Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Sustituta de enfermera en zona vascófona atiende sólo en castellano
Exp: 09/842/C
Nº: 13
Elebitasuna
2009ko abenduaren 2an [?]ko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Osasun Departamentuari buruzko kexa bat aurkezten zuen.
Azaltzen zuen Arantzako eta Igantziko kontsultetako erizaina, zeina Lesakako Osasun Etxeko menpean baitago, Osasunbidea-Nafarroako Osasunbideak kontratatutakoa, gaztelaniaduna zela; horrenbestez, euskaraz arreta ematea eskatu zuen herritar bati ezin izan zion arreta euskaraz eman, erizainak euskaraz ez zekielako.
2010eko urtarrilaren 14an, Osasun Departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Lesakako Osasun Etxeak, zeina eremu euskaldunean baitago, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1996 Foru Legea betetzen du. Izan ere, legeak ezartzen du bertan euskara eta gaztelania hizkuntza koofizialak izanen direla.
Lesakako Osasun Etxeak arau indardunak betetzen ditu, zeren eta euskara nahitaez beste beharreko baldintza baita bertan lan egiten duten profesionalentzako lanpostuen eskaintzan.
Bai Lesakako Osasun Etxeko zuzendaritza, bai Oinarrizko Osasun Laguntzaren Zuzendaritza ahaleginak egin dituzte beti Bortzirietako eskualdeko langileek biztanleak euskaraz artatzeko. Plantillako profesionalen ordezko lanak egiten dituzten erizain guztiek euskaraz badakite, salbu eta gaur egun prestakuntza hori egiten ari den batek.
Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekintza abiarazi ditu Gobernuaren jarduna hobetzeko herritarren parte-hartzearen eta haiei ematen zaien arretaren arloetan. Horri dagokionez, Iruñean eta Eskualde Mistoko gainerako tokietan dauden Gobernuaren bulegoetan jasotzen diren deietan, dei-egileak euskaraz hitz egiten badu, herritarrari arreta hobea emateko, dei-egileari euskaraz erantzuteko modurik ez badago kasuan kasuko unitateetan dauden baliabideekin, barneko prozedura-protokolo bat badago, zeinak bidea ematen baitu dei-egileari euskaraz erantzuteko komunikazioa eten gabe; hain zuzen ere, deia Erregistro Orokorreko eta Argibideetarako Bulegora birbideratzen da, hain zuzen ere 848 427100 telefonora (barneko 27100 zenbakira), herritarrari bertatik erantzuteko.”
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 10. artikuluak aitortzen du eremu euskaldunean herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoekiko harremanetan, eta, orobat, hautatzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea dutela.
Horrenbestez, herritar batek eremu euskalduneko osasun zentro bateko zerbitzuetan euskarazko komunikazioa izatea nahi badu, hori normaltasun osoz egiteko eskubidea izanen du, bai ahoz, bai idatziz, eta Administrazioak herritarrak hautatutako hizkuntzan eman behar dio arreta.
Igorri diguten txostenean, Lesakako osasun etxearen plantillaren osaketaren berri ematen zaigu, euskaraz jakiteko betebeharrari dagokionez, eta era berean adierazten da Euskarari buruzko Foru Legean ezarritakoa betetzen dela.
Erantzuteko idazkian iragarritako bitartekoak, abstraktuan, egokiak izan badaitezke ere, egia da kasu honetan, herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan zuela Arantza eta Igantziko kontsulta medikoetan, eta komunikazio hori ezin izan zela hizkuntza horretan gertatu. Horrenbestez, ezin izan zen gauzatu herritarraren eskubidea. Egoera hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez eraginkor bihurtu behar duela eremu euskalduneko bulego, zerbitzu, osasun etxe eta tokiko kontsultategietan, herritarrek euskaraz hitz egiteko eta hizkuntza horretan ahozko arreta jasotzeko duten eskubidea.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia