Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 12ko 4/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 12

Osasuna

Gaia: Negativa del Servicio Navarro de Salud-Osasunbidea a financiar nuevo intento de fecundación in vitro

Exp: 09/744/S

: 4

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 29an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka.

    Azaltzen du 2008ko azaroan, osasungintza pribatuan laguntza jaso ondoren, berak eta bere senarrak, bide pribatu bera erabiliz, “in vitro” ugalketa-saio bat egin zutela, baina saioak huts egin zuela.

    Ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura jo zuten, eta bertan, behar diren probak egin ondoren, diagnosi bera egin zen. Bertatik Donostiako [?] Klinikara deribatu zituzten.

    Interesdunak dio ezen, orokorrean, osasun publikoak in vitro ugalketako hiru saio finantzatzen dituela; bere kasuan, ordea, jakinarazi diete ez dietela baimenik ematen hiru saio egiteko, bide pribatutik saio bat eginda daudelako.

    Interesdunak dio saio bat beren kasa finantzatu izanak ez diela kalterik egin behar prestazio publiko bat eskuratzeari eta haren baldintzak aplikatzeari dagokionez, eta horretxegatik jo dute erakunde honetara.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.

Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:

“2009ko otsailaren 11n, erreklamazio-egileak Prestazio eta Itunen Zerbitzura jo zuen, laguntza bidezko ugalketa tekniketarako itxaronzerrendan izena emateko. Bideko Ama Birjina Ospitaleko Ugalkortasunaren Unitateko txosten bat aurkeztu zuen, non esaten baita gaixoari jada IADko lau ziklo eta FIVTEko ziklo bat aplikatu zaizkiola zentro pribatu batean.

Laguntza bidezko ugalketa tekniketarako deribazio eta lehenespen irizpideei buruzko jarraibideetan –adostasunez erabaki ziren Prestazio eta Itunen Zerbitzuaren eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Antzutasunaren Unitateko Ginekologiaren arloko sendagile espezialisten artean, eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak bermatu zituen–, ezarri zen osasun publikoak gehienez finantzatutako tratamendu-zikloak “FIVTE konbentzionaleko eta ICSIko 3 ziklo direla, enbrioiak transferituta, eta modu pribatuan eta osasun publikoaren beste zentro batzuetan eginiko zikloak deskontatu eginen direla”.

Hartutako erabakia lan zientifiko ugarik abalatzen dute; izan ere, lan horien arabera, jaiotzetan arrakasta izateari buruzko indizeetan emaitzarik onenak lehenengo hiru saioetan lortzen dira; gero eraginkortasuna jaitsi egiten da (Osasun eta Kontsumo Ministerioko Lurralde arteko Kontseilua, Osasun Plangintza, Prestazioen Antolamendua). Hori dela eta, jotzen da gaixo bati ez zaizkiola aplikatu behar aurreko tekniketatik hiru ziklo baino gehiago.

Erreklamazio-egileak Prestazio eta Itunen Zerbitzura jo zuen unean, itxaronzerrendan izena emateko, aipatu jarraibide eta arauen arabera, jakinarazi zioten laguntza bidezko ugalketa tekniketako bi ziklo finantzatuko zizkiotela, lehenagotik, modu pribatuan, FIVTEko ziklo bat hartua baitzegoen.

Laguntza bidezko ugalketa tekniketako hiru zikloak finantzatzea justifikatzeko ez da nahikoa esatea bikoteak ziklo bat nahiz hiru ziklo modu pribatuan edo beste zentro publiko batean egin dituela, zeren eta teknikaren finantzaketa pribatua nahiz publikoa alde batera utzita, gomendioaren arabera hiru ziklo baitira gehienez egin daitezkeenak”.

AZTERKETA

  1. Irailaren 15eko 103/2006 Errege Dekretuak Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzu Komunen Zorroa onetsi zuen. Haren III. eranskinean, “Laguntza espezializatuko zerbitzu komunen zorroa” izenburua denean, 5.3.8 idatz-zatian giza ugalketa lagundua sartzen da antzutasunaren diagnosia dagoenean edo agindu klinikoa dagoenean, betiere osasun zerbitzu bakoitzaren programen arabera; honako metodoak aipatzen dira, ondoren: intseminazio artifiziala; in vitro ernalketa eta espermatozoideen txerto intrazitoplasmatikoa, norberaren gametoekin nahiz emaile baten gametoekin eta enbrioien transferentziarekin; gametoen transferentzia intratubarikoa.

    Prestazioa sistema publikoak ezarritakoa da. Espedientean planteatzen den arazoak, berriz, haren intentsitatea du xede, hau da, in vitro ugalketako zenbat ziklo finantzatu beharko lituzkeen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak.

    Gai horri dagokionez, interesdunak dio ezen sistema publikoak hiru ziklo finantzatzen baditu, berak eskubidea izanen lukeela hiru ziklo horietarako, alde batera utzita bide pribatutik beste ahalegin bat egin duen. Alabaina, Osasun Departamentuak aldezten du ezen ebidentzia zientifikoen arabera emaitzarik onenak lehen hiru zikloetan lortzen direla, eta gero eraginkortasunak behera egiten duela, eta, horregatik, sistema publikoak ez lukeela laugarren zikloa finantzatu beharko, kontuan hartuta interesdunak modu pribatuan egin zuen zikloa (esaten da departamentuko organoek onetsitako jarraibideen arabera, zikloen gehieneko muga hirukoa izanen dela... eta deskontatu eginen direla modu pribatuan edo osasun publikoaren beste zentro batzuetan egindako zikloak).

  2. Osasun arloko legeek jasotzen dute herritarrek eskubidea dutela osasun prestazioak berdintasun efektiboko baldintzetan eskuratzeko (Osasunari buruzko Foru Legeko 3. artikulua), eta hori dela-eta sistemako baliabideak eskuratzeko bereizketa guztiek egokiak eta objektiboki justifikatutakoak izan behar dutela.

    Osasun Departamentuak igorritako txostenean eraginkortasuneko arrazoiak aipatzen dira, azterlan zientifikoetan bermatutakoak, finantzatu daitezkeen zikloen kopurua mugatzea justifikatzeko eta gomendatzeko gaixo batek ez dezan egin hiru ziklo baino gehiago, edozein dela ere horretarako jarraitzen duen bidea (publikoa zein pribatua).

    Hala eta guztiz ere, gure iritziz, interesdunak aurretik bide pribatutik ziklo bat egin izanak ez luke determinatu beharko prestazio publikoak zein izan behar duen, eta laugarren ahaleginean eraginkortasuna gutxitzea ez zaigu behar adinako arrazoia iruditzen mugatze hori justifikatzeko.

    Ezin dugu ahaztu, ezta ere, osasun pribatuan horrelako tratamenduak egitea guztiz erabaki pertsonala dela, eta horretan balizko eraginkortasunaz aparte beste faktore batzuek izaten dutela eragina; hori dela eta, litekeena da herritarrek bide publikoan lehenengo hiru zikloak egin ondoren, beste ahalegin bat egitea bide pribatutik. Eta, hala bada, ez dugu ikusten zein arrazoi dagoen trataera juridiko desberdina emateko egoera batean eta bestean, zeren eta berdin inporta beharko luke osasungintza pribatura joateak zerbitzu publikora jo aurretik edo jo ondoren.

  3. Bestalde, adierazi beharra daukagu ezen erakunde honen artxiboetan kontsulta egin ondoren, egiaztatu dugula orain adierazi zaigun irizpidea ez dela antzeko espediente batean aplikatu den bera (05/45/S espedientea). Azken horretan, izan ere, Osasun Departamentuak honakoa adierazi zuen:

    “2001ean, gaixoak FIVTEko lehen ziklo bat egin zuen bide pribatutik, Donostiako [?] Klinikan.

    2003ko urtarrilean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Donostiako [?] Klinikara bidali zuen bertan tratamendua hartzeko, zentro horrekin ituna baitu laguntza bidezko ugalketa teknikak egiteko. 2003an, in vitro ugalketako hiru ziklo egin zituen; horietako azkenekoan, kohazkuntza erabiliz. Eta Donostiako [?] Klinikako [...] jaunak igorritako txosten medikoaren arabera, FIVTE-KOHAZKUNTZAKO hirugarren zikloan lortu zen emakumea haurdun geratzea.

    Laguntza bidezko ugalketa tekniketarako deribazio eta lehenespen irizpideei buruzko jarraibideetan –adostasunez erabaki ziren Prestazio eta Itunen Zerbitzuaren eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Antzutasunaren Unitateko Ginekologiaren arloko sendagile espezialisten artean, eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak bermatu zituen–, ezarri zen osasun publikoak gehienez finantzatutako tratamendu-zikloak “FIVTE konbentzionaleko eta ICSIko 3 ziklo direla, enbrioiak transferituta”.

    [?] Klinikara igortzeko unean, Prestazio eta Itunen Zerbitzuak bikoteari jakinarazi zion gehienez ere laguntza bidezko ugalketa tekniketako hiru ziklo finantzatuko zizkiela, hain zuzen ere zentro horretako Ginekologia Zerbitzuak haurdunaldia lortzeko egokientzat jotzen zituenak”.

    Ikus daitekeen bezala, aipatutako kasuan ere bikoteak lehenengo ziklo bat egina zuen bide pribatutik, eta, hala eta guztiz ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak beste hiru ziklo finantzatu zituen, eta dirudienez, hain zuzen ere azkenekoan lortu zen emakumea haurdun geratzea.

    Ongi dakigu aurrekari administratiboek ez dutela arau baliorik, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 54. artikulutik ondorioztatzen denez, baina hartutako erabakia desberdina izateko arrazoiak eman beharko lirateke, bestela, osasun prestazioak eskuratzeko berdintasun printzipioa urratuko bailitzateke.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari gomendatzea kexa-egileari in vitro ugalketako hiru ziklo ordain diezazkiola.

  2. Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko gomendio hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dugun urteko txostenean jasoko dugula, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia