Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 11ko 3/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 11

Beste ikasgai batzuk

Gaia: Lesión de derecho de participación de concejantes de entidad local

Exp: 09/735/V

: 3

Besterik

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 27an, Artatzako zinegotziak diren [?] jaunaren eta [?] jaunaren idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen dute toki entitatearen gaietan parte hartzeko duten eskubidea urratu izateari buruz.

    Kexa-egileek adierazten dute duela bi urte ez dutela eskuratzen kontzejuan aztertzekoak diren gaiei buruzko informaziorik eta dokumentaziorik batere, ez sartzen dena, ez eta ateratzen dena ere.

    Adierazten dute 2008o abenduaren 5eko saiora bitartera, aktaren kopia jasotzen zutela, nahiz eta beti jaso hurrengo bilkura egin baino egun bat edo bi egun lehenago, bilkuren artean denbora luzea iraganda ere. Hori dela eta, parte hartzeko zeukaten aukera mugatu egiten zen.

    Adierazten dute azken bi saioetan (2008ko abenduaren 5ekoan eta 2009ko uztailaren 19koan), kontzejuburuak eta idazkariak informazioa, akten zirriborroa, entzunezko grabazioa eta abar ukatu dizkietela, inongo oinarri juridikorik ez duten argudioak erabiliz.

    Salatzen dute kontzejuak ezezkoa ematen diola eskatutako gaiak aztertzeari, eta eskaerak aurkezteko eta erregistratzekoa aukera ere ukatu izan diela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Artatzako Udalari.

    Toki entitate horretako lehendakariak erakunde honi ukatu dio kontzejuak ez diela informaziorik ematen kexa-egileek kontzejuak aztertu beharreko gaiei buruz, eta hori egiaztatzeko zenbait dokumentu aurkeztu dizkio, non kreditatzen baita bilkuretako deialdiak eta aktak eskuratu egin zaizkiela. Bestalde, ukatu egiten du, halaber, zinegotziek entitateari idazkiak aurkeztu izan dizkiotenik. Era berean, azaltzen du erregistro berekirik ez dutenez, idazkaria bera dela eskaera horiek pertsonalki hartzen dituena, eta horretarako ordutegi bat ere ezarria duela.

    Bai aitortzen du entitateak, kideen gehiengoak hartaratuta, erabaki zuela kexa-egileei ez ematea kontzejuaren dokumentazioaren kopia bat, ulertzen baitzuten haiek lehenago informazio hori oker erabili zutela.

AZTERKETA

  1. Ikus daitekeen bezala, kexa-egileek, Artatzako kontzejuko kide direnek, salatzen dute modu sistematikoan urratzen dela haren gaietan parte hartzeko duten eskubidea (ez zaie informaziorik ematen aztertu beharreko gaiei buruz, eragotzi egiten zaie idazkiak eta dokumentuak aurkeztea, ezezkoa ematen zaie entitateari buruzko dokumentazioa eskuratu nahi dutenean...).

    Jarduteko zer aukera dauzkagun zehazteko, adierazi beharra daukagu erakunde honek nekez egin dezakeela toki entitate bateko barne funtzionamenduko arauen betetzeari buruzko kontrol orokor eta exhaustiborik, zeren eta hori ez baita erakundearen sortzezko xedea (Nafarroako Arartekoaren eginkizun nagusia da Nafarroako administrazio publikoen egiteak eta ez-egiteak ikuskatzea, administrazio horiek zerbitzatzen dituzten herritarren eskubideak urratu ahal dituztenean).

  2. Aurrekoa esanda, bai adierazi behar dugu toki entitateetako kide guztiek eskubidea dutela haien eskumeneko gaietan berdintasun baldintzetan parte hartzeko; hori herritarrek beren ordezkarien bitartez gai publikoetan parte hartzeko duten eskubidearen (Konstituzioaren 23.1 artikulua) ondorio logiko bat da.

    Horri dagokionez, ez dugu atzeman inongo lege-arrazoirik kontzejuak 2009ko uztailaren 19an hartu zuen erabakia justifikatzeko. Izan ere, erabaki hartan, honakoa adierazi zen hitzez hitz:

    “Erabaki da [?] jaunari eta [?] jaunari idatzizko dokumentaziorik ez ematea, hura oker erabili dutelako”.

    Esan beharra dago Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 76. artikuluak honakoa ezartzen duela: “Toki entitateetako hautetsiek entitate horietan daukaten dokumentu eta artxibo guztiak eskuratu eta kontsultatu ahalko dituzte, haiek beren eginkizunak betetzeko hala behar badute”.

    Legegileak eskubide hori aitortu baitu, erakunde honek uste du nabarmena dela kontzejuko kideen gehiengoak ezin duela kontrakoa erabaki eta eskubide hori deuseztatu. Horrenbestez, hartutako erabakia legez kanpokoa da eta “hura oker erabili dutelako” aipamenak ez du erabaki hori juridikoki justifikatzen. Norbaitek uste baldin badu kexa-egileek kontzejuko artxibotik lortu duten dokumentazioa legez kanpo erabili dutela, behar den tokia aurkeztu beharko du horri dagokion salaketa, baina juridikoki onartezina da kontzejukide batzuek beren buruari ematea dokumentazioa oker erabili den ala ez erabakitzeko ahalmena eta beste batzuen kaltetan kontzejuko dokumentazioa eskuratzeko eskubidea deuseztatzea.

  3. Kexan aipatzen diren gainerako gaiei dagokienez, erakunde honek ezin du ondorioztatu kontzejuak antolamendu juridikoak aitorturiko eskubideak urratu dituenik.

    Kexa-egile diren zinegotziek idazkiak eta eskabideak aurkezteari ezezkoa emateari dagokionez, ezin dugu halakorik egiaztatutzat jo. Ongi dakigu horrelako entitateetan, tamaina txikikoetan, ohikoa dela –eta horixe gertatzen da kasu honetan– erregistro berekia ez izatea eta idazkari lanetan diharduena profesionala ez izatea. Hori jakinda, eta berretsi ondoren aipatutako urraketarik gertatu izatea ondorioztatzeko daturik ez daukagula, adierazi beharra daukagu ezen, nabarmena denez, zinegotzi guztiek idazkiak, proposamenak eta eskaerak aurkezteko eskubide bera dutela; baina, halaber, esan beharra daukagu haiek modu arrazoizkoan aurkeztu beharko direla, eta fede onaren eta horrelako entitateetan ohikoa diren jarraibideak betez aurkeztu beharko direla.

    Kontzejuari buruzko “informazio faltari” dagokionez, aurreko gogoetan esandakoaz harantzago joanez eta espedienteari gehitutako dokumentazioa ikusita, ezin dugu adierazi, ezta ere, kontzejuak ez duenik bete kexa-egileak entitatearen saioetara deitzeko legezko betebeharra.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Artatzako Kontzejuari gomendatzea kexa-egileei erraztasunak eman diezazkien kontzejuko artxiboetan dagoen dokumentazioa eskuratu ahal izan dezaten, entitateko gainerako kideen baldintza berdinetan, eta eskubide hori deuseztatzen duen erabakia atzera bota dezan.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Artatzako Kontzejuari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunei eta Artatzako Kontzejuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia