Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Queja relativa a situación de menor de edad en un centro de acogida (régimen de visitas y condiciones del centro)
Exp: 09/450/B
Nº: 10
Gizarte ongizatea
2009ko ekainaren 30ean, [?] neskaren aita ordezkatuz izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Hartan, kexa bat agertzen da adingabeak harrera-araubidean dagoen zentroan (“[?]”) bizi duen egoera dela eta.
Azaltzen du joan den maiatzaren 26ean, alabaren amak, zeina Iruñean bizi baita, jakinarazi ziola Gizarte Zerbitzuek neskaren zaintza kendu ziotela. Egoera horren aurrean, biharamunean, aita, zeina Madrilen bizi baita, adingabea dagoen zentroan agertu zen, hura bere kargu hartzeko asmoz. Adierazi zitzaion ezen, aurrez, harekin eta amarekin elkarrizketa bat eduki behar zutela, alaba eman baino lehen.
Elkarrizketa hori egin ondoren, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak erabaki zuen alaba ez ematea, eta jada zenbait egun geroago, ebazpen bat eman zuen, adingabearen babesgabetasun-egoera deklaratzeko.
Kexa-egileak dio babesgabetasun-egoerari buruzko ebazpenean esaten dela gurasoentzako bisiten araubide bat ezarriko dela eta gurasoek lagundu beharko dutela adingabea mantentzen, elikagaietarako pentsio bat ordainduz. Interesdunak idatziz propio eskatu duen arren, ez da bisiten araubiderik finkatu, eta ez da zehaztu, ezta ere, interesdunak zenbat diru jarri behar duen.
Bisiten araubidea finkatu gabe, aitari baimena eman zaio astean ordubetez alaba bisitatzeko. Zentroan, horri buruz, azalpen kontraesankorrak eman dizkiote; behin edo behin aipatu izan diote ez adingabearen interesa, baizik langileek bisitak ikuskatzeko dauzkaten mugak, zentroan haur asko daudela kontuan hartuta.
Aitaren aldetiko aitona-amonak ere, Madrilen bizi direnek, interesa agertu dute haurra bisitatzeko, baina esan diete hamabost minutuz baizik ezin izanen zutela bisitatu.
Aurrekoaz gainera, neskaren aitak egonaldiaren baldintza txarrak ere aipatzen ditu (azaltzen du zentroa zikin dagoela, haurraren higienea ez dela behar beste zaintzen eta ikusten duen bakoitzean zikin, orraztu gabe eta arropa hautsirik egoten dela).
Adierazi du, gainera, neska “shock” emozionaleko egoeran dagoela eta agurtzen duen bakoitzean arren eskatzen diola Madrilera berarekin eramateko.
Aurreko guztiaren ondorioz, interesdunak jotzen du, alde batetik, neskaren arreta-baldintzak ez direla inolaz ere egokiak, eta, bestetik, ez dagoela justifikaziorik alabarekiko harremanetarako ezarri zaizkion mugetarako, eta hartaz arduratzeko aukera kendu diotela eta astean ordubetez baizik ez diotela uzten bisita egiten.
Idazkia aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eskatu zitzaion gaiari buruzko informazioa emateko eta espedientean jasotako jarduera administratiboen kopia bat igortzeko.
Departamentuak behar zen informazioa igorri ez zuenez, erakunde honek eskaera berretsi zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, eta gogorarazi zion legez Nafarroako Arartekoari laguntza emateko behartuta dagoela.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan.”
Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.
Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.
Adingabeek, nahiz eta babesgabetasun-egoeran deklaratuta egon eta Administrazio Publikoaren tutoretzaren menpe egon, eskubidea dute beren familiarekiko hartu-eman pertsonalak izateko (besteak beste, Haurraren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 9.3 artikulua). Horri dagokionez, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak deklaratua du bisitetarako eskubidea familia-bizitzarako eskubidearen zati bat dela, eta ohartarazi du gurasoen eta seme-alaben arteko hartu-emanak luzaroan eteteak arrisku handia duela, eta topaketak gehiegi bakantzen badira arriskuan jar daitezkeela interesdunei familia-bizitzan sortutako zailtasunak gainditzen laguntzeko bide zintzoak edukitzeko aukerak”.
Horrenbestez, zaintza esleituta duen Administrazioak, orokorrean, adingabeen eta haien gurasoen, senideen eta hurbilekoen arteko harreman pertsonaletarako araubide bat antolatu eta eduki beharko du. Adingabearen interes gorenari erreparatuta, Administrazioak eskubide horren norainokoa eta baldintzak arautu beharko ditu, eta beti arrazoiak emanez jardun beharko du, harremanei euts dakien ahaleginak eginez.
Erreferentziako kasuan, kexan azaltzen zen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eskubide hori urratu duela, behar ez bezala murriztu baitio interesdunari, adingabearen aitari, alabarekin hartu-emanak izateko aukera. Alaba hori babesgabetasun egoeran deklaratu zen, baina ez zeukan ezta bisita-araubiderik ere.
Kontuan izanda kexa-egileak egitateei buruz daukan bertsioaz besterik ez dugula, eta ikuskatzen ari garen Administrazio Publikoak ez dituela inolaz ere bere jarduerak justifikatu kexa-espediente honetan, erakunde honek, kontrako argudiorik ez duenez, jotzen du kexak oinarria baduela eta, horrenbestez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak urratu egin duela adingabeak bere familiarekin harreman pertsonak edukitzeko daukan eskubidea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Ulertzea [?] adingabeak bere familiarekin harreman pertsonalak izateko zeukan eskubidea urratu dela, ukitutako Administrazioak ez baitu kontrakoa egiaztatu.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea, babesgabetasuneko egoeran dauden adingabeek beren familiarekiko harremanak izateko eskubidea zaintzeko legezko betebeharra duela, kasu honetan eta antzekoetan.
Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia