Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Supresión de la subvención para la actividad "festivales de los niños cantando-Haur Kantari Jaialdiak", que se desarrolla desde hace 25 años y era subvencionada.
Exp: 09/881/E
Nº: 15
Hezkuntza eta irakaskuntza
2009ko abenduaren 22an, [?] jaunak, [?] elkartearen lehendakariorde gisa, aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du elkarte horri orain arte eman izan zaion diru-laguntza bat kendu zaiolako.
Azaltzen du elkarte horrek egiten duen jardueretako bat dela “Haur Kantari Jaialdiak” izenekoa, zeinean, normalean, lau deialdiren bitartez Nafarroako eskola guztietako ikasleek parte hartzen baitute. Finala Gayarre Antzokian ospatu ohi da.
Azaltzen du jarduera horren kostua, gutxi gorabehera, 30.000 eurokoa dela eta urtarriletik apirilera bitarte egin ohi dela, eta 25 urtez 6.000 euroko diru-laguntza jaso izan dutela lehiaketa antolatzeko eta beste 4.000 euroko diru-laguntza, berriz, material didaktikorako. Hala eta guztiz ere, egiaztatu dute, 2010erako Aurrekontu Orokorretan dauden kontusailei erreparatuta, aurten ezin izanen dituztela diru-laguntza horiek jaso.
Amaieran eskatzen du eman dakiela, aurreko urteetan bezala, diru-laguntza bat, gutxienez ere gastuen zati bat ordaindu ahal izateko modukoa.
2010eko urtarrilaren 15ean, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:
Hezkuntza Departamentuak aurreko urteetan musika sustatzeko jarduerak bultzatu izan ditu, bereziki euskaraz.
[?] Elkarteak, beste entitate batzuek bezalaxe, diru-laguntzak jaso izan ditu Foru Komunitateko Administrazioak sustatutako jarduera bat antolatzeagatik, betiere lehia araubidean kasuko deialdiak ebatzi ondoren, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
Diru-laguntzak arautzen dituen aipatutako foru arau indardunean, lehia-araubidearekin batera, aurreikusten da diru-laguntza zuzenak ematea haien hartzaile posible bakarra bat denean (ez litzateke kasu hau izanen), eta beste bi kasutan ere, zeinetan kexa sustatzen duen entitateak funts handiz alegatu ahalko lukeen diru-laguntza emateko eskubidea izan badagoela: diru-laguntza izena eta guzti aurreikusita baldin badago Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean (17. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letra), edo Administrazioari lege mailako arau baten bidez ezartzen bazaio diru-laguntza eman behar duela (17. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letra).
Diru-laguntza hori, halere, sekula ez da izena eta guzti aurreikusita egon Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean (17. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letra) eta ez da sekula ezarri lege mailako arau baten bidez, hain zuzen ere entitate horri laguntzak ematea exijituko lukeena (17. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letra).
Era berean, ez dago betebehar konbentzional bat, inplikatzen duena aipatu elkartearen eta Hezkuntza Departamentuaren artean konpromiso bat egotea –urtez urte sortu denaz harantzago–, etorkizunean errespetatu beharrekoa, ekitaldi bakoitzean egon daitezkeen izendapen ekonomikoak zein diren alde batera utzita.
Aurrekontu izendapena egon denean, departamentuak behar diren deialdiak antolatu izan ditu. Oraingoan izendapenik ez dagoenez, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 5. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, eta diru-laguntzak ezartzeko proposamenak aurrekontuan dirurik egotearen mende jarri beharko dira.
Egungo egoera ekonomikoaren ondorioz, Hezkuntza Departamentuak behartuta ikusi du bere burua hezkuntza-programei lehentasuna emateko, hezkuntza-irizpide desberdinei erreparatuta.
Kontuan izan behar dugu ezen jada 2010. urterako Nafarroako Gobernuak indarrean duen gastuen aurrekontua Nafarroako Parlamentuak onetsi duela, eta Nafarroako Parlamentuak Nafarroako herriaren gehiengoa ordezkatzen duela. Aurrekontu horiek urte honetan zehar aurrera eramatekoak diren jardueren eta programen proposamena islatzen du.
Kexa-egileak dioen bezala, Hezkuntza Departamentuak lehendik gisa horretako jarduerak deialdi publikoen bitartez lagundu izan ditu diruz, behar adina diru zeukan kontusail baten kargura. Aipa daiteke, esate baterako, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 27ko 15/2009 Ebazpena, entitateek eskolaren esparruan euskara sustatzeko jarduerak antolatzeko laguntzen deialdia egiten duena. Bertan, izan ere, berariaz aipatzen da euskarazko haur kantarien topaketak antolatzea, “Haur Kantarien Jaialdiak”, 2009an. Horretarako, 10.000 euro aurreikusi ziren.
Hala eta guztiz ere, aurtengo, 2010. urterako, Hezkuntza Departamentuak, laburbilduz, aditzera ematen du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 5. artikulua betetzeko, diru-laguntzetarako deialdien inguruan egiten duen proposamena, betiere, aurrekontuetan izendapena egotearen mendean jarri behar duela, eta 2010. urterako gastuen aurrekontuak, jada Nafarroako herrien gehiengoa ordezkatzen duen Nafarroako Parlamentuak onetsiak, 2010. urtean zehar egin litezkeen jardueren eta programen proposamena islatzen duela.
Hezkuntza Departamentuaren 2010. urterako gastuen aurrekontua aztertuta, egiaztatu dugu ezen “Eskolako Hizkuntza Plangintza” programan “Euskara sustatzeko bekak eta laguntzak” izeneko programa bat badagoela (42400-421001-4809-322900 kontusaila), 100 euroko zuzkidurarekin.
Kontusail horren bitartez lagundu izan dira diruz elkarte kexa-egilearen jarduerak. 2009an, 225.000 euro zeuzkan. 2010ean, 100 euro baizik ez du. Baina nabarmendu beharra dago Nafarroako Parlamentuak ez duela kontusaila kendu; izan ere, haren zenbatekoa ahal den guztian gutxitu du, Hezkuntza Departamentua izan dadin hari zuzkidura emanen diona, hezkuntza-programen artean egiten dituen lehenespenen arabera. Bestela esanda, Nafarroako Parlamentuaren borondatea ez da izan 2010. urtean kontusail horrek berezko dituen diru-laguntzak ez ematea, baizik eta, gastu-ahalmen murriztuago edo txikiagoaren ondorioz, Hezkuntza Departamentuaren esku uztea jardueren plangintza eta lehentasunak ezartzea.
Eta Hezkuntza Departamentuak ezarri beharreko lehentasunen karietara, ezin da ahaztu Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten dituela “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.
Testuinguru horretan, ondorio gisa esan dezakegu kexa-egileak eskatu dituen laguntzak guztiz ahokatzen direla Euskarari buruzko Foru Legean ezarritakoetan, eta, horrenbestez, Hezkuntza Departamentuak arreta eskaini behar diela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea ezen, ebazpen honen azterketan adierazitako kontusailari zuzkidura eman ondoren, diruz lagun dezan, guztiz ez bada bai hein batean, “Haur Kantari Jaialdiak” izeneko jarduera, kexa sustatu duen elkarteak antolatu ohi duena.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia