Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Deficiencias en la prestación de servicios municipales
Exp: 09/715/O
Nº: 8
Zerbitzu publikoak
2010eko urriaren 19an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Barasoaingo Udalaren aurka.
Interesduna [?] kalean bizi da eta, beste bizilagun batzuekin batera, behin eta berriz jo izan du udalera bizi diren herriko eremuan dauden gabezia batzuk salatzeko.
Adierazi duen bezala, eremu horretako kaleak dira udaleko kale bakarrak zoladurarik ez dutenak, bizilagunek behin eta berriz eskatu duten arren.
Bestalde, azaldu du argiteria nabarmen eskasa dela.
Azkenean, eskatu du babes neurriren bat ezar dadin luiziak izateko arriskua dagoen lubeta bat dela eta, pertsonen segurtasuna arriskuan baitago. Udalak, ordea, ez du inongo neurririk hartu.
Kexan beste behin esaten da udalak, herriko eremu zehatz horretan, ez dituela ematen eman beharko lituzkeen oinarrizko zerbitzu batzuk, erreklamazioak behin eta berriz aurkeztu diren arren.
Barasoaingo alkatearen txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:
“Barasoainen egin genuen lehenbiziko lana, alkatetzaren jabe egin nintzenean, izan zen [?] bizi den [?] kalea urbanizatzea. Horrekin nabarmen hobetu zen interesdunaren etxebizitzaren eremua ez ezik, bere bizitokitik herrigunera dagoen 400 metro inguruko oinezkoentzako sarbidea ere, hori baino lehen espaloirik ez baitzegoen. Eremu horretako baranda guztiak pintatu ziren, oso abandonatuta eta narriatuta baitzeuden, horren barne dela 60 cm-ko zementuzko tarte bat, hain zuzen ere belarrak atera zitezen saihesteko eta oinezkoentzako balizko pasabide gisa erabili ahal zedin. Foku bat jarri zen atzeko aldea argiztatzeko. Horrenbestez, gezurra da auzoa abandonatuta egoteari buruz esandakoa. Hobeki legoke esatea bere garajerako sarbidea ez dagoela berak nahi lukeen bezala.
Ulertzen dugu aurkeztu duen idazkia bere izenean aurkeztu duela, zeren eta berak bakarrik sinatzen baitu. Nabarmendu beharra dago eskatzen duen sarbidea bere garajerako baizik ez dela, eta aspaldi modu erraz batez konpondu baitzitzaion.
Udal honek ez du herriko inongo kalerik konpondu Toki Administrazioko Departamentuaren nahiz herritarren laguntzarik gabe.
Bi aldiz eskatu zaio Toki Administrazioko Departamentuari (aitortutako presa dela eta, eta 2009/2012 Lurralde Planerako) lan horiek sar zitezen, baina bietan ezezkoa jaso dugu. Gauza bera gertatu da etxebizitza egin baino lehen bertan zegoen lubetarekin.
Nik, pertsonalki, Toki Administrazioko Departamentura egin ditudan bi bisitaldietan, lan horiek egitea erreklamatu dut, baina ez dut lortu. Eremua bisitatu zuen Toki Administrazioko teknikariak adierazi izan dit 4ko puntuazioa jarri ziola proiektuari, zeren eta ez baitzuen garrantzitsutzat jotzen. Horrenbestez, bizilagun interesdunari esan beharra zaio alkate honek beste inork baino denbora gehiago eman duela arazoak konpontzeko, baina emaitzak ez direla guztiz positiboak izan, lehenago adierazi bezala.
Hala eta guztiz ere, udal honen borondatea da zenbait hobekuntza egitea 2010. urterako baimendu dizkiguten obrak (Barasoaingo kaleen II. fasea) egiten diren unean. Betiere, horretarako kexa aurkeztu duen bizilagunaren laguntza beharko dugu, zeren eta, azaldu dugun bezala, garajerako sarbidea dela-eta ukituta dagoen bizilagun bakarra baita”.
Agertu den bezala, aurkeztutako kexaren arrazoia da udal zerbitzuak gaizki ematea Barasoain herriko eremu jakin batean ([?] kaleko eremua), non interesduna bizi baita. Izan ere, interesdunak uste du udalak eremu horri udaleko beste toki batzuei ematen diena baino askoz ere arreta txikiagoa eskaintzen diola.
Horri dagokionez, aipatzen da, zehazki, gabezia batzuk badaudela; esate baterako zoladurarik ez egotea, argiteria eskasa izatea edo babes-neurririk ez egotea lubeta baten balizko luiziak direla eta.
Barasoaingo alkateak emandako txostenean eremu horretan udalak eginiko jarduerak aipatzen dira, eta ez du ukatzen hobetzeko moduko alderdi batzuk badaudela, eta aipatzen du eskatzen diren obrak egiteko finantziazioa lortu beharra dagoela.
Gaiaren sakoneko alderdiari buruz iritzia eman aurretik, argitu beharra daukagu ezen, nahiz eta udal txostenean behin eta berriz aipatzen den berariaz interesdunaren garajerako sarbideari dagokiona, erakunde honetan aurkeztutako kexa ez dela bereziki gai horri buruzkoa, baizik eta eremuko gune publikoen egoerari buruzkoa, izan ere gune horiek udalaren eskumenekoak baitira.
Udaletan hirigintzaren eta dotazioen arloko hobekuntzak egiteko beharrari dagokionez, arloan eragina duten aurrekontu-baldintzapenak ahaztu gabe, jada adierazia dugu oraingoaren antzeko espedienteetan, komenigarria dela udalek kontzientzia hartzea herritarren kezkei buruz eta lehentasunak ematea atzematen diren gabeziei konponbidea ematera zuzendutako jarduerei.
Aurrekoa oro har aplikatu beharrekoa bada ere, bereziki nabarmendu beharra daukagu oinarrizko eta derrigorrezko zerbitzuak emateko baliabideak eskuratzeari dagokionez. Eta kexan aipatutako alderdiei dagokienez, gogorarazi behar dugu Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeko 26. artikuluari jarraituz, udal guztiek zerbitzu batzuk eman behar dituztela; besteak beste, argiteria publikoa eta bide publikoko zoladura.
Zerbitzu horiek nahitaezkoak direnez, udaleko hirigune osoan eman behar dira, behar adinako kalitate mailarekin, eta, gure iritziz, guztientzat modu berdin-berdinean ez bada, bai gutxienez modu funtsean homogeneo batez, herritar guztiei zerbitzu horiek antzeko baldintzetan jasotzeko aukera emanez.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Barasoaingo Udalari gomendatzea ahal bezain laster behar diren neurriak har ditzan kexa-egileak salatutako gabeziak konpontze aldera, eta, nolanahi ere, argiteria publikoaren eta bide publikoen zoladuraren arloko nahitaezko zerbitzuei dagozkienei konponbidea emate aldera.
Bi hilabeteko epea ematea Barasoaingo Udalari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia