Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 19ko 16/2010 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] zuzendari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 19

Euskara

Gaia: Convocatoria de personal en Administración de la zona mixta sin valorar el conocimiento del euskera

Exp: 09/766/C

: 16

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 5ean, [?] zuzendari [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, hizkuntza eskubideei buruzko kexa bat agertzen zuen Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulanpaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen aurka. Azaltzen du 2009ko 97. NAOn deialdi bat argitaratu zela mankomunitate horren zerbitzuko gizarte langilea izateko lanpostu bat betetzeko. Aipatzen du deialdian ez dela euskaraz jakitea baloratzen, nahiz eta baloratu beharko litzatekeen, herritarrek hizkuntza horretan artatuak izateko daukaten eskubidea bermatzeko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion aipatutako mankomunitateari; halaber, eskatu genion adierazteko zein neurri hartu diren mankomunitateko plantilla organikoa egituratzeko orduan, euskarazko arreta bermatzeari begira.

Mankomunitateko lehendakariak txosten hori egin zuen, eta hartan honakoa ageri da:

“Mankomunitate honek ez du, gaur arte, [?]ren inolako kexarik jaso.

Aipatzen den deialdia halako hautaprobetan aplikatzekoak diren arauak zorrotz betez egin da, bai foru arauei dagokienez, bai mankomunitate honi aplikatzekoak zaizkien tokiko arauei dagokienez eta Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko arauei dagokienez ere.

Mankomunitate honen betebehar bat dela, administrazio publikoa den aldetik, herritarren eskubideak bermatzea, kasuan kasu aplikatzekoak diren arau guztiei dagokienez.

Bere burua antolatzeko duen ahalmenaren indarrez, mankomunitate honek, ikuspegi orokor eta bateratzaile batetik, etengabe aztertzen ditu erabiltzaileen eskariak, baita hizkuntzari doazkionak ere, ematen dituen zerbitzuak erabiltzaileen eskarien arabera egokitzeko, betiere ezinbestez bete beharreko legezko betebeharrak beteta.

AZTERKETA

  1. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) euskaraz jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hura gauzatzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena babestea, haren erabilera sustatzeko neurriak ezarriz; c) euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea borondatezkotasuna, gradualtasun eta begirunean oinarriturik.
  2. 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak, euskara eremu mistoan erabiltzeari buruzkoak, honakoa ezarri zuen:

    “Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Administrazio Publikoei zuzentzeko.
    Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatu Administrazioek honako hau egin dezakete:

    1. Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezko euskaraz jakitea zehaztu.
    2. Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu”.

      Euskara eremu mistoan (Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak diharduen lurralde-esparrua) erabiltzeari buruz lege horretan ezarritakotik ondorioztatzen da Nafarroako administrazio publikoek giza baliabide egokiak eta behar adinakoak eduki beharko dituztela herritarrek administrazioetan euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.

      Hala eta guztiz ere, adierazi beharra daukagu, halaber, lege-agindu beretik heldu dela administrazio publikoek zuhurtziarakotasunerako tarte bat dutela beren plantillak egituratzeko garaian, halako moduz non erakunde honek ezin baitu ondorioztatu kexan salatutako egitatea (euskara ez baloratzea erreferentziako deialdiaren xede den lanposturako) antolamendu juridikoak aitorturiko eskubideen urraketa bat denik.

  3. Aurrekoa ezertan kendu gabe, eta kontuan izanda legegileak bilatutako helburuak eta euskara Nafarroako hizkuntza bereki gisa kalifikatuta dagoela, erakunde honek gomendagarritzat jotzen du mankomunitateak bere plantillan sartzeko onesten dituen merezimenduen baremoetan, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa balora dadin, beste alderdi batzuekin batera.

    Horri dagokionez, aipatu beharra dago (erreferentzia gisa besterik ez bada ere, araua toki entitateentzat loteslea ez delako) irizpide hori ezarrita dagoela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautu zuen ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuan; izan ere, haren 3. artikuluak aurreikusten du euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko dela eremu mistoko herrietan aritzeko diren lanpostuetan, ezagutza hori nahitaezkotzat jo ez den kasuetan, eta eragin handiagoa edo txikiagoa aitortuz kasuan kasuko lanpostuak herritarrekiko arretan edo tratuan duen mailaren arabera.

    Azken batean, nahiz eta ez dugun atzeman aipatutako deialdian antolamendu juridiko indarduna urratu denik, bai iradoki behar diogu Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari ezen bere plantillan sartzeko onesten dituen merezimenduen baremoetan, euskararen ezagutza balora dezan, baldin eta hura nahitaezkotzat jo ez bada.

    Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iradokitzea Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari ezen bere plantillan sartzeko onesten dituen merezimenduen baremoetan, euskararen ezagutza balora dezala, baldin eta hura nahitaezkotzat jo ez bada.

  2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu mankomunitateari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari, eta adieraztea haren aurka ezin dela errekurtsorik aurkeztu.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia