Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Deficiente accesibilidad en sucursal bancaria
Exp: 09/756/B
Nº: 19
Gizarte Ongizatea
2009ko azaroaren 4an, [?] elkarteko lehendakariak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen banku-sukurtsal bateko irisgarritasun urriari buruz.
Azaltzen zuenez, Iruñeko Antso Azkarraren etorbideko 69an [?]-ren sukurtsal berri bat irekitzeko eginiko obren espedientea eskuratzea eskatu zuen elkarteak, antza denez 14 zentimetro inguruko eskailera-maila bat igo behar zelako sukurtsalean sartzeko.
Obraren planoak aztertzean ikusi zutenez, sartzeko atean arrapala bat zegoen seinalatua eta marraztua, baina gero ez zen halakorik egin.
Elkartea harremanetan jarri zen zuzenean banku-sukurtsalaren arduradunekin, eta haiek adierazi zutenez, ez zuten arrapala egin “arazoak izan zituztelako egiturarekin”, eta horren ordez, ate bat jarri zuten atzealdean, eta handik bai sar zitezkeen mugikortasun murriztuko pertsonak.
Elkartean uste dute konponbide hori ez dela onargarria, eta ezgaitasuna duten pertsonek leku beretik, ate nagusitik, izan beharko luketela sarbidea, tratu ezberdina jaso gabe.
Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:
“Arartekoaren idazkian jasota ageri da Antso Azkarra etorbideko 69an banku-bulego bat paratze aldera Iruñeko Udalak emandako obren lizentziari buruzko espedientea lortu zuela Elkarteak. Haren arabera, sarreran arrapala bat egin behar zen, baina ez zen halakorik egin, eta sukurtsaleko arduradunek azaldu zietenez, arrapala egin ez bazen egiturazko arazoengatik izan zen, eta horren ordez ate bat ireki zuten atzealdean, zeinetatik mugikortasun murriztuko pertsonak sar baitzitezkeen. Konponbide hori, ordea, ez zaio onargarria iruditzen [?] elkarteari.
Banku-bulegoko obrak egiteko eta sukurtsala irekitzeko lizentzien espedienteak aztertuta egiaztatu ahal izan dugunez, lokalaren atzealdean paratutako sarbideak lokalaren irisgarritasuna ziurtatzen du. Obra-aldaketa hori obra-amaierako ziurtagirietan nahiz irekitzeko lizentzia lortze aldera aurkeztutako argazkietan ageri da. Lokalari emandako konponbidea onargarria zen gure ustez, eta, halatan, irekitzeko lizentzia eman zitzaion. Honekin batera doaz irekitzeko lizentziaren eskabidearen kopia eta espediente horretan aurkeztutako argazkiena eta ziurtagiriena, bai eta kasuko txosten teknikoa ere.
Hortaz, gure ustez, kasu honetan ez dago zertan hartu lokal horri buruzko neurri zehatzik. Aitzitik, gure ustez, bidezkoa da Udal honek [?] elkartearekin garatu izan duen lankidetzari eustea; izan ere, horri esker berritze-obren jarraipena egin ahal izan da, eta horrek balio izan du Iruñeko lokalen irisgarritasuna azken urteotako lorpen bat izan dadin, hirian barrena paseo bat emanez gero ikus daitekeenez”.
Aurrekarietatik ondorioztatzen ahal denez, [?] Elkarteak orain dela gutxi ireki den [?]-ren sukurtsalean hartutako konponbidea salatu du, mugikortasun murriztuko pertsonen irisgarritasuna ziurtatze aldera. Hori dela-eta adierazi dute sarbide bat paratu dela atzealdean pertsona horiek sukurtsalera sartu ahal izan daitezen, ate nagusian arkitektura-oztopo bat dagoelako, nahiz eta hasierako proiektuan kontrakoa aurreikusi. Uste dute konponbide hori onartezina dela eta diskriminatu egiten dituela gainontzeko herritarren aldean.
Ezer baino lehen adierazi behar dugu Erakunde honen eskumena dela Nafarroako Administrazio Publikoen –kasu honetan Iruñeko Udalaren– jarduketak aztertzea eta haien eskumen-esparruari dagokionez gomendioak edo iradokizunak egitea. Ez dugu eskumenik, ordea, administrazio publiko ez diren entitateen jokabideak balioesten hasteko, esaterako aipatu banketxearena.
Hori esanda, adierazi behar dugu Iruñeko Udalak administrazio den aldetik esku hartzen duela gisa horretako obrak egiten direnean, eta obra horiek legedia indardunaren arabera egiten direla zaindu behar duela. Testuinguru horretan ulertu behar da udalaren txostenean aipatzen diren lizentziak ematea.
Horri dagokionez, egindako txostenean adierazten da Udalak konponbidea onartu behar duela ezinbestean, irisgarritasunari dagokionez lokalari emandako konponbidea (lokalaren atzealdean ate bat paratzea) onargarria dela ikusita.
Kexan aipatzen den obra irisgarritasunaren ikuspuntutik mugatzen duen araudia ezartzen dute Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legeak eta foru legea garatzeko erregelamendua onesten duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretuak.
Foru legeak helburu du behar diren determinazioak ezartzea minusbaliotasun organiko edo noiznolako bat daukaten pertsonei erraztasunak emateko gizartearen ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko eta erabiltzeko (1.1 artikulua), eta aplikatzekoa da eraikin berriak egin, edo handitu, eraberritu, egokitu, hobetu edo erabilera aldatzeko lanak diseinatu eta gauzatzean, betiere jendeak erabili edo ibili beharreko eraikinak eta lokalak badira, bai titularitate edo jabari publikokoak bai pribatukoak (2.2 artikulua). Jendeak erabili edo ibili beharreko eraikinak eta lokalak dira, manuak berak adierazten duen legez, merkataritza eta banku zerbitzuak eta establezimenduak.
Diseinuaren eta exekuzioaren arloan foru legeak agindutakoa bete behar duten arkitektura eta eraikuntza elementuen, zerbitzuen eta espazioen artean daude “eraikinen sarbideak” (5. artikulua).
Arkitektura oztopoei buruzko legedia interpretatu eta garatzean, haren helburu nagusiari erreparatu behar zaio, hau da, Konstituzioko 9.2 artikuluan adierazten denari: botere publikoen egitekoa da bideak jartzea norbanakoen nahiz taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen.
Halatan, gure ustez, Administrazioak exijitu egin beharko lieke Oztopo Fisiko eta Sentsorialei buruzko Foru Legea bete beharreko obren sustatzaileei ziurta dezaten ezgaitasuna duten pertsonek sarbide arrunta (gainontzeko erabiltzaileek erabiltzen duten sarbidea) baliatu ahal izatea lokalera sartzeko. Gure ustez, salbuespenez soilik eta araua betetzeko ezintasun materialari buruzko berariazko justifikazioaren bidez soilik onar litezke beste konponbide batzuk.
Izan ere, gure ustez, legegileak lortu nahi duen helburua ez da soilik fisikoki izatea posible pertsona guztien irisgarritasuna, ezpada irisgarritasuna berdintasunez egin ahal izatea ahal den neurrian.
Kasu honetan ikusten dugu ezen jarduera- eta obra-lizentzia jaso zituen proiektuak lokalaren ate nagusian arrapala bat egitea jasotzen zuela. Halere, ez zen halakorik egin, eta irekitzeko lizentzia jasotzeko bete zen ziurtagirian adierazten den legez, “sartzeko ate bat paratu zen lokalaren atzealdean, irisgarritasunari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzen duena”.
Gure iritziz, eta arrazoi horiek ikusita, Udalak sustatzaileari eskatu beharko lioke egin duen aldaketa hori justifika dezan, eta soilik eman beharko luke ontzat baldin eta ezinezkoa balitz hasieran proiektatutako eraikuntza-konponbidea hartzea. Igorri zaigun dokumentazioaren arabera, ez dugu ikusten justifikazio hori espedientean sartu denik, bertan aipamen orokor huts bat egiten baita arkitektura-oztopoen araudian ezarritako baldintzak betetzeari buruz.
Aztertutako kasu zehatz honi buruz adierazitakoa alde batera utzita, gure kezka adierazi nahi dugu, gisa honetako praktikak (berriro diogu: salbuespenak salbuespen eta behar bezala justifikatuta onargarriak izan daitezke) obrak egiten dituenaren borondate hutsez egin baldin badaitezke, administrazio publiko eskudunak erabaki hori baldintzatzeko tresnarik izan gabe.
Horregatik, gure erakunde-eginkizunari jarraikiz –herritarren eskubideen babes-maila hobetzea ere dagokigu– eta ulertuta ezen oztopo fisikoei eta sentsorialei buruzko legediak gutxieneko izaera duela eta hirigintza arloko udal araudiaren bidez osatu, zehaztu eta hobetu daitekeela (hori ondorioztatzen da Oztopo Fisiko eta Sentsorialei buruzko Foru Legeko 6. artikulutik), uste dugu bidezkoa dela Iruñeko Udalari iradokitzea azter dezan ea ahal den, kasuan kasuko tresna onetsita, baldintza zorrotzagoak jartzea, ziurtatze aldera, kasu hau bezalako obretan, irisgarritasuna berdintasun baldintzetan gertatzea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz
Iruñeko Udalari gomendatzea kexa eragin duen obraren sustatzaileari eska diezaion justifikatzea zergatik aldatu den, irisgarritasunari dagokionez, hasierako proiektua, eta beste kasu batean proiektu hori betetzen dela exijitzea.
Iruñeko Udalari iradokitzea azter dezan ea ahal den, kasuan kasuko hirigintza arloko tresna onetsita, baldintza zorrotzagoak jartzea, ziurtatze aldera, kasu hau bezalako obretan, irisgarritasuna berdintasun baldintzetan gertatzea.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia