Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 19ko 14/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 19

Osasuna

Gaia: Incorrecta e indigna atención gicecológica en Centro de Atención a la Mujer

Exp: 09/775/S

: 14

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 9an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, laguntza mediko lotsagabe eta mespretxuzkoa jasotzearen ondorioz.

    Azaltzen du bat-bateko abortu-prozesu batean, Burlatako Emakumeari Laguntzeko Zentroko [?] doktore jaunak baja medikoa 2009ko urriaren 20ko datarekin eman ziola, eta beste kontsulta baterako zita eman ziola hiru egun beranduagorako. Hain zuzen ere, urriaren 23an zita medikora joan zen, eta ordubete itxaron ondoren, [?] doktore andreak artatu zuen, bisita “tximista baino azkarrago” batean, non ez baitzuen aukerarik ere izan zeuzkan zalantzak argitzeko, zeren eta erizainak adeitsuki gonbite egin baitzion azkar-azkar joateko “jendea itxaroten zegoelako”.

    Hurrengo kontsulta urriaren 29an izan zuen, eta [?] doktore andreak artatu zuen. Abegi egiteko komentario desegokia egin zion, esanez ·”abortu kasu huts baterako, ekografietan marka guztiak hautsi dituzu”. Kexa-egileak, ordea, ez zuen inongo ekografiarik eskatua, zeren eta bera artatu zuten medikoek agindutakoak besterik ez baitzioten egin. Ondoren, [?] doktore andreak beste ekografia bat egin zion, baina kexa-egileak ezin izan zuen hartatik ezer ere ikusi, doktoreak pantaila guztiz biratu zuelako ikus zezan eragozteko. [?] doktore andreak, bere aldetik, komentario ironiko batzuk egin zituen, errezetatutako tanta batzuei buruz, “nahi baduzu, har itzazu” bezalako zerbait. Komentario horiek desatseginak izan ziren kexa-egilearentzat. [?] doktore andrearen ironiazko eta mespretxuzko tonuak [?] andrea suminarazi zuen.

    Kexa-egileak gehitzen du gero bere ginekologoak, [?] jaunak, arta zezan nahi izan zuela (bera izan baita, kexa-egilearen esanetan, modu duin eta egokian artatu duen bakarra), baina ez ziotela bestelako zitarik eman, ezta senda-agiria emateko ere, zeren eta gaixoa bera, [?] andrea izan baitzen azaroaren 2an zentroa jo zuena eta emaginaren eskuetatik lehendik prestatutako senda-agiria jaso zuena, zeinean data baizik ez baitzen falta. Hori dela eta, gaixoa bera izan zen bere senda-agiriaren data erabaki behar izan zuena.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2010eko urtarrilaren 14an, Osasun kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

    • “Kexan aipatzen diren ginekologoekin harremanetan jarri ondoren, adierazi digute ez dutela gogoan inongo komentario desegoki egin izana; hala eta guztiz ere, gaixoak hala interpretatu bazituen, barkamena eskatzen dute.
    • Hurrengo azterketetarako [?] jaunarekin zita nahi baldin badu, Burlatako Emakumeari Laguntzeko Zentroko harrera-zerbitzuan eskatzea besterik ez du, betiere kontuan izanda ez dela egunero zentro horretan egoten, zeren eta batzuetan Elizondoko Emakumeari Laguntzeko Zentroa joaten baita”.

AZTERKETA

  1. Aztergai dugun kasuan, ia ezinezko zaigu segurtatzea salatutako jardueren berezko ezaugarriak zein izan diren. Kexa-egileak uste du tratu laidogarri, lotsagabe eta gizatasunik gabekoa pairatu duela; gaiarekin lotutako profesional medikoek, aitzitik, uste dute [?] andrea artatzean izandako jokabidea zuzena izan dela.

    Dikotomia horren aurrean, gaixoaren eta medikuen bertsioak bestelakoak eta kontraesankorrak direnez, erakunde honen iritziz, ezin da jarrera zehatz bat hartu bertsioetako bati guztizko egiazkotasuna aitortuz bestearen kaltetan. Hori dela eta, egitateen eta haien interpretazioaren inguruan sortutako zalantzak direla eta, ez da bidezkoa osasun administrazioari inongo gomendiorik egitea.

  2. Aurrekoa gorabehera, gertatutakoak aurrez epaitu gabe, aitortu beharra dago medikoaren eta gaixoaren arteko harremana ez dela gertatzen, orokorrean, berdintasun emotiboko plano batean. Hitz berak eta keinu berak modu desberdin eta kontraesankorrean interpreta ditzakete bi aldeek, kasu honetan gertatu den bezala.

    Osasunaren arloko profesionalei dagokie beren lana egitea ez soilik zientzia medikoaren arloko aditu gisa, baizik eta, baita ere, gaixoekin beren arreta-eginkizunean dauzkaten harremanak eta loturak bikain zainduz. Osasun langileen eguneroko zereginetan modu onak, forma zuzen, arretatsu eta gizatiarrak ageri behar dira. Horrek ez du esan nahi, berriz diogu, kasu zehatz honetan formek eta moduek objektiboki huts egin dutela, baizik eta gaixoak tratu desegokia jaso izatearen pertzepzioa izan duela.

    Inguruabar horren aurrean, erakunde honen iritziz, ez dago beste biderik galdutako konfiantza berreskuratzea baizik, eta zeregin hori osasun sistemari berari dagokio. Horretarako, jarduera erraz eta arrunt bat, guztiek ulertzeko modukoa, egin lezake: gaixoari zuzendu eta jakinaraztea erakunde honi txostenean zer adierazi zaion; eta, bukatzeko, modu berean, barkamena eskatzea, gaixoak keinu edo komentarioren batengatik deseroso sentitu bada ere, horretan inongo asmo pertsonalik egon ez delako.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari iradokitzea hitzez nahiz idatziz jo dezala [?] andrearengana, eta barkamena eska diezaiola kontsultan artatu zuten sendagileen komentarioengatik eta egitateetatik, zeinak kexa-egileak, subjektiboki, desegoki gisa hartu baitzituen, kontseilariak urtarrilaren 14ko idazkian jada adierazi duen bezala.

  2. Bi hilabeteko epea ematea departamentu horri iradokizun hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia