte legea garatze aldera onesten diren kasuan kasuko xedapenak, orduan erabat indargabetuko baitira.

    Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak espresuki indargabetu zuen Hezkuntzari eta Hezkuntza Erreformaren Finantzaketari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorra.

    Hortaz, aipatzen den salbuespen hori erregelamendu mailako arau gisa ageri da taxutua, eta horrek urratu egiten du Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legeko 11. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeko 6. artikuluan xedatutakoa.

  3. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak dio Administrazioak eta haren funtzionarioek hitzartutako lan baldintzen hobekuntza baten aplikazio hutsa dela hau.

    Erakunde honek horri buruzko iritzia emateko aukera izan du lehenago ere. Aurreko espediente batean adierazi genuenez, Administrazio Publikoak sindikatuekin zenbait laguntza negoziatzea eta hitzartzea zentzuzkoa izan daiteke, haren menpeko langileen lan baldintzak hobetzen saiatzeari begira, eta, azken batean, langile horiek herritarrei ematen dieten zerbitzuaren onerako izan liteke. Halatan, bai erkidego honetako bai beste autonomia erkidego batzuetako administrazio publikoen hitzarmenetan aurkitzen ahal dira era guztietako laguntzak: hezkuntza arlokoak, protesietarako eta ortesietarako laguntzak, tratamendu berezietarako laguntzak, etxebizitza alokatzeko laguntzak, jaiotza edo adopzioko laguntzak, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak, elikagaiekiko jasanezintasuneko laguntzak, eta abar.

    Gure ustez, onura horiek ez dira emandako zerbitzuaren ordaina, ez dute ordainsari izaerarik; aitzitik, lan harremanaren esparruan edo horren ondorioz Administrazioak bere langileei eskaintzen dizkien laguntza izaerako hobekuntzak dira.

  4. Halere, neurri horiek Administrazioaren eta sindikatuen artean negoziatzekoak izan daitezkeela ohartu arren, egia da ezen, kexan azaldutako auziari dagokionez, epaileek erabaki bat baino gehiago hartu izan dutela Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko funtzionarioen seme-alabak tasa akademikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo matrikula doan izateko asmoari buruz. Hor dira, esaterako, Madrileko Justizia Auzitegiaren epaiak: abenduaren 10eko 1616/1998 epaia –JT/1998/1822–, otsailaren 2ko 145/1999 epaia –RJA/1999/646–, eta abar. Epai horietatik ondorioztatzen da salbuespen hori onartzeak Espainiako Konstituzioko 14. artikuluan ezarritakoa urratzen duela, herritar talde bati tratamendu ezberdina aitortzea dakarrelako.
  5. Espainiako Konstituzioko 14. artikuluak, izan ere, berdintasun printzipioa ezartzen du, “debeku baita diskriminaziorik egitea, jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta”.

  6. Konstituzio Auzitegiak apirilaren 26ko 76/1990 epaian besteak beste interpretatu zuen artikulu hori: “a) Legeetan tratu-desberdintasun guztiak ez dira Konstituzioaren 14. artikuluaren urratze bat; artikulu hori urratuko dute soilik berdintzat jo daitezkeen egitatezko egoeretan desberdintasun bat sartzen dutenak, justifikazio objektibo eta arrazoizkorik izan gabe. b) berdintasunaren printzipioak exijitzen du egitatezko suposamendu berdinetan ondorio juridiko berdinak aplikatuko direla, eta egitatezko bi suposamendu berdintzat joko dira haiek desberdintzeko elementuen erabiltzea edo sartzea modu arbitrarioan egiten denean edo arrazoizko oinarririk ez duenean. c) Berdintasun printzipioak ez ditu tratu desberdintasun guztiak debekatzen; soilik debekatzen ditu irizpide objektibo eta behar adina arrazoitutakoetan oinarrituta ez egoteagatik artifiziosoak edo justifikaziorik gabeak gertatzen direnak, betiere orokorrean onartzen diren irizpide edo juizioen arabera. d) desberdintzea konstituzioaren ikuspuntutik zilegi izan dadin, ez da nahikoa harekin lortu nahi den xedea zilegi izatearekin, izan ere, ezinbestekoa da, gainera, bereizketa horretatik heldutako ondorio juridikoak ere egokiak eta xede horretarako proportzionatuak izatea, halako moduan non hartutako neurriaren, lortzen den emaitzaren eta legegileak bilatzen duen helburuaren arteko erlazioak proportzionaltasunaren epaia gaindituko duen, emaitza bereziki kaltegarriak edo neurrigabeak saihestuta.

  7. Erakunde honen iritziz, eta hitzez hitz eman dugun jurisprudentziaren arabera, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetako tarifak ordaintzetik salbuestea berdintasun printzipioa urratzea da, herritar talde bati tratamendu ezberdina aitortzea dakarrelako, horretarako justifikazio objektiboa eta arrazoizkoa egon gabe.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea egin beharreko izapideak egin ditzan, bere menpeko ikastetxeetan funtzionarioei egiten zaizkien tasa-murrizketak kentze aldera, horrek berdintasun printzipioa urratzea dakarrelako, ez baita kreditatu inolako inguruabar edo datu osagarririk tratamendu juridiko ezberdin hori ezartzeko.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia