Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 18ko 9/2010 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?]k Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari gisa aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 18

Euskara

Gaia: Falta de atención en euskera en servicio promovido por Ayuntamiento de zona vascófona

Exp: 09/769/C

: 9

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 5ean Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, hizkuntza eskubideei buruzko kexa bat aurkezten du Abaurregaineko Udalaren aurka. Azaltzen du herritar batek eskatu zuela euskaraz arreta ematea “Hilarrien Lorategia” ikusteko bisita gidaturako zita hartzeko unean. Turismo baliabide hori udalak sustatzen du. Hala eta guztiz ere, zita emateko propio jarri den telefono batean, ezin izan zioten euskaraz arretarik eman. Herritarrak uste du horrek euskaldun bezala dituen eskubideak urratzen dituela.
  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Abaurregaineko Udalari. 2009ko abenduaren 14an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa ageri da.

    “Egia da udal honek Hilarrien Lorategia –udalak berak berriki sortutako baliabide turistikoa– erakusteko enkargua eman dion pertsonak ez dakiela euskaraz interesdunei hizkuntza horretan arreta emateko beste.

    Turismo-produktu hori oso berriki jarri denez abian, era guztietako presen eraginaren pean aritu gara lanean, eta horietako bat izan da lorategia erakusteko lanaz arduratzeko prest egonen zen pertsona bat aurkitzea. Hori dela eta, udalak ez zuen aukera handirik izan lan hori euskaraz behar beste zekien inori enkargatzeko.

    Udal honen asmoa da etorkizunean gai honetan indarra duten arauak fidelki betetzea, betiere hori bideragarria den unean, kontuan izanda gure herriaren tamaina oso txikiak berez dakartzan muga pertsonal eta ekonomikoak.

AZTERKETA

  1. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

  2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.

  3. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 10. artikuluak aitortzen du eremu euskaldunean herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoekiko harremanetan, eta, orobat, hautatzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea dutela. Horrenbestez, herritar batek eremu euskalduneko (bertakoa da Abaurregaina) udal batek emandako edo sustatutako zerbitzu bat eskuratu nahi baldin badu eta horretarako euskaraz komunikatzea erabakitzen badu, hori normaltasun osoz egin beharko du, eta Administrazio Publikoak behar diren neurriak hartu beharko ditu hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubideaz baliatzeko.

  4. Igorri zaigun txostenean, azaltzen dira momentuz udalak sustaturiko erreferentziako turismo-baliabideaz euskaraz baliatzea ezinezko egiten duten inguruabarrak, eta iragartzen da udalak egoera zuzentzeko borondatea duela. Jabetzen gara erreferentziakoa bezalako administrazioek honelakoetan izan ditzaketen arazoez, biztanle gutxi baitituzte, kasu guztietan eta uneoro herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Hala eta guztiz ere, erabiltzen diren arrazoibideak ulertzen ditugun arren, eta adierazitako borondatea aintzat hartuta ere, erakunde honek, legea betetze aldera, ezinbestez deklaratu beharra dauka egindako kexak arrazoia baduela, eta legezko betebeharren gogorarazpena egin behar du.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Abaurregaineko Udalari gogoraraztea legez eraginkor bihurtu behar duela eremu euskalduneko bulego eta zerbitzuetan herritarrek euskaraz hitz egiteko eta hizkuntza horretan ahozko arreta jasotzeko duten eskubidea.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Abaurregaineko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Abaurregaineko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia