Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 11ko 2/2010 ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?]k Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari gisa aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 11

Euskara

Gaia: Falta de atención en euskera en centro sanitario de zona vascófona

Exp: 09/765/C

: 2

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 5ean Hizkuntza Eskubideen [?]ko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, hizkuntza eskubideei buruzko kexa bat aurkezten du Osasun Departamentuaren aurka.

    Azaltzen du abuztuaren 19an, herritar batek Etxarri Aranazko osasun etxera deitu zuela Pediatriako zita bat eskatzeko, eta arreta euskaraz jasotzeko eskatu zuen. Hala eta guztiz ere ezin izan zuen bere asmoa bete, eta gaztelaniaz hitz egin behar izan zuen mintzakide zuen langile publikoarekin.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

2009ko abenduaren 9an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:

“Etxarri-Aranazko osasun etxeak, zeina eremu euskaldunean baitago, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1996 Foru Legea betetzen du. Izan ere, legeak ezartzen du bertan euskara eta gaztelania hizkuntza koofizialak izanen direla.

Zentro horretan arau indardunak ere betetzen dira, zeren eta euskara nahitaez bete beharreko baldintza baita bertan lan egiten duten profesionalentzako eskaintzan (sendagile lanpostu bat, pediatriako lanpostu bat, bi erizain lanpostu eta administrari lanpostu bat).

Legeak, 7. artikuluan, ezartzen du, batetik, herritarrek libreki hautatu ahalko dutela bi hizkuntzetatik zeinetan nahi duten arreta hartu eta, bestetik, hizkuntza arrazoiak direla medio baztertuak ez izateko eskubidea dutela.

Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekintza abiarazi ditu Gobernuaren jarduna hobetzeko herritarren parte-hartzearen eta haiei ematen zaien arretaren arloetan. Horri dagokionez, Iruñean eta eremu mistoko gainerako tokietan dauden Gobernuaren bulegoetan jasotzen diren deietan, dei-egileak euskaraz hitz egiten badu eta dei-egileari euskaraz erantzuteko modurik ez badago kasuan kasuko unitateetan dauden baliabideekin, barneko prozedura-protokolo bat aplikatuko da herritarrari arreta hobea emateko. Prozedura horrek, izan ere, bidea ematen du dei-egileari euskaraz erantzuteko komunikazioa eten gabe, hain zuzen ere deia Erregistro Orokorreko eta Argibideetarako Bulegora birbideratzen baita, 848 427100 telefonora (barneko 27100 zenbakira), herritarrari bertatik erantzuteko”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.

    Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

  2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.
  3. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 10. artikuluak aitortzen du eremu euskaldunean herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoekiko harremanetan, eta, orobat, hautatzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea dutela.

    Horrenbestez, herritar batek eremu euskalduneko osasun zentro bateko zerbitzuetan euskarazko komunikazioa izatea nahi badu, hori normaltasun osoz egiteko eskubidea izanen du, bai ahoz, bai idatziz, eta Administrazioak herritarrak hautatutako hizkuntzan eman behar dio arreta.

  4. Igorri diguten txostenean, Etxarri-Aranazko osasun etxearen plantillaren osaketaren berri ematen zaigu, euskaraz jakiteko betebeharrari dagokionez, eta era berean adierazten da Euskarari buruzko Foru Legean ezarritakoa betetzen dela.

    Erantzuteko idazkian iragarritako bitartekoak, abstraktuan, egokiak izan badaitezke ere, egia da kasu honetan, herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan duela osasun etxearekin, eta komunikazio hori ezin izan zela hizkuntza horretan gertatu. Horrenbestez, ezin izan zen gauzatu herritarraren eskubidea. Egoera hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez eraginkor bihurtu behar duela eremu euskalduneko bulego, zerbitzu eta osasun etxeetan, herritarrek euskaraz hitz egiteko eta hizkuntza horretan ahozko arreta jasotzeko duten eskubidea.

  2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia