Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con la denegación de una vivienda de protección pública
Exp: 09/828/U
Nº: 11
Etxebizitza
2009ko abenduaren 2an, [?] jaunak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, etxebizitza babestu bat erosteko kontratua ez bisatzeagatik.
Honakoa azaltzen du:
Prezio tasatuko etxebizitza bat eman zioten Artiberri II.ean, [?] sustatzaileak sustatua, eta handik gutxira [?]tik deitu zioten esanez Sarrigurenen beste bat emana ziotela, merkeagoa eta jada eraikita zegoena.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura deitu zuen eta esan zioten 1. etxebizitzaren kontratua oraindik ere bisatu gabe zegoela. Horrenbestez, [?]ra joan zen eta etxebizitzari uko egin zion. Uko egiteko kontratua 2009ko uztailaren 3an sinatu zuen, eta Sarrigurengo etxebizitza, bigarrena, onartu zuen.
Handik gutxira Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren idazki bat iritsi zitzaion, non ezezkoa ematen baitiote 2. etxebizitzarako kontratua bisatzeari, jada, uztailaren 17an, lehengo etxebizitzaren kontratua bisatuta zegoelako. Departamentura joan zen eta bertan esan zioten [?]k kontratuari eginiko ukoa uztailaren 24ra arte ez zuela jakinarazi, eta, horrenbestez, ordurako kontratua jada bisatuta zegoela. Halaber, esan zioten errekurtso bat egiteko, dokumentazioa aurkeztuz.
Gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuen, eta harekin batera uko egiteko kontratua, uztailaren 3koa, eta ordaindutako zenbatekoen itzulketa, uztailaren 5ekoa, aurkeztu zituen. Alabaina, errekurtsoa ezetsi zuten esanez uztailaren 24an erregistratu zela departamentuan eta jada ezin dela ezer ere egin.
Azkenean, salatzen du lehenengo etxebizitza eta bigarren etxebizitza galdu dituela, eta uko egiteagatik ordaindutako 500 euroko zenbatekoa ere galdu duela, eta 30 hilabete itxaron behar dituela berriz ere babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratu ahal izateko.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.
2009ko abenduaren 23an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, laburbilduz, honakoa jaso zen:
Lehenengo etxebizitzari buruzko uko egitea 2009ko uztailaren 3an onartu zuen enpresa sustatzaileak; horrenbestez, bisatua egin baino lehenago, hori 2009ko uztailaren 17an egin baitzen. Departamentuak, ordea, esleitutako lehenengo etxebizitzari eginiko ukoari dagokionez kontuan izan dezakeen data bakarra, 2009ko uztailaren 24koa da, egun horretan sartu baitzen departamentuko erregistroan ukoari buruzko dokumentazioa. Hori dela eta, uko egite horrek uztailaren 24an izan zuen balioa departamentuarentzat. Eta hori horrela da zeren eta esku-aldatzailearen erantzukizuna baita kontratu pribatuei eginiko ukoak jakinaraztea, bisatu administratiboa egin ez dadin. Izan ere, Administrazioak inongo esku-hartzerik ez du fase horretan, eta ez ditu ezagutzen sustatzaileen eta erosleen arteko akordioak.
Kexaren xedearen kasuan, sustatzaileak 2009ko uztailaren 24ra arte ez zuen jakinarazi kexa-egilearekin sinaturiko ukoa, eta egun horretarako jada kontratu pribatua bisatuta zegoen. Horrenbestez, uko egiteko dokumentu hori jada bisatuta zegoen kontratuari eginiko uko baten gisara onartu zen. Horrenbestez, ulertzen du departamentuak aplikatzekoak diren arauen arabera jokatu zuela (urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 19.1.3.b) artikulua).
Txostenari amaiera emateko adierazten du lehenengo etxebizitzarako ukoa aurkezterakoan izaniko atzerapenean erantzukizunen bat izatekotan, hori ezin zaiola departamentuari leporatu, zeren eta etxebizitzaren sustatzailea baitzen ukoa onartu ondoren hura igorri behar zuena, hain zuzen ere salerosketari buruzko kontratua bisa ez zedin.
Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 19.1.3.b) artikuluak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere erabakia justifikatzeko aipatzen duenak, honakoa ezartzen du etxebizitza babestu bat eskuratzeko baldintza gisa: “Eskatzaileek eta haien ezkontide edo izatezko bikotekideek hamar kilometrora baino hurbilago dagoen beste etxebizitza babestu bat jabetzan eskuratzeko kontraturik sinatu ez izana (Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ikus-onetsita) etxebizitza berriari dagokion kontratua ikus-onesteko aurkeztu aurreko 30 hilabeteen barnean”.
Eta, zalantzarik gabe, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren 2008ko urtarrilaren 15eko epaiak dioenez –JUR/2008/184326–, transkribatutako arau horretan ezarritako baldintzari dagokionez, “berariazko baldintza hori eta ezartzen den epea ez dira apeta huts bat; izan ere, BOEak emateko prozeduraren dinamika zein den ikusita, guztiz beharrezkoa da, iruzurrezko maniobrak edo besterik gabe BOEen araubidean nahigabeko emaitzak saihesteko, baldintzak betetzen dituzten ahal den pertsona gehieni sarbidea ematea, horrela guztizko bikoiztasunak edo bikoiztasun partzialak saihestuz. ”
Izan ere, baldintzak etxebizitza babestuen esleipen hartzaileek iruzurrezko maniobrak egitea saihestu nahi du, halako moduz non ezin izanen dituzten aldi berean edo epe labur batean eskuratu etxebizitza babestu bat baino gehiago, zertarako eta azkenean gehien komeni zaiena hartzeko, horrekin sistema bera eta beste eskatzaile batzuk kaltetuz. Alabaina, ohartarazi beharra dago araua bere teleologiaren arabera interpretatu beharra dagoela; hau da, saihestu nahi duenari erreparatuta, eta horixe etxebizitzen hartzaileak iruzurrezko maniobra bat egin ahal izatea da, hain zuzen ere. Hori dela eta, ezartzen diren formazko alderdiak (bisatuen datak eta abar) ez dira funtsezkoak berez, eta osagarritzat hartu behar dira; hau da, aipatutako artikuluak bilatzen duen azken xedea eta sakoneko xedea miatu eta egiaztatzeko bitarteko edo bideak dira.
Hala eta guztiz ere, esleitutako bigarren etxebizitzaren kontratuaren bisatuari ezezkoa emateko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, artikuluaren irakurketa hitzez-hitzekoegia eginez eta sakoneko gaia ezagutu gabe edo hari erreparatu gabe –hau da, esleipen-hartzaileak modu nahiko argian frogatu zuela bere fede ona, hau da, ez ziola sistemari iruzur egin nahi, zeren eta bere konpromisoak behar zen epean bete baitzituen– alderdi guztiz formal batean oinarritzen da, alegia, sustatzaileak departamentuko erregistroan noiz aurkeztu zuen kexa-egileak lehenengo etxebizitzari eginiko ukoaren komunikazioa –ukoa uztailaren 3an egin zen–. Izan ere, komunikazio hori uztailaren 24an egin zen, jada lehenengo etxebizitzaren kontratua bistatuta zegoenean –uztailaren 17an bisatu zen–.
Baina geroratze hori, kexa-egilea hainbeste kaltetu duena (esleitutako bi etxebizitzak galtzea; 500 euro ordaintzea, eta 30 hilabete itxaron behar izatea berriz ere etxebizitza babestu bat eskuratu ahal izateko), sustatzaileari egotzi behar zaio, eta ez inolaz ere kexa-egileari. Departamentuak berak ere hori onartzen du, adierazten duenean erantzukizuna, nolanahi ere, sustatzaileari egotzi behar zaiola.
Orduan, huts-egiteren bat egon badago diseinatutako araubidean edo departamentuak jarraitzen duen prozeduran. Eta huts-egiteren bat badago ez delako zuzena etxebizitzen adjudikazio-hartzaileak geratzea, beren eskubideei dagozkienean, sustatzaileen menera; hau da, sustatzaile horiek departamentuari datuak komunikatzerakoan arinago edo mantsoago jokatzearen menera. Izan ere, hala bada, hartzaile horiek haien jokabide eskasa edo berantiarra pairatu beharrean suertatuko dira. Departamentuak egiten duen interpretazioa formalistegia eta hitzez hitzekoegia da, eta guztiz urratzen du jokabide administratibo ororen buruan egon behar duen ekitate printzipioa, zeren eta gertatutakoaren inolako errurik ez duen pertsona zigortzen baitu.
Erakunde honek uste du 19.1.3.b) artikulua bestela interpreta daitekeela, bere xedearekin hobeki ezkontzen den eta adjudikazio-hartzaileen eskubideak hobeki errespetatzen dituen modu batean. Izan ere, behin egitateak eta adjudikazio-hartzaileak inongo iruzur-asmorik ez zuela egiaztatu ondoren, arauaren interpretazio hitzez hitzeko hutsa gaindituta eta funtsean haren espirituari eta xedeari erreparatuta (Kode Zibilaren 3. artikulua), ez dugu inongo eragozpen juridikorik ikusten departamentuak lehenengo kontratuaren bisatua deusezta dezan, bigarren etxebizitzaren adjudikazioa onar dezan eta kontratua bisa dezan.
Nolanahi ere, argitasun eta segurtasun juridiko handiagoak lortze aldera, egokia izan daiteke, era beran, aztergai dugun erregelamenduko artikulua aldatzea, hain zuzen ere bermatzeko eskubideen adjudikazio-hartzaileek legez eta arau bidez aitortuta dauzkaten eskubideak legitimoki erabili ahalko dituztela, eta ez direla geratuko sustatzaileek daukaten jokabide gutxi-asko efizientearen menera.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gomendatzea lehenengo kontratuko bisatua deusezta dezan; bigarren etxebizitzaren adjudikazioa edo kexa-egileak onar dezakeen antzeko beste bat onar dezan, eta, kasua bada, kasuko kontratua bisa dezan.
Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari iradokitzea urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 19.1.3.b) artikuluaren aldaketa bat proposa dezan, hain zuzen ere bermatzeko eskubideen adjudikazio-hartzaileek legez eta arau bidez aitortuta dauzkaten eskubideak legitimoki erabili ahalko dituztela.
Bi hilabeteko epea ematea departamentu horri gomendio eta iradokizun horiek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia