Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Deslinde de vial público con resultado de requerimiento de retirada de cerramiento que cuenta con licencia municipal de obras
Exp: 09/570/U
Nº: 197
Elebitasuna
2009ko abuztuaren 31n, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Horren bidez, kexa bat agertzen zuen Arakilgo Udalaren eta Errozko Kontzejuaren aurka, lursail baten itxitura kentzeko kontzejuak egindako errekerimenduarengatik.
Azaltzen zuen 2005ean, [?]. poligonoko [?]. lursaila itxi zuela, hain zuzen ere Errozko Kale Berriko [?]. zenbakian. Udalak itxitura hori egiteko baimena eman zuen. Baimen hori Arakilgo alkatearen 2005eko urtarrilaren 10eko Ebazpenaz eman zen.
Adierazten zuen Kale Berriko 25ean dagoen bide publikoarekiko mugaketa-espediente bat izapidetu ondoren, 2009ko maiatzaren 5ean, lursailaren itxitura kentzeko errekerimendua egin zitzaiola.
Azkenean eskatzen zuen erantzukizuna duen ente administratiboak bere gain har zitzan jarduera administratiboak ekarri dizkion kalte guztiak; edo, bestela, berriz ere baimena eman ziezaiola lursaila ixteko.
Arakilgo alkatearen 2005eko urtarrilaren 10eko Ebazpenaz –gaian eskuduna zen Errozko Kontzejuak eskuordetuta–, lizentzia eman zitzaion [?] jaunari –kexa-egileari– Errozko [?]. poligonoko [?]. lursaila ixteko obrak egiteko. Ebazpenaren hirugarren puntuan zehaztu zen “obrei ekin aurretik, zuinketa-akta egin beharko dela, zeren eta egin nahi diren itxiturek jabari publikoarekin muga egiten baitute”.
2005eko ekainaren 10ean, obraren zuinketa egin zen, eta akta ere egin zen. Honakoek sinatu zuten: Arakilgo Udaleko alkatea, Errozko kontzejuburua, Udaleko arkitekto aholkularia eta lizentziaren onuraduna ([?] jauna).
Ixteko lanak lortutako hirigintza lizentziaren arabera eta zuinketa-aktan ezarritakoa betez egin zituen kexa-egileak.
Obra bukatu ondoren, Errozko Kontzejuak, 2006ko azaroaren 29an, 6. poligonoko 43. lursailaren eta mugakide den bidearen arteko mugaketa-espedientea abiatzea erabaki zuen. Espediente horren ondorioz, Errozko Kontzejuak, 2009ko maiatzaren 5eko bilkuran, honakoa erabaki zuen: “Kale Berriko [?]. zenbakian, [?]. poligonoko [?]. lursailean, dagoen bide publikoaren mugaketa-espedientearen egoera ikusita, eta egindako mugaketa behin betiko onetsi ondoren, Kontzejuko Batzarrak honakoa erabaki zuen aho batez: [?] jaunari errekerimendua egitea gehienez ere 15 eguneko epean, hau jasotzen duenetik kontatzen hasita, egindako itxiturak bere borondatez ken ditzan; halaber, berariaz ohartaraztea aipatutako epean egiten ez badu, Errozko Kontzejuak haren bizkar kenduko dituela”.
43. lursaila ixteko gaikuntza eman duen titulua hirigintza-lizentzia bat izan da. Geroko ikerketa batzuen ondorioz, Administrazioak egiaztatu baldin badu lizentzia legez kontra edo modu irregularrean eman zela, hura deuseztatzeko arauetan ezarritako prozedura erabili beharko du. Kasu zehatz honetan, lizentzia Administrazioak bere kabuz berrikus zezakeen (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 102. artikulua, 62.1.f) artikuluarekin lotura duena). Behin lizentzia deuseztatu ondoren, hautsitako antolamendua fisikoki berrezarri beharko du, hau da, jabari publiko batean eraiki zena eraitsi beharko du. Lizentzia deuseztatzeko eskumena, berrikusteko ekintza heldu den organoari dagokion toki entitatearena da. Kasu honetan, Arakilgo Udalaren Osoko Bilkuraren eskumena da (Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 110.1 artikulua).
Kontzejuaren txostenean eta lizentzian bertan esaten da lizentzia “hirugarrenei kalterik egin gabe ematen dela”. Egia da Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduko 12. artikuluaren arabera lizentziak “jabetza-eskubidea eta hirugarrenen kaltea salbuetsiz” ematen direla, baina egia da, orobat, agindu horren esanahia eta norainokoa kanpokoa dela eta garrantzirik gabea Kontzejuak bilatzen duen jabetzaren berreskuratzeari dagokionez. Hau da, Kontzejuak jarraitutako bidea desegokia da, nahikoa ez izateagatik (Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 1985eko urriaren 31ko epaia). Toki entitateen ondasunei buruzko legediak berariazko bideak ezartzen ditu jabari publikoko ondasunak berreskuratzeko, baina kontuan hartu behar da kasu honetan tartean hirigintza-lizentzia bat badagoela.
Kexaren xedea den kasuan, bi ekintza administratibo daude –hirigintza-lizentzia eta zuinketa-akta–, zeinek mugatu baitute 43. lursaileko zati bat kexa-egilearen ondasun pribatua dela; izan ere, zati hori, geroan, egindako mugaketaren ondoren, jabari publikokoa dela ondorioztatu da.
Hirigintza-lizentzia bat deuseztatzeak, bai bide administratiboan, bai bide jurisdikzionalean, kalte eta galera batzuk eragiten ditu, zalantzarik gabe (gure kasuan, egindako obra eraistea, itxitura berria egitea eta abar). Horrenbestez, titularrak bere ondarean kalte bat jasotzen du, Administrazioaren jarduera zuzengabeak zuzenean erakarria, eta horrenbestez kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dauka (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 86.2.c) artikulua).
Eta hirigintza-lizentzia ematerakoan ez denez atzeman titularrari egotz dakiokeen dolu edo errurik, bidezkoa da hari kalte-ordaina ematea, administrazio publikoen ondare-erantzukizunari buruzko arauen arabera.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Arakilgo Udalari eta Errozko Kontzejuari gomendatzea beren kabuz berrikus dezaten emandako hirigintza-lizentzia, eta hura deuseztatu ondoren, interes orokorraren izenean, jabari publikokoa den ondasuna legez eta materialki berreskura dezaten; eta ondoren, kexa-egileari kalte-ordaina ordain diezaioten, eragindako eta egiaztatutako kalte-galera guztiengatik, hain zuzen ere Arakilgo Udalaren eta Errozko Kontzejuaren jarduera zuzengabearen ondorioa izan direnengatik, eta, azkenik, nolanahi ere, aurkeztutako eskabideei berariazko erantzuna eman diezaieten.
Arakilgo Udalari eta Errozko Kontzejuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituzten azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko; eta ohartarazten zaie hala egiten ez badute, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia