Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 21eko 7/2009 ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarena Hizkuntza Eskubideen Behatokiak zuzendari gisa aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 21

Kultura

Gaia: Queja por la existencia de rótulos únicamente en castellano en un vehículo de la Policía Foral

Exp: 08/548/C

: 7

Kultura, Kirola, Gazteria eta Elebitasuna

AURREKARIAK

1. 2008ko azaroaren 6an, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan, idazki horretan, kexa bat agertu zuen, 2008ko urriaren 4an goizeko 11k aldera Altsasuko kaleetan gaztelania hutsean errotulatuta zegoen Foruzaingoaren auto bat zebilela eta.

2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

3. 2009ko urtarrilaren 13an sartu zen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak igorritako txostena. Honela dio hitzez hitz:
? Altsasuko herria eremu euskaldunean dago, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen arabera, eta, beraz, Foru Lege horretako 10. artikuluak eta hurrengoek ezartzen duten hizkuntz araubidea dagokio.

Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoetako euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak honela dio 11. artikuluan, eremu euskaldunari dagokionez, ?Irudiak, oharrak eta argitalpenak? izenburuko atalean: ?Bulego, langela eta egoitzetako errotuluak, paperen idazpuruak edo menbreteak, zigilu ofizialak eta gainerako identifikazio nahiz seinalizazio elementuak ele bitan idatziko dira?.

Azken agindu hori betez, Foruzaingoaren Altsasuko komisaria, zeina 2006ko abenduaren 29an ireki baitzen, ele bitan dago errotulatuta, ?POLICIA FORAL-FORUZAINGOA? identifikazioarekin.

Komisaria hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 11ko 429/2006 Foru Aginduaren bidez sortu zen, eta haren eragin-esparruaren barruan herri hauek sartzen dira: Altsasu, Araitz, Arbizu, Areso, Arruazu, Atez, Bakaiku, Betelu, Ziordia, Etxarri Aranatz, Ergoiena, Goñi, Uharte Arakil, Imotz, Irañeta, Irurtzun, Iturmendi, Iza, Txulapain, Lakuntza, Larraun, Leitza, Lekunberri, Olatzagutia, Ollo eta Urdiain, eta Urbasa eta Andia mendilerroak.

Soilik zerrenda hori irakurrita, agerian gelditzen da komisaria eremu euskaldunaren barruan egonik ere eremu mistoko herriak ere sartzen direla haren lurralde-hedapenaren barruan, hala nola Goñi, Itza, Txulapain, Ollo eta Urbasako eta Andiako leku jakin batzuk.

Euskarari buruzko araudia Foruzaingoaren ondasun higigarriei zehatz-mehatz aplikatzeko, beharrezkoa da haren egiturari erreparatzea. Hain zuzen ere, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Erregelamendua aldatzen duen uztailaren 26ko Foru Dekretuak ematen du erakunde horren egituraren berri. Polizia antolamendua sailetan eta barrutietan egituratua dago, eta horiek denek izaera zentrala dute. Bestalde, brigadak eta taldeak, polizia-lanak betetzeko funtsezko unitateak, zentralak edo lurraldekoak izan daitezke; lurralde izaera polizia komisariek dute soil-soilik, eta gaur egun zazpi dira.

Foruzaingoaren egitura errepasatu dugu hain zuzen ere agerian uzteko izaera zentrala duela erakunde hori eratzen duten unitateen portzentaje handi batek; hori dela eta, Iruñean kokatuta daude, eta zerbitzu iraunkorrak eta noizbehinkakoak ematen dituzte Nafarroako Foru Komunitate osoan; hala, berdin sartzen dira euskarari buruzko araudian adierazten diren hiru hizkuntza eremuetako batean zein bestean.

Bestalde, hori baita kexaren benetako arrazoia, ibilgailuak, are edozein komisariaren eragin-esparruan zerbitzua eman ohi duten ibilgailuak ere, ez zaizkio espezifikoki atxikitzen dagozkion lurralde-unitateari, Foruzaingoaren gorputzari baizik. Izan ere, baliabideen kudeaketa arrazoiengatik, eta bereziki segurtasun arrazoiengatik, ez da komeni ibilgailuak eremu jakin bati behin betiko atxikitzea; aitzitik, gomendagarriagoa da txandaka erabiltzea?.

AZTERKETA

1. Euskararen erabilerari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu ?funtsezko? gisa (1. artikulua), eta, beraz, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu behar dituzten helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita. Eskubide hori baliatzen dela bermatzeko, dagozkion neurriak hartzea eta beharrezko bitartekoak biltzea agintzen du Foru Arauak.

Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoetako euskararen erabilerari buruzko otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak ezartzen du funtsezko helburua dela eremu euskaldunean bi hizkuntza ofizialak hala lan hizkuntza gisa nola herritarrari ematen zaion zerbitzurako hizkuntza gisa berdin erabiltzeko modua egitea. Helburu hori lortzeko, lege horretako 10. eta 11. artikuluek diote ele bitan eginen direla hala pertsona fisiko eta juridikoei zuzendutako adierazpen eta jakinarazpenak nola beste zeinahi identifikazio elementu.

2. Adierazitako lege eta arauetako xedapen horiek kontuan hartuta, begien bistakoa da ondorio ateratzea euskarak leku berezi eta bakana duela Foru Erkidegoaren antolamenduaren barruan. Leku edo estatus hori, erakunde honen iritziz, datu hauek definitzen dute (antzeko moldeetan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak urriaren 29an emandako epaia, 1053/2004 zenbakikoa):

- Zalantzarik gabe, euskara Nafarroako berezko hizkuntza da, eta horrek, berez, ondorio dakar babes mota edo babes maila jakin bat ematea; babes horrek gaztelaniaren pare jartzen du eremu euskaldunean, eta haren azpitik eremu mistoan, baina betiere gaztelania ez den beste edozein hizkuntzaren gainetik eremu misto horretan bertan.

- Horregatik da beharrezkoa herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea babestea eta euskararen biziberritze eta garapena sustatzea, suspertze irizpideak baliatuta. Helburu horiek lurralde osoari aplikatzekoak dira, baina ezarritako zonifikazioaren araberakoa izanen da helburu horiek betetzeko tresnen intentsitatea; guztiarekin ere, dudarik gabe, euskararen sustapenak eremu ofiziala edo koofiziala du jokalekua, eta, jakina, baita eremu mistoa ere.

Azken batean, euskara berezko hizkuntza da Foru Erkidegoan, eta ofiziala Nafarroako lurraldearen zati batean. Halakotzat jotzearen ondorio da herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko eskubide orokorra izatea (2.1), eta, korrelazioz, botere publikoek eskubide hori babestu eta bermatzeko hainbat betebehar izatea, euskararen biziberritze eta garapena zaintzea eta Nafarroan haren erabilera sustatzea, hau da, ez Nafarroako zati batean bakarrik, baizik eta foru lurralde osoan (1.2. artikulua).

3. Igorritako txostenean adierazten den bezala, otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak 11. artikuluan dio eremu euskaldunean ele bitan idatziko direla hala pertsona fisiko eta juridikoentzako adierazpen eta jakinarazpenak nola paperak eta gainerako identifikazio elementuak.

Erakunde honen iritziz, ez dauka inolako zailtasun teknikorik eremu euskalduneko komisariei atxikitako ibilgailuak edo zerbitzua komisaria horien eragin-esparruan eman ohi duten ibilgailuak ele bitan errotulatzeak, nahiz eta ez egon espefizikoki haiei atxikiak. Gainera, ibilgailu horiek ele bitan errotulatzeak, nahiz eta noizean behin une jakin batzuetan ibiltzen diren eremu euskaldunean, ez du inola ere bortxatzen adierazitako araudia, guztiz bestela baizik.

Adierazitako guztiagatik, erakunde honi buruzko Foru Arauko 34.1. artikuluaren arabera, hau

EBATZI DUT:

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea errotula ditzala ele bitan hala eremu euskalduneko komisarietan zerbitzu ematen duten ibilgailuak nola normalean hara lekualdatzen direnak.

2. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen dituen moldeetan.

3. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia