Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: inadaptación a discapcitados de la rampa mecánica Iturrama-Azpilagaña
Exp: 09/857/B
Nº: 18
Gizarte Ongizatea
2009ko abenduaren 10ean, [?] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, [?]-ko lehendakaria den aldetik salatzen zuen Iturrama eta Azpilagaña lotzen dituen arrapala mekaniko berria ez dagoela egokituta ezgaitasun fisikoa dutenek erabiltzeko.
Laburbilduz, ondokoa zioen: arrapala mekanikoa gaizki diseinatuta dago; izan ere, gehiegizko inklinazioa du gurpil-aulkientzat, eta gutxieneko segurtasun batekin erabili ahal izateko beharrezkoa da beste pertsona baten laguntza, eta, hartara, ez du bere eginkizuna betetzen ezgaitasun fisikoa duten pertsonei dagokienez.
Horren berri eman zioten Iruñeko Udalari, baina, antza denez, ez zuten emaitzarik lortu.
2010eko urtarrilaren 15ean, eskatutako txostena igorri zigun Iruñeko Udalak, eta hartan, laburbilduta, ondokoa ageri da jasota:
Arrapala mekanikoaren instalazioaren helburua da Abejeras kalearen eta Ega ibaiaren kalearen artean ibiltzeko eragozpenak gainditzea (449,56 metroko eta 442,26 metroko kota dute, hurrenez hurren, hau da, 7,2 metroko desnibela). Desnibel hori gainditzeko, 42 mailako eskailera bat zegoen lehen, eta hori arkitektura-oztopo bat zen ezgaitasuna duten pertsonentzat eta are herritarrentzat ere oro har.
Erabakia hartzeko unean ondokoak hartu ziren aintzat, eta hortik heldu zen hartutako konponbide teknikoa:
Udalaren txostenak dio Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legeak eta foru legea garatzeko erregelamendua onesten duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretuak ez dutela gisa horrelako elementuei buruzko araurik ematen, eta, hortaz, ez dagoela instalazioaren eta arau horiek arteko kontraesanik.
Hala da, foru legediak ez ditu zuzenean arautzen arrapala mekanikoak, bai ordea hiri-altzarien berezko osagai mekanikoen instalazioek bete beharreko baldintzak:
Oztopo Fisikoei eta Zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea garatzeko eta aplikatzeko erregelamendua onetsi zuen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretuak ondokoa ezartzen du:
Erregelamendua aplikatzearen ondorioetarako, hona zer den “ibilbide bat”: erabilera publikoko ibilbideak eta guneak, oinezkoen araubidean erabili eta zeharkatzen direnak. Oinezkoen araubidea, berriz, ondokoa: energia kontsumitzen duten sistema mekanikoen bidez bultzatutako ibilgailuak erabiltzea ez dakarrena, hortik kanpo utzita igogailuak, plataforma jasotzaileak eta gurpil-aulkiak, horien erabilera bai sartzen delako oinezkoen araubidean (3. artikulua).
Ibilbideen artean trinkoak, ertainak eta murriztuak bereizten dira. Hona ibilbide trinkoak zer diren: oinezko araubideko komunikazioen egitura nagusia taxutu eta osatzen dutenak, bai eta urritu fisiko eta urritu sentsorialentzakoak (4. artikulua).
Ibilbide horiek bi mailaren arabera sailkatzen dira, urbanizazio eta hiri-altzarien osagaiei, guneei, zerbitzuei eta eraikuntza nahiz arkitektura osagaiei eta barne ekipamendu nahiz altzariei dagozkien parametro normalizatuak, nahitaez bete beharrekoak, kokatze aldera. 1. mailak laugarren artikuluan zehazten diren ibilbide trinkoetan jasotzen diren objektuei eragiten die (5. artikulua).
7. artikuluak ondokoak ezartzen ditu, besteak beste, desnibelak gainditu beharreko joan-etorriei dagokienez:
- Erregelamenduaren ondorioetarako, desnibelak gainditu beharreko joan-etorriak dira joan-etorriaren norabidean % 6tik gorako malda duten ibilbideak.
- Hona, desnibela gainditu beharreko joan-etorriei begira, nahitaez bete beharreko parametro normalizatuak:
ARRAPALAK:
Arrapalak dira ibilbidearen luzetarako norabidean % 6tik gorako malda duten ibilbideak. Ondoko parametroei jarraikiz proiektatu eta egin behar dira:
Luzetarako gehieneko malda ibilbidearen norabidean: 1 maila: 3 metrora bitarteko tarteak: 1% 10. 3tik 8ra metro bitarteko tarteak: % 8. 8tik 15era metro bitarteko tarteak: % 6.
15 metrotik gorako luzera duten tarteak proiektatzeko eta egiteko, nahitaez tartekatu beharko dira eskailera-buruak.
Kexaren xedeko arrapala mekanikoek 38 metroko luzera dute, eta metro bateko zabalera. Luzetarako malda % 12koa da, eta ez dago eskailera-bururik.
Ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretuaren arabera, aztertzen ari garen arrapala mekanikoak oinezkoen araubidean zeharkatu eta erabiltzen den ibilbide trinkoa dira, eta, horrenbestez, mailak gainditu beharreko ibilbideentzako, hau da, arrapalentzako arauak aplikatu behar zaizkie. Halere, ez du erregelamenduak ezarritakoa betetzen; izan ere, % 12ko malda du (onartzen den % 6ko malda baino askozaz ere handiagoa), eta ez du eskailera-bururik 15 metrorik behin.
Kexa-egileak dioenez, hori guztia adierazi zion [?] andreak Udalari, baina, antza denez, Udalaren Proiektu Estrategikoen Alorrak ez zituen eragozpen horiek aintzat hartu.
Alegia, gurpil-aulkian ibili behar duten urritu fisikoek ezin dituzte erabili jarritako arrapala mekanikoak, non eta ez duten beste pertsona baten laguntza. Litekeena da, ingurunearen ezaugarri fisikoengatik eta arrapala mekanikoen ezaugarri teknikoengatik, oso zaila eta are ezinezkoa izatea lehen adierazitako arauzko determinazioak betetzea. Baina hori horrela baldin bada, beste konponbide guztiz baliodunen aldeko hautua egin behar zen, igogailuen aldekoa adibidez, ezgaitasun fisikoa dutenentzako irisgarriak eta baliagarriak direlako. Antza denez, hori izan zen Nafarroako Minusbaliatu Fisikoen Koordinakundeak proposatu zuen konponbidea.
Testuinguru honetan, ez da alferrik gogoraraztea Espainiako Konstituzioko 49. artikuluak botere publikoak premiatzen dituela gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoen aurreikuspen, tratamendu, birgaitze eta integrazioa bila dezaten beren politikan, herritar guztiei ematen zaizkien eskubideez goza dezaten, eta Ezinduen aukera berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legeko 2. artikuluaren arabera, berriz, irisgarritasun unibertsalak berekin dakarrela inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek zein objektuek, tresnek, bitartekoek eta gailuek pertsona orok ulertu eta erabiltzeko modukoak izan behar dutela, segurtasun eta erosotasun baldintzetan eta ahalik eta autonomia eta naturaltasun handienaz betiere.
Bada, hirigintza arloko hobekuntzak eta populazio guneetako bide publikoetako ekipamendu eta hiri-altzarien arloko hobekuntzak egin beharrari dagokionez, honen antzeko espedienteetan adierazia dugu jadanik komenigarria dela udalak erabat jabetu daitezen zein diren ezgaitasun fisiko nahiz sentsorialak dituzten pertsonen kezkak eta beharrizanak, eta lehentasuna eman diezaieten irisgarritasun unibertsaleko irizpideari erantzuten dieten jarduketei, gaur egun dauden oztopo eta muga fisiko eta sentsorialak kenduz, zenbait minusbaliotasun organiko dituztenek zaila eta are ezinezkoa dutelako, oztopo eta muga horien erruz, gizartean normaltasunez moldatzea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz
Iruñeko Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela Iruñeko bide publikoetako ekipamenduak eta hirigintza arloko jarduketak Oztopo Fisiko eta Sentsorialei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legera eta foru lege hori garatzeko erregelamendua onetsi zuen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretura zeharo egokitzera.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia